29. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

IRAGARKIA, Hanburgon irailaren 22tik 25era eginen den WindEurope 2020 azokan parte hartzeko eskaera egiteko epea irekitzeari buruz.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Energia sektorea eta, bereziki, sektore eolikoa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

WindEnergy azoka mundu mailako erreferentzia da energia eolikoaren sektorearentzat. Azoka hori urtero ospatzen da, eta, aurten irailean eginen da Hanburgon. Urtero 35.000 profesional inguru joatean dira azokara, ehun bat herrialdetatik. Azokaren eremuan hainbat hitzaldi, forum espezializatu eta jarduera egiten dira; “WindEurope”, esate baterako, hitzaldi eta bilera plataforma bat, haize-energiaren eremu guztietako enpresa, aditu, unibertsitate eta ikerketa zentroen arteko eztabaida, harremana eta lankidetza erraztea helburu duena.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka horrek aukerabideak eskaintzen ahal dizkie sektore horretan aritzen diren Nafarroako enpresei, eta, horregatik, energia sektore eolikoaren balio-katean parte hartzen duten enpresak gonbidatzen ditu Nafarroako Gobernuak azoka horretan jarriko duen erakustokian batera parte har dezaten.

–Ekintzaren helburuak:

  • Enpresei Nafarroaren erakustokia eskaintzea katalogoak eta produktuak erakusteko eta bilerak egiteko oinarri gisa erabil dezaten.
  • Azokan, Nafarroako sektorearen irudi profesional eta erakargarria eskaintzea.
  • Teknologia eolikoaren sektoreak nazioartean duen egoeraren berri izateko prospekzioa.
  • Sektore eolikoari sostengu instituzionala ematea, nazioartean gara dadin.

–Sektorea:

  • Haize-energia.

–Ekintzaren edukia:

  • Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).
  • Norberaren gunea izatea “Navarra Renewables” erakustokiaren barruan, baita gune komun bat ere bilerak egiteko.
  • Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.
  • Enpresen informazioa sartzea azokako erakusketarien katalogoan.

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

–Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

  • Nafarroako sektore eolikoaren balio-katearen parte izatea (enpresak, klusterrak, etab.).
  • Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

–Eskaera aurkezteko epea:

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta gune batzuk jarriko ditu, izapideen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

–Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:

  • Gehienez ere 14 enpresak parte hartu ahal izanen dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako presentzia prestatzeko.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
  • Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 31n.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2001542