283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

38/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 10/2014 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak aldi baterako betetzeko langileak kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak urtarrilaren 17an emandako 10/2014 Foru Aginduaren bidez, hainbat arau eman ziren Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak aldi baterako betetzeko. Arau hori indarrean egondako urteetan bildutako esperientziak erakutsi du araua partez aldatu beharra dagoela, aldatuz doan gizartearen errealitateari egokitzearren.

Indarra duen arauaren arabera, mekanografia jakin behar da Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoan kontratatzeko izangaien zerrendetan sartzeko, berariazko betebeharra baita. Hori frogatzeko, besteak beste, diploma edo ziurtagiri bat aurkez daiteke, ofizialki aitortutako prestakuntza zentro batek azken bost urteotan emana, ziurtatzen duena interesdunak minutuko 220 pultsazio egiten dituela. Errealitateak erakutsi du zaila dela aldi baterako kontratatua izan nahi duten izangaiek betebehar hori frogatzea. Izan ere, Nafarroan ez dago horrelako diploma edo ziurtagiriak ematen dituen prestakuntza zentro ofizialik. Gainera, baliabide teknologikoen eta tresna informatikoen erabilerak hartu du mekanografiaren ezagueraren tokia.

Hortaz, beharrezkoa da araua gizartearen errealitateari egokitzea, are gehiago kontuan hartuta laster deialdi bat egin behar dela Nafarroako Justizia Administrazioan aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien lan poltsak osatzeko. Horrenbestez, minutuko 220 pultsazio egiten direla frogatzeko, ofizialki aitortutako prestakuntza zentro batek emandako diploma edo ziurtagiria aurkeztu beharrean, izangaiaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, non betebehar hori betetzen duela aitortuko baitu. Erantzukizunpeko adierazpen horrek ordeztuko ditu, halaber, mekanografiaren ezaguera frogatzeko erabiltzen ahal ziren gainerako frogabideak, orain aldatzen den arauan ezarri zirenak, ez baitira beharrezkoak izanen.

Horregatik guztiagatik, sindikatuekin negoziatu ondoren, eta bat etorriz Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 489. artikuluan eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak urtarrilaren 17an emandako 10/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluaren 4.a) puntua aldatzea. Aurrerantzean, testu hau izanen du:

“a) Aldi baterako kontratazioen zerrendan sartu nahi duen izangaiaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu badakiela makinaz idazten, minutuko, gutxienez, 220 pultsazio egiteko moduan. Kasuan kasuko izendapena egin eta hurrengo hilabetean, bitarteko funtzionarioari esleitzen zaion bulegoko edo zerbitzuko arduradun funtzionalak eskatzen ahalko dio Justizia Zuzendaritza Nagusiari mekanografia proba bat egin dezala egiaztatzeko ea betebehar hori betetzen den. Proba horren ezaugarriei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak (Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegokoak) aldi baterako ordezteko zerrendak eguneratzeko azken deialdian egin zenaren antzekoa izanen da. Proba hori ez gainditzeak bitarteko funtzionarioa lanpostutik kentzea ekar dezake, bat etorriz Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 10/2014 Foru Aginduaren 10.1 artikuluaren f) letran xedatutakoarekin, eta, orobat, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko izangaien zerrendatik ateratzea, foru agindu horren 11.1.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.”

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2014308