294. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1287E/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Lizarrako Udal Plan Orokorreko AR-1eko S-1 sektorearen plan partzialerako. Lizarrako Udala da sustatzailea.

Plan partzialaren ingurumen ebaluazio estrategikoa Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 22an eman zuen 2026/2010 Ebazpenaren ondotik dator, haren bidez egin baitzen udal plan orokorraren ingurumen ondorioen adierazpena, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko azaroaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6.2 artikuluak betez, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaio.

Plan partziala hasiera batean onetsi zuen Udalak, 2020ko abuztuaren 30ean, eta ondoren, 2020ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 3koan.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Lizarrako Udalak, behin egiaztatuta dokumentazioak betetzen dituela bai legeria sektoriala bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa, 2020ko urriaren 7an aurkeztu zuen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bertako udalak sustatu duen AR1-eko S-1 sektoreko plan partzialari dagokion dokumentazioa.

Plan partziala ondoko dokumentazioak osatzen du: hirigintza memoria, araudia, ingurumen dokumentu estrategikoa, Bearin errekaren uholde arriskuari buruzko ikerlana, mugikortasunaren azterketa, jasangarritasun ekonomikoari buruzko memoria eta informazio eta antolamendu planoak.

Plan partzialaren helburua da AR-1 banaketa eremuko S-1 bizitegi sektoreko antolamendu xehatua ezartzea. AR-1aren barruan eta S-1 sektoreari loturik, berdeguneen (SLZV 3 eta 4) eta bideen (SLV-5 eta 6) tokiko sistema orokorrak daude. Horrez gain, sektoreari atxikirik dago SGD-12 zuzkidura sistema orokorra; haren garapena, baina, plan berezi bati loturik dago, eta, hortaz, ez da plan partzialaren esparrukoa.

S-1 sektoreak 15,1 hektareako azalera dauka, hirigunearen iparraldean dago kokaturik, Ibarra alderdian, eta eremu errektangularra osatzen du nolabait, García Orcoyen ospitalearen eta NA-120 errepidearen artean, eta Urbasa mendia kalea dauka hegoaldean. Lurzoru irregularra da, mendi-hegal batean hegoaldera eta hego-mendebaldera begira dagoena, eta beheranzko malda dauka iparretik hegora, Bearin errekarantz.

Sektorearen antolamendua honako hauek baldintzatzen dute: lurzoruaren topografia; Bearin erreka, ekialdeko mugan; aurrez izandako hiri-ezaugarriak, eta plan orokorraren ondorioz ezarritako determinazioak bete beharra (lur batzuk osasun eta hezkuntzako zuzkiduretarako erreserbatzea, tokiko sistemen kokapena, eraikigarritasuna, etab.).

Hori horrela, antolamendu proposamena bizitegietarako zazpi etxe-sailetan zehaztu da; iparraldean eta hegoaldean, egiturazko bi kalek zedarrituko dituzte, ekialdetik mendebaldera, eta horietarako sarbideek NA-120 errepidean eta Alkaburua kalean izanen dute oinarri, biribilgune banaren bidez. Sektorearen hegoaldeko lurzati handietan kontzentratuko dira zuzkidura-espazioak –hezkuntzakoak (D3 eta D2) eta sanitarioak (D5)–, eta iparraldeko mugan, D1 zuzkidurak eta titulartasun publikoko etxebizitzetarako udalerriaz gaindiko zuzkidura (DS1). Bizitegi izaerari dagokienez, S-1 sektorean 999 etxebizitza aurreikusi dira, eta aparkatzeko 800 toki, eremu publikoan.

Berdeguneen antolamenduaz bezainbatean, 2,2 hektareako gune bat planteatu da, berdeguneen toki sistemek osatua (SLZV-3 eta SLZV-4), Bearin errekaren ingurua barne hartzen duena eta NA-120 errepidearekin paraleloan. Ingurumen dokumentu estrategikoan adierazten denarekin bat, Bearin erreka da sektore horretako ingurumen eta paisaia elementu nabarmenena. Horrexegatik, ibai-inguru horretako berdeguneak kokatzerakoan ingurumen integraziorako neurriak hartu behar dira esparruaren antolamenduan bertan. Tokiko sistema horiek osatzeko, berdegune txikiagoak eginen dira, parke tankerakoak, bizitegi-eremuei loturik.

Plan partzialaren araudian ez dago jarraibide zehatzik gune horien kudeaketari eta garapenari begira. Ildo horretan, Biodibertsitatearen Zerbitzuak araudi horretan eta zehazki urbanizazio proiektuan (19. artikulua) txertatzeko moduko zenbait neurri eta irizpide proposatu zituen, azaroaren 13an eman zuen txostenean. Berdeguneak eremu iragazkorrak direnez gero, helburuak haien eginkizuna integratzea izan behar du; izan ere, ura biltzeko lagungarriak dira, jariatze-uren isuriak txikitzen dituzte eta eragina dute hala CO2a ezartzerako orduan nola muturreko tenperaturen kontrolean. Neurri horiek txertatzeko, lehenik eta behin, proposatu diren berdeguneen funtzionalitateak bereizi behar dira, kudeaketa ezaugarri horien arabera zehazteko.

Ibai-inguruko berdeguneak kudeatzeko (SLZV 3 eta 4) lehentasuna emanen zaio Bearin errekak ibai igarobide eta lotune gisa duen potentzialari. Araudian txertatzekoak diren irizpide eta neurriek jomuga dute ibaiko ur bazterren jarraipen biologikoa bermatzea, landaredi naturala zaindu eta leheneratzea, eta eremua zonakatzea, errekatik kanpoaldera, ibai-inguruarekin eta errekaren dinamikarekin bateragarriak diren erabilerak eta jarduketak eginez. Errekaren inguruan oinezkoendako bide bat egiteak ez du inolaz ere ukitu edo baldintzatu behar ibaiaren dinamika. Horregatik, kontuan hartu behar da errekaren eragin eremua, zeina uholde arriskuari buruzko ikerlanean aztertu baitzen; hain zuzen, bertan jaso ziren ohiko ubidearen eremua eta aldian-aldian errepikatzen diren goraldien ondorioz urpean gera daitezkeen eremuak. Halaber, eta ildo horri jarraikiz, berdegunearen ondoan eta errekaren eskuin bazterrean dagoen zuzkidura-espazio sanitarioa (D2) diseinatzeko, neurriak hartuko dira bi erabilerak bateratzeko eta haien artean nolabaiteko trantsizioa egon dadin.

Gainontzeko berdeguneak direla eta, 19.3 artikuluak ezartzen duenez, zola izanen da nagusi ZL-2 eta ZL-5 esparruei emanen zaien tratamenduan, berdeguneen aldean, eta hiri-altzariak paratuko dira. Arau horrek gune “berde” horiek eremu iragazkor gisa dituzten aukerak eta ahalmenak mugatzen ditu; izan ere, berdegune izaera galtzen dute horrela. Zuhaitzak errenkadatan landatzeari dagokionez, 19.4 artikuluak aditzera ematen du hori egin behar dela gutxienez V-1, V-10 eta V-14 kaleetan. V-1 kalearen kasuan, sektorea ixten baitu landa-lurzoruarekiko trantsizio gisa, bai zuhaitzen bidez, bai hiri ertz horren tratamenduaren bidez, garrantzi handia izanen du ahalik eta lur mugimendu gutxien egiteak, eta horretarako, paisaiarekiko integrazioa zailtzen duten horma edo desnibelik ez egitea komeni da.

Ingurumen dokumentu estrategikoaren neurrietan jasotzen denarekin bat, berdeguneetan egiten diren jarduketek berekin ekarri beharko dituzte zenbait neurri, honako helburu hauetarako: lurzorua iragazkor egiteko, drainatze jasangarriko irizpideekin bat; zuhaitz guneak ezartzeko, halako moduz non eremu publikoan itzalguneak egonen baitira eguzki irradiaziotik babestu eta bero-boladei aurre egiteko, bero-uharteen ondorioak arinduz, eta lorezaintza jasangarriko irizpideak aplikatzeko. Horrenbestez, 19. artikuluan txertatuko dira aipatu irizpideak; ZL2 eta ZL5 berdeguneetako zoladura kenduko da eta sektore osoan landatuko dira zuhaitzak, kale inguruetan, V-1 kalearen inguruan interes berezia jarrita.

Hori horrela, lurzoruaren iragazkortasuna eta zigilatzea txikiena izan dadin, urbanizatze proiektuak drainatze jasangarriko neurriak eta irizpideak hartuko ditu barne, eremu publikoan aparkalekuetara bideratuko diren eremu zabaletarako.

Uholde arriskuei dagokienez, ikerlanak ondorioztatu du S-1 sektore osoa ohiko ubidearen eremutik kanpo dagoela, eta sektorea garatzeak ez duela gorabeherarik sortuko aztertu den tarteko ur lasterren mailan; uholde arriskua, beraz, bere horretan mantenduko da. Emaitza horiek aditzera ematen dute bai aldian-aldian urpean gera daitezkeen eremuak, bai ohiko ubidearen eremua ibilguari berari dagozkiola hein handi batean, salbu eta erreka Ega ibaira isurtzen den tokian, non, hor bai, urpean gera daitekeen eremu zabalago bat baitago, baina plan partzialetik kanpokoa. Sektorea antolatzearen ondorioz, eremurako sarbide berria egonen da, erreka gurutzatuko duena (ipar-ekialdeko muga). Zubi berri hori 15 metroko argiaz diseinatu da, eta modu horretan, estribuek ohiko ubidearen eremua errespetatuko dute; garaiera 5,25 metrokoa da, eta, hortaz, aterpea, 4,83 metrokoa, horrela betez Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 126ter artikulua. Eremu horretan, berdegunean barnako oinezkoen bide bat proposatuz gero, zubiaren azpitik jarraipena duela bermatu beharko litzateke, errepideak gurutzatzeak saihesteko eta oinez mugitzea errazteko. Alderdi hori planean jaso beharko litzateke.

Adierazi den bezala, ez da antzeman uholde arriskurik; errekak, baina, baditu ahulguneak arrisku potentzialik izanez gero, eta horietako bat da trazaduran bertan eta kaleekin dituen bidegurutzeetan igarobideetarako egiturak oso sekzio txikikoak direla. Ibilgurako oztopo izan daitezke gune horiek, eta horrek inguruaren uholde arriskuari buruzko baldintzak aldatzen ditu. Testuingurua hori izanik, eta uholdeak gerta daitezkeela jakinik, badira garrantzi handia duten zenbait alderdi, ibilguan egin beharreko mantentze lanak besteak beste, igarobideetan traba egin eta urari bidea oztopatzen dion elementurik ez dagoela bermatzeko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du, zenbait ingurumen baldintza ezarrita. Proposatutako baldintza horien helburua da isuriak murriztea hautatzen den urbanizatze proiektuan, eta, horretarako, berdeguneak eta erabiliko diren materialak dira gakoa; lurzorua zigilatzea ere mugatzen da, prozesu atzeraezina denez gero, eta horrek izan dezakeen inpaktua euri-urak bildu eta aprobetxatzeko aukera ematen duten beste teknika batzuen bidez zuzendu beharko da.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egin da Lizarrako Udal Plan Orokorreko AR-1eko S-1 sektorearen plan partzialerako. Lizarrako Udala da sustatzailea.

2. S1 sektoreko plan partzialaren urbanizatze proiektuak barne hartu beharko ditu azalpen zatian adierazi diren neurri eta jarraibideak, honako hauei dagokienez: toki sistemen berdeguneen kudeaketa (SLZV 3 eta 4), hiri-parke diren berdeguneak, kaleetako zuhaitzetarako neurriak eta D2 eremu sanitarioaren eta errekaren arteko trantsizioko gunerakoak, drainatze jasangarriko neurri eta irizpideak eremu publikoko aparkalekuetarako eta oinez mugitzeko neurriak. Horrenbestez, proposatzen da urbanizatze proiektuaren baldintzak birformulatzea, 19. artikuluko 3. eta 4. atalak deuseztatzea eta ingurumen dokumentu estrategikoaren 10. eta 11. kapituluan ezarritako neurriak txertatzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lizarrako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2015021