283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1252E/2020 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko txostena egiten duena zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako (tokiak handitzea, 1.344tik 2.498ra) Sesmako udal mugartean, Udalak ebazpena eman baino lehen. Instalazioaren titularra Rodriguez Dueñas M y Sanchez Tojo IM SCI da.

Jarduera ageri da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko C) 3 epigrafean (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Hortaz, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ingurumen txostena egin eta gero.

Horrez gain, proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da proiektua (1. taldea, 3. apartatua). Beraz, legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Sesmako Udalak, 2020ko urtarrilaren 8an, organo eskudun gisa aritzen zela, jarduera sailkatuko proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusian, honako hauek eman zitzan espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarritako txostena, eta ingurumen inpaktuaren adierazpena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak txosten bat egin behar du Udalak ebazpena eman aurretik, zehazteko zer ingurumen baldintza eta zer neurri zuzentzaile ezarri behar diren jarduerarekin hasteko, eta, hala baldin badagokio, aplikagarriak diren hirigintzako determinazioak, baldin eta jarduera hori lurzoru urbanizaezinean garatzen bada eta lurzoru mota horretan baimendu badaiteke. Hala ezarrita dago Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 70. artikuluan.

Ikusirik Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29. eta 39. artikuluetan xedaturikoa, non ezartzen baita urtean hondakin arriskutsuen edo ez-arriskutsuen 1.000 t baino gehiago sortzen duten ekoizpen jarduerek komunikazio bat egin beharko dutela, jarduera funtzionatzen hasi baino lehen, eta autonomia erkidegoek dagokien erregistroetan inskribatuko dituztela.

Espedienteko txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldeko txostena egitea zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako (tokiak handitzea, 1.344tik 2.498ra) Sesmako udal mugartean, Udalak ebazpena eman baino lehen. Instalazioaren titularra Rodriguez Dueñas M y Sanchez Tojo IM SCI da.

Bigarrena.–Ingurumen inpaktuaren adierazpena ematea zerriak gizentzeko instalazioaren proiekturako Sesmako udal mugartean, bideragarria baita ingurumenari dagokionez. Instalazioaren titularra Rodriguez Dueñas M y Sanchez Tojo IM SCI da. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadila agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Laugarrena.–Jardueran suteen aurkako segurtasunaren arloan indarrean den legeria bete behar da, bai eta nekazaritzako ingeniarien 2019ko apirilaren 17ko 452/19/E proiektuan proposatutako baldintzak ere.

Bosgarrena.–Hirigintzako legerian aurreikusitako lurzoru urbanizaezinerako baimena ematea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 64. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen III. eranskineko baldintzak bete behar direla kontuan izanda.

Seigarrena.–Jarduera ezartzerakoan, men egin beharko zaie espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan ageri diren baldintzei eta, horrez gain, bete beharko dira ebazpen honen IV. eranskinean ingurumena eta paisaia babestu eta leheneratzeari begira ezarri direnak.

Zazpigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, udalari jakinarazi beharko dio titularrak aldez aurretik. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02224090142019 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bederatzigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan egindako inskripzioak indarra izanen du udalaren irekitzeko lizentzia lortzen den egunetik aitzina, jarduera sailkatua martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Udalak lorpen data horren berri eman beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zerbitzuari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 84. artikuluan xedaturikoa betez.

Hamargarrena.–Jarduera hasi aurretik, jarduera sailkatua abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak Udalean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedatuarekin bat. Adierazpen horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: bi ziurtagiri, instalazioa onetsitako proiektuarekin bat datorrela frogatzeko eta jarduera lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla egiaztatzeko; behin betiko planoak, eta egin diren neurketa eta egiaztatze praktikoak. Jarduera abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, ebazpen honen V. eranskinean zehazten diren agirien kopia bana erantsi beharko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hirigintzako gaiei eta hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruz. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea udal eskatzaileari, jardueraren titularrari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, eta adieraztea Udalak zerbitzu honi jakinarazi beharko diola hartzen duen erabakia, hamabost eguneko epean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ingurumen baldintzak

1) Neurri zuzentzaileak eta baldintza teknikoak:

a) Uretara egiten diren isuriak.

–Euri urak kanalizatzeko zorrotenetako urak lurreko jariatze-uretaraino atera eta eramaterakoan, ur horiek kutsa ditzaketen materialak bildu edo erabiltzeko guneekin ez nahasteko moduan jokatuko da.

–Lurzatiko eremu urbanizatuko jariatze-uraren ebakuazioa instalaziotik hurbileko lurzatietan putzuak, higadura edo bestelako kalterik ez sortzeko moduan eginen da.

–Gasolio-hornidura egitean zorura isurketarik edo filtraziorik ez dagoela bermatzeko, bai geruza bikoitzeko gordailua, bai hornidura-puntua azalera estanko eta iragazgaitz batean kokatu beharko dira, isuriak bildu ahal izateko.

–Langileendako komunetan sortutako hondakin ur beltzak mindarekin batera jaso, bideratu eta kudeatu beharko dira.

b) Simaurren kudeaketa.

–Simaurra aplikatu eta biltzeko, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bidez ezarri baitziren abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak, bai eta otsailaren 28ko 234/2005 Foru Aginduan xedatutakoa ere, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako abeltegietan simaurra sortu, bildu eta kudeatzeko baldintzak.

–Simaurren kudeaketan, simaurrak sortu eta kudeatzeko 2240030249/2/2 zenbakiko planean jasotakoak beteko dira.

–Simaurra kudeatzeko erregistro liburu bat izanen da ustiategian, eta bertan jasoko da, behar bezala eguneratuta, formaturik egokienarekin eta ahal dela euskarri informatikoan, aplikazio bakoitza identifikatu eta zehaztasunez deskribatzeko beharrezkoa den informazioa, Simaurra sortu eta kudeatzeko planarekiko egokiak ote diren ziurtatu ahal izateko. Kanpoko kudeatzaile bati entrega eginez gero, erregistro liburuan adierazi beharko da zenbat simaur entregatu den eta noiz, eta kudeatzaileak betetako albaranak gorde beharko dira entregak justifikatzeko.

c) Hondakinak.

–Arriskutsutzat jotako hondakin zoosanitarioak, behar bezala bereiziak, urarekiko estankoak diren eta euritarako behar bezala babesturik dauden edukiontzi edo biltegietan bilduko dira, gero horiek kudeatuko dituen enpresa baimenduari entregatzeko.

d) Biltegiratzeak.

–Ura edo lurzoruak kutsa ditzaketen edo saneamendu sareen funtzionamenduan ondorio negatiboak izan ditzaketen produktu likidoak, izan lehengaiak izan hondakinak, biltegiratzeko, balizko ihes edo jarioentzako euste edukiontziak egon beharko dira, eta, horien edukiera, honako balioen berdina edo handiagoa izan beharko da:

–Atxikitako biltontzi handienaren edukiaren %100.

–Edukiontzian dauden biltontzien eduki osoaren %30.

Edukiontzi hori estankoa izanen da, barnean dituen produktuak gordetzeko modukoa, eta ez du grabitatearen bidez husteko sistemarik izanen, ez eta, erreakzio kimikoak direla-eta, beraien artean bateragarriak ez diren substantzien biltegiekin loturarik ere.

2) Isuriak atmosferara.

Fokuen katalogazioa eta datuak:

FOKUA

CAPCA-2010

KANPOKO KONTROLA

ERREKUNTZA

Zenbakia

Izena

Taldea

Kodea

LEN

Potentzia termikoa (kW)

Erregaia

1

Sorgailu elektrikoa

-

02 03 04 04

(1)

20 KVA

Gasolioa

(1) Funtzionamenduko ohiko baldintzetan, foku horrek instalazioaren funtzionamendu denboraren %5 baino gutxiago isurtzen du; beraz, ez du izanen Egiaztatutako Saiakuntza Laborategiaren (ESL) kanpoko kontrolik.

–Fokuen katalogazioa. Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoaren arabera sailkatu dira isuriaren fokuak (CAPCA-2010); katalogo hori urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bidez eguneratu zen.

–Jardueraren katalogazioa. Jarduera C taldean dago katalogatua (10050302 kodea) Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoaren arabera (CAPCA-2010), zeina urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bidez eguneratu baitzen.

–Kanpoko kontrolik gabeko fokuak. Fokuen ezaugarriak eta katalogazioa kontuan hartuz, ez dute kanpoko kontrolik behar, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta ez dute neurketa toki eta sekziorik izateko betebeharrik ere, UNE-EN 15259 arauarekin bat.

3) Hondakinak sortzea.

a) Baldintza orokorrak.

–Hona hemen jardueran sortzen diren hondakinak eta haiekin azken kudeaketarako egin beharreko operazioan sortzen direnak:

Sortutako hondakinak:

PROZESUA

HONDAKINAREN DESKRIPZIOA

LER HONDAKINA (1)

BUKAERAKO KANPO KUDEAKETA (2)

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Infekzioak prebenitzeko, betekizun bereziko bilketa eta deuseztatzea behar duten hondakinak (xiringak, orratzak, bisturi-orriak).

180202*

D9, D10

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Albaitaritza tratamenduen hondarrak, infekzioak sortzen ez dituztenak (intseminazio-lastoak, lan-jantziak, oinetako estalkiak...)

180103

R2, R3, D9, D10, D5

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Botikak, 18 02 07 kodean zehaztuta daudenez bestelakoak

180208

R3, D9, D10

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Gai arriskutsuak izan ez dituzten ontziak (edukiak ez du loturik arrisku esaldirik: serumak, bitaminak, xaboiak, pentsuak...). Hemen sartzen dira lasto-fardoen sokak eta hariak, zakuak...

Papera eta kartoia

Plastikoa

Ehunak

150101

150102

150109

R3/R1

R3/R1

R3/R1/D5

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak, edo haiekin kutsatuta daudenak

150110

R3, R4, R1, D9, D5

SORTZE-PROZESUA-Zerrien ustiapena

Hondakin metalikoak

020110

R4, D5

(1) Hondakinaren kodea, Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakian ezarritako zerrendaren arabera.

(2) Azken kudeaketako eragiketen kodea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen I. eta II. eranskinen arabera. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako hondakinen hierarkiaren printzipioa aplikatuz, sortzen diren hondakinak aipatutako lehentasun ordenaren arabera kudeatu beharko dira. Eragiketetako lehena egiten ez bada, hondakin-sortzaileak egokiro justifikatu beharko du arrazoia. Arrazoi teknikoengatik edo ekonomikoengatik, eragiketa horietako bakar bat ere ezin bada aplikatu, ingurumenean duten eragina ahalik eta gehien galarazi edo murrizteko moduan deuseztatuko dira hondakinak. Tarteko kudeaketa eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), baldin eta bukaerako kudeaketa taula honetan ezarritakoa dela frogatzen ahal bada.

–Instalazioaren titularrak bere hondakinak jasotzen dituen kanpoko kudeatzaileak edo garraio langileak emandako frogagiriak izan beharko ditu, non haietako bakoitzarekin egiten den kudeaketa justifikatuko baita, azken kudeaketa barne.

–Instalazioaren titularrak hondakinen produkzioari buruzko erregistro kronologiko bat izan beharko du formatu egokian eta euskarri informatikoan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. Erregistro hori jardueraren instalazioetan eduki beharko da, etengabe eguneratua eta ikusi nahi duen agintari eskudunaren eskura.

b) Dokumentuak kudeatzeko prozedura.

–Agirien kudeaketa prozedura Nafarroako Gobernuko webgunean ezarritakoa izanen da: Hondakinen atari tematikoa/hondakinak biltegiratzea eta garraiatzea.

c) Hondakinak etiketatzea eta biltegiratzea.

–Hondakinak biltegiratzeko baldintza orokorrak Nafarroako Gobernuko webgunean ezarritakoak izanen dira: Hondakinen atari tematikoa/hondakinak biltegiratzea eta garraiatzea.

II. ERANSKINA

Suteen kontrako segurtasun baldintza gehigarriak

–Okupa daitekeen edozein puntutatik kanporako irteera batera 50 metrotik beherako ibilbidea izanen da gehienez ere.

–Ebakuazio ibilbideetan dauden ateak zabukariak izanen dira, bertikalean biratzeko ardatza dutenak, eskuz aise irekitzeko modukoak, eta orria 0,8 metrotik 1,20 metrora bitartekoa izanen da.

–Eskuzko itzalgailuak izanen dira, gutxienez ere 21 A eraginkortasuna dutenak, ageriko tokietan eta eskuratzeko erraz, halako moduz non 15 metro izanen diren okupa daitekeen edozein tokitatik itzalgailu hurbilenera.

–Obra bukaerako ziurtagiriak espres adieraziko du enpresa instalatzaile baimendu batek ezarri dituela suteen aurka babesteko instalazioak, eta tresnek, ekipoek, sistemek edo hala behar duten osagaiek arauen araberako marka dutela. Enpresa horren obra bukaerako ziurtagiria, teknikari tituludun eskudun batek sinatua, erantsiko da.

–Frogatuko da ENACek (Egiaztatze Erakunde Nazionala) egiaztatutako laborategiek sailkatu dituztela oraindik CE marka ez duten eraikuntzako produktu edo elementuak, sutearen aurka egin edo erresistitzeko dituzten ezaugarrien arabera, eta horretarako saiakuntzak egin direla.

–EBko laborategia bada, produktuek segurtasuna egiaztatzen duen agiria eduki beharko dute, zeina abenduaren 29ko 1630/92 Errege Dekretuaren 9.2 artikuluak aipatzen baitu, Estatuko Administrazioko zuzendaritza nagusi eskudunak emana.

–Obra CE marka ez duten produktuez hornitzen denean, saiakuntzako eta sailkapeneko ziurtagiriek 5 urtetik beherako antzinatasuna izan beharko dute, suaren kontrako erreakzioari dagokionez, eta 10 urtetik beherakoa suaren kontrako erresistentziari dagokionez.

III. ERANSKINA

Lurzoru urbanizaezineko baimenaren determinazioak

–Baimen honen babespean, pabiloi bat –66,57 x 14,72 m-koa (979,91 m² eraiki)– eta haren eremu osagarriak (minda putzua, zamalanetarako kaia handitzea eta siloak) eraiki daitezke, sustatzaileak kudeatzen duen abeltegiari loturik, aurkeztutako dokumentazioarekin eta baimen honetan ezarritakoarekin bat.

–Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Men eginen zaio 2019ko irailaren 12ko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak emandako baimenean ezarritakoari:

  • Ez dira baldintzatuko lurzatiak biltzeko obrak (mugak, trazak eta bideen zein eremuko hustubideen okupazioak aldatzea, etab.)
  • Ez da baldintzatuko Ureztalurren Lanetarako Proiektua gauzatzea (trazak eta hodiak zein proiektu honetarako beharrezko den beste edozein osagairen okupazioak).
  • Ez da baldintzatuko biltze obrak gauzatzeko (bideak, erretenak eta hustubideak) beharrezkoak diren jardueretatik ezein.
  • Ez da baldintzatuko biltze horren ondorioz gerta litekeen beste edozein inguruabar, aurrekoez bestelakoa.

–Udalak zainduko du indarrean den hirigintzako araudia betetzen dela. Hain zuzen, baloratuko du Sesmako Udal Planaren Ordenantzen 100.3 artikulua betetzen den, hartan ezartzen baitira zerrien ustiapenera bideratutako eraikinen baldintzak.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Lurzatia Logroñoko aireportuko zortasun aeronautikoen eremuan dago (Agoncillo, Aireontzien Operazioa), eta, horrenbestez, sektoreko legerian ezarritakoarekin bat (584/1972 Dekretua, 29. art.) Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko ebazpena eskuratu beharko da aldez aurretik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

IV. ERANSKINA

Ingurune naturala eta paisaia babesteko baldintzak

–Instalazioa ezkutatu eta bisualki integratzeko, milazkak landatzea aurreikusi da; landaketa hori handitze-eremu osora zabalduko da, batez ere NA-129 errepidetik ikusten den zatian duen eragina hobetzeko.

–Sesmako Udaleko Alkatetzak 2018ko martxoaren 1ean emandako Ebazpenarekin bat etortzeko asmoz, ebazpen haren bidez jarduera lizentzia eman baitzitzaion dagoen ustiategiari, epe ertainean ordeztuko da Kontserbazio bereziko eremu barruko (KBE) “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” beira-belardun (Suaeda vera) larre halonitrofiloko lurzatian gauzatu zen hornikuntzarako tartea, ingurumenean eragin txikiagoa duen eroanbide bat jarrita, instalaziorik egon ez dadin ingurune natural babestu honetan. Ibilbide bat diseinatuko da, landaredi naturaleko lurzatiak ukitzen ez dituena, eta horretarako, teknikoki bideragarria izanez gero, gomendatuko da Nafarroako Ubidearen 1. faseko handitzearen ondorioz XXVI-Ega 3 sektorean (Sesma) izanen den ureztalurra baliatzea hornidurarako.

–Kanpoko argiztapena irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

–Minda banatzeko planari dagokionez:

  • Estepa hegazti katalogatuen populazioetan eraginik ez izateko, ez da mindarekin ureztatuko martxoaren 15etik abuztuaren 30era, edo, bestela, plan horretatik kanpo utziko dira honako lurzati hauek: Lukineko 3. poligonoko 143.a; Mendabiako 11. poligonoko 758.a eta 759.a; Arroizko 8. poligonoko 303.a, eta Deikazteluko 8. poligonoko 552.a.
  • Banaketa horretarako proposatutako lurzatietan, zeinak “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuan (ES2200031) sartuta baitaude, bete beharko da KBE horretako kudeaketa plana, abuztuaren 30eko 76/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia; hemen dago kontsultagai: https://gobiernoabierto.navarra.es/es/participacion/procesos/declaracion-del-lugar-denominado-yesos-ribera-estellesa-como-zona-especial.

Zehazki, honako ohar hauek hartuko dira kontuan:

–Sesmako 9. poligonoko 346. lurzatia Sesma-Lodosako Salobre hezegunean dago, eta bertako landaredi naturala (Europar Batasunaren intereseko habitata) aldian-aldian putzuak izaten dituzten gatzagetan egon ohi dena da (HIC 1420 Beira-belarraren sastrakak); horregatik, debeku da bertan minda aplikatzea, habitat naturalei eragiten dielako (eutrofizazioa HIC 1420).

–Sesmako 9. poligonoko 345. lurzatiak, aurrekoaren mugakideak, istildu daitekeen banda bat dauka inguruetan, eta horrexegatik, debeku da minda aplikatzea aldameneko lurzatitik (Sesmako 9. poligonoko 446. lurzatia) 60 metroko banda bateko tartean (habitaten inguruko Zuzentaraua, infiltrazioak habitata duen aldameneko lurzatira).

–Lodosako 7. poligonoko 589. lurzatian, debeku da minda aplikatzea 25 metroko banda batean, ondoan den 7. poligonoko 590. lurzatiko drainatze lerrotik bideraino (infiltrazioak habitat naturaletan, drainatze-sistemen gertutasunagatik eta azaleko uren kutsaduragatik).

–Lodosako 7. poligonoko 587. lurzatian, azaleko ur masaren ondoan, (kanala, drainatzea), debeku da minda aplikatzea 25 metroko banda batean, bidean den drainatze-lerrotik (azaleko uren kutsadura).

–Indarreko banaketa planean izan litezkeen aldaketak aurreikusita, ez da mindarik aplikatuko lugorrietan edo uztondoko lurzatietan, ezta estepa hegaztiendako garai kritikoetan ere (martxoaren 15etik abuztuaren 31ra).

Obrak egitean hartu beharreko neurriak:

–Gertuko laborantzako lurretan barreiatuko dira landare lurrak, sastrakak kentzean aterako direnak, pabiloi berria eraiki eta urbanizazioa hegoalderantz handitzeko lanak egiterakoan.

–Obren indusketa-lanetako gainerako lurrak hondakinen arloan indarrean den araudiaren arabera kudeatuko dira, eta kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio.

–Ustiategi berriaren hegoalderantz sortuko den ezponda higadurarik ez egoteko moduan zabalduko da, urbanizatu gabeko lurzatiaren gainerako partearekin batera landu dadin. Kasu horretan, erauzitako lurrarekin egindako ezpondaren beheko partean eginen da itxitura. Justifikatutako arrazoiak direla medio erauzitako lurrekin egindako ezpondaren malda 3H:1V baino handiagoa bada, ezponda ereinen da, behar bezala birlandatu dadin.

Jarduera sailkaturako udal lizentzia eman osteko neurriak:

–Handitzearen jarduera-lizentzia ematen denetik hiru urtera, gehienez ere, titularrak hornidurarako proposamen alternatiboa aurkeztu beharko du, definizio teknikoaz eta dagokion ingurumen ukipenen azterlanaz osaturik.

V. ERANSKINA

Jarduera sailkatua abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko agiri osagarriak

–Instalazioaren aldaketa abiatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du, memoria eta agiri grafikoak barne harturik, egiaztatzeko ezen proiektuan oro har (gauzatutakoan eta handitzeko baimendutakoan) aurreikusitako landaketak egin direla.

VI. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren adierazpena

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura abiatzeko, Rodriguez Dueñas M y Sanchez Tojo IM SCIk Sesmako Udalari aurkeztu zion, 2019ko apirilaren 29an, “Murillo alderdian, Sesmako 3. poligonoko 249. lurzatian, zerriak gizentzeko instalazioa 1.344 tokitatik 2.498 tokira handitzeko proiektua”.

Sesmako Udalak, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri zituen 30 egun baliodunez, eta iragarkia 2019ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 9koan; aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen zerrenda, kontsulten emaitzak eta sustatzailearen erantzuna txosten honen II. eranskinean jaso dira. Jendaurreko epean ez da alegazio partikularrik jaso.

Izapide horien ostean, sustatzaileak aurkeztu du proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio eskaerarekin batera eman beharreko dokumentazioa, eta ulertu da jasotako txostenak ez direla garrantzizkoak 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentazioa aldatzeko.

Sesmako Udalak, organo eskuduna den aldetik, dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu zuen, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, 2020ko urtarrilaren 8an.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa
eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa

Proiektuaren laburpena.

Zerriak 20 kg-tik 100era gizentzeko 1.344 toki dituen ustiategia handitu nahi da, ekoizpena 2.498 tokira iris dadin. Ustiategia Sesmako Murillo alderdian dago, 3. poligonoko 249. lurzatian.

Handitu gogo den ustiategiak jarduera sailkaturako lizentzia dauka, Sesmako Udalak 2018ko martxoaren 1ean Alkatetzaren ebazpen bidez emana; hori baino lehen, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak 31E/2018 Ebazpena eman zuen otsailaren 12an, eta hartan jarduera sailkaturako aldeko txostena egin zuen, eta lurzoru urbanizaezinerako baimena eman, udal ebazpenaren aurretik.

Ustiategiak honako instalazio hauek ditu: 75,16 x 14,4 metroko pabiloi bat, 3,4 metro garai dituena, hormigoi aurrefabrikatuzko egitura eta itxiturak eta fibrozementu gorrizko bi isurkiko estalkia (%30), gehienez ere 5,56 metro garai jotzen duena; zamalanetarako kaia, aldageletarako eraikina; 60 m³ inguruko ur biltegia, eta minda putzu bat kanpoan, 40 x 20 x 3,5 m-koa (2.000 m³ inguru), hormigoiz iragazgaiztua. Ur hornidurarako, Sesmako hondakin uren araztegiko udal-harguneari lotzen zaion hoditeria erabiltzen du. Hornidura elektrikoa gasolio bidez elikatutako sorgailu autonomo baten bidez egiten da.

Handitze lanek barne hartzen dituzte ezaugarri berdineko pabiloi bat –65,95 x 14,4 m–, bulegoetarako eraikin bat bi pabiloien artean, instalazioen itxitura sanitarioa eta lorategiz hornitzeko zein paisaian integratzeko proposamen berri bat. Minda putzua, 2018an baimendutako proposamenak barne hartzen zuena baino zertxobait handiagoa, ustiategia handitu osteko ekoizpenari aurre egiteko adinakoa da. Zuzkidurak eta sarbideak oraingo berberak dira.

Sustatzaileak minda banatzeko plan bat aurkeztu du, lehorreko laboreen nekazaritza ekoizpena hobetzeko lurzati sorta batean, Sesman batez ere baina baita beste udalerri batzuetan ere: Allo, Arroitz, Cárcar, Deikaztelu, Lodosa, Los Arcos, Lukin, Mendabia eta Viana.

Ingurumen inpaktuaren azterlanaren laburpena:

Kontuan harturik proposamenaren xedea dela lehendik dagoen jarduera bat handitzea, ingurumen inpaktuaren azterlana, jarduera sailkaturako proiektuarekin batera aurkeztutakoa, bat dator proposamenaren mota eta irismenarekin, eta egokitzen zaie proiektuaren obra eta ustiapen faseko elementu eta jarduerei, zeinek ukipena izan baitezakete ingurumenean, ondarean edo paisaian, kokalekuari dagokionez eta proposamena hartzen duen eremuko ingurumen balioei dagokienez.

Azterlanean, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Neurriok, hein batean, prebentziozkoak dira, proiektuaren esparru hertsiari dagozkion obren ukipena mugatu nahi dutenak, eta funtzionamenduaren ondorioz ingurumenean izan daitezkeen gorabeherak gutxitzeko teknika erabilgarri onenak aplikatzeari lotuak; izan ere, neurrietan aipatu egiten da ustiategian sortutako minda balorizatzeko lurralde plana.

Minda balorizatu eta nekazaritza helburuetarako banatzeari dagokionez, kontuan hartu behar da zein den lurren erabilera, belar soroak eta landare-estalki naturalak bazter uzten baitira.

Azterlanean, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren inpaktu nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa
eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa

Ingurumen inpaktuaren azterlana berrikustean aditzera ematen da ezen, jarduera lizentziarako espedientean ebaluatzen diren gorabeherez gain (baliabideen kontsumoari, usainak sortzeari zein kontrolatzeari, airearen kalitateari, lurzoruari eta urei lotuak) jarduerak eta instalazioek ez dutela zuzenean ukitzen ez ibai-ibilgurik edo ur masarik ezta hezegunerik ere. Handitze obrak direnez, paisaian izanen duten eragina mugatua izanen dela baloratzen da, eta jarduketa gogaikarri izan daitekeela, herritik gertu egitekoa denez gero. Gauean, saiatu behar da zerurantz argirik ez isurtzen.

Proiektuaren lurzatia XXVI-Ega 3 sektoreko (Sesma) ureztalurren esparruari dago atxikia, etorkizunean garatzekoa den Nafarroako Ubidearen lehen fasearen handitze fasean.

Uraren eroapenak soilik eragiten dio Sesmako 3. poligonoko 226. lurzatiari. Lurzati hori “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuan dago, non Europar Batasunaren intereseko habitat hauek inbentariatu baitira: Beira-belarraren sastrakak, urteko larre nitrofilo subhalofiloak eta Hordeum murinum-en belardi mesomediterraneoak.

Minda banatzeko proposatu diren lurzatietan, badira soroak, balio ertainekoak, bai “Estellerriko Erriberako igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuaren barruan, bai estepa hegaztiendako garrantzitsuak diren bi eremutan (La Mesa-Zabaleta eta Entorno de Río Mayor). Lurzati horietako batzuk larre, gatz-lautada edo erreka-zuloen ondoan daude (KBEaren barruan edo horretatik kanpo) edo estepa hegaztien presentzia duten lurzatietan (KBEaren barruan edo horretatik kanpo).

Espedienteak aldeko txosten baldintzatua dauka, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak 2020ko irailaren 28an emana, minda banatzeko planaren proposamenaren bateragarritasunari buruz, “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuari, bertako balio naturalei eta bere kudeaketa planari dagokionez.

Proiektuak, jarduera sailkaturako lizentzia izapidetzeko espedientean, jarduera eta sektore horretarako ezarri diren erreferentziazko neurri zuzentzaileak jasotzen ditu, jardueraren diseinuari eta funtzionamenduari lotutako ondorio kaltegarri garrantzitsuenak prebenitzeko.

VII. ERANSKINA

Jendaurreko informazioa eta egindako kontsultak

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat, Sesmako Udalak, organo eskudunaren eginkizunak betez, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta horretarako, titularrak aurkeztutako proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterlana igorri zizkien, aipatu 37. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat.

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako entitateen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Nafarroako Gobernuko administrazio publikoak.

–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala. Lurralde eta Paisaia Zerbitzua. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua.

–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Abeltzaintza Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Lurralde Kohesiorako Departamentua. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala. Kultura Zuzendaritza Nagusia Kultura eta Turismo Departamentua.

Nafarroako Gobernuaz kanpoko administrazio publikoak

–Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioa.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Kontsultatutako beste entitate batzuk.

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

–Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

–Nafarroako Ehiza Federazioa.

–Ekologistak Martxan La Ribera-Landazuria.

–EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna)

Kontsulta tramitean jasotako txostenak

1. Lurra-Nafarroa lurraren defentsaren aldeko elkartearen alegazioa, non irizten baita dokumentazioa egokia dela tramiteari bidea emateko, eta ohar eta eskaera batzuk egiten baitira Nafarroan eta bereziki Sesman ugaritzen ari diren ustiapen intentsiboko zerri abeltegien inguruan. Aipatu egiten da, Sesman, nekazaritza lurren 250 ha behar direla minda isurtzeko, eta aipatu egiten da minda nekazaritzako ongarri gisa banatzeak dakarren problematika; izan ere, kontrola eta jarraipena egitea zaila da, ingurumen ukipenak dakartza lurzoruaren nitrato-kutsaduragatik, eta hori guztia are larriago egiten du ustiategi berri ugari ezartzeak eta daudenak handitzeak.

Halaber, moratoria bat eskatzen du halako abeltzaintzako ustiategietarako lizentzia berrietarako, eta ikerlan serio bat egitea planteatzen du, abelburuen kopuruak mugatzeko hala ustiategi bakoitzeko nola Foru Komunitatearen kopuru osorako.

2. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena.

3. Tramite honen ostean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena jaso da, eta hauxe adierazten da bertan:

–Ekidin beharko da sortutako minda lixibiatzea, eta mindak, kutsadura lausoagatik, azaleko zein lurrazpiko uren kalitatean eragina izatea; horretarako, zorroztu beharko dira sortutako minda kudeatzean hartzen diren neurriak, ur masei kalterik ez eragiteko, eutrofizazioa dela eta.

–Inpaktu horiek kontrolatze aldera, sustatzaileak zehaztu beharko du zein lurzatitan aplikatzen den gaur egun ustiategian bildutako minda, eta non aplikatuko litzatekeen instalazioak handitzeko lanen ostean.

–Ustiategian sortutako minda kudeatuko da ongarri organiko-mineral gisa balorizatuta, dagokion legediak ezarritako zehaztapenekin bat (324/2000 Errege Dekretua, 5.B.b.1 artikulua): minda putzu itxi eta iragazgaiztuak, minda banatzean gutxieneko distantziak zaintzea, beste ustiategiekiko eta jabari publiko hidraulikoarekiko errespetua, eta autonomia erkidegoko organo eskudunaren aurrean egiaztatzea nahikoa nekazaritza-azalera dagoela erabilgarri.

–Horrez gain, preskripzio sorta bat eransten da, mantentze-lanei eta balizko minda isurietarako larrialdi planari buruz, eta gogorarazten da berariaz debekaturik dagoela abelburuen hondakin urak zuzenean edo zeharka isurtzea jabari publiko hidraulikoko edozein elementura, ureztatzeko ubideetara, hustubideetara edo saneamendu sareetara, baita haiek lurrean infiltratzea ere. Aditzera ematen da euri eurak ez direla kutsatu behar abeltzaintzako ustiategietatik igarotzerakoan, eta ez dutela sortu behar jabari publiko hidraulikoari, hala azaleko korronteei nola lurrazpiko urei, eragiten ahal dion putzurik.

–Azkenik, adierazten da neurriak zorroztu beharko direla, Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren (2000/60/CE) xede nagusiarekin bat; hartan aipatzen da kalte ez egitearen printzipioari eutsi beharko zaiola edozein jarduketatan, ahal den heinean betetze aldera gutxien esku hartzeari buruzko irizpideak.

Erantzunak.

Lurra-Nafarroa lurraren defentsaren aldeko elkartearen alegazioari dagokionez, bidezkoa da adieraztea minda banaketak eragin dezakeen kutsadura kontrolatzen dela prebentziozko prozedura espezifiko baten bidez, eta bermatu egiten dela ustiategi horri loturik ongarritu daitezkeen laborantzarako lur nahikoak daudela. Ustiategiaren banaketa planaren berri edukitzea lagungarria da lurzorua kutsatzeko arriskua edo kutsadura lausoaren arriskua kontrolatzeko, lurzati horietatik landare estaldura duten eremuetara edo azaleko zein lurrazpiko ibilguetara. Orobat, ingurumen inpaktuaren ebaluazioan ezartzen dira minda banatzeko plan horrek bete behar dituen baldintzak.

Alegazioaren gainerako partea ez dago berariaz loturik ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren xede den proiektuari.

Iragarkiaren kodea: F2013763