294. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1286E/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Iruñeko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak ARS4 XIX. unitate integratuko (Arrosadia) S-2 sektoreari eragiten dio, eta Iruñeko Udalak sustatu du.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.2.f eta 6.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Iruñeko Udalak 2020ko urriaren 1ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 22koan.

Hauexek dira aldaketaren xedeak: Arrosadiko XIX. unitate integratuko S-2 sektorearen hirigintza fitxatik kentzea Galarko Udalarekin batera plan bat onetsi beharra; bulegoen erabilera sartzea ezarrita dagoenaz gainera (merkataritzakoa); eraikigarritasuna 31.200 m² handitzea; eta, Zaragozako etorbidetik hurbilen dauden eraikinetan, “Egoitza komunitarioa” erabilera xehatua sartzea (M2B, M³ eta M4). Gainera, egiturazko determinazio batzuk (banaketa eremuei, ereduzko aprobetxamenduari eta homogeneotasun koefizienteei buruzkoak) determinazio xehatu gisa jasoko dira.

Hori guztia S-2 sektorearen hirigintza fitxan jasotzen da, eta Hirigintzako Araudi Orokorraren 57. artikulutik 61.era bitarteko artikuluak aldatzen dira.

Aldaketaren eremua bat dator XIX. unitate integratuko (Arrosadia) S-2 sektorearekin; zehazki, ARS4 banaketa eremuarekin bat dator, zeinak 59.467 m² baititu. Eremu urbanizatu bat da, urbanizazioa exekutatu zenean indarra zuten hirigintza tresnen babesean exekutatu zena, nahiz eta gero tresna horiek baliorik gabe gelditu ziren zenbait egintza juridikoren indarrez (Cordovillako goi-lautadako UPSa bertan behera uztekoa, haren bidez onetsi baitziren plan partziala, birpartzelazio proiektua eta urbanizazio proiektua).

Ikuspegi akustiko batetik, sustatzaileak ondorioztatu du proposatzen diren erabilera aldaketek ez dutela ekarriko onetsita eta indarrean dagoen zonifikazio akustikoa aldatu beharra. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du egin dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du. Ukipen akustikoei dagokienez, adierazi du, azkenean ezartzen den erabileraren arabera, beteko direla urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan kalitate akustikoari dagokionez ezarritako helburuak (errege dekretu horren bidez Hotsari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zen, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez).

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea aldaketa egituratzaile honi buruz, ez baitu ingurumen ondorio nabarmenik sortzen: Iruñeko Udal Planaren aldaketa egituratzailea ARS4 XIX. unitate integratuko (Arrosadia) S-2 sektorean. Aldaketa Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2015020