284. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, probetarako deialdia egiten duena errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko, 2021. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean.

Uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren bidez (2007ko 184. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 2koan), errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu ziren, eta Espainiako zuzenbidera bildu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko uztailaren 15eko 2003/59/EE Zuzentaraua.

Errege dekretu horretan, hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko baldintzak eta prestakuntza etengabeko ikastaroak egitekoak arautu ziren, biak beharrezkoak baitira Europar Batasuneko edozein estatutan finkaturiko enpresen ibilgailuak Espainiako bide publikoetan gidatzeko, horretarako nahitaezkoa izanik Gidarien Erregelamendu Orokorrean zehazten diren C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea.

Errege dekretu horren 15. artikulua aplikatuz, bidezko da proben deialdia onestea aipatu ziurtagiria lortzeko asmoz, 2021. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatuak eta errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu zituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, Kudeaketa Atalak proposatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko, 2021. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3. Adieraztea ezen, COVID-19aren ondoriozko osasun egoeraren bilakaerak ekarriko balu deialdiaren oinarrien III. eranskinean biltzen diren epeen edo daten geroratzeak edo aldaketak egin behar izatea (azterketa datak, eskaerak aurkezteko epeak, behin-behineko zerrendak argitaratzeko epea, okerrak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko epeak), aldaketa horiek jasotzen dituen ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atariaren fitxaren bidez argitaratuko dela: www.navarra.es, “Trámites”, “CAP”.

4. Ebazpen hau Kudeaketa Atalera eta epaimahaikideei igortzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garraioetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Santiago Alemán Carrica.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Proba hauetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Aginduzko ikastaroak gainditu izana, bai arruntak, bai trinkoak, azterketa egin aurreko sei hilabetean, Errepideko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedaturikoarekin bat.

–Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta hala dela frogatzea. Hala ere, beste autonomia erkidego batean bizi direnak ere aurkezten ahalko dira, betiere organo dei egilearen baimena badute, behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela kausa.

Horren ondorioetarako, izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean ageri dena hartuko da kontuan. Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da, bakar-bakarrik, honako kasu hauetako bat gertatzen denean:

1. Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez. Kontaketa hori ariketetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

2. Izangaiak frogatzen badu beharturik egon dela bizilekua aldatzera familia edo laneko arrazoiengatik, eta, horregatik, azkeneko urtean 185 egunetan baino gutxiagotan bizi izan dela Nafarroako Foru Komunitatean. Herri batean denboraldi mugatu batez bizi baldin bada jarduera jakin bat egiteko, ulertuko da ez duela betetzen azkeneko baldintza hori. Unibertsitate, eskola edo ikastetxe batera joateak ez dakar ohiko bizilekuaren aldaketarik.

Bigarrena.–Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian (“Trámites” atalean, “CAP” idatzi hango bilatzailean) ageri den inprimakia betez.

–Eskabide bat, oinarri hauen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, aurkeztuz Lurralde Kohesiorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua, Iruña, 31002, Nafarroa). Orobat, helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan aurkez daiteke: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/lugaresPresentacion.htm Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

2. Bi kasu horietan, eskabideaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izangaiek:

a) Indarra duen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

Nortasun Agiri Nazionalean ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azkeneko urtean gutxienez 185 egun naturaletan Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

b) Azterketara aurkezteko tasari dagokion zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu izanaren agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

Eskaera Internet bidez egiten bada, agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez bidaliko dira.

3. Probetarako izena emateko bidea zein den ere, bai eskabidea bai behar diren agiriak oinarri hauen III. eranskinean ezartzen diren epeetan aurkeztu beharko dira.

4. Izangaiak prestakuntza ikastaroa bukatu ez badu ere, aukera izanen du azterketa egiteko izena emateko, baldin eta eskaeretako akatsak zuzentzeko epea iragan baino lehen bukatzen badu eta epe horretan Administrazioaren aurrean modu fede-emailean frogatzen badu ikastaroa gainditu duela (ikastaroa egin deneko ikastetxeak aurkeztu behar duen ziurtagiri telematikoaren bidez).

5. Eskaerak kasuan kasuko deialdirako balioko du bakarrik. Geroko beste deialdi bateko probak egin nahi badira, eskaera berriz aurkeztu beharko da. Kasu horretan aski izanen da eskabidea eta ordainketa-gutuna aurkeztea, eskabidean adierazirik gainerako agiriak ez dituela aurkeztu Administrazioak badauzkalako, izangaiak aurreko deialdi batean aurkeztu zituelako.

Hirugarrena.–Epeak.

Oinarri hauen III. eranskineko taulan ageri dira eskaerak aurkezteko epeak.

Laugarrena.–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta probak eginen direneko tokia eta orduak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuko www.navarra.es atarian (“Trámites” atalean, “CAP” idatzi hango bilatzailean), oinarri hauen III. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten diren egunetan.

Bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, bidezkoa bada, akatsak zuzendu, oinarri hauen III. eranskinean proba bakoitzerako adierazten den eguna bitarte.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak ere oinarri hauen III. eranskinean proba bakoitzerako adierazten diren datetan argitaratuko dira.

Bosgarrena.–Proben nondik-norakoak.

Izangaiek NANa edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Seigarrena.–Azterketaren egitura eta kalifikazioa.

1. Azterketaren gaiei, proben egiturari eta horien kalifikazioari dagokienez, Errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Azterketa test modukoa izanen da. 100 galdera izanen ditu, eta horietako bakoitzak lau erantzun. Erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira eta erantzun oker bakoitzarengatik 0,5 puntu kenduko da. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Azterketa gainditzeko 50 puntu lortu behar dira gutxienez.

Ariketa egiteko, 2 ordu izanen dira.

3. Salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik; bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik.

Kasu horietan, azterketa test modukoa izanen da. 25 galdera izanen ditu, eta horietako bakoitzak lau erantzun. Erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira eta erantzun oker bakoitzarengatik 0,5 puntu kenduko da. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Azterketa gainditzeko 12,5 puntu lortu behar dira gutxienez.

Ariketa egiteko, 30 minutu izanen dira.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

–Santiago Alemán Carrica jauna, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Kudeaketa Ataleko burua.

Batzordekideak:

–Oscar Molviedro Barea jauna, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera andrea, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

–Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoak:

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Luis Antonio Martínez Cunchillos jauna, Modernizazio Ataleko burua.

–Carmen Castiella Sánchez-Ostiz andrea, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

Idazkaria:

–María Senosiain Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Ordezkoa:

–Eva Estebariz Arteta andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Zortzigarrena.–Gaindituen zerrenda.

1. Ariketak kalifikatzen bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian (“Trámites”, “CAP”), eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariari igorriko dio.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garraioetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Datak, azterketak egiteko, eskaerak aurkezteko, behin-behineko zerrendak argitaratzeko,
akatsak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA

BEHIN-BEHINEKO ZERRENDAK ETA AZTERKETA EGITEKO ORDUA ETA TOKIA ARGITARATZEA

AKATSAK ZUZENTZEKO AZKEN EGUNA

BEHIN BETIKO ZERRENDAK ARGITARATZEA

AZTERKETAREN EGUNA

2021/01/04tik 2021/01/25era

2021eko urtarrilaren 29a

2021eko otsailaren 12a

2021eko otsailaren 17a

2021eko otsailaren 19a

2021/03/05etik 2021/03/26ra

2021eko martxoaren 31

2021eko apirilaren 19a

2021eko apirilaren 21a

2021eko apirilaren 23a

2021/05/03tik 2021/05/21era

2021eko maiatzaren 28a

2021eko ekainaren 11

2021eko ekainaren 16a

2021eko ekainaren 18a

2021/07/12tik 2021/07/30era

2021eko abuztuaren 6a

2021eko abuztuaren 20a

2021eko abuztuaren 25a

2021eko abuztuaren 27a

2021/08/30etik 2021/09/17ra

2021eko irailaren 24a

2021eko urriaren 8a

2021eko urriaren 13a

2021eko urriaren 15a

2021/10/22tik 2021/11/12ra

2021eko azaroaren 19a

2021eko abenduaren 9a

2021eko abenduaren 15a

2021eko abenduaren 17a

Iragarkiaren kodea: F2013997