287. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2663/2020 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, aholkulari juridikoaren lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat bitarteko izendapenetarako da, eta bestea aldi baterako kontratazioetarako, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat egitea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat aholkulari juridikoaren lanpostuan aritzeko bitarteko izendapenaren bidez, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiak onestea izangaien bi zerrenda osatzeko, hautaproben bidez, aholkulari juridikoaren lanpostuan aritze aldera: bata, bitarteko izendapenetarako, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO,
AHOLKULARI JURIDIKOAREN LANPOSTUAN ARITZE ALDERA BITARTEKO IZENDAPENAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren

Oinarriak

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdia iragartzen da, hautaproba baten bitartez osatzeko aholkulari juridikoaren lanpostuan bitarteko izendapenaren bidez aritu nahi duten izangaien zerrenda bat, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzute aldera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak eta hura garatzen duten gainerako arauek ezartzen dutenari jarraikiz.

Deialdi honen ondorioz bitarteko izendapenetarako izangaien zerrenda bat onetsiko da, subsidiarioa, eta hura erabili baino lehen bitarteko izendapenetarako aurretik dagoen langile finkoen beste edozein zerrenda erabiliko da.

1.2. Bitarte baterako izendatzen direnak Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan arituko dira, aholkulari juridikoaren eginkizunetan.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izatea.

b) A mailako lanpostu finko batean behin betiko aritzeko izendatua izatea, eta lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua berariaz eskatu izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta bitarteko izendapen aldiak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, AHOLKULARI JURIDIKOAREN LANPOSTUAN ARITZE ALDERA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia iragartzen da, hautaproba baten bitartez osatzeko aholkulari juridikoaren lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritu nahi duten izangaien zerrenda bat, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, eta hura erabili baino lehen bitarteko izendapenetarako langile finkoen edozein zerrenda, jada eratua edo gerora osatuko dena, erabiliko da.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Zuzenbideko gradudun edo lizentziadunaren unibertsitate-titulua izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea beteta aurkeztu beharko dute.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua.

Dena dela, parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz egin daiteke eskaera.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ikusgai jarriko ditu deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, haiek argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña), bertan adierazita noiz, zer ordutan eta non eginen den deialdian ezarritako hautapen proba.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.

Ordezkoa: Javier Martínez Eslava jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Epaimahaikidea: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Penalen Ataleko burua.

Ordezkoa: Belén Cilveti Gubia andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Lan arloko Aferen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Francisco José Negro Roldán jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: José Fulgencio Larumbe San Martín jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Administrazioarekiko Auzien Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Ixone Esquiroz Luna andrea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Ainara Elarre Belzunegi andrea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Idoya Tajadura Tejada andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Zibilen Ataleko burua.

Ordezkoa: José Antonio Razquin Lizarraga jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Zerga Aferen Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen-prozesua proba teoriko-praktiko baten bidez eginen da.

Probaren lehenbiziko zatian, izangaiek idatzi prozesal bat egin beharko dute (demanda, demandaren erantzuna, ondorioak, etab.) epaimahaiak planteatuko dien kasu praktiko baten gainean; kasu horrek lotura izanen du Aholkularitza Juridikoaren berezko eskumenen gai juridikoekin, zeinak I. eranskineko gai-zerrendan jasota baitaude.

Probaren idatzizko zati hau egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Probaren idatzizko zati hau egiteko, izangaiek zilegi edukiko dute nahi dituzten lege testuak kontsultatzea, paperezko euskarrian, baina iruzkin doktrinal edo jurisprudentzialik gabeak. Izangai bakoitzak eramanen ditu bere testuak. Proba egiteko unean, epaimahaiak mugak ezartzen ahal ditu testuen erabileran. Ezin izanen da beste edozein testu edo dokumentazio kontsultatu, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Ondoren, probaren bigarren zatia egiteko hitzordua emanen zaie izangaiei, haien ariketa epaimahaiaren aurrean irakur dezaten; jendaurreko irakurketa horretan ahoz erantzun beharko diote planteatu eta garatutako kasuaren edozein alderdiri loturik epaimahaiak plazaratzen dien kontu funtsezko zein prozesal orori.

Probaren balorazioa bateratua izanen da, hau da, idatzizko zatia eta epaimahaiak egindako galderei ahoz emandako erantzuna osotara baloratuko dira, 100 puntuz gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %30 lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da, hala idatzizko zatirako nola jendaurreko irakurketarako. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Idatzizko proba egin eta hura jendaurrean irakurtzeko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen puntuazioetan berdinketarik izanez gero, epaimahai kalifikatzaileak zozketa bakar bat eginen du hura hausteko. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan:

–Izangaien zerrenda, bitarteko izendapenetarako deialdiaren hautapen prozesua gainditu dutenena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera eta berdinketak ebatzita.

–Izangaien zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako deialdiaren hautapen prozesua gainditu dutenena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera eta berdinketak ebatzita.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Aholkulari juridikoaren lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko ditu izangaien zerrendak. Ebazpen hori argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

7.2. Bitarteko izendapenetarako deialdiaren zerrendako izangaiak lanean aritzeko deia zerrendan dauden ordenaren arabera eginen da, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Aldi baterako kontratu bidez aritzeko deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Zuzenbideko gradudun edo lizentziadunaren unibertsitate-tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

7.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko azaroaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (196/2019 Foru Agindua, abenduaren 18koa), Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria, María Pilar Goñi Muro.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidearen iturburuak: Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Eragin zuzena. Lehentasuna.

2. gaia.–Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: aipamena, antolaketa eta printzipioak. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Konstituzioa arau juridiko gisa. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Konstituzioan. 149., 150. eta 155. artikuluak.

3. gaia.–Konstituzio Auzitegia. Konstituziokontrakotasun errekurtsoa. Konstituziokontrakotasuneko auzia. Konstituzioaren babes-errekurtsoa. Konstituzio gatazkak.

4. gaia.–Nafarroako foru araubidea. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta garapen araudia.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

8. gaia.–Kontratazio publikoa. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

9. gaia.–Administrazio publikoen dirulaguntzen araubide orokorra. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

10. gaia.–Langile publikoak. Konstituzio printzipioak. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan duen eskumen historikoa. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Arau hori garatzen duen araudia, bereziki 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.

11. gaia.–Toki entitateak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

12. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

13. gaia.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzkoa. Kasazio errekurtsoari buruzko berritasun nagusiak, Botere Judiziali buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenak ezarritakoak.

14. gaia.–1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilari buruzkoa: frogari buruzko xedapen orokorrak, administrazio publikoei aplika dakizkien berezitasunak (381. art.); epaia, barne betekizunak, gauza epaitu formala eta materiala; jarduketen deuseztasuna; kostuak, kostuen tasazioa; epaiketa arrunta eta hitzezko epaiketa. Adingabeei buruzko prozesuak.

15. gaia.–15/2015 Legea, uztailaren 2koa, Borondatezko Jurisdikzioari buruzkoa: Atariko titulua (xedapen orokorrak), familia-arloko borondatezko jurisdikzio espedienteak. 52/1997 Legea, azaroaren 27koa, Estatuaren eta Erakunde Publikoen Laguntza Juridikoarena: jakinarazpenak, zitazioak, epatze-deiak eta komunikazio prozesaleko bestelako egintzak; gordailu eta kauzio salbuespenak; autoen bilakabidea etetea, lurralde forua, laugarren xedapen gehigarria.

16. gaia.–1/1996 Legea, urtarrilaren 10ekoa, Doako Laguntza Juridikoarena: I. eta IV. kapituluak.

17. gaia.–36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, Lan arloko jurisdikzioa arautzen duena: jarduketa prozesalak, prozesu arrunta, kaleratze prozesua, zehapenak aurkaratzeko prozesua.

18. gaia.–Prozedura Kriminalaren Legea: prozesu penala abiatzeko moduak (salaketa, kereila eta ofizioz hastea); prozedura laburtua, delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura, delitu arinei buruzko epaiketarako prozedura.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Eskabidea, bitarteko izendapenerako (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskabidea, aldi baterako kontrataziorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013507