290. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 29/2020 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zuen berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez hartu dira Eguberrietan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoko neurriak. Erabaki horren bidez, zenbait neurri malgutzen dira: autonomia erkidegoetan eta hiri autonomoetan sartzeko eta bertatik irteteko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzeko bilkurak, gaueko mugikortasunaren muga eta Eguberrietako ekitaldiak.

Horrenbestez, neurri hauek aintzat hartu beharko dira 2020-2021eko Eguberriak ospatzeko, eta urriaren 27an hartutako neurriei gehitu, betiere ahaztu gabe garrantzitsuena dela birusaren kutsapen bidezko transmisioa ekar dezakeen jardun oro mugatzea, ahal den apalena izateko. Hau da, gomendio nagusia, oraindik ere, eremu publikoko eta pribatuko harremanak bizikidetza-unitatera mugatzea da, baina neurri malguagoak hartzen dira, urtean zehar gertatutako egoera kontuan hartuz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera (abenduaren 11ko datuekin) Nafarroa 13. autonomia erkidegoa da 14 egunetan metatutako intzidentzia tasari dagokionez (189,56 kasu 100.000 biztanleko) eta 8.a, berriz, 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez (93,39 kasu 100.000 biztanleko), 2ko ratioarekin; horrek hautsi du azken asteotan izandako beheranzko joera, ratioa >2koa baitzen. 14 eguneko intzidentzia Estatu osoko batez besteko bera da, eta 7 egunekoa, altuagoa (Estatu osorako, 189,56 eta 80 kasu 100.000 biztanleko, hurrenez hurren). Kutsatze kopuruak behera egin du, batez ere etxeen esparruan, “bestelakoak” kategorian –non hartu-eman sozialak ikusten baitira–, eta “ezezagunak” kategorian. Hori hala izanik ere, osotara, esparru horiei dagokie kutsatzeen ehuneko handiena.

Hartutako neurriek batera jarduten dute modu sinergikoan, eta eraginkorrak izan dira kutsatzeak eta ospitaleratzeak murrizteko, 3ko alerta mailara iritsi arte.

Hedapenaren prebentzioak oinarri du herritarren lankidetza eta inplikazioa prebentzio neurriei eusteko orduan, bakartzea eta berrogeialdia barne, baita kasuen eta kontaktu hurbilen identifikazio eta segimendu sistema eta araudi arloko neurriak ere.

Arrisku oso handiko balorazio batetik arrisku handiko baloraziora aldatu gara intzidentziaren eta ZIUko okupazioaren adierazleetan, eta, horren ondorioz, 4ko alerta mailatik (oso altua) 3ko alerta mailara (altua).

Hala adierazten baita Nafarroako Ospitaleguneak egindako txostenean, oso azkar eta nabarmenki jaitsi da SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa egunez egun diagnostikatu zaienen kopurua urriaren 26tik aurrera, hots, neurri zorrotzenak hartu zirenetik 7 eta 10 egun artean iragan ondoren.

7 eta 14 egunetan metatutako intzidentziak arrisku altuko mailan jarraitzen du, Estatuko eta nazioarteko gomendioei begiratuz gero, eta uztailaren lehen hamabostaldian izan genuen intzidentziatik gora dago.

Horrek esan nahi du gure egoera epidemiologikoan infekzioaren zirkulazio maila nabarmena dela, eta ezin esan dezakegula oraindik birusaren bigarren oldarraldia erabat kontrolpean dugunik. Agerraldien arriskua altua da oraindik, kontuan hartuta, halaber, gure erkidegoan infekzioa aktibo duten pertsonen kopurua, batetik, eta bestetik, gertu dugula arnasbideetako birusen ohiko hedapen altuena gertatzen den garaia, abendua eta urtarrila alegia.

Horri gehitu behar zaio joera aldaketa bat gerta daitekeela. Abenduaren 7ko astean handitu egin da SARS-CoV-2ak eragindako infekzio berrien kasu metatuen kopurua aurreko astearekin alderatuta (dela PCR bidez dela antigeno proben bidez diagnostikatutako kasuak). Aldaketa hori loturik egon daiteke urteko sasoiarekin eta komunitatean harremanak mugatzen zituzten neurrietan egindako aldaketekin.

Ospitaleratze arrunta eta etxekoa behar duten pertsona infektatuen kopuruak ere adierazten du joera aldaketa baten arriskua dagoela. Abenduaren 4ra arte nabarmen jaitsi da eta egun horretatik aurrera goranzko joera apala ikusten da. Ospitaleetako larrialdietan COVID-19arekin lotuta artatutako pertsonen kopurua jaisten joan da abenduaren 7ko astera arte, eta ordutik aurrera egonkortzeko joera ikusten da.

Zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du, nabarmen. Egoera horretan, kontingentzia plana doitzen segitzen dugu, baliabide gutxiago behar direlako.

Argi dago, beraz, 2 eta 3 asteko aldea dagoela neurriak hartzen direnetik neurri horien ondorioak ikusten hasi arte (kutsatutakoen kopurua murriztea, ospitaleratzeak eta ZIUan sartutakoen kopuruak behera egitea eta hildakoena jaistea). Era berean, 2 eta 4 aste geroago ikusten da neurriak malgutzeak arriskuko harreman sozialak areagotzea eta egoera epidemiologiko eta asistentziala okerragotzea ekar dezakeen, eta horrek bat egin dezake osasun sistemaren egoera ahulagoarekin, garai hauetako jaiegunak direla-eta jarduera murrizten denean.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da ahal den zuhurtzia handienarekin jokatzea indarrean dauden neurriak aldatzekotan, orain arte argi geratu baita eragin nabarmena eta azkarra dutela egoera epidemiologikoan eta asistentzialean. Neurrietan hartzen diren aldaketek zuhurrak eta progresiboak izan beharko dute, eta monitorizatu beharko da egoera epidemiologiko eta asistentzialean dituzten ondorioak aldaketa berriak egin aurretik, arrazoizko denbora hartuz: 2 eta 4 aste artean. Zuhurtziaz jokatu beharko da egoera epidemiologikoa eta sistema asistentzialaren gaineko presioa behar beste jaitsi arte, bateragarriak izan daitezen COVID-19ak eragindako beharrei eta bestelakoei arreta osoa ematearekin.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurriei eustea, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte COVID-19aren beharrei nahiz bestelakoei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera, eta osasungintzako profesionalei bide eman arte beharrezko atsedenaldia hartzeko, pandemia honen olatu gehiago ailegatuko baitira ziur aski, eta Eguberrietan aurretik hartutako neurriak malgutzeko aukera izateko.

Argitasuna eta segurtasun juridikoa handiagoak izan daitezen, arauen kalitatea printzipio horietan baitatza, bidezkoa da testu bakar batean biltzea neurri berriak, eta indarrik gabe uztea Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak.

Horrenbestez, aipatutako txosten teknikoak kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapenari eusteko prebentzio neurriak; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

1. 23:00etatik 6:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibili ahal izanen da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitakoaren salbuespenak dira 2020ko abenduaren 24tik 25era doan gaua eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era doan gaua, bietan baimenduta egonen delako, gainera, Nafarroako Foru Komunitateko bide edo espazio publikoetan barna ibiltzea 23:00etatik 01:30era arte, norberaren etxetik kanpo afaldu ondoren bertara itzultzeko.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionaletan eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketetan. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren lehiaketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra, baimenduta dago sartu eta irtetea mugitzen direnen familiakoak edo hurbileko pertsonak bisitatzeko, baina Nafarroako Foru Komunitatean bete beharko dira bilkuretarako 3. artikuluan ezartzen diren mugak. Joan-etorrietarako arrazoi hori egiaztatzeko, foru dekretu honen eranskinean ezarritako eredua erabiliko da.

3. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez erabilera publikoko espazioetan, bizikideak ez badira behintzat, eta galarazi gabe jendearentzat irekitako bulego, instalazio eta establezimenduei buruz ezartzen diren salbuespenak.

Elkartzen direnak bizikideak nahiz elkarrekin bizi ez direnak badira, aurreko paragrafoan aipatzen den gehieneko kopurua sei pertsonakoa izanen da.

2. Erabilera pribatuko guneetan, berriz, bi bizikidetza-unitate desberdinetako sei pertsona elkartuko dira gehienez ere; hau da, etxe berean bizi diren pertsonak bakarrik bilduko dira, zaintzaileak eta laguntzakoak barne.

3. Familiakoekin edo hurbileko pertsonekin bilkurak egiten badira Eguberrietako bazkariak eta afariak egiteko, 2020ko abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, gehienez ere hamar pertsona elkartuko dira, gehienez ere bi bizikidetza-unitatetakoak.

Hamar pertsonako gehieneko muga horretatik kanpo daude bizikidetza-unitate bakarra osatzen duten talde handiagoak.

4. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

5. Ez dira sartuko artikulu honetan aurreikusitako mugan laneko edo erakundeetako jarduerak, garraioarenak edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeenak, unibertsitateko irakaskuntza barne; era berean, ez dira sartuko aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen diren horiek.

4. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan ezarritako neurriek indarra izanen dute 2020ko abenduaren 17tik 2021eko urtarrilaren 14ra bitarte.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indargabetzen da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2020ko abenduaren 17an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpen eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015270