283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283E/2020 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Tuterako udal mugartean zeramikako materiala fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Tejeria Iturralde SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 12ko 272/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 286E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 104.c) artikuluan eta ingurumen baimen integratuan berean ezarritakoarekin bat, 2019ko uztailaren 10ean titularrak adreiluak fabrikatzeko jarduera behin betiko uztearen berri eman du, eta instalazioa ixteko proiektu teknikoa aurkeztu.

Gero, ebazpenaren lehendabiziko proposamenarekin egin den entzunaldiaren tramitean, titularrak zenbait alegazio aurkeztu ditu, eta komunikatu adreiluak saltzeko jarduerari eutsi nahi diola.

Itxiera partzialaren proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez eta aldaketa horiek instalazioaren ingurumen baimen integratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da azkendu baino lehen (proiektua burutu ondoren azkenduko da baimena).

Instalazioaren itxiera partzialaren proiektua gauzatzen bukatuta, bidezkoa da ingurumen baimen integratua azkentzea eta jarduera sailkatuaren araubidera pasatzea, adreiluak saltzeko jarduera egin ahal izateko, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatutakoarekin.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen 10 egunez. Aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren ebazpen proposamena prestatu zen, berriro ere titularrari entzuteko tramitean egon zena 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal mugartean zeramikako materiala fabrikatzen duen instalazioaren ingurumen baimen integratua aldatzea, instalazioa ixteko baldintzak ezartzearren; izan ere, instalazioaren itxiera partzialaren proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Tejeria Iturralde SL da.

Bigarrena.–Instalazioaren itxiera partzialaren proiektu teknikoak gauzatuta egon behar du 2021eko uztailaren 15erako, proiektuko gauzapen programarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak adreiluak saltzeko jarduera egin nahi badu 2021eko martxoaren 31 baino lehen, aurkeztu beharko du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Lege garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 66. artikuluan zehazten den dokumentazioa, jarduera sailkatua baimentzen duen araubidera pasatzeko.

Laugarrena.–Titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non ziurtatuko baitu ebazpen honetan ezarritako baldintzen eta neurrien arabera itxi dela instalazioa. Obrako azken ziurtagiria/egiaztagiria, lurzoruen egoerari buruzko txostena, gelditzen den instalazioaren behin betiko planoak eta egindako neurketa eta egiaztapen praktikoen emaitzak erantsiko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Tejeria Iturralde SLri, Tuterako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2013762