284. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

2021. urteko Ordenantza Fiskalen eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten Arauen aldaketak. Behin betiko onespena

Iruñeko Osoko Bilkurak, 2020ko urriaren 1eko saioan, hasiera batez onetsi zituen Ordenantza Fiskalen eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten Arauen testuen eta tarifen aldaketak. Behin espedientea jendaurrean paraturik, aldez aurretik iragarkia 2020ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 8koan, eta Udaletxe honetako iragarki-taulan argitaratu zelarik, eta arauzko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe igaro eta gero, behin betiko onetsi dira, eta indarra hartuko dute 2021. urteko urtarrilaren 1etik aitzina. Segidan, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 23an.–Alkate udalburua, Enrique Maya Miranda.

Jakitera ematen da hauek direla Ordenantza Fiskaletan eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten Arauetan aldatu diren artikuluak eta tarifa-eranskinak, 2021eko urtarrilaren 1ean indarra hartuko dutenak:

1. ordenantza.–Hiri-unitateen karga-tasa aldatu da.

2. ordenantza.–IV. puntu berri bat erantsi da.

8. ordenantza.–I. epigrafearen 2) atala aldatu da, tarifa-eranskinean kontzeptu berri bat erantsita.

21. ordenantza.–2020/06/17ko Osoko Bilkurak hasiera batean 2020rako onetsitako indarreko xedapen iragankorra aldatu da, ezabapenaren ondorioak 2021/12/31ra arte luzatzeko.

23. ordenantza.–2. artikulua, zerga-egitatea, aldatu da, eta paragrafo berri bat erantsi da.

1. araua.–2. artikulua berridatzi da eta 5. artikuluan 3. atala gehitu da.

2. araua.–2. artikulua berridatzi da eta 3. artikuluan 3. atala gehitu da.

7. araua. 3. eta 4. artikuluak, eta 5. artikuluaren 3. atala berridatzi dira.

Hona hemen, osorik transkribatuta, aurreko atalean adierazitako aldaketek eragin duten erregulazio berria:

1. ORDENANTZA
LURREN GAINEKO KONTRIBUZIOA

Karga-tasa:

–Hiri-unitateak: %0,3923.

2. ORDENANTZA
JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGA

IV.–Jarduera Ekonomikoen Erregistroan alta hartu izanaren gaineko adierazpenarekin batera, subjektu pasiboek lehen zergaldiari dagokion autolikidazioa aurkeztuko dute.

8. ORDENANTZA
AGIRIAK ETA BESTELAKO EUSKARRIAK EGIN
ETA BIDERATZEKO TASAK

Tarifa-eranskina

I. Epigrafea.–2) atala.

2) Fitxategien kopiak, euskarri digitalean:

–Lehen fitxategiarengatik CD euskarrian

10,40 euro

–Lehen fitxategiarengatik DVD euskarrian

10,40 euro

–Gehitutako fitxategi bakoitzarengatik edo interesdunek bestelako euskarrietan aurkeztutako kopia digital bakoitzarengatik

4,75 euro

–Fitxategien kopiak telematikoki igortzeagatik.

4,75 euro

21. ORDENANTZA
HIRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, LURGAIN
ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIETAKO TASAK

XEDAPEN IRAGANKORRA

2021. urtean zehar, bertan behera uzten dira I.1 epigrafean (Mahaiak, aulkiak, mahaitxoak, barrak, itzalkinak, itxiturak eta ostalaritzarako baimendutako antzeko elementuak) jasotako lurzoruaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezietako tasak.

Halaber, eta kontuan harturik COVID-19aren osasun-krisia ostalaritza-sektore osoan eragiten ari den kaltea, aztertuko da zein izan daitekeen baliabide egokia terrazarik ez duten establezimenduek onura lor dezaten terraza dutenen antzeko moduan.

23. ORDENANTZA
APARKATZE MUGATUKO EREMUETAN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUAK APARKATZEKO TASAK

2. artikulua. Hona zerga-egitatea: aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuetan ibilgailua aparkatzea, Aparkatze Mugatuko eta Murriztuko Eremuak arautzen dituen Ordenantzarekin eta bertan jasotako zehaztapenekin bat.

Ez dituzte tasa hauek ordainduko aparkatze mugatu eta murriztuko eremuetako aparkatze-muga eta murrizketatik salbuetsita dauden 0 isurketako ibilgailu elektrikoek, zeinak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarri ofizialen bidez identifikatuko baitira.

1. ARAUA
UDAL-LOKALAK ETA -ESPAZIOAK ERABILTZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOAK

2. artikulua. Prezio publikoa ordaintzeko betebeharra baimendutako erabilera hasten denean sortzen da, eta, arau honetan aurreikusitako kasuetan izan ezik, prezio publikoaren zenbatekoa gordailuan utzi beharko da erabilera baino bi egun lehenago.

Interesdunak erabiltzeari uko egin ahal izanen dio kasuan kasuko ekitaldirako ezarritako data baino 24 ordu lehenago, eta kasu horretan gordailuan ordaindutako prezio publikoaren % 50 itzuliko zaio.

5. artikulua. 1) Betiere, lagatzeko ezinbesteko baldintza dira hala Iruñeko Udalak erabili behar ez izatea eskatutako udal-lokala edo -espazioa nola prezio publikoa ordaindu izana, halakorik galdatzekoa denean.

2) Baimenean beste zenbait baldintza ezartzen ahalko dira, udal-lokal edo -espazioen lagapenari buruz, besteak beste eskatzaileak berme nahikoa eratzeko betebeharra, gerta daitezkeen kalteen edo gainerako baldintzak ez betetzearen aurrean erantzuteko. Bermearen gordailua itzultzeko edo hura erantzukizunei aplikatzeko, txostena egin beharko da aurrez, bertan azalduta erabili diren lokalak nola gelditu diren.

3) Pertsona fisiko edo entitate eskatzaileek egunean eduki behar dituzte zerga- eta lege-betebeharrak, haien izaeraren arabera dagozkienak, edo/eta aginduzko agiriak aurkeztu Udalak hala eskaturik.

2. ARAUA
UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ETA ESKOLETAKO ARETO
ETA INSTALAZIOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK

2. artikulua. 1) Arau honetan ezarritako prezioak eskatzen dira Udalaren kirol-instalazioak eta eskoletako aretoak eta instalazioak kirolaren, kulturaren, hezkuntzaren, gizartearen zein komunitatearen, politikaren eta erlijioaren esparruetako bilerak eta jarduerak egiteko erabilera baimenduaren ondorioz eman beharreko zerbitzuen truke.

2) Jarduerak Udalaren lokaletan eta eskola-instalazioetan. Eskola-instalazioak eskola-ordutegitik kanpo erabiltzeko baldintza hauek bete behar dira: ikastetxeek instalazio horiek behar ez izatea beren jarduerak egiteko eta beharrak asetzeko, tokia eskatutako jarduera egiteko aproposa izatea eta proposatutako jarduera 2.1) artikuluan aurreikusitakoari egokitzea. Horiek horrela, lehentasuna izanen dute eskolaz kanpoko jarduerek, ikasleen elkarteek eta ikasleen gurasoen elkarteek antolatutako jarduerek eta Iruñeko Udalak antolatutakoek.

Ikastetxeetan, oro har, ez da baimenik emanen instalazioak festa-jardueretarako erabiltzeko, hala nola bazkari, dantzaldi, kontzertu, feria, azoka eta horrelakoetarako, ezta instalazioak kasuan kasuko lokal edo instalazioko udal-langileen lan-ordutegitik at eta udako oporretan arratsaldez erabili behar dituzten jardueretarako ere, salbu halakoak egiteko langilerik izan eta gehigarri bat ordaintzen bada, erabilera-prezio publikoaren gainetik, tarifen eranskinaren III. epigrafearekin bat. Lan-ordutegi hori kasuan kasuko urtean indarra duena izanen da, organo eskudunak onetsitako egutegiarekin bat.

Aurrekoa gorabehera, antolatzen ahalko dira ikasturte-bukaerako festak, ikasturte-bukaerako bazkaria barne harturik, eta ikastetxe publikoek eta beren guraso-elkarteek antolatutako bestelako festak.

Halaber, ez dira jarduera iraingarriak baimenduko, baldin eta ekintza terroristen biktima izan diren pertsonentzat edo kolektiboentzat zein genero-indarkeriaren biktimentzat mingarriak badira, edo giza-eskubideak gutxiesten badituzte.

3) Aurreikusi ez diren erabilerak salbuespen gisa eta behar bezala justifikaturik baimentzen ahalko dira, Herritarren Aferen Batzordeak horren berri eduki ostean, egin beharreko jarduera Udalaren interesekotzat jotzen bada.

4) Baimena jaso duen pertsona edo entitatearen betebeharra izanen da erabilera gauzatzea indarreko arauek ezarritako baldintzekin bat. Baldin eta erabilerak kalte edo narriadurarik eragiten badie instalazioei eta lokalei, prezio publikoa ordaindu behar duenak behar bezala leheneratu edo konpondu beharko ditu haiek, halako eran non instalazioak eta lokalak erabili baino lehenago zeuden egoera berean utzi beharko baititu, edo, bestela, Udalak hori dela-eta egin beharreko gastuak oro ordaindu.

Pertsona fisiko edo entitate eskatzaileek egunean eduki behar dituzte zerga- eta lege-betebeharrak, haien izaeraren arabera dagozkienak, edo/eta aginduzko agiriak aurkeztu Udalak hala eskaturik.

5) Edonola ere, lagapenaren baldintzak dagokion organo eskudunak onetsiko duen baimenean zehaztuko dira, eta baimen horretan arautzen ahalko da eskatzailearen betebeharra, berme nahikoa eratzeko, lagatako instalazioetan gerta daitezkeen suntsipenari edo narriadurari erantzute aldera. Hala gordailua itzultzeko nola hura onartutako erantzukizunei aplikatzeko, txostena egin beharko da aurrez, erabili diren instalazioak eta lokalak nola gelditu diren azalduta.

3. artikulua. 1) Udalak instalazioak eta lokalak erabiltzeko nor baimendu eta pertsona edo entitate horiek izanen dute ordaintzeko betebeharra.

2) Ez da prezio publikorik eskatuko pertsona edo entitate eskatzaileak justifikatzen badu honako kasu hauetako bat gertatzen dela:

a) Ohiko eskola- eta kirol-jardueretarako erabiltzen diren kasuan, baldin eta jarduerak kasuan kasuko ikastetxeko IGEak –bere helburu eta jardunen baitan– edo Udalak berak sustatuak badira, salbuespenez beste ikastetxe bateko patioaren erabilera baimentzen den kasua barne hartuta.

b) Nafarroako Kirol Federazio ofizial batek kirol-instalazioak erabiltzea, xede hauetarako: a) berariaz antolatu eta sustatzeko, lehenik, eskola-kirola entrenamenduen bidez, bigarrenik, 65 urtetik gorakoen aisialdi-kirola, eta, hirugarrenik, mendekotasuna dutenei zuzendutako aisialdi-kirola, eta b) Udalaren interesekotzat jotako kirol-ekitaldi puntualak antolatzeko, betiere doan badira hala parte-hartzaileentzat nola ikusleentzat, eta, bestetik, haien izaera aisialdikoa eta ez-lehiakorra bada.

c) Lokalak eta eskola-instalazioak erabiltzea haien estatutuetan helburu gisa honako hauen interesak defendatu eta sustatzea jasota dituzten fundazioek eta elkarteek: beren baitan beste pertsonak hartzen dituzten familienak zein familia horiek hartutako pertsonenak, terrorismo-ekintzak edo genero-indarkeria pairatu dituzten biktimenak, bai eta Giza Eskubideen defentsa eta sustapena ere, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna jasota dituztenak.

d) Lokalak edo instalazioak Nafarroako Gobernuak erabiltzea, Udaleko organo eskudunak interesekoa jotzen badu egin beharreko jarduera.

e) Bestelako entitateek lokalak edo instalazioak erabiltzea, baldin eta erabilerak Iruñean kirol-sustapen eraginkorra lortzearren Udalaren interesa justifikatzen duen udal-organo eskudunaren hitzarmen, kontratu edo beste erabaki edo ebazpen baten markoaren barruan egiten badira.

3) Nolanahi ere, prezio publikoak eskatuko dira artikulu honen 2) zenbakian aurreikusitako kasuetan, baldin eta pertsona edo entitate eskatzaileak ez badu jakinarazten baimendutako jarduera eten egin dela, halakorik gertatuz gero, eta, horrenbestez, lagapenari uko egiten zaiola, jarduera hasteko aurreikusitako eguna baino bost egun balioduneko epean jakinarazi ere.

7. ARAUA
PREZIO PUBLIKOAK JOAQUIN MAYA UDALEKO
MUSIKA ESKOLAK EMATEN DITUEN IKASKETETAN
IZENA EMAN ETA PARTE HARTZEAGATIK

3. artikulua. Arau orokor gisara, Musika Eskolako ikasketa-planari jarraitzen dioten ikasleek matrikularen prezio osoa ordainduko dute matrikula egiten dutenean. Salbuespenez, eta aurrez interesdunak eskaera arrazoitua aurkezturik, bi kuotatan zatikaturik ordaintzea baimendu daiteke. Ordainketa zatikatua egiteko bigarren epea urtarrilaren 15etik 31ra bitarte izanen da, luzatzeko aukerarik gabe.

Urtarriletik aurrera eskolan onartutako ikasleek, ikastaro monografikoetan matrikulatu direnek eta Eskolako taldeetan parte hartzen duten kanpoko ikasleek ordainketa bakar batean ordainduko dute matrikularen prezioa, hura egiten duten unean.

Matrikularen prezio publikoa banku bidezko helbideratzeaz ordain daiteke.

Helbideratzearen balioa epemugarik gabea izanen da, non eta interesdunak baliogabetzen ez duen, salbu eta kreditu-entitateak atzera egiten badu edo Udal Administrazioak, justifikatutako arrazoiak direla medio, baliogabetzat jotzen badu.

Ikaspostua galduko da, baldin eta matrikula-ordainagiriak ordaintzeko epea amaituta, matrikulatu denak ez badu prezio publikoa ordaindu.

4. artikulua. Zenbatekoa Udalak berak ikastaroa bertan behera uzten badu baino ez da itzuliko, edo ikaspostuari irailaren 30a baino lehen uko egiten bazaio. Epe hori gaindituta, behin ikasturtea hasia dela Musika Eskolan baja hartzeak, dela ofizioz dela interesdunak eskaturik, ez du salbuetsiko matrikularen bigarren epea ordaintzeko betebeharraz, baldin eta hura Arau honen 3. artikuluan aurreikusitakoarekin bat eskatu eta baimendu bazen.

Behin ikasturtea hasi eta matrikula ohiko epetik at libre gelditu diren ikaspostuetan egiten duten ikasleek 15 egun naturaleko epea izanen dute postuari uko egiteko, ordaindutakoa bueltan jasotzeko eskubidea edukita.

Ikaspostuari uko eginez gero, ikasleei ez zaie itzuliko administrazio- eta kudeaketa-gastuak direla-eta urte bakoitzean ezartzen den zenbatekoa.

5. artikulua. 1) Aplikatu beharreko tarifak Arau honen eranskinean daude jasota, eta barne hartuko dute, behar izanez gero, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuota.

2) Ikasleak Eskolan behin ikasturtea abiatuta hasiz gero, ikasturtea osatzeko zenbat hilabete falta diren eta horren proportzioan ordainduko dute tarifa, betiere izena zein hilabetetan eman eta hori barne hartuta.

3) Matrikula bi zatitan ordaintzen ahalko da, 3. artikuluan ezarritako bi epeetan.

Mugaeguna geroan duen ordainagiri baten kobrantzak ez du lehenagokoak ordaindu direla esan nahi, eta ez du zorpekoak direnak eskuratzeko Udalak duen eskubidea iraungitzen ere.

Gainerako Ordenantza Fiskaletan eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten Arauetan, ez dago aldaketarik 2020. urterako, eta indarrean diraute, azken aldaketak egin zirenetik hurrengo ekitaldietarako:

ORDENANTZA FISKALAK ETA PREZIO PUBLIKOAK
ERREGULATZEN DITUZTEN ARAUAK

URTEA

4. ordenantza

2020

5. ordenantza

2010

6. ordenantza

2020

7. ordenantza

2020

9. ordenantza

2020

10. ordenantza

2017

11. ordenantza

2017

12. ordenantza

2017

13. ordenantza

2020

14. ordenantza

2014

15. ordenantza

2013

16. ordenantza

2017

17. ordenantza

2014

18. ordenantza

2020

19. ordenantza

2014

20. ordenantza

2020

22. ordenantza

2014

3. araua

2020

4. araua

2016

5. araua

2018

6. araua

2020

8. araua

2008

9. araua

2020

10. araua

2018

11. araua

2020

12. araua

2020

13. araua

2014

14. araua

2018

15. araua

2018

Ordenantza Fiskal eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten Arau guztien testu osoa Udalaren webgunean kontsultatu daiteke, hemen: www.pamplona.es.

Iragarkiaren kodea: L2014200