284. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

87/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, zeinaren bidez ematen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2020ko Zilarrezko Dominak.

Abenduaren 21eko 363/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Goresmen Sariak sortu ziren.

Apirilaren 5eko 42/2001 Foru Aginduak arautzen du nola eman kirolaren goresmen sari horiek. Horien artean dago Nafarroako Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina, zeina arautzen baita eranskineko 2. puntuan.

Aintzat hartuz beherago adierazten den zerrendan ageri diren pertsonen merezimenduak; izan ere, lan eta dedikazio handiz aritu dira Nafarroako Foru Komunitatean kirola sustatzeko eginkizun teknikoetan edo zuzendaritzakoetan, eta, batez ere, lan horrekin asko lagundu diote Nafarroako kirolari, betiere adorez baina nabarmendu nahirik gabe.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko azaroaren hogeita bostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2020. urteko Zilarrezko Domina pertsona hauetako bakoitzari ematea:

–Alberto Retegi Albistur, 40 urte inguruan egin duen lanagatik Berako Gure Txokoa Elkartean ziklismoko batzordekide gisa eta eskualdean ziklismo eskolak bultzatzen.

–Ana Tiraplegui Eslava, hipikari 30 urte dedikatu izanagatik, zaldi-heziera klasikoko eta zaldi-heziera egokituko epaile gisa.

–Juan Sanz Barbero, hipikari 27 urte dedikatu izanagatik, federazioko batzordeko hainbat zuzendaritza kargutan.

–Jesús Carlos Antón Solans, 25 urte baino gehiagoz saskibaloiko entrenatzaile aritu izanagatik Nafarroako hainbat klubetan.

–Fernando Larumbe Vicente, “Club Atlético Deportivo Irabia” futbol klubeko sustatzaileetako bat delako, hasieratik, eta haren entrenatzaile, 1985. urtetik.

–Araceli Larrea Andreu, bizitza osoa abiadurako irristaketari dedikatu diola aitortzeko; nabarmenduta Nafarroako zenbait klubetan entrenatzaile gisa egin duen lana.

–Luis Miguel Ruiz López, 26 urte baino gehiagoz lanean aritu delako Nafarroan irristaketa artistikoa hainbat modutan zabaltzearen, garatzearen eta hari babesa ematearen alde.

–Tomás Pascualena Muniesa, 36 urte dedikatu izanagatik Oberenako futbol atalari, baita beste klub batzuei ere, hainbat arlotan arituta.

–Martín Montañés Alsasua, 25 urte baino gehiagoz mendiari loturik egoteagatik; Nafar Goi Mendi Eskolako (ENAM) monitore izan baita eta, 2012. urtetik, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko presidentea.

–Koldo Cía Larumbe, 44 urtez dedikatu delako hainbat kirol modalitatetara eta klubetara, 1976. urtean hasi zenetik Etxauriko Denak Bat Kultur, Kirol eta Aisialdi Elkarteko fundatzaile gisa.

–Joseba Imanol Arbizu Ayesa, 35 urteko ibilbidea izateagatik, bereziki saskibaloian; 1985. urtean hasi baitzen entrenatzen.

–Félix Manuel Pérez Berasategui, 26 urtez dedikatu izanagatik kirola sustatzera –kirol federatua zein ez federatua–, eta parte hartu izanagatik Nafarroako Gobernuak antolatutako kirol kanpainetan.

–Luis Landa Ballaz, 35 urteko dedikazioagatik Atletismo Federazioan, epaile lanak eginda eta marken rankingak egiteaz eta eguneratzeaz arduratuta.

–Orlando Millán Martínez, Nafarroako Atletismo Federazioan 29 urtez egin duen lanagatik eta izan duen dedikazioagatik, epaile aritu baita eta zuzendaritzako lanak egin baititu.

–Enrique Teruel Mina, judoari 35 urte dedikatu eta ibilbide luzea izateagatik, entrenatzaile lanetan aritu baita eta eskolak eman baititu Nafarroako zenbait klubetan.

–Roberto Martín Martínez, judoari 29 urte dedikatu eta ibilbide luzea izateagatik, monitore eta entrenatzaile aritu baita Nafarroako zenbait klubetan.

–Pedro Luis Cuadrado Sainz, futbolarekin lotura izan duelako 35 urte baino gehiagoz, Vianan, behe mailako kategorietan entrenatzaile gisa arituta eta, gero, zuzendaritza lanetan.

–Álvaro Calvo Cornago, 25 urte baino gehiago eman dituelako errugbia sustatzen eta garatzen, ikastetxeetan sustapen lanak eginda eta teknikari gisa arituta.

–Javier Cormenzana Lumbreras, 25 urte baino gehiago eman dituelako errugbia sustatzen eta garatzen; bera izan zen egun Nafarroan den errugbi harrobiaren sortzaileetako bat.

–Juan Carlos Oroz Biurrun, 27 urtez aritu delako areto futboleko, futbol 11ko eta futbol 8ko entrenatzaile, eta antolatu dituelako zenbait talde eta kirol lehiaketa.

–Jesús Ramón Erroz Ciriza, beisbolari 37 urte dedikatu izanagatik; CAD Irabia klubeko entrenatzaile izan da eta, zenbaitetan, Espainiako selekzioaren behe mailako kategorietakoa.

–Ernesto Modrego Jiménez, beisbolari eta sofbolari 40 urte baino gehiago eman izanagatik; Arga kirol klubeko beisbol eta sofbol taldeak sortu zituen 1984. urtean.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Kirolaren Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2014298