278. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70/2020 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia onesten baita, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko. DDBN identifikazioa: 535240.

COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko Administrazioak hartu dituen askotariko neurriek biziki asaldatu dute jarduera ekonomikoa. Turismoaren eta ostalaritzaren sektoreetan bereziki nabaritu da ezarritako murrizketen eragina, pertsonen joan-etorriei eta jarduera bera gauzatzeari eragin baitiete. Sektorean hartutako neurriek berekin ekarri dute jarduera eten beharra eta lokaletan egon daitekeen jende kopurua murriztea.

Neurri horiek direla-eta, diru-sarrera gutxiago izan dituzte, eta horrek ondorioak izan ditu enpresen egoera ekonomikoan, ondorio larriak izan ere, haien kaudimena eta biziraupena kolokan jarrita.

Enpresa txikietan, eragin are bortitzagoa izan dute ondorio horiek, eta horrexegatik, ezinbestekoa da berroneratzen lagunduko dieten neurri ekonomikoak hartzea, haien bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu eta enplegua bermatze aldera.

Laguntzen onuradun izaten ahalko dira beren jarduera Nafarroan garatu eta egoitza fiskala bertan duten enpresak. Ahaleginak enpresa txikiengana bideratzeko asmoz, laguntzari mugak ezarri zaizkio, halako moduz non 2019an gehienez ere 6 milioi bitarteko eragiketa bolumena izan dutenei lagunduko baitzaie.

Enpresek berehalakoan pairatu duten ondorioetako bat izan da beren gain dituzten gastu finkoei aurre egiteko likidezia-eskasia. Horregatik, laguntza honen xedea da eragiketa-gastu finkoak konpentsatzea COVID-19ak eragindako osasun krisian. Helburu horrekin bat etortzeko, beharrezkoa izanen da enpresek haien jarduera ekonomikoan gutxienez %20ko jaitsiera eduki izana 2020an, 2019arekin alderatuta. Betekizun hori egiaztatzeko, 2020ko lehen hiru hiruhilekoen BEZaren aitorpenak erkatuko dira 2019ko denbora tarte berekoekin.

Laguntza zehazterakoan, erreparatuko zaie enpresek beren gain hartu behar izan dituzten gastu finkoei, zeinei ezin izan baitiete aurre egin, diru-sarrerak gutxitu zaizkielako. Gastu finko horien zenbatekoa zehazteko, kontuan hartu da sektorearen diru-sarreren eta gastuen egitura, Nafarroako Estatistika Institutuak (NEI) emandako datuak oinarri harturik.

Laguntzen izaera dela medio, eta haiek azkar tramitatzeko beharrak hartaraturik, banakako ebaluazioaren araubidean tramitatu daitezen erabaki da. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 2020ko azaroaren 18an hartutako erabakiaren bidez, behar den baimena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 20.000.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2020ko gastu aurrekontuetako “COVID-19 Dirulaguntzak turismo eta ostalaritzako ETE-ei” izeneko 830001 83130 4709 432104 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 24an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko

1. oinarria. Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da arauak ezartzea turismoan eta ostalaritzan jarduten diren enpresei dirulaguntzak emateko, egoitza fiskala eta lantokia Nafarroan izanik haien jarduerak gorabeherak izan baditu COVID-19aren ondorioz.

2. Laguntza hauen helburua da babesa eta laguntza ekonomikoa ematea, zuzenean, aurreko atalean aipatutako turismo eta ostalaritza sektoreetako enpresei, COVID-19ak haien bideragarritasun ekonomikoan izan duen eragina murrizteko, jardunean segi eta lanpostuak mantentzeko, eta berroneratu daitezen laguntzeko.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko 20.000.000 euroko kreditua baimendu da, 2020ko gastu aurrekontuetako “COVID-19 Dirulaguntzak turismo eta ostalaritzako ETE-ei” izeneko 830001 83130 4709 432104 partidaren kargura.

3. oinarria. Onuradunak.

Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan edukitzea, 2020ko uztailaren 1a baino lehenagotik, egoitza fiskala eta lantokia, non laguntzaren xede den jarduera garatzen baita.

b) Nafarroan garatzea, uztailaren 1a baino lehenagotik, jarduera ekonomiko nagusia, ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafe multzo hauen barrukoa, eta hartan alta emanda egotea:

–1612.6 Edarien eta tabakoaren handizkako merkataritza.

–1671 Jatetxeetako zerbitzuak.

–1672 Kafetegietako zerbitzuak.

–1673 Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak.

–1674 Jatetxe, kafetegi eta kafetegi-tabernetako zerbitzu bereziak.

–1675 Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak.

–1676 Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

–1677 Sailkapenaren 67 eta 68 taldeetako 671, 672, 673, 681 eta 682 multzoetan sailkaturiko establezimenduek emandako zerbitzuak, establezimendu horietatik kanpo egiten direnean. Beste elikadura zerbitzu batzuk.

–1681 Hoteletako ostatu zerbitzua.

–1682 Hostal eta ostatu-etxeetako ostatu zerbitzua.

–1683 Landetxeetako ostatu zerbitzua.

–1684 Hotel-apartamentuetako ostatu zerbitzua.

–1685 Hotelez kanpoko ostatua, turismorako.

–1687 Erabilera publikoko turismo kanpalekuak.

–1755 Bidaia agentziak.

–1969.1 Dantzalekuak eta diskotekak.

Ondorio horietarako, kasuan kasuko jarduera jarduera ekonomiko nagusia dela joko da ondoko c) letran adierazitako epean guztizko eragiketa bolumenaren %50 baino gehiagoren jatorria arestian aipatutako jarduera bat edo bat baino gehiago denean.

c) 2020ko lehen hiru hiruhilekoetarako BEZaren aitorpenean aitortutako eragiketa bolumenak %20 edo gehiagoko jaitsiera eduki izana 2019ko denbora tarte bereko zerga oinarriaren aldean.

d) Enpresaren titularrak pertsona fisikoak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak badira, eta, BEZari dagokionez, araubide erraztuari atxikita badaude, langile autonomoentzako laguntzen onuradun izatea (laguntza horiek apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikuluan arautuak daude).

e) 2019an, balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpenetan aitortutako eragiketen bolumena ez izatea 6 milioi eurotik gorakoa.

f) Sozietate publiko bat edo zuzenbide publikoko entitate bat ez izatea, edo enpresaren kapitalaren edo gobernu organoen parte nagusia ez egotea administrazio publikoen esku edo horien menpeko entitateen esku.

g) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

h) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Ondasun erkidegoen kasuan eta, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten gainerako entitateen kasuan, haiek beraiek izanen dira onuradunak.

4. oinarria. Konpentsatu beharreko gastuak.

1. Laguntzaren helburua da eskatzaileek COVID-19ak eragindako osasun krisian izan dituzten eragiketa-gastu finkoak konpentsatzea, betiere hurrengo atalean ezartzen den diru muga gainditu gabe.

2. Konpentsatu beharreko gastu finkoak kalkulatzeko, bost hilabeteko diru-sarrerei ehuneko hauek aplikatuko zaizkie, EJZaren araberako multzo bakoitzean:

EJZaren ARABERAKO MULTZOA

%

1612.6 Edarien eta tabakoaren handizkako merkataritza

2,39

1671 Jatetxeetako zerbitzuak

8,12

1672 Kafetegietako zerbitzuak

8,12

1673 Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak

8,12

1674 Jatetxe, kafetegi eta kafetegi-tabernetako zerbitzu bereziak

8,12

1675 Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak

8,12

1676 Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak

8,12

1677 Sailkapenaren 67 eta 68 taldeetako 671, 672, 673, 681 eta 682 multzoetan sailkaturiko establezimenduek emandako zerbitzuak, establezimendu horietatik kanpo egiten direnean. Beste elikadura zerbitzu batzuk

8,12

1681 Hoteletako ostatu zerbitzuak

13,75

1682 Hostal eta ostatu-etxeetako ostatu zerbitzuak

13,75

1683 Landetxeetako ostatu zerbitzuak

13,75

1684 Hotel-apartamentuetako ostatu zerbitzuak

13,75

1685 Hotelez kanpoko ostatu turistikoak

13,75

1687 Erabilera publikoko turismo kanpalekuak

13,75

1755 Bidaia agentziak

3,11

1969.1 Dantzalekuak eta diskotekak

8,12

3. Bost hilabeteko diru-sarrerak honela kalkulatuko dira: 2019ko lehenengo hiru hiruhilekoetan BEZaren aitorpenetan aitorturiko eragiketen bolumena zati bederatzi, eta zatidura bider bost eginez. Dena dela, dantzalekuen eta diskoteken kasuan, gastu finkoak kalkulatzeko aldia sei hilabetekoa izanen da, eta aldi horretako diru-sarrerak kalkulatzeko eragiketa hau eginen da: 2019ko lehenengo hiru hiruhilekoetan BEZaren aitorpenean aitorturiko eragiketen bolumena zati bederatzi, eta zatidura bider sei.

4. Oinarri honen 2. atalean adierazitako EJZren multzo batean baino gehiagotan sartuak dauden jarduerak egiten dituzten enpresen kasuan, jarduera nagusiari dagokion ehunekoa aplikatuko da.

5. Jarduera nagusia 2. atalean sartutako jardueraren bat duten enpresen kasuan, horrez gainera beste jardueraren bat ere egiten badute, ezarritako ehunekoa aplikatuko zaio bost hilabeteko diru-sarreren %75i.

5. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

2. Aurkezpen eguntzat honako hau hartuko da: eskaerak behar den dokumentazio guztia biltzen duen eguna, behin zuzendurik instrukzio organoak atzemandako akatsak edo omisioak, halakorik bada.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntza kalkulatzeko, 4. oinarriaren arabera kalkulatutako zenbatekoei ehuneko hauek aplikatuko zaizkie, 2020ko lehenengo hiru hiruhilekoetako BEZaren aitorpenetan aitorturiko eragiketa bolumenean izandako jaitsieraren arabera, 2019ko epe berean aitorturikoarekin alderatuta:

2020ko BEZaren ZERGA-OINARRIAREN JAITSIERA

%

<%50

%80

%50-70

%90

>%70

%100

2. Dirulaguntza eskatzen duten enpresak, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, araubide erraztuari atxikita badaude, edo jarduera 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi badute, jaso beharreko laguntza 2.850 eurokoa izanen da.

3. Nolanahi ere, laguntza 25.000 eurokoa izanen da gehienez. Era berean, laguntza ez da 2.850 eurotik beherakoa izanen, inola ere.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 1ean hasiko da, eta abenduaren 15ean bukatuko, biak barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:www.nafarroa.eus(aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Eskabide-orri telematikoa oso-osorik bete beharko da, 3. oinarrian eskatutako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena barne. Bidezkoa denean, gardentasun betebeharrari buruzko informazioa ere eman beharko da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua dagoena. Horrez gainera, eskabide-orrian eskatzaileek berariazko baimena eman beharko diote laguntzak kudeatzen dituen organoari, Nafarroako Foru Ogasunetik zuzenean jaso dezan deialdiaren 3., 4. eta 9.oinarrian adierazitako zerga informazioa, prozedura hau kudeatzeko beharrezkoa bada. Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Eskabide-orriari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak eta, horrez gainera, aurreko paragrafoan aipatutako zerga informazioari buruzko dokumentazioa, baldin eta kontsulta automatikoa egiteko baimena eman ez bada.

b) 5/2018 Foru Legearen 3.c artikuluan ezarritako baldintzak betetzeagatik gardentasun betebeharra badu, azkeneko urteko kontuen kopia bat.

4. Eskatutako betebeharrak betetzen dituzten eskaerak baietsiko dira kreditu erabilgarria dagoen bitartean. Hortaz, berariaz ezetsiko dira, oraindik ebatzi gabe egonik, kreditu erabilgarriaz baliatzen den azken espedientearen egunetik aurrera sartu diren eskaerak (dokumentazio guztia aurkezten duten eguna aintzat harturik).

5. Diru funtsak agortzen direnean, laguntzen fitxan iragarriko da.

8. oinarria. Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioa deialdi honetan eskatzen denaren araberakoa dela, eta, hala badagokio, zuzen dezatela eskatuko die eskatzaileei, administrazio prozedurari buruzko araudian ezarrita dagoen bezala. Eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak eman eta ordaintzeari –edo, kasua bada, ezesteari– buruzko ebazpen proposamenak igorriko dizkio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiari.

2. Ebazpenak hilabete bateko epean emanen dira gehienez, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita, eta argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian, www.nafarroa.eus helbidean, laguntza hauek Tramiteen Katalogoan duten fitxan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta argitaratu gabe, laguntza-eskaera administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen ahalko da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Enpresa jardunean izatea 2021eko maiatzaren 31ra arte, eta, horretarako, 3. oinarriko a) eta b) letretan ezarritako baldintzak betetzen segitu beharko dute egun hori arte. Egun horretatik aurrera, egiaztatuko da onuradunek jarduerari eutsi dioten.

b) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek, estatukoek nahiz Europar Batasunekoek, egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

2. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Oinarri honetako 1) ataleko a) letran ezarritako egunera arte jarduerari eusteko betebeharra betetzen ez bada, jasotako laguntza guztia itzuli beharko da.

10. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta de minimis laguntzen izaera.

1. Laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek edo eskualdeko, estatuko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeek emandakoekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

11. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

12. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2014204