290. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta zitezkeen berragertzeei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ahalko dituela eta, beharrezkoa bada, neurriak gehitu, osatu edo murrizten ahalko dituela, betiere aplikatzekoa den araudiarekin bat eta bilakaera epidemiologikoa aintzat hartuta.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesi” bat ezarri zen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko; ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eten zen; mugatu egin zen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia, bai eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena ere; mugak ezarri ziren garraio publikoaren jardueran; pertsona kopuru mugatua mantendu zen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako; mugatu egin zen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo -parkeak erabiltzeko ordutegia; eten egin zen joko- eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere. Foru agindu hori berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2020ko urriaren 22an emandako autoaren bidez.

Geroago, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Aipatu 57/2020 Foru Aginduan, Osasuneko kontseilariak urriaren 21ean emandako horretan, ezarri zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, mugatu egin zen pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna Nafarroako Foru Komunitatean, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz. Foru dekretu horretan ezarritako neurriak luzatu egin ziren, urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta zati batean aldatu zen urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezarri zen, egun hori barne, eta ezarri zen, oro bat, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela. Foru agindu hori berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2020ko azaroaren 4an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 16an emandako 59/2020 Foru Aginduaren bidez, zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua eta 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu ziren aipatu foru aginduko neurriak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen luzapen hori, 2020ko azaroaren 18an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan ezarritako neurri batzuk malgutu ziren. Zehazki, ostalaritza eta jatetxeen sektorearen gaineko neurriak malgutu ziren, honela: ostalaritza itxita mantendu zen, baina, salbuespenez, terrazak ireki ziren, aipatu foru aginduan ezarritako baldintzekin.

Horrez gain, edukierak, ordutegiak eta bestelakoak malgutzeko neurriak ere sartu ziren, honako hauei dagokienez: kultura, liburutegiak, haur-parkeak edo desgaitasuna dutenen edo adinekoen zentroetako egoiliarren bisitak eta ibilaldiak.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 2ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez, abenduaren 16ra arte luzatu ziren, egun hori barne, urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitaterako hartutako berariazko neurri apartekoak eta horiei egindako aldaketak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera (abenduaren 11ko datuekin) Nafarroa 13. autonomia erkidegoa da 14 egunetan metatutako intzidentzia tasari dagokionez (189,56 kasu 100.000 biztanleko) eta 8.a, berriz, 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez (93,39 kasu 100.000 biztanleko), 2ko ratioarekin; horrek hautsi du azken asteotan izandako beheranzko joera, ratioa >2koa baitzen. 14 eguneko intzidentzia Estatu osoko batez besteko bera da, eta 7 egunekoa, altuagoa (Estatu osorako, 189,56 eta 80 kasu 100.000 biztanleko, hurrenez hurren). Kutsatze kopuruak behera egin du, batez ere etxeen esparruan, “bestelakoak” kategorian –non hartu-eman sozialak ikusten baitira–, eta “ezezagunak” kategorian. Hori hala izanik ere, osotara, esparru horiei dagokie kutsatzeen ehuneko handiena.

Hartutako neurriek batera jarduten dute modu sinergikoan, eta eraginkorrak izan dira kutsatzeak eta ospitaleratzeak murrizteko, 3ko alerta mailara iritsi arte.

Hedapenaren prebentzioak oinarri du herritarren lankidetza eta inplikazioa prebentzio neurriei eusteko orduan, bakartzea eta berrogeialdia barne, baita kasuen eta kontaktu hurbilen identifikazio eta segimendu sistema eta araudi arloko neurriak ere.

Arrisku oso handiko balorazio batetik arrisku handiko baloraziora aldatu gara intzidentziaren eta ZIUko okupazioaren adierazleetan, eta, horren ondorioz, 4ko alerta mailatik (oso altua) 3ko alerta mailara (altua).

Azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait neurri malgutu ziren jatetxeei, kulturari eta egoitza soziosanitarioetako bisitei zegokienez, eta gainerako neurriak mantendu ziren 62/2020 Foru Aginduan. Gaur egungo egoera ikusita, malgutasun neurri berriak hausnartu dira. Zorrotz begiratuko da zer-nolako eragina duten neurri horiek intzidentzia eta ospitaleratzeak bezalako funtsezko adierazleetan, are gehiago aintzat hartuta oraingo testuinguru klimatikoa, transmisioa errazten duena, eta datozen jaiegunak, zeinetan handiagoa baita interakzio soziala eta familiarra.

Hala adierazten baita Nafarroako Ospitaleguneak egindako txostenean, oso azkar eta nabarmenki jaitsi da SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa egunez egun diagnostikatu zaienen kopurua urriaren 26tik aurrera, hots, neurri zorrotzenak hartu zirenetik 7 eta 10 egun artean iragan ondoren.

7 eta 14 egunetako intzidentzia metatuak arrisku altuko mailan jarraitzen du, Estatuko eta nazioarteko gomendioei begiratuz gero, eta uztailaren lehen hamabostaldian izan genuen intzidentziatik gora dago.

Horrek esan nahi du gure egoera epidemiologikoan infekzioaren zirkulazio maila nabarmena dela, eta ezin esan dezakegula oraindik birusaren bigarren oldarraldia erabat kontrolpean dugunik. Agerraldien arriskua altua da oraindik, kontuan hartuta, halaber, gure erkidegoan infekzioa aktibo duten pertsonen kopurua, batetik, eta bestetik, gertu dugula arnasbideetako birusen ohiko hedapen altuena gertatzen den garaia, abendua eta urtarrila alegia.

Horri gehitu behar zaio joera aldaketa bat gerta daitekeela. Abenduaren 7ko astean handitu egin da SARS-CoV-2ak eragindako infekzio berrien kasu metatuen kopurua aurreko astearekin alderatuta (dela PCR bidez dela antigeno proben bidez diagnostikatutako kasuak). Aldaketa hori loturik egon daiteke urteko sasoiarekin eta komunitatean harremanak mugatzen zituzten neurrietan egindako aldaketekin.

Ospitaleratze arrunta eta etxekoa behar duten pertsona infektatuen kopuruak ere adierazten du joera aldaketa baten arriskua dagoela. Abenduaren 4ra arte nabarmen jaitsi da eta egun horretatik aurrera goranzko joera apala ikusten da. Ospitaleetako larrialdietan COVID-19arekin lotuta artatutako pertsonen kopurua jaisten joan da abenduaren 7ko astera arte, eta ordutik aurrera egonkortzeko joera ikusten da.

Zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du, nabarmen. Egoera horretan, kontingentzia plana doitzen segitzen dugu, baliabide gutxiago behar direlako.

Argi dago, beraz, 2 eta 3 asteko aldea dagoela neurriak hartzen direnetik neurri horien ondorioak ikusten hasi arte (kutsatutakoen kopurua murriztea, ospitaleratzeak eta ZIUan sartutakoen kopuruak behera egitea eta hildakoena jaistea). Era berean, 2 eta 4 aste geroago ikusten da neurriak malgutzeak arriskuko harreman sozialak areagotzea eta egoera epidemiologiko eta asistentziala okerragotzea ekar dezakeen, eta horrek bat egin dezake osasun sistemaren egoera ahulagoarekin, garai hauetako jaiegunak direla-eta jarduera murrizten denean.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da ahal den zuhurtzia handienarekin jokatzea indarrean dauden neurriak aldatzekotan, orain arte argi geratu baita eragin nabarmena eta azkarra dutela egoera epidemiologikoan eta asistentzialean. Neurrietan hartzen diren aldaketek zuhurrak eta progresiboak izan beharko dute, eta monitorizatu beharko da egoera epidemiologiko eta asistentzialean dituzten ondorioak aldaketa berriak egin aurretik, arrazoizko denbora hartuz: 2 eta 4 aste artean. Zuhurtziaz jokatu beharko da egoera epidemiologikoa eta sistema asistentzialaren gaineko presioa behar beste jaitsi arte, bateragarriak izan daitezen COVID-19ak eragindako beharrei eta bestelakoei arreta osoa ematearekin.

Aintzat harturik COVID-19aren hedapena kontrolatzeko erantzun koordinatua emateko jarduketetan oinarritutako adierazleen eta neurrien taula, CISNak onetsitakoa eta Nafarroako Foru Komunitatean eguneratutakoa, eta kontsulta egin ondoren Osasun Departamentuko Aholku Batzorde Teknikoari, Trantsiziorako Batzordeari eta COVID-19aren Jarraipen Batzordeari, Nafarroa arrisku oso handiko balorazioa izatetik handikoa izatera pasatu da, eta beraz, alerta maila 4koa izatetik 3koa izatera; horrenbestez, aplikatu behar dira gorago aipatutako taulan 3ko arrisku mailari dagozkion neurriak, aditu talde batek adostu baititu aldez aurretik. Neurri horiek oso malgutasun zuhurra eta progresiboa dakarte, Nafarroako egoera epidemiologikoak azken asteotan izandako hobekuntzari erantzuteko, eta baimenduko dute ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreak barnealdean irekitzea, baimendutako gehieneko edukiaren %30ean soilik bada ere; eta, era berean, edukierak handituko dira, betiere neurriz, beste jarduera batzuetan ere, hala nola kulturan, kiroletan, txikizkako merkataritzan eta saltoki handietan, haur-parkeetan edo ospakizun sozial eta familiarretan.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, hark xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenik.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan.

1.2. Horrez gain, oinezkoek pasiboki ez erretzeko duten eskubidea zaindu eta babesteko, eta orobat COVID-19aren kutsapen arriskua murrizteko, kalean eta espazio publikoetan bakarrik erretzen ahalko da ostalaritzako establezimenduetako terrazetan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan. Erretzaileak geldirik egonen dira, mugitu gabe, eta gutxienez ere 2 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dute beste pertsona batekin.

1.3. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Garraioa

2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioa murriztu eginen da baimendutako gehieneko edukieraren %50era, ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

2.2. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, horien erdiek gutxienez irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

–Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

–Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun-babeserako neurriei kalterik egin gabe.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduen barnealdeak.

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %30ean.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

f) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

g) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek aireztapen naturala izatea, edo mekanika behartua, airearen birzirkulaziorik gabe.

3.2. Kanpoaldekoak.

Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, gehieneko azalera itxia aldeko perimetroaren %50ekoa duena, terraza atxikia duen eraikinaren fatxada barne, halakoa bada.

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien eta/edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

3.3. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

3.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.

4.–Hotelak.

4.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta uneoro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

4.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

5.–Aterpetxeak.

5.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan ohatzeak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea gorde, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren %30 izatea baimenduko da.

5.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren %50 izatea baimenduko da.

5.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

5.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

6.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

7.–Kultua.

7.1. Gurtza-lekuetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, betiere, 150 pertsona gehienez; sarrerak eta irteerak mailakatuak izanen dira, eta saihestuko da jendea pilatzea, bai gurtza-lekuen barruan bai sarbideetan eta irteeretan.

7.2. Ebidentzia zientifikoa baitago adierazten duena kantuaren bidez kutsatzeko arriskua handitzen dela, gomendatzen da ospakizunetan ez kantatzea.

8.–Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

8.1. Gurtza-lekuetan egiten diren ospakizunetarako, foru agindu honen 6. puntuan ezarritako edukierak aplikatuko dira. Gurtza-lekuak ez diren lokaletan ospatzen direnen kasuan, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko da (hots, 2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko) lokal horien barnean.

8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduetan edo jatetxeetan, errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tarteak pertsonen artean, eta ez da behin ere gaindituko 12 pertsonaren kopurua, gehienez, establezimenduen barruan, eta 20 pertsonarena, kanpoan bada. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.3. Horrez gain, aurreko puntuan aipatutako kasuetan, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzari eta jatetxeei buruz ezarritakoa ere bete beharko da.

9.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

9.1. Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %50.

9.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

9.3. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat jarri beharko da, gutxienez ere DIN A3 tamainakoa, eta horretan adierazi beharko da lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena, bezeroentzat.

10.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %40 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

10.2. Merkataritza-guneetan dauden establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat eta/edo pantaila bat jarri beharko da, eta horretan adierazi beharko da lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek bezeroentzat baimentzen duena. Kartela, pantaila edo antzekoa gutxienez ere DIN A3 tamainakoa izanen da.

10.3. 10. puntu honetan aipatutako establezimenduen ate nagusietan, ongi ikusten den kartel bat eta/edo antzeko pantaila bat jarri beharko da, gutxienez ere 70 x 120 cm izanen dituena, eta hor adieraziko da zein den establezimenduaren gehieneko edukiera orokorra (merkataritza-gunean dauden establezimendu guztietan baimendutako edukieren batura).

10.4. Irekita egoteko ordutegia 21:00ak artekoa izanen da beranduenez.

10.5. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

10.6. Jolaserako eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

10.7. Ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, bai eta puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden zinema- eta jolas-aretoei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

10.8. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuta daude, une oro, sartzeko ateetan kontrola eta zenbaketa-sistema egitera, establezimenduan onartzen den gehieneko %40ko edukieraren kontrola eta bermea izatera, bai eta bezeroak gune komunetan ez daudela kontrolatu eta bermatzera ere, joan-etorrietarako izan ezik.

11.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da.

Erabiltzaileek ezin izanen dute inolaz ere postuen alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

12.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

12.1. Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %50 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

12.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

13.–Liburutegiak eta artxiboak.

13.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

13.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

13.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere sei partaideko taldetan.

13.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

13.5. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

14.–Kirol-jarduerak.

14.1. Kirol-jardueretarako edukierak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

14.2. Debekatuta dago aldagelak, dutxak, iturriak, saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea.

Aldagelak erabiltzen ahalko dira bakar-bakarrik zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan, baita baimendutako entrenamendu eta lehiaketetan ere.

Dutxak baimendutako lehiaketetan baino ez dira erabiltzen ahalko. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan eta entrenamenduen kasuan, dutxak banaka erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

14.3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Desplazamendua eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Desplazamendurik gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

14.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. Instalazio itxietan, 200 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Lehiaketa ez-profesionalen eta aire zabaleko instalazioetan egiten diren kirol-ekitaldien kasuan, 400 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan.

14.5. 21:00etan itxiko/bukatuko dira beranduenez. Hala ere, lehiaketa profesionaletan, estatu mailako lehiaketa ofizialetan eta ez-profesionaletan eta autonomia-erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen duten taldeek 21:00etatik aurrera erabiltzen ahalko dituzte kirol-instalazioak lehiaketak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badu instalazioaren titularrak.

15.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan.

15.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 6 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 8 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 20 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe.

15.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuan xedatutakoaren arabera.

15.3. Kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuko aurreikuspenetik, baldin eta egiten badira Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean.

15.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

16.–Igerilekuak.

16.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %50eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

16.2. Baimentzen da aldagelak erabiltzea, eta dutxak banaka erabiliko dira, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

16.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

16.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

17.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %75.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

18.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

18.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

18.2. Inaugurazioak eta ekitaldi sozialak egiten ahalko dira, baldin eta jatetxe zerbitzurik ez badago, eta segurtasun-tarteak bermatzen ahal badira. Edukiera %50ekoa izanen da, eta jarlekuak aurretik esleituko dira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako.

18.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamabi pertsonako taldeetan eginen dira.

18.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

19.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

19.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %50. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 200 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da jatea eta edatea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

19.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50; edonola ere, 400 lagun bilduko dira gehienez.

19.3. Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

20.–Turismo-gidarien jarduera garatzeko baldintzak.

20.1. Jarduera horiek, barnean zein kanpoan, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamabi lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

20.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere hamabi laguneko taldeendako ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

21.–Biltzarrak egitea.

Lehenetsiko da biltzarrak telematikoki egitea. Beste modalitate edo formatu batean egin nahi izanez gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi beharko zaio aurretik.

22.–Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egitea.

Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta betiere 200 lagun gehienez; horiek eserita egon beharko dute, 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatuz horien artean. Horrek ez du galaraziko modalitate telematikoa gomendatzea.

Bozketarik egin behar bada, pertsonak mugitzea saihesten duten bozketa sistemak erabiliko dira.

23.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

23.1. Bingoek eta joko-, apustu- eta jolas-aretoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %30.

23.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

23.3. Establezimendu hauek 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

23.4. Edatekoak edo jatekoak emateko zerbitzua baldin badute, bezeroendako soilik, foru agindu honen 3. puntuan ezarritako arau berariazkoak aplikatuko zaizkie.

24.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

24.1. Baimenduta egonen da establezimendu hauen jarduera, salbu ospakizun familiarrak, sozialak, lagunen artekoak edo aisialdikoak badira, jatekoak eta/edo edatekoak tarteko, horiek debekatuta egonen baitira.

24.2. Establezimendu horietako jabeak arduratuko dira arestian aipatutako osasun arauak betetzen direla bermatzeaz.

25.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

25.1. Elkarte gastronomikoek eta peñek itxita jarraituko dute.

25.2. Etenaldi horretatik salbuetsita daude kafetegi, jatetxe edo tabernarik ez dagoen bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri txikietan kokatutakoak, herri guztia elkartzeko lokal bakarrak badira. Kasu horietan, eta salbuespen gisa, alkateek baimena eman dezakete horiek irekitzeko, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta osasun arloko prebentzio neurri guztiak betetzen badira.

26.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

27.–Eguberrietako jarduerak.

27.1. Pertsonen osasuna babesteko eta SARS-CoV-19 birusaren transmisioa prebenitzeko, ez dira baimenduko betiko olentzeroak, erregeen kabalgatak, desfileak, kalejirak, San Silbestrea edota publikoarekin –eta, beraz, jendea pilatzeko arriskuarekin– kaleetan egiten den ospakizunik.

27.2. Nolanahi ere, Gabonetako azoka txikiak, aire zabalekoak, jaiotzen erakusketak eta Gabonetako ospakizunak, formatu ez tradizionalean egiten badira, tokiko osasun agintaritzak espresuki baimendu beharko ditu, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezartzen dituen jarraibideen esparruan.

Bigarrenik.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrenik.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko abenduaren 17tik abenduaren 30era bitarte, bi egunak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrenik.–Indarrik gabe uzten dira abenduaren 2ko 62/2020 Foru Agindua, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, eta haren aldaketak.

Bosgarrenik.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrenik.–Foru agindu honek 2020ko abenduaren 17an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2015261