278. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Udalaren aretoen eta lokalen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2020ko abuztuaren 11n egin osoko bilkuran, Udalaren aretoen eta lokalen erabilera arautzen duen ordenantza hasiera batez onestea eta ondoren tramitatzea erabaki zuen.

Espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 18koan, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Beraskoainen, 2020ko azaroaren 10ean.–Alkatea, José Luis Larrea Cenoz.

UDALAREN ARETOEN ETA LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Beraskoaingo Udalak pertsona fisikoei lagatzen die udal-jabetzako lokalen erabilera, aisialdirako, jolaserako eta bilera-jarduerak egin ditzaten.

Hortaz, arau honen xedea da espazio bat arautzea Beraskoaingo pertsonendako eta haien eskura jartzea, aurreko paragrafoan aipatu helburua bete ahal izateko.

Alabaina, lokal horien erregulaziorik ezak antolamendu mailako arazoren bat sor dezake; hortaz, beharrezko ikusten da Udalaren areto eta lokalen erabilera arautzen duen erregelamendu bat egitea eta onestea.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Beraskoaingo Udalaren areto eta lokalen erabilera arautzea, udalerriko pertsona fisikoek, jarduera zehatzetarako lokal bat behar dutenean, erabili ahal ditzaten, jarraian xedatzen diren arauei jarraikiz.

2. artikulua. Lagatzen diren espazioei buruzko gogoetak.

1. Beraskoaingo Udalak erabakiko du Udalaren areto eta lokalen erabilera lagatzea behin-behinean eta doan.

Erregelamendu honen bidez erabilera arautu nahi zaien Udalaren lokalak honako hauek dira:

–1. aretoa, 1. solairua, udalbatza-aretoa, Beraskoaingo udaletxeko eraikinean.

–2. aretoa, 2. solairua, areto handia, Beraskoaingo udaletxeko eraikinean.

–3. aretoa, 2. solairua, areto txikia, Beraskoaingo udaletxeko eraikinean.

–Erabilera anitzeko eraikina, Beraskoaingo udaletxetik aparte dagoena.

2. Udalak alda dezake areto eta lokal erabilgarrien zerrenda hau Udalaren aukerek eta interesek halaxe eskatzen dutenean.

3. artikulua. Eskaerak eta onuradunak.

1. Pertsona fisikoek Beraskoaingo Udalari eskatuko diote dagokion udal areto edo lokalaren erabilera lagatzeko, eskaera-eredu formalizatu baten bidez.

2. Udalaren lokalak lagatzeko nahitaezkoa izanen da eskaera arrazoitu bat aurkeztea. Bertan agertuko da pertsonaren zer jarduerak dakarren lokalak erabiltzea eta zein den jarduera horren helburua.

3. Erabilera eskuratzeko ezinbestekoa izanen da lokal horiek erabiltzeko egunak eta orduak zehaztea.

4. Eskaera egun bat lehenago, gutxienez, egin beharko da, erabiltzen hasi aurretik.

4. artikulua. Ebazteko organoa.

Beraskoaingo Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko eta erabakiko errefusatzea edo onartzea.

Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

5. artikulua. Prozedura.

1. Udalak arduradun bat izendatuko du, arduratuko dena giltzak utzi eta jasotzeaz, eta ekitaldi bakoitzaren aurretik eta ondotik egoera gainbegiratzeaz. Nolanahi ere, arduradun horrek ez ditu baimenduko eskatzen diren jarduketak, baimenak ematea Beraskoaingo Udalaren ardura izanen baita.

2. Eskaera ezarritako epean eta eran aurkeztu ondoren, hogeita lau orduko epean espresuki ebatziko da.

3. Erabileraren iraupena ezarriko da Udalaren lokalak erabiltzeko baimen-erabakian, eta espresuki eta zehaztasunez adieraziko dira lagatzen diren espazioak eta erabiltzeko orduak.

4. Bi eskaerek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, hala eskatzen bada, Beraskoaingo Udalak erabakitzen ahalko du zer eskaerak duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

6. artikulua. Erabilerak eta ordutegia.

1. Lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabil ditzake onuradunak, erabilera baimenerako eskaeran ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu daiteke, hala behar duten puntuetan.

2. Beraskoaingo Udalak baimendu beharko ditu aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako erabilera guztiak.

3. Udal areto eta lokalak ez dira erabiltzen ahal 22:00etatik aurrera.

7. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

1. Lagatako lokalaren edo aretoaren barnean, onuradunaren autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, nahiz pertsonen duintasunaren kontrakoak, nahiz arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanakoei bereizkeria egitea.

2. Debeku da lagatako lokalak edo aretoak erabilera-baimenean ageri ez diren jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

3. Oro har, lagatako lokalen barnean edatea eta jatea. Haietakoren bat egin ahal izateko Udalak baimen espresa eman beharko du.

4. Debeku da erretzea areto nahiz lokaletako edozeinetan.

5. Bizilagunei eragozpenak edo nahasmenduak eragiten dizkien beste edozein jarduera.

8. artikulua. Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Lokalak erabiltzeko araubidean edo baimen erabakietan ezarritako erabilera ordutegiak errespetatzea.

b) Lagatako tokia onuradunaren xedeetarako erabili behar da, bai eta Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

d) Lokaleko giltzak zaintzea eta zentroa ixtea, erabiltzen azken entitatea bada, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

e) Esleitu zaion espazioaren erabilera ez die hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

f) Ebazpenean espresuki baimendutakoa ez den beste areto edo lokal bat erabiltzea.

g) Gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri emanen diote Beraskoaingo Udalari, eta larria bada, berehala jakinaraziko dizkio.

h) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren erregelamendu hau eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.

9. artikulua.

Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena desegiteko arrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

10. artikulua.

Baldintza-orri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko gora-behera guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Beraskoaingo Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki entitateetarako ezarririk dauden bideak erabiliz.

Zehapen araubidea.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira Udalaren lokalen erabileraren onuradunek erregelamendu honetan ezarritako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

b) Arau-hauste astuna:

–Kalteak edo hondamenak eragitea lokalean edo ondoko aretoetan.

–Erregelamendu honetan ezarri bezala, irabazi asmoko jarduketak egiteko debekua ez betetzea.

–Espresuki ebazpenean baimendutakoa ez den beste areto nahiz lokala erabiltzea.

–Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diotenak.

–Arau-hauste astunak berriz egitea, gutxienez bi aldiz.

12. artikulua. Zehapenak:

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenei, behar den espedientea ireki ondoren, honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arina:

Bostehun euro (500,00) arteko isuna eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete artekoa.

b) Arau-hauste astuna:

Bostehun euro eta zentimo bat (500,01) eta mila eta bostehun eurora (1.500,00) bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabete artekoa.

c) Arau-hauste oso astuna:

Mila eta bostehun euro eta zentimo bat (1.500,01) eta hiru mila euro (3.000,00) arteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, sei hilabete eta egun batetik urtebete artekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honen aplikazioan edo hartan arautuak ez dauden alderdiei buruz sor daitezkeen zalantzak osoko bilkurak ebatziko ditu, bidezko jotzen diren txosten teknikoak eta juridikoak ikusi ondoren. Erabaki horiek administrazio bidea agortuko dute, eta haien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jurisdikzio hori arautzen duen legean ezarritakoari jarraikiz, galarazi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ahalmena ematen zaio alkateari erregelamendu hau ezartzeko eta garatzeko beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

ERANSKINA

Aretoa erabiltzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2013484