283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena urriaren 15eko 56E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak urriaren 15ean emandako 56E/2020 Foru Aginduaren bidez, 2021eko deialdia onetsi zen Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, hain zuzen, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik; deialdi horren oinarri arautzaileak ere onetsi ziren.

Deialdi horren paragrafoetako bat kontuan harturik, aurreikusten zen pandemiak eragindako zenbait gasturi aurre egitea, eta nabarmentzen zen egoerak sortutako ondorioetara azkar egokitzeko garrantzia: “Kontuan hartu da, halaber, gaur egungo pandemia egoera, protokolo berriak betetzera behartzen baitu, eta zenbait gastu aurreikusten dira lehiaketetan parte hartzeko baldintza gisa, kirolarien osasuna zaintzeko. Horrek eragin dezake ligetako bakoitzean jardunaldia atzeratu eta bertan behera utzi behar izatea; horregatik, garrantzitsua izanen da egoeraren bilakaera aztertzea eta hari egokitzea.”

Hausnarketa ildo horri jarraikiz, Nafarroako Kirol Institutuak ligen bilakaeraren jarraipen etengabea egiten du, eta aztertzen ari da birusak ligetan eragindako aldaketa bakoitzak deialdian duen eragina, hala nola atzerapenak, eteteak edo gastu gehigarriak. Zentzu horretan, bidezkoa da hiru ohar hauek azpimarratzea:

Alde batetik, gerta daiteke liga askok, bereziki autonomia erkidegoen artekoek, jokatzeko modurik ez izatea, edo deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea bukatzen diren unean hasita ez egotea.

Bestalde, barne eztabaida sakonago baten ondoren egiaztatu da pandemiaren hedapenaren prebentzioak sortutako gastuak deialdi horren bidez finantzatzeko bidea (test serologikoak, PCR probak, gelak, maskarak etab.) ez dela egokiena. Atera den ondorioa da gastu horiek finantzatzeko laguntza beste modu batez antolatu behar dela, 2021eko lehenbiziko hiruhilekoan xede horretarako argitaratu nahi den berariazko deialdi baten bidez.

Azkenik, lehiaketak atzeratu izanaren ondorioz, liga bakoitzaren egoera, kategoriei eta horietan parte hartzen duten klubei dagokienez, ez da aurreko urteetan bezain zehatz ezagutzerik izan. Horrenbestez, poltsa bakoitzari esleitutako kopuruak beharbada ez dira egokienak, eta horregatik irizten zaio komeni dela kalkulua berriz egitea.

Horrek guztiak deialdiaren oinarrietako zenbait alderdiren aldaketa proposatzera garamatza. Hona hemen alderdi horiek:

–Kontzeptu diruz lagungarrietatik COVID-19aren protokoloa betetzeko gastuak ezabatzea, gastu horiek beste deialdi batean hartuko baitira kontuan. Horretarako, 1. eranskineko 5. oinarria (Kontzeptu diruz lagungarriak) aldatuko da; zehazki, kontzeptu hauek: “Inskripzioak eta lizentziak” eta “Kirol materiala, botika-kutxa eta jantziak”.

–Dirulaguntzaren zenbateko osoaren banaketari dagozkion aldaketak, diruz lagungarriak diren lehiaketetan jasotako atalen artean. Horretarako, 1. eranskineko 4. oinarria (Dirulaguntzaren zenbatekoa) aldatuko da, a), b), d) eta e) apartatuetan.

–Kontuan hartzea F apartatuan diru kopuru batzuk sobera geldi daitezkeela autonomia erkidegoen arteko zenbait liga bertan behera geratzearen ondorioz, eta, hala bada, kopuru horiek beste apartatu batzuetan birbana daitezkeela. Horretarako, azken paragrafo argigarri bat gehitzen da 2. eranskinaren amaieran.

–Eskaerak aurkezteko epea geroratzea, aldi baterako bertan behera geratu diren ligetako klubek deialdian parte hartzeko aukera gehiago izan dezaten. Geroratzea gauzatuko litzateke aldaketak biltzen dituen foru agindua sinatzearekin bat, orduan irekiko baita eskaerak aurkezteko epe berria. Beren eskaera egin duten klubek aukera izanen dute eskaera berri bat aurkezteko edo hasieran aurkeztutakoari eusteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1.–Foru agindu bat onestea, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 15eko 39E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei 2021. urtean dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik. Foru agindu horren I. eranskineko 4. eta 5. oinarrietan atal bana aldatzen da, eta paragrafo bat gehitzen da 2. eranskinaren amaieran.

2.–Aldatzea urriaren 15eko 56E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 5. oinarria, honako kontzeptu hauei dagozkien paragrafoetan: “Inskripzioak eta lizentziak” eta “Kirol materiala, botika-kutxa eta jantziak”. Lehenbizikoan azken hiru lerroak ezabatzen dira, eta bigarrenean parentesi artean dagoen testu hau ezabatzen da: “(COVID-19a prebenitzeko osasun materiala barne)”. Behin betiko testua honela idatzita geratuko da:

“a) A multzoko lehiaketak.

A1: 350.000 euroko aurrekontua edo handiagoa duten taldeak.

–Izen-emateak eta lizentziak. Barnean sartzen dira federazioei ordaintzea ligetan parte hartzeagatik, federazioei ordaindutako lizentzien kuotak eta mutualitateak. Inola ere ez dira sartuko kluben arteko eskualdaketengatiko fitxaketak edo arbitrajeak (beste kontzeptu batean sartuta daude).”

...

“–Kirol materiala (jokoari dagokiona), botika-kutxa eta jantziak (barne direla jantzietan Nafarroako Gobernuaren logoaren serigrafia egiteko gastuak), bai entrenamendurako bai partida ofizialetarako.”

3.–Aldatzea abuztuaren 15eko 56E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 4. oinarria, a), b), d) eta e) ataletan. Testua honela geldituko da idatzirik:

“4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1.–Deialdi honetarako onetsitako gastua 1.895.000 eurokoa da, eta ordainduko da Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Kirol entitateak. Hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura. Zenbateko hori deialdi honen sei atalen artean banatuko da, gehieneko zenbateko hauek gainditu gabe:

a) A multzoko lehiaketak:

• A1: 515.000 euro.

• A2: 175.000 euro.

b) B multzoko lehiaketak:

• B1: 170.000 euro.

• B2: 310.000 euro.

c) C multzoko lehiaketak:

• C1: 185.000 euro.

d) Hainbat lehiaketatako taldeak biltzen ditu:

• B3, C2, D eta E: 490.000 euro

e) F multzoko lehiaketak: 50.000 euro.

Eman beharreko zenbatekoak zehazteko, 2. eranskinean ezarritako baremoari eta irizpideei jarraikiko zaie, muga hauekin: kasuan kasuko lehiaketan parte hartzean sortutako defizita eta diruz lagungarriak diren kontzeptuengatik aurkezten den aurrekontua.”

4.–Honako paragrafo hau gehitzea 2. eranskinaren amaieran, “Hainbanaketa. Eskura dagoen saldoa handitzea” atalean:

“F multzoan zuzenean soberakin bat sortzen bada, B3+C2+D+E multzoen baturak osatutako multzoan sartuko da.”

5.–Eskaera aurkezteko epe berria 30 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

7.–Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2014152