278. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin mantentze-lanetako ofizialaren lanpostu bat, etxezaintzan laguntzeko eginkizunak dituena

Gobernu Batzarrak, 2020ko azaroaren 4an hartutako erabakiaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin mantentze-lanetako ofizialaren lanpostu bat, etxezaintzan laguntzeko eginkizunak dituena.

Berriozarren, 2020ko azaroaren 13an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN MANTENTZE-LANETAKO OFIZIALAREN LANPOSTU BAT, ETXEZAINTZAN LAGUNTZEKO EGINKIZUNAK DITUENA, BERRIOZARKO UDALEAN

OINARRIAK

1. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea mantentze-lanetako ofizialaren lanpostu bat, plantilla organikoan 022 zenbakia duena, etxezaintzan laguntzeko eginkizunak dituena, horretarako erabiliz Berriozarko Udaleko langile finkoetara mugatutako oposizio-lehiaketa murriztua, baldin betetzen badituzte deialdi honen 2. oinarrian ezarritako betebeharrak.

1.2. Lanaldi osoko araubidea izanen da, orduen banaketa Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko da, eta zerbitzuaren premiek zehaztuko dute. Udalak noiznahi alda dezake. Egutegiak urtero onetsiko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta lanaldiaren banaketa ere finkatu beharko da.

1.3. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik, ikusten bada ezen administrazio unitateen antolaketak eta haien gain utzitako lanek eskatzen dutela lanpostu zehatz batzuk barne igoeraren bidez betetzea, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.4. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak eginen ditu bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak.

Lanpostuaren eginkizunak, oro har, bere kategoria profesionalari dagozkionak dira; besteak beste, Udalaren ibilgailuak erabiltzea, alor honetako lanak egiteko. Orobat, esleitu dakizkioke Garbiketa eta Lorezaintza departamentuetako lanak. Departamentu horiek Zerbitzu Anitzen mendean daude.

Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek bere esku uzten dituen beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

1.5. C mailari dagokion oinarrizko soldata izanen du. Hori arautua dago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean. Gainera, Udalaren plantilla organikoak 022 plazarentzat ezarritako osagarriak izanen ditu, baita legez dagozkion ordainsariak ere.

2. Baldintzak.

2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Berriozarko Udaleko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Deialdiaren xede den lanpostua baino maila baxuagoan egotea, hau da, E edo D mailan.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gutxienez titulu hauetakoren bat izatea: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna frogatzea.

Baldintza hori bete ezean, frogatu beharko du administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

g) B motako gidabaimena edukitzea.

h) Euskara maila hau frogatzea: ahoz, C1, eta idatziz, B2.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahal dira Erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es), edukiz gero NAN-e edo ziurtagiri digitala; bertara joanda, Berriozarko Udalaren Erregistro orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Euskal Herria plaza, 1) edo, bestela, 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean (lege horrek hizpide ditu Administrazio Publikoen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea).

Eskabideak aurkezten badira (babes harturik urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua –lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea–), Berriozarko Udaleko Erregistro Orokorrean ez beste batean, eskatzaileak oac@berriozar.es helbide elektronikora igorri beharko ditu eskabidearen kopia eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Eskabideak izanen dira II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak, eta eskuratzen ahalko dira https://sedeelectronica.berriozar.es udal web-orrian; era berean, Udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Euskal Herria plaza, 1).

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Lanean hasteko deia egitean, ekarri behar dute jatorrizko dokumentazioa, edo haren kopia konpultsatua edo behar bezala kautotua, titulazioa barne, indarreko legediarekin bat. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen ez badu, izangai hori zerrendatik kanporatuko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek zinpean deklaratu behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (II. eranskina), izangaiek honako dokumentazioaren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren I. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

b) Euskara mailaren frogagiria, edo euskara proba gainditzea, hain zuzen ere maila hau: ahoz, C1, eta idatziz, B2.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatuko dituzte behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (I. eranskina).

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpena emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. Epaimahaiko kideak.

Lehiaketako kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

1. epaimahaikidea: Rubén Gutiérrez Lacunza, Berriozarko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

2. epaimahaikidea: Ricardo Pascual Ustárroz, Berriozarko Udaleko arkitektoa.

–Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

3. epaimahaikidea: Jacobo Valdés Fernández, Berriozarko Udaleko sindikatu-ordezkariek izendatua.

–Ordezkoa: Berriozarko Udaleko sindikatu-ordezkariek izendatzen dutena.

Idazkaria: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria, edo haren eskuordetza jasotzen duena.

Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, hautaprobetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien bidez edo behar bezala konpultsatuen bidez. Hala izan ezean, ez dira kontuan hartuko.

Izangaiek alegatu eta frogatzen dituzten merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko eta puntuatuko dira:

A) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, C mailako lanpostuetan, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (gehienez 10 puntu).

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen zaio, urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean onartutako antzinatasunari.

Oharrak A) apartaturako:

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen iraupena. Lanaldi partzialean egindakoetan, egoki den zatia kenduko da.

Aurreko inguruabarren ordez, balora daitezke egindako zerbitzuak, kontuan hartuz deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasuna soilik.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Langilea egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

B) Prestakuntza (gehienez 5 puntu).

Prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren apartatuen balorazioa proportzionala izan beharko da, kontuan harturik nola egokitzen zaien deialdiko xede diren lanpostuen izaerara eta ezaugarrietara.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak B.1.) apartaturako:

a) Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

b) Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

c) Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

d) Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.

e) Ez dira atal honetan baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatekoak ez direnak.

6.2. Oposizioaldia.

Hautapen-prozesua hiru proben bidez eginen da. Bat teorikoa izanen da, beste bat praktikoa, eta beste bat psikoteknikoa. Denak izanen dira baztergarriak. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 85 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoa: deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzko 60 galdera erantzun beharko dira, 90 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. 30 puntu eskuratu daitezke, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,17 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 15 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2.2. Proba praktikoa: proba praktiko bat edo batzuk eginen dira, obrako makinak erabiltzeari buruz, bai eta epaimahaiak lanpostuaren eginkizunekin lotuta zehaztu beharreko beste proba batzuk ere. Gehienez 40 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 20 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia.

6.2.3. Proba psikoteknikoak: zenbait proba eginen dira, zehazteko izangaiak zenbateraino egokitzen diren lanpostuaren soslai profesionalaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0tik 15 puntura bitarte kalifikatuko da, eta gutxienez ere 7,5 puntu lortzen dituztenek gaindituko dute.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7. Gaindituen zerrenda.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitaratutako du, azken ariketa egin den lekuan, gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, Udalaren Erregistro Orokorrean.

Aurkezten den dokumentazioa jatorrizkoa edo kopia konpultsatua izanen da.

7.3. Proposatutakoak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta, orduan, probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo dagoen izangaia izendatuko da.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta horrekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8. Izendapena eta karguaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukaturik, proposatutako izangaia izendatuko da Gobernu Batzarraren erabakiaren bidez 022 lanpostua betetzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, oinarrien kontra edo deialdia aplikatzeko egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkeztu ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Berriozarko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Nafarroako toki-erakundeen lege araubidea: udalerriak. Toki-erakundeen eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.

2.–Berriozarko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, Alkatetza eta Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal sozietateak.

3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

4.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko eragiketak.

5.–Igeltserotza, kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

6.–Oinarrizko elektrizitatea: Elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lurreko hargunearekin zein gabe, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

7.–Ezagupenak arlo hauetan: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

8.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

9.–Izan beharreko kontua mantentze-lanetan eta konponketak egitean igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan eta zurgintzan. Segurtasun eta higiene arauak eraikinetan.

10.–Eraikinak ebakuatzeko eta larrialdi kasuetan jarduteko arauak.

11.–Ureztatzeko instalazioak. Ureztatze sareetako mantentze-lanak.

12.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak eta bonbinak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

13.–Lorezaintzako eta mendiko lanetako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra...). Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

14.–Garbiketako eta pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea, baita hondakinak kudeatzea ere.

15.–Oinarrizko ezagutzak honako hauek erabiltzeko: telefonogunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak.

16.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: taldekako babesak eta norbera babesteko ekipamenduak.

17.–Bide segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko aldamioak, igogailu-eskailerak eta igogailu-plataformak modu seguruan erabiltzea.

18.–Komunikazio ireki eraginkorra. Entzute aktiboa. Feedbacka.

19.–Gatazken kudeaketa, prebentzioa, bitartekaritza gatazkan, jarrerak.

20.–Berriozar: Udala: Udalaren antolaketa eta eskumenak. Biztanleria eta geografia. Udaleko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak.

II. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2013719