29. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, ofizioz aldatzen duena Oltza Zendeako udal-mugartean motelgailuak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua. Jardueraren titularra KYB Suspensions Europe SAU da.

Instalazio horrek badu Ingurumen Baimen Integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 8ko 2243/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 334E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2019/01/15ean, titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzu honen aurrean aurkeztu zuen edukiontzi-biltegi baten proiektua martxan jartzearen erantzukizunpeko adierazpena, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 26ko 321E/2016 Ebazpenez onartua. Adierazpen horretan ziurtatzen da proiektua ez dela guztiz egikaritu, proiektatutako 2.098 m²-etatik 1.070 m² bakarrik eraiki direla, eta aldaketa bat egin dela egikaritutako atalean, hau da, zama-lanen gunearen itxitura perimetrala, 413 m²-koa.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak aldaketa horiek aztertu eta ondorioztatu du onargarriak direla, bat baitatoz instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin, eta, ondorioz, aldatu beharra dago Ingurumen baimen integratua, benetan egikaritutako proiektura egokitzeko.

Kasu honetan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letrako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuko baldintzak ofizioz aldatzea, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio-prozedurarekin bat, eta ez da beharrezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea motelgailuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak ingurumen baimen integratua emateko tramitatutako administrazio-espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago eta haren titularra Kyb Suspensions Europe SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea ekarriko du. Neurri horiek jasota daude kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuz onetsitako testu bateginaren IV. tituluan, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarria, aplikagarri izaten segituko baitu, eta orobat jasota, modu subsidiarioan bada ere, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluko zehapen-araubidean ere.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek –administrazio publikoek izan ezik– gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau KYB Suspensions Europe S.A.U.ri, Oltza Zendeako Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatutako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2001029