29. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatea Trinidad García Pérez andrearen abintestato jaraunsle deklaratzen duena eta jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitzen dizkiona (GP 2018/075).

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria onartzen duen martxoaren 1eko 1/1973 Legeko 300. Legearen arabera, legezko oinordetzara joko da baldin eta jaraunspen osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez, Konpilazio horrekin bat etorrita.

Konpilazio horren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.ean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; hark, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialerako erabiliko du jaraunspena, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu-zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaide izanen diren ondasun tronkalen oinordeko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz, eta 24.6 artikuluan arautzen du Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.

Iruñeko Lehen Auzialdiko 2. Epaitegiaren 2018ko maiatzaren 10eko antolaketarako eginbidez (borondatezko jurisdikzioko 270/2018 prozedura) Trinidad García Pérez andrearen heriotzaren berri eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitateari, jaraunsle eta administratzaile izan zitekeelakoan, zenduari ez baitzitzaion seniderik edo oinordekorik ezagutzen. Aurkeztutako jakinarazpenaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko jarduketak hasi ziren.

Trinidad García Pérez andrea Quintanar de la Orden (Toledo) herrian jaio zen, 1950eko abenduaren 5ean, eta Iruñean hil zen 2018ko martxoaren 20an. Sarrigurenen izan zuen azken helbide ezaguna, Puerta de Badostain kaleko 1eko 2. solairuan, eta han zegoen erroldatuta 2006ko urriaren 10etik aurrera.

Egindako ikerketen arabera, hauxe da jaraunspenaren inbentario ezaguna:

–Caixabank SAko banku-kontua (IBAN ES71-2100-6512-14-2100054850), 2018ko martxoaren 14an 5.989,50 euroko saldoarekin, irekitako eginbide judizialen arabera.

–Bizitza-asegurua VidaCaixa S.A.U. de Seguros y Reasegurosen (IFZ A58-333261), 14.457,91 eurokoa 2017ko abenduaren 31n.

Espedienteko informazioa aztertu ondoren, Aurrekontuen zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 200/2019 Ebazpen bidez erabaki zen Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

Maiatzaren 9ko 200/2019 Ebazpen hori 2019ko 179. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27koan, jakinarazpenen gehigarrien atalean, bai eta 2019ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abuztuaren 12koan, 10154. eta 10155. orrialdeen artean, eta Eguesibarreko Udalaren iragarki-taulan, 2019ko maiatzaren 24tik ekainaren 25era bitarte, eta ez da aurkeztu inork egokitzat jotako alegaziorik, agiri edo iritzi-elementurik ere.

Espedientean agertzen dira, jaiotza- eta heriotza-agiriak eta kausatzailearen Azken Nahietako Egintzen Erregistro Nagusiaz gain –non ondorioztatzen den ez zuela testamenturik utzi–, Nafarroako Zerga Ogasuneko txostenak –zenduaren banku-kontuari eta bizitza-aseguruari buruzko datuekin–, Zerga Ogasunaren Nafarroako Ordezkaritza Bereziko txostenak –bere datu-baseetan ez dela ageri adieraziz–, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzatik bidalitako Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiko txostenak –zenduaren seniderik dagoenik ezin izan dela zehaztu adieraziz–, eta Eguesibarko Udalaren errolda-agiria, 2006ko urriaren 10etik bertan erroldatuta egon zela adieraziz. Espedientean txosten juridiko bat ere jaso da, non adierazten baita Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko egindako jarduketak egokiak eta nahikoak direla eta deklarazio hori arautzen duten xedapenak bete direla.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluaren 5. eta 6. atalek emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitzen didan eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzea Trinidad García Pérez andrearen (NANa: 51****58X) jaraunsle bakar eta unibertsala, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen dela ulertuta.

2. Ebazpen honen aurrekarietan adierazitako jaraunspenaren inbentarioan azaldutako ondasun eta eskubideak eta ager litezkeen gainerakoak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Trinidad García Pérez andrearen jaraunspeneko ondasunak eta eskubideak jasota dituzten merkataritza-sozietateei eta finantza-erakundeei eskatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esku jar ditzaten, kausatzailearen abintestato jaraunsle denez.

4. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Eguesibarko eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki-taulan argitaratu eta agerian egon dadin hilabeteko epean, eta, hala badagokio, jaraunspenaren ondasunak kontrolatzeaz arduratzen den organo judizialari jakinaraztea.

5. Honako hauek izendatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, Ebazpen honetan ezarritakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzaten eta behar diren agiri publiko edo pribatuak sina ditzaten: Marta Echavarren Zozaya andrea –Ondare Zerbitzuko zuzendaria–, María Iparraguirre Picabea andrea –Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Ataleko burua–, eta Susana Montilla Larriqueta andrea –Administrazio Laguntzako Bulegoko burua–.

6. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Administrazio Laguntzako Bulegoa, Inbentario Orokorraren Bulegoa eta Ekonomia Aferetarako Bulegoa) eta Departamentu horretako Eskuhartze Delegatuari, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Batzordeari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 21ean.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F2001152