278. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

80E/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, 13. artikuluari (“Definizioak”) eta BF1 lurzatiari dagokiena, hasiera batean onesten duena. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

I.

Aurrekariak, xedea eta justifikazioa

Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 9E/2020 Ebazpenaren bidez, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa hasiera batean onetsi zen. Aldaketa 13. artikuluari (“Definizioak”) eta BF1 lurzatiari dagokie. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda, SA da (2020ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 25ekoa).

13. artikuluaren (“Definizioak”) aldaketak erdisotoak erregulatzeko proposamen bat sartzea planteatzen du, indusketa txikiagoa eginda eraiki ahal izateko, edo eraikinak lurrean hobeki integratzeko, lurrak, berez, malda-baldintza jakin batzuk dituen lurzatietan.

Hauek dira BF1 lurzatiaren hirigintza-antolamendu xehatuaren determinazioen aldaketaren helburuak:

–Eraikinaren lerrokadurak eta altuerak aldatzea.

–Eraikinetarako baldintza morfologiko berriak ezartzea, esaterako: erabilera onargarriak erdisotoko solairuan eta sarbideetarako baldintzak.

–Determinazio berriak ezartzea lurzatiaren eraikin gabeko espazio libreetarako: Erabilera publikorako erregulatzen dira, erabilera eta sestra berriekin, eta konexioetarako eta oinezkoen zein ziklisten ibilbideen baldintzak eta trazatua definitzen dira. Hori guztia genero, irisgarritasun eta mugikortasuneko irizpideekin.

Horretarako, espedienteak BF1 lurzatiaren fitxa berri oso bat dauka, indarreko plangintzaren ondorioa diren determinazio partikular edo antolamendu xehatuko determinazio guztiak biltzen dituena. Fitxa horretan sartzen dira, baita ere, aldaketa honen xedeko eraldaketak. Fitxa horrek ordezkatuko du BF1 lurzatiaren indarreko hirigintza-fitxa.

BF1 lurzatirako planteatzen diren aldaketen justifikazioa da lurzatiaren urbanizazioa eta eraikinak inguruan hobeki integratzea. Horretarako, planteatzen dena da eraikuntza lurzatiaren alde baxuenean egitea, Madril kalearekin muga egiten duen tokian; beraz, eraikinen atzeko aldea edo kota handiagoa duen aldea erabilera publikorako geldituko zen. Halaber, urbanizazioaren diseinuan berdintasun, irisgarritasun eta mugikortasuneko irizpideak sartzen dira.

II.

Jendaurrean jartzeko eta entzunaldiko tramitea

Hasierako onespenaren ebazpena 2020ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 25ekoan, eta, horren bidez, espedientea jendaurreko informazioan jarri da, hilabetez. Aldi berean, ebazpen hori igorri eta gero (2020ko ekainaren 5ean), entzunaldia eman zitzaion Iruñeko Udalari. Tramite horiek bete bitartean 4 alegazio-idazki aurkeztu dira.

Ondoren, espedientea Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan (Diario de Noticias eta Diario de Navarra) argitaratu zen 2020ko irailaren 9an, urriaren 9ra arte jendaurreko informazioaren tramitea betetzeko. Epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.

Ondoren laburtzen dira jaso diren 4 alegazio-idazkiak, eta erantzuna ematzen zaie.

II.1

Mikel Rodríguez Yerro jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia
(2020/06/30 egunean, 2020/528672).

II.1.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Inguruneari egokitu beharra.”

Interesdunak uste du “UPSaren planteamenduak eusten diola BF1.3 azpilurzatian eraikitzeari”, eta “eraikuntza hori joan daitekeela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 86.b artikuluan ezarritakoaren aurka.” Agindu hau zuzen aplikatzekoa da eraikinetarako, lurzoruaren sailkapena alde batera utzita, eta hauxe esaten du: “Paisaia ireki eta naturala duten tokietan, edo ezaugarri historiko-artistikoak, tipikoak nahiz tradizionalak dituzten eraikin multzoak eskaintzen dituzten ikuspegietan, eta bide, errepide eta abelbide ikusgarrien inguruetan, ez da onartuko eraikinen, hormen edo itxituren kokapenak, masak, altuerak, osaerak, koloreak edo materialek, edo instalatzen diren bestelako elementuek, mugatzea naturak eskaintzen duen edertasuna miresteko ikusmira, ez eta paisaiaren harmonia haustea edo paisaiaren beraren ikuspegi orokorra desitxuratzea ere.”

Interesdunak uste du ezen “BF1.3 azpilurzatian proposatzen den eraikinak erabat ezabatuko lukeela artikuluak aipatzen duen ‘naturak eskaintzen duen edertasuna’ ikusteko aukera”.

Erantzuna:

Ezin daiteke esan, interesdunak esaten duen bezala, alegatutako manua aplikatzekoa dela kasu honetan, BF1 lurzatiak eragiten duen erripa zatia ez delako paisaia ireki eta naturala duen toki bat, edo ezaugarri historiko-artistikoak, tipikoak nahiz tradizionalak dituzten eraikin multzoak eskaintzen dituena ikuspegietan, edo bide, errepide eta abelbide ikusgarrien inguruetan dagoena.

Paisaia naturala kontzeptua erabiltzen da gizakiaren eskuak aldarazi ez dituen espazio fisikoak izendatzeko. Jatorriz, 2002ko Iruñeko Udal Planaren IV. eranskinean (Natura-ondarea 2) biltzen den bezala (interesdunak II.1.4 alegazioan aipatzen baitu) Belosoko lurraren erabilerak nekazaritzakoa (lugorririk gabeko lehorreko zereala) eta ardi abeltzaintza estentsiboa ziren. Gaur egun, Belosoko erripa hiriko berdegune edo parke bezala ordenatu eta urbanizatu da.

Beste alde batetik, baldin eta Belosoko erripa “paisaia ireki eta naturaltzat” hartzen ahalko balitz, haren “naturaren edertasuna” oso mugatuta egongo litzateke aldez aurretik egin diren eta eginen diren eraikinengatik.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Mendi-hegala suntsitzea.”

Alegatzaileak uste du BF1 lurzatian eraikitzeak mendi-hegala suntsituko lukeela. Suntsipen horrek lurzatiaren paisaia-balioen kaltea ekarriko lukeela, are faunaren eta floraren interesen aurkakoa izanen litzatekeela ere; izan ere, azken hau litekeena zela esan zuen Ingurumeneko zuzendari nagusiak, Twiterren argitaratu zuen Belosoko hego erripako auzoen elkarte batek egindako kontsulta bati erantzuna eman zionean. Aurrekoa kontuan harturik, uste du litekeena dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92.1.d) artikulua ez betetzea.

Erantzuna:

Interesdunak aipatzen duen 92.1.d) artikuluak ezartzen du ezen “udal plangintzan, behar bezala arrazoituz, lur horren ezaugarriei eustea bermatzea beharrezkoa dela adierazten bada, lur horren paisaia aldetik duen balioarengatik...” lur horiek “lurzoru ez urbanizagarriak izanen direla”. Lurzati hori eta erripa osoa 2004. urtetik lurzoru urbanizagarri bezala daude sailkatuta (Erripagañako UPSa onetsi zenetik, 2004ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa). Beste alde batetik, urbanizatuak daudenez, gaur egun hiri-lurzorua dira. Ondorioz, ezin daiteke esan aipatzen den xedapenean deskribatzen den egoeran dauden lurrak direnik.

Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez du argudiorik ematen argitzeko sailkapen horrek paisaia balioak eusteari eragiten dien, edo nola eragiten dien; berdin erripan biltzen diren hiriko fauna eta floraren balioei. Beste alde batetik, interesdunak esaten duelarik BF1 lurzatian aurreikusten den eraikuntza lanak mendi-hegala suntsitzea ekarriko lukeela, baieztapen hori frogatzen duen argudiorik gabeko esaera generikoa baino ez da.

Aurrekoa gorabehera, faunaren eta floraren gaineko ukipenari dagokionez, 2020ko ekainaren 30eko Ingurumeneko zuzendari nagusiaren txostenean esaten zena berresten dugu.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Luizien eta lur-jausien arriskua.”

Interesdunak 1582877226 zenbakiko informazio publikoaren eskaerari emandako erantzuna hartzen du aintzat. Erantzun horretan, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiak hauxe esaten du: “Nasuvinsak ez du beste azterketa osagarririk egiteko asmorik, nahiz eta segituko duen lurzatian dauden inklinometroak irakurtzen, berraztertzen jarraitzeko”. Interesdunak honako hau uste du: “Erantzun horretan, eta egin diren azterketa geotekniko guztiak egin ondoren, argi geratzen da hainbat azterketa egon eta gero monitorizazioa beharrezkoa baldin bada, luiziak edo lur-jausiak izateko arriskua dagoela.” Horregatik, berriz uste du litekeena dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92.1.d) artikulua (lurzoru urbanizaezinari buruzkoa) ez betetzea.

Erantzuna:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluari dagokionez, ikus II.1.2 alegazioan emandako erantzuna.

Interesdunak aipatzen dituen luizien arriskuak direla-eta, bidezkoa da 2020ko abuztuaren 31n Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak aldaketari buruz eman zuen txostena kontuan hartzea, zeina txosten honen txosten sektorialen atalean aipatzen baita. Beste alde batetik, adierazi behar da ez dela beharrezkoa izan neurri espezifikorik hartzea erripari eusteko, ez urbanizazio proiektuan, ezta bertan ezarritako obrak gauzatu direnean ere. Aurrekoa aintzat hartuz, eta ikusirik a posteriori ere ez dela egonkortasun arazorik atzeman, ateratzen den ondorioa da mendi-hegala egonkorra dela.

Alabaina, plangintzaren aurreikuspenak gauzatzeko orduan, eta orube bakoitzaren eraikuntza eta barne urbanizazioa garatzeko orduan, behar diren azterketa espezifikoak egitea beharrezkoa da, ukitutako lurraren ezaugarri geoteknikoak ongi ezagutzeko. BF1 lurzatiaren inguruan aipatutako azterketak egiten aritzeak ez du esan nahi mendi-hegalean luizirik izateko arriskua dagoenik. Gertaera hauen artean ez dago kausalitate-harremanik; izan ere, azterketa hauek egiten dira lurren balizko mugimenduak ezagutzeko, eta beraz, lurtzatien eraikuntza eta barne urbanizazioaren proiektuetan behar diren neurriak hartzeko.

Horri dagokionez, Nasuvinsak dio Nostratec Ingeniería y Diseño SLU enpresak 2020ko abuztuaren 6an txosten tekniko bat egin zuela, zeinean honako hauek aipatzen baitira, besteak beste:

“Mendi-hegalaren mugimenduen azterketak inklinometroekin egiten ari dira, eta zehatzagoak dira eta datu gehiago ematen dituzte aginduzko geoteknikoek baino. Geoteknikaren arloan, inklinometroak erabiltzen dira batez ere lur-mugimenduak neurtzeko; bai mendi-hegaletan gertatzen direnak, bai indusketa gune batean gertatzen ahal direnak. Inklinometroak ezponda barruko zulaketa batean jarritako hodi baten inklinazio-aldaketa neurtzen du, eta modu honetan albo-mugimenduen nondik norakoa kalkulatzen da.

Egindako neurketetatik atera diren datuak ikusirik, orokorrean ondorio hauek ateratzen ahal dira: atzeman den mugimendu metatua ez dela izan 8,5 mm baino handiagoa, balio hau hodiaren buruan izan dela beti, 50 cm-ko gehieneko sakoneran; mugimendu hauek euriteekin lotuta daudela, gehienetan, eta kasu batzuetan mugimenduek txikiagoak izateko joera dutela.

Azken ondorioa da mendi-hegalean atzeman diren mugimenduak bateragarriak direla euriak sorrarazten dituen hezetze eta lehortze prozesu naturalekin, eta ez dutela adierazten mendi-hegalaren mugimendu orokorrik.”

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Igarobide berdea eta Iruñeko Udalaren gomendioak”.

Alegatzaileak Iruñeko Udal Planaren IV. eranskina (Natura-ondarea 2) hartzen du aintzat; zehatz esateko, 09 Beloso fitxaren atal hauek aipatzen ditu: Lurzoru urbanizaezinaren aurreikusteko moduko mugaketa, Eremuaren hasierako balorazioa eta Oharrak. Atal horiek alderdi hauek hartzen dituzte kontuan, besteak beste: Mendillorriren konexio berdea Argarekin Burlatan, eremuak duen interesa, hiriguneak (bizitegietarako eta zuzkiduretarako) eta naturguneak (ibai parkea) lotzeko puntua den aldetik, eta ohartarazten du etorkizunean ibilbide “berde” edo bizikletarakoak egin litezkeela, Argako lautadako beheko aldea (Nogalera zubia) Lezkairurekin komunikatuz.

Interesdunak uste du ezen “UPSak bizikleta-errei bat egitea planteatzen duen arren, egin nahi den eraikuntzak erabat puskatzen du auzoen arteko konexio berdea; beraz, UPSak ez ditu betetzen Iruñeko Udalaren gomendioak”, aipatu eranskinean biltzen dituenak.

Azkenik, Joxe Abaurreak prentsan argitaratu zuen iruzkina aipatu eta gero (“Arazoa ez da mendi-hegala, Iruñeko Erripagañan planteatu zen etxebizitza-dentsitate handia baino”), interesdunak uste du “argi gelditzen dela auzoan neurriz gain eraiki dela, eta ez zaiola jaramon egiten Mendillorriren konexio berdea Argarekin Burlatan mantendu behar dela dioen gomendioari”.

Erantzuna:

Hasteko, esan behar da 1984ko HAPOak (Hiri-antolamenduko Plan Orokorra) eta 2003ko Iruñeko UPak (Udal Plana), BF1 lurzatiaren zati bat lurzoru urbanizagarritzat hartzen zutela. Gero, Erripagañako UPSak eta aipatutako UPa 35/2002 Foru Legearekin homologatzeak jasotzen dutela BF1 lurzatiko lurrak lurzoru urbanizagarriak direla, eta ezartzen dutela bertan eraikitzea posible dela. Aipatzen den eranskina, lurzoru urbanizaezinari buruz ari denez, hirigintza-tresna horiek gaindituta dago.

Beste alde batetik, UPSaren antolamendu orokorrak Erripagañaren eta gune hurbilen (Burlata, Beloso eta Mendillorri, kasurako) arteko konexioak eta berdeguneak biltzen ditu.

Aurrekoa gorabehera, nabarmendu behar da aldatzen den eremua ez dela erripa, BF1 lurzatia baizik. Orain tramitatzen den aldaketak lortu nahi du lurzati horren hirigintza-antolamendua inguruarekin egokiago eta integratuagoa izatea; eta horretarako, helburuen artean daude bizikleta-erreiari eta berdeguneei segida ematea.

Hori horrela, BF1 lurzatirako orain proposatzen den antolamenduak erriparen berdegunea zabaltzen du; izan ere, lurzati horretarako, eraikinak beheko kotetan kontzentratzen dituen lerrokadura definitzen du, lurzatiaren gainerakoa berdegune izateko libre uzten duena, baita parkearekin muga egiten duen aldea ere. Testuinguru honetan, sustatzaileak erdisotoetarako eta sotoetarako baimentzen den gehieneko okupazioa berriz aztertu du, eta horien hondoa 42 m-tik 28 m-ra aldatu. Horrela lortzen dena da lurzatiaren zati askeak urbanizatu ahal izatea parke edo lorategi izateko, soto batek ezartzen dituen eskakizunetatik libre. Horrela, mendi-hegalak behar duen euspena mugatzeaz gain, erripako igarobide berdea zabaltzen da.

Gainera, berdegune hori igarobide berde ez ezik, oinezkoen eta ziklisten igarobidea ere izan dadin, eta hiri-eremu horretako erabilera eta zerbitzuak emenda daitezen, proposatzen da oinezkoentzako pasealekua eta bizikleta-erreiaren segida, parketik hurbilen dauden eraikinetatik iparrerantz. Ildo horretatik,

azkenik, ez da bidezkoa UPSaren babesean “neurriz gain eraiki den” edo ez baloratzea, aldaketa honen helburua gainditzen duelako.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Eustorma.”

Alegatzaileak uste du mendi-hegalean eraikitzeko beharrezkoa dela eustorma bat eraikitzea, eta eustorma horren kostua handia izanen dela. Alde horretatik uste du “eraikitzeko presaren argudioa ez dela onargarria, eta aukerak badaudenez, ez da justifikatzen eustormarik eraikitzea; izan ere, eustormarik behar ez duen beste toki batean eraikiz gero, urtebete lehenago amaituko ziren lanak”. Alegatzaileak gaineratzen duenez, eustormaren kostu gehigarria ez dirudi Nafarroako Parlamentuak eskatutakoaren ildotik doanik, prentsan argitaratutako albistearen arabera, “Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio foru erkidegoko udal nagusiekin negoziatu dezala hutsik dauden udal orubeak kudeatzeko eredu bat, Nasuvinsak bertan alokairu babestuko etxebizitza publikoa eraiki ahal izan dezan, ahalik eta kosturik txikienean”.

Erantzuna:

Eraikuntza proiektu baten euspen-beharrak eta horien kostua proiektua egiten denean baloratzen dira, ez plangintzan.

Hirigintza-plangintza batean zuzkidura baten kokapenak interes orokorrari erantzuten dio, eta ez hainbeste kostuei edo eraikitzeko behar den denborari.

Beste alde batetik, eta aldaketa honen xedetik kanpoko auzia den arren, Lurzoruaren Foru Bankua eraikitzeko presari dagokionez, gogorarazi behar da aipatutako zuzkidurako lurzatian ez eraikitzeak birkokatzea ekarriko lukeela, eta zuzkidura bat birkokatzeak hirigintza-tramite bat egitea dakarrela, eta tramite horrek eustorma bat eraikitzeko adina denbora har dezakeela, edo are eta gehiago ere.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Ingurumen interesa.”

Interesdunak berriz aipatzen du Ingurumeneko zuzendari nagusiak Belosoko hego erripako auzoen elkarteak egindako kontsulta bati emandako erantzuna, Twiterren argitaratu zena, zeinean berriz esaten baitu “balizko parke, edo igarobide berde, edo hiri-azpiegitura berde hori interesgarria izanen zela hiriaren faunaren eta floraren aldetik”. Gainera, uste du “ikusten denez, egungo gobernuak 2030 agendak markatzen dituen lerroei jarraitzen die; agenda hori 2015ean onetsi zen, eta bistan denez, UPSaren lehenagoko aldaketak ez zuen aintzat hartu”. Bere ustez, gaurko UPSak ezin ditu alboratu erantzuna eta lerro horiek. Puntu honetan, aldaketaren ingurumen eragina aintzat hartzen du, zeinaren ondorioa baita “proposatzen den aldaketak ez duela eragiten UPSa tramitatzean kontuan hartu ez den ingurumen afekzio berririk”. Azkenik, adierazten du ezen “ingurumen afekzio berririk bada, ez ditu zerrendatzen eta ezkutatu egiten ditu”.

Erantzuna:

Alegazioaren edukia ingurumenaren arlokoa denez, erantzuteko, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 2020ko ekainaren 30eko txostenean esaten zena berresten dugu.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.7 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Bizikleta-erreia.”

UPSaren aldaketan aurreikusten diren malda eta bihurguneak kontuan harturik, alegatzailearen ondorioa da “bizikleta-erreiaren diseinua txarra dela, eta asmoa hari segida ematea baino ez dela izan, erabiltzaileen beharrak eta egindako diseinuak sorraraz dezaketen arriskua kontuan hartu gabe”.

Erantzuna:

Bizikleta-erreirako ezartzen den diseinua dagoen urbanizazioak baldintzatzen du erabat.

Proposatzen den trazatuak segida ematen dio dagoen trazatuari, zehatz esateko, Burlatatik edo Arga pasealekutik igotzen den zatia Pau kalekoarekin lotzen du. Lotura hau, partez, BF1 lurzatiaren bidez egitea planteatzen da (zehatz esateko, BF1-1 eta BF1-2 azpilurzatien bidez), aipatu lurzatia urbanizatu eta gero, maldarik txikienak edukiko dituen ibilbidetik. Trazatuan dauden bihurguneak dagoen trazatuarekin bat egitearen ondorio dira, eta maldarik txikiena duen ibilbidea bilatzearen ondorioa.

Horretarako erregulaziorik ez dagoenez, bizikleta-erreiaren trazatu berria UPSaren gainerako trazatuen antzeko ezaugarriekin planteatzen da: 2,2 m-ko sekzioarekin (dauden trazatuena baino zabalagoa), %1eko maldarekin BF1.1 eta BF1.2 azpilurzatien eraikinetako atzealdetik, %10eko maldarekin 26 metroko tarte batean BF1.3 azpilurtzatiaren aurrean eta 5 m-ko biraketa-erradioarekin.

Beste alde batetik, segurtasun arrazoiengatik, eraikinetako sarrerak, bai ezarri den antolamenduarengatik, bai ezarritako baldintzengatik, ez dira izanen inoiz bizikleta-erreiari zuzenki lotuak.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.8 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Erripagañako AR-2ko UPSaren hurrengo aldaketa.”

Interesdunak seinalatzen du aldaketak dakarrela planifikatu den merkataritza gunearen parte bat kentzea, eta auzoko etxebizitza-kopurua handitzea. Uste du funtsezko aldaketa bat dela, plana egitearen arrazoia galtzen dela eta UPSa “bertan behera utzi” behar dela.

Erantzuna:

Alegazioa beste aldaketa espediente bati buruz ari da, aldaketa honekin harremanik ez duena eta beste tramitazio erabat ezberdin bat daramana. Beraz, ez da bidezkoa beste aldaketa bati buruzko gorabeherak aintzat hartzea, beste aldaketa horren tramitazioan aurkeztu beharrekoak.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.9 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“BF1 lurzatian eraikitzearen aurrean, alternatibak daude.”

Interesdunak prentsa ohar digital baten esteka ematen du eta esaten du “Iruñeko Udalak etxebizitzen eraikitzeari alternatiba bat aurkeztu ziola”. Halaber, Iruñeko Udalaren 2020-30 Etxebizitza Estrategia aipatzen du, zeinean esaten baita “erripan eraikitzearen aurrean alternatiba argia dagoela”. Gainera, Ahal Dugu Nafarroaren mozio bat aipatzen du, zeinean “Nafarroako Gobernua premiatzen baita, Erripagañako BF1 lurzatian etxebizitza berriak eraikitzeari buruzko proposamen berria aztertzeko”, lau helburu hauekin:

–Alokairu sozialeko etxebizitza gehiago izatea.

–Belosoko hegoko erriparen natur ingurunea errespetatzea.

–Etxebizitzen banaketa orekatuagoa bilatzea, plan osoan, UPSak berak aldarrikatzen duen moduan, Iruñeko Erripagañan dagoen masifikazioa galaraztea.

–Edozein eraikin mendi-hegal batean eraikitzeak dakarren kostu handiagoa saihestea.

Erantzuna:

BF1 lurzatia Udalez gaindiko zuzkidurarako lurzoru-erreserba da; izaera horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren eskakizun bati erantzuten dio, lege horrek ezartzen baitu, batez ere bizitegi-erabilera edukiko duen lurzoru urbanizagarrian (55.6 artikulua), Nafarroako Gobernuaren gizarte eta etxebizitza politika asetzeko xedez.

Espediente honen helburuetako bat da, beste batzuen artean, BF1 lurzatian definitu diren lerrokadurak eta sestrak aldatzea, eraikinak Madril kalera hurbiltzeko, erripako parkea askatzeko eta inguruko hiri-bilbeari jarraitutasuna emateko. Halaber, hainbat baldintza morfologiko ezarri nahi da eraikinetarako eta lurzatiaren antolamendurako, inguruarekiko integrazioa hobetzeko eta diseinuan berdintasun, irisgarritasun eta mugikortasun irizpideak sartzeko. Ez da aldaketaren xedea lurralde eta hirigintza antolamenduaren arloko legediak eskatzen duen zuzkidurarako erreserbaren kokapenari alternatibak bilatzea. Erreserba hori 2004an definitu zen, Nafarroako Gobernuaren ekainaren 28ko Erabakiaren bidez, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren berrazterketa espedientea onetsi zuena (2004ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa), non ezartzen baita BF1 lurzatia gaur egun daukan kokapenean, eta Lurzoruaren Foru Bankuko parte izatera pasatzen den udalez gaindiko zuzkidura izaera zehazten baita.

Aipa daiteke halaber, etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldaren datuak aintzat hartuz, Iruñeak, 2020ko ekainean, alokairuko etxebizitza babestua nahi duten 9.147 eskatzaile dituela (datu horiek Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratu dira, etxebizitzaren arloan). Lurzati honen xedea da, hain zuzen, alokairuko etxebizitza babestua nahi dutenen eskaeraren zati bati erantzuna ematea.

Xede horretarako lurzatiak erreserbatzeko legezko eskaera bizitegi-sektoreekin lotuta dago; beraz, ekipamendu horietan egiten den edozein aldaketa sektore berean egin beharko litzateke, kasu honetan Erripagañako UPSaren barruan.

Etxebizitzen masifikazioari eta gehiegizko kostuari dagokienez, ikus II.1.4 eta II.1.5. alegazioei emandako erantzunak.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.10 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Interesdunak uste du talde politikoek ez dutela egoki ikusten erripan eraikitzea. Horri dagokionez, bere ustez baieztapen horri sostengua ematen dioten prentsa ohar batzuk aipatzen ditu.

Alegatzaileak uste du ezen “auzokoak aurka daudela kontuan hartuz, eta Belosoko hegoko erripan eraikuntza bultzatzeko erantzuleek eraikingintza errakuntza bat dela uste dutenez, eta epe laburragoak eta kostu txikiagoak dituzten alternatibak daudela ikusirik, erabaki arbitrario baten aurrean gaudela esan genezake”. Hori dela eta, prebarikazio delitu bat ez ote dagoen galdetzen dio bere buruari.

Erantzuna:

Aldaketa honen xedea ez da Erripagañako bizitegi-sektoreko BF1 udalez gaindiko zuzkidurarako lurzatiaren kokapena ezartzea. Ikus II.1.9. alegazioari emandako erantzuna.

Nolanahi ere, gogorarazi behar da plangintza egiteak berekin dakarrela administrazio-ahala diskrezionaltasun handiarekin erabiltzea, administrazioari ahalmena ematen baitio interes orokorrerako egokiagotzat jotzen den alternatiba aukeratzeko, hainbat alternatiba onargarriren artean. Hori dela eta, begi-bistakoa da Rodriguez Yerro jaunaren baieztapenek ez dutela inola ere frogatzen administrazioak errakuntza egin duenik, edo berea duen diskrezionaltasunetik haratago aritu denik, ez eta zerbitzatu behar dituen interes orokorretatik urrutiratu denik ere.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2

Ignacio Morrás San Marín jaunak, bere izenean eta Iruñeko Beloso Hego-Erripa Parkearen Aldeko Bizilagunen Plataformaren izenean, Jesús María Munarriz Delgado jaunak, eta Francisco Javier Garde Salinas jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia (2020/07/23an, 2020/608866).

II.2.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioaren puntu honetan adierazten da ezen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak abenduaren 15ean emandako 839E/2017 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zela Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.

Ebazpen hori 2018ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela, otsailaren 8koan, eta egunkarietan 2018ko urtarrilaren 16an, eta hogei eguneko epea ireki zela jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko. 2018ko otsailaren 5ean, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Kudeatzailetzak txostena egin zuela, non, formazko akats batzuen berri eman eta xehetasun-azterketaren testu bategina egitea komeni dela esaten baita. Txosten horrek alegazio-idazkitzat hartu zela, eta 2018ko martxoaren 8an erantzun zela, xehetasun-azterketaren testu bategina ere emanez, alegazioari behar den bezalako erantzun egokia emateko.

Alegatzaileak esaten du ezen, “baieztatzen ahal denez, hasierako onespena baino lehen, eta alegazioak egiteko epea artean ireki gabe, Hirigintzako Kudeatzailetzak alegazio bat bidali zuen. Alegazio horrek aldaketa funtsezkoak dauzka, xehetasun-azterketa batean berezkoak ez direnak. Alegazio hori onetsi zen, jendaurrean jartzeko tramitea bete gabe.”

Uste du eremu hori garatzeko beharrezkoa dela UPSa aldatzea; eta aldaketa hori ez zen egin une hartan, eta ezin da egin xehetasun-azterketa baten bidez. Horregatik, esaten du aurkeztu dutela “ofiziozko berrazterketa” bat Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak apirilaren 4an emandako 212E/2018 Ebazpenaren aurka. Adierazten dute ebazpen hori ez zela ebatzi.

Beste alde batetik, elkarte interesdunak adierazten du aldaketa honek, bere testuan, honako baieztapen hau jasotzen duela: “Lurzatirako definitu diren lerrokadurak eta sestrak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak apirilaren 4an emandako 212E/2018 Ebazpenak onetsi zuen xehetasun-azterketan agertzen direnak dira (2018ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 20koa)”.

Beraz, interesdunak uste du UPSak “deuseztasun-akatsak dakartzala”, zeinak ofiziozko berrazterketa baten bidez erreklamatu direnak, eta, bere ustez, UPSak eta haren aldaketek ez dituzte antolatu udalez gaindiko zuzkidurak, horiek xehetasun-azterketaren bidez egin baitira “eta elementu hori ez da aski inolaz ere antolamendu hori egiteko”. Uste du aldaketa honek “udalez gaindiko zuzkidurarako lurzatien antolamendua ex novo ezartzen duela, legez ezarritako prozedurari jarraitu gabe”.

Orain arte esandako guztiarengatik, elkarteak uste du bere alegazioa aintzat hartu behar dela, aldaketa “zuzenbide osoz deusez den hirigintza-euskarri batean” oinarritzen delako.

Erantzuna:

Xehetasun-azterketen eta haien geroko aldaketen baliozkotasunari eta indarrari dagokienez, kontuan hartu behar da xehetasun-azterketa horiek legez ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu zirela, eta jendaurrean jarri zirela. Hori horrela, xehetasun-azterketak, lurraldea eta hirigintza antolatzeko gainerako tresnak bezala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Une horretatik aurrera, arauak direnez, indarra hartu zuten, eta beren ondorio guztiak hedatu ziren.

Kontrakorik ebazten ez den artean, esandako tresna horiek baliozkoak direla ulertu behar da, eta ezin da aplikatzeari utzi orain uste delako ez direla zuzenak, indarra duten arauak direlako, ordenamendu juridikoaren parte.

Ofiziozko berrazterketarako espedienteak ebatziko du esandako tresnen baliozkotasunari buruz. Hori ebaztea espediente honen xedeetatik kanpo dago.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Herritarren parte-hartzerik eza.

Interesdunaren arabera, Lurzoruaren Foru Bankuaren kokapena, “sistema orokorreko izaerarekin”, finkatutako lurzoru baten bolumena eta eraikigarritasuna handitzea eta erdisotoen %50eko eraikigarritasuna ezartzea aldaketa egituratzaileak dira; hortaz, onetsiak izateko, beharrezkoa da herritarren parte-hartzea. Parte-hartze hori ez da izan, eta horren ondorioz proposatzen den aldaketak deuseztasuna dakar, onesteko prozedura hautsi duelako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikulua harira ekarri eta gero, elkarteak uste du ezen “begi-bistakoa dela alde batera utzi dela ezein herritarren parte-hartzea, non eta paisaiaren eta ingurumenaren afekzioak, arriskua eta gehiegizko eraikigarritasuna dauden proiektu batean, zeinean UPSari eraikigarritasuna ematen baitzaio. Hortaz, onesteko prozedura eta horren ondorioz UPSaren aldaketa bera hautsi dira.”

Erantzuna:

Alegazioak biltzen duen bezala, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikuluak arautzen du herritarren parte-hartzea lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan. Horren arabera, aldaketa honek ez du herritarren parte-hartze prozesurik behar, parte hartzeko plan baten bidezkoa, ez duelako planteatzen urbanizazio berriko jarduketarik. Aurrekoa gorabehera, aldaketa jendaurrean egon da aldi batez, horixe ezartzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren artikulu horren 2. apartatuak, legeak biltzen duen lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako tresna guztietarako.

Legeak argi agintzen du administrazio publikoek herritarren parte-hartze ahalik eta handiena sustatu behar dutela lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako alorrean. Alabaina, plangintzaren aldaketak ezaugarri diferenteek, helburuei, xedeei edo lurraldearen hedadurari dagokienez, lurraldearekiko eragin zuzenak ere diferenteak izatea dakarte. Hori horrela, parte-hartzeko prozesuak testuinguruaren arabera ezarri beharko lirateke. Alde horretatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.3 artikulua argia da: plangintza aldaketek, urbanizazio berriko jarduketak ez dakartzatenean, ez dute behar hiritarrei iritzia eskatzeko parte-hartze prozesurik, tresnaren hasierako onespena baino lehen.

Espazio honen antolamendua definitu duten hirigintza tresnen tramitazioan herritarren parte-hartze faltari buruz, horretaz aritzea tramite honetatik kanpo dagoen zerbait izan arren, esan behar da tresna guztiek eduki dutela jendaurrean egoteko epe bat, tramitatu diren unean indarrean zegoen legeekin bat etorriz.

Aldaketaren xedeari buruz eta aipatzen diren afekzioei buruz, ikus II.1.1, II.1.6 eta II.1.4 alegazioei emandako erantzunak.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.2.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Ingurua zaintzeko beharra, paisaia eta ingurumen arrazoiengatik.

Alegazioak esaten du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 2. artikuluak biltzen dituen hirigintza-jardueraren printzipioen artean, hauek daudela: pertsonen garapenerako egokia den ingurumena gozatu ahal izatea, baita Nafarroako udalerrien garapen jasangarri eta kohesionatua ere, gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumenaren alorretan, nafar guztien bizi-kalitateari eutsi edo hobetzeko helburuarekin.

Interesdunak uste du UPSak, Iruñeko udal plangintza aldatzean, lurzorua babesik gabe utzi zuela, eta “beraz 2. artikuluaren aurkako atzerapen bat ekarri zuen, hirigintza eta ingurumenaren aldetik”.

Aipatzen du auzokoen taldearen jarrera dela erripa osoan igarobide berde bati eutsi behar zaiola, eta ez dela eraiki behar, bai paisaiaren eta ingurumenaren aldetik duen balioarengatik, baita malda gogor batean eraikitzeak dauzkan zailtasun eta arriskuengatik.

Uste dute aldaketak erripari eragiten segitzen duela, eta, alde batetik, paisaia eta ingurumen balio handia duela, eta beste alde batetik, eraikinak eraikitzeko arrisku handiagoa dela, maldarengatik.

Aipatzen dute eraikigarritasuna handitu egin dela “eta libre dela eraikitzea blokeak edo dorreak, paisaia behin betiko aldatuko eta hondatuko dutenak”.

Beste alde batetik, esaten dute Iruñeko Udal Planak ezartzen duela, IV. eranskinean (natura ondarea) elementu naturalen zerrenda bat, lurzoru urbanizaezin bezala antolatzeko, eta Udal Planak, sare naturalari buruz, hauxe esaten duela: “Lurzoru urbanizaezinek eta/edo lurzoru horietan dauden elementu naturalek (erripak, mendi-hegalak, ibaiak, e.a...) osatzen duten sare berde hori, partez, eta Planak berariaz jartzen ditu beren sailkapena eta babes-araubidea. Baina hiri-lurzoruan ere katalogatzen dira sarearen gainerako elementuak, eta beren babes-araubideak”.

Alegazioa egiten duen elkarteak uste du, beraz, BF1 lurzatian ezin daitekeela eraikuntza-proiekturik egin, eta proposamen berria, paisaiaren afekzioaren ikuspuntutik, aurrekoa baina are kaltegarriagoa dela, zeren “eraikinen banaketa ez da paisaia natural eta irekiko lekuetako girora egokitzen, FLDaren 86.b artikuluak ezartzen duen bezala. 9 pisutarainoko altuera duten eraikinek ‘horma’ bat egiten dute, Belosoko hego mendi-hegalaren eta Burlatako mendi-hegalaren edertasun naturalak ikusi ahal izatea galarazten duena, eta paisaiaren harmonia hausten duena”.

Gainera, elkarteak uste du Paisaiaren Hitzarmenaren helburuak ez direla betetzen arlo hauetan: identifikazioa eta kalifikazioa, paisaia kalitatearen helburuak eta aplikazioa; eta Burlatako Hirigintza Planak aitortzen duela Burlatako hegoko mendi-hegalaren paisaia balioa, Belosoko hegoko mendi-hegalaren ondoan dagoena, eta Erripagañako UPSan sartuta dagoena.

Halaber, uste du lurzoruek lurzoru urbanizaezinaren sailkapena eduki behar dutela, beren paisaia balioengatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluak ezartzen duenarekin bat, eta kalifikazio hori ez dela diskrezionala. Halaber, adierazten du 52.5 artikulua ez dela bete (artikulu horrek ezartzen du identifikatu behar direla, nabarmenak edo bakanak izateagatik babestu beharreko lekuak).

Azkenik, gogorarazten du Iruñeko Udalak eskaini duela lurzorua trukatzea etxebizitzak berehala eraikitzeko, erripa dagoen moduan uzteko; hortaz, ez duela ulertzen jarduketa hau aurrera eramateko arrazoia lurzoruaren beharra izatea etxebizitza babestuak eraikitzeko.

Erantzuna:

Aldaketa honen xedea ez da BF1 lurzatia sailkatzea, edo kalifikatzea, ez eta bertan eraiki behar den edo ez erabakitzea ere. Hori guztia 2004n behin betiko onetsi zen UPSari dagokio (2004ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa). Alabaina, Iruñeko Udal Planak proposatzen duen sailkapenari dagokionez, ikus II.1.4 alegazioari emandako erantzuna.

Beste alde batetik, lurzatiaren eraikigarritasunari gagozkiola, eta alegazioak esaten duenaren kontra, aldaketak ez du halakorik ezartzen, ezta handitzen ere; aldaketak ordenatu egiten du indarreko legeetan ezarritako gutxieneko eraikigarritasuna. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.6 artikuluarekin bat, “lur horiei esleituko zaien eraikigarritasuna ez da izanen, guztira, sektoreak osotara duen eraikigarritasunaren %7tik beherakoa”. AR1-i dagokion eraikigarritasun osoa 608.601,79 m² da (Erripagañako UPSaren araudiaren 102. artikulua); beraz, udalez gaindiko zuzkidurarako lurzoruei esleitu behar zaien gutxieneko eraikigarritasuna 42.602,13 m² da. Eraikigarritasun hori banatzen da udalez gaindiko zuzkidurarako lagapeneko bi lurzatien artean (BF1 eta BF2). BF2 lurzatian aurreikusten den azalera 18.900 m² da. Beraz, indarreko legeria betetzeko BF1 lurzatiak eduki behar duen gutxieneko eraikigarritasuna 23.703,13 m² da; aldaketa honetan ezartzen dena, hain zuzen ere.

Erripan igarobide berde bati eusteari dagokionez, eta eraikinak eraikitzeko arriskuak izateari dagokionez, ikus II.1.4, II.1.3 eta II.1.5 alegazioei emandako erantzunak, hurrenez hurren.

Inguruneari egokitu beharrari dagokionez, ikus II.1.1 alegazioari emandako erantzuna. Han ematen den argudioa berariaz BF1.3 lurzatirako da, baina balio du BF1 lurzati osorako.

Hala ere, alegazioari jaramon eginez, BF1.1 eta BF1.2 lurzatien gehieneko lerrokadurak doitu dira, bolumena hautsiz tarteko lerrokadurekin, halako moldez non indarreko legeriaren ikus-eremuak zaintzen baitira.

Beste alde batetik, gogorarazi behar da Paisaiaren Hitzarmenaren arabera, paisaia dela “lurraldearen edozein zati, jendeak hautematen duen moduan, naturaren edo/eta gizakien faktoreen ekintzaren eta elkarrekintzaren emaitza dena”. Hitzarmenak bere baitan biltzen ditu paisaia europar guztiak: naturalak, landakoak, hirikoak edo hiri-periferiakoak, bai enblematikoak, bai arruntak. Hitzarmenak paisaia naturalak, kulturalak eta gizatiartuak aintzat hartzen ditu, baita haien arteko konexioak ere. Horregatik, lurzoru bat hiri-lurzorua, edo urbanizagarria, edo zuzkidurarako dela sailkatzea, bere horretan, ezin daiteke izan hitzarmenaren ez betetze bat.

Puntu honetan, azpimarratu behar da, plangintzak lurzati honi esleitzen dion helburutik abiatuta (udalaz gaindiko zuzkidura), aldaketa honek lerrokadura batzuk ezartzen dituela, zeinek eraikigarritasuna alde baxuenean kontzentratzen baitute (lurzatira sartzeko bidetik hurbilen dagoenean); horrela, lurzatiaren gainerako eremua aske geratzen da espazio libreak edo berdeguneak izateko, eta erriparako edo berdegunerako irisgarritasuna hobetzeko.

BF1 ez diren beste lurzati alternatiboak izateari dagokionez, ikus II.1.9 alegazioari emandako erantzuna.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.2.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Ezintasun eta ezegokitasun teknikoa eraikuntza-lan hori toki horretan egiteko.”

Elkarteak esaten du ezen, arrazoi teknikoak medio, eraikuntza-lan hori ez dela egokia, maldan eraikitzea garestiagoa eta korapilatsuagoa delako. Uste dute lurzoru horrek urbanizaezina izaten jarraitu behar zuela, eta beraz, hor eraikitzeak ezinezkoa izan beharko lukeela.

Horregatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.1c2 eta 92.1c. artikuluak aintzat hartuz, UPSak izendatu beharko luke BF1 lurzatia alde arriskugarri, irizpide eta arau espezifikoekin.

Interesdunak uste du aldaketak berekin dakarrela Nasuvinsaren eta Lurraldearen Antolamenduaren esan gabeko aitortza bat, inpaktuarena eta lurzatian eraikitzeak dakartzan arriskuena, eta horregatik saiatzen dira erriparen gaineko afekzioa gutxiagotzen, integrazioa hobetzen eta arriskuak txikiagotzen.

Beste alde batetik, uste du ezen, aipatutako arrazoiak tartean direla (segurtasunekoak, ekonomikoak, ekologikoak eta paisaia mailakoak) ezin dela ukatu askoz egokiagoa dela guztiz laua den lurzoru batean eraikitzea, Iruñeko Udalak eskaini duen moduan. Berriz azpimarratzen dute erripari eraginik ez egiteko, ez dela bertan eraiki behar.

Baieztatzen du alde horretan badirela hezetasuna eta arrakalak dituzten eraikinak, eta lur-mugimenduak; halaber, arrakalak eta lur-jausiak daudela hango egitura batzuetan, Belosora iristeko eskailerako begiratokitik aise ikusten direnak. Halaber, Belosoko espaloietan arrakalak daudela.

Azkenik, interesdunak aipatzen du Gobernuak lizitatu dituela dagoeneko eustorma bat egiteko obrak, dokumentazio grafikoan agertzen ez dena.

Erantzuna:

Arriskuei, desegokitasun teknikoari eta kostuei dagokienez, ikus II.1.3 eta II.1.5 alegazioei emandako erantzuna.

Alegazioak ez du zehazten zer obra-lizitaziori buruz ari den. Deduzitzen da balitekeela lizitazio hau izatea: “Alokatzeko 91 BOE egiteko obrak Iruñeko Erripagañako UPSko BF1 lurzatian (BF1.1 eta BF1.2 azpilurzatiak)”, BF1.1 eta BF1.2 azpilurzatietako mendi-hegalei eusteko obrak sartzen baititu. Horri dagokionez, Nasuvinsak esaten du lizitazio hori bertan behera geratu zela 2020ko martxoaren 6an.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 55.3.b artikulua hautsi da, (foru dekretu horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen), berdegune/biztanleko ratioak hautsi baitira.”

Alegazioa aurkezten duen elkarteak adierazten du ezen “Iruñeko Erripagañak 23.000 m²-ko azalerako berdegune eta espazio libre dituela, eta gutxi gorabehera 36.800 m² eduki beharko lituzkeela”, ratioa 3,5 m² berdegune/biztanleko izanik, NBEk gomendatzen dituen 9 m²-tik eta OMEk gomendatzen dituen 10 m²-tik beherakoa, eta Iruñeko biztanleek batez beste dituzten 15 m²-tik beherakoa.

Haren iritziz erriparen gaineko hirigintza-jarduketak itzulezinak dira, erripa babesteko azken aukera hauxe da, eta horregatik proposatzen dute igarobide berde bat sortzea Erripagañan, zeina bateraezina baita planteatzen den aldaketarekin.

Halaber, gogoeta egiten du hiriko berdeguneen onuraz, osasunerako eta ingurumenerako, eta daukaten osagai sozialaz, eta uste du berdeguneak jolaserako guneak direla hiri gehienetan, bereziki diru-sarrera txikienak dituzten biztanleek baliatzen dituztenak.

Haren ustea da igarobide berde bat egiteko aukera ez baliatzeak erremediorik gabeko ondorio txarrak edukiko dituela herritar guztien bizitzan.

Erantzuna:

Aldaketa honek ez dio eragiten Erripagañako berdegune/biztanleko ratioari, BF1 lurzatiari baizik, eta lurzati hori udalez gaindiko zuzkidurarako da, eta ez du zuzkidura publikoen erreserbarik sortzen (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.6 artikulua). Beraz, aldaketak ez du eraginik, eta inguruko zuzkidura-espazio eta zerbitzuetarako erabiltzen diren azalerei eusten die.

Alabaina, nabarmendu behar da aldaketa honek UPSaren erabilera publikorako espazio libreak handitzen dituela.

Hala ere, alegatzaileek ematen dituzten datuei buruzko kontsiderazio batzuk egin behar dira.

Lehenik, adierazi behar da ezen, 34. planoaren arabera (“Erripagañako UPSaren jabari eta erabilera publikoko espazio libreak”), Iruñeko udal-mugarteari dagokionez, eremuko erabilera eta jabari publikoko berdeguneen azalera 39.400 m² dela, gutxi gorabehera. Azalera hori 16. poligonoko 398. lurzatiari eta 15. poligonoko 2546. eta 2548. lurzatien parterik handienari dagokie (azken bi hauei kendu behar zaizkie erabilera publikorako espazio libreak, berdegune moduan prestatuta ez daudenak).

Horretaz landa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikuluak aipatzen dituen toki-zuzkidurarako, berdegunerako eta espazio libreetarako erreserbetarako eremuak, kasu honetan, Erripagañako UPSeko AR-1a hartzen du oso-osorik, eta ez bakarrik Iruñeko udal-mugartearen barruko lurzoruak.

Erripagañako UPSan 2010ean egin zen aldaketarekin bat etorriz (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), eraikitako azalera, guztira, 608.601,79 m² da, eta erabilera eta jabari publikorako uzten den azalera, guztira, 251.582 m² da. Beraz, aise betetzen da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 55. artikuluak ezartzen duena, zeren, artikulu hori aplikatuz gero, toki-zuzkidurarako berdegune eta espazio libreen gutxieneko azalera 121.721 m² baita, eta sistema orokorrekoa 89.225 m².

Edonola delarik ere, gogorarazi behar da ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren arabera (Hirigintza eta etxebizitza alorreko premiazko neurriei buruzkoa, zeinaren babesean tramitatu baitzen 2010eko UPSaren aldaketa hori), “eraikigarritasunaren handitzea dakarten aldaketak onesten ahalko dira, baldin eta bizitegi-garapenari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak oztopo ez badira aldaketa horietarako, eta handitzea, gehienez ere 100eko 30ekoa bada, horien zehaztapenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe”; beraz, eraikitako azalera osoa, zuzkidurarako eta zerbitzuetarako espazioen erreserbak betetzeko, 468.288,41 m² da, eta azalera hori 2010eko gehikuntza baino lehen eraiki zen.

Bestalde, ez gatoz bat alegazioa aurkeztu duen elkarteak berdegune/biztanleko ratioari buruz esaten duenarekin. UPSaren 2010eko aldaketaren arabera (txostenaren 7. oharra) 6/2009 Legearen babesean egindako bizitegi-gehikuntzaren ondorioz aurreikusten den etxebizitza kopurua 5.372 da, familia bakarrekoak eta kolektiboak kontuan hartuta.

2011ko biztanleen eta etxebizitzen erroldaren arabera, Erripagañako UPSan sartzen diren udalen etxebizitza bakoitzean bizi diren pertsonen kopurua tarte honetan dago: 2,48 pertsona Iruñean, eta 2,75 pertsona Burlatan. Nafarroako batezbestea 2,57 pertsona da. Etxebizitza bakoitzean bizi diren pertsonen batez besteko kopuru txarrena harturik, Burlatakoa, kasu honetan, Erripagañako biztanle kopurua 14.773 litzateke. Berdegunetarako eta erabilera publikorako espazioen azalera 251.582 m² denez, berdegune eta espazio publikoen ratioa, pertsonako, 17 m² da.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Gehiegizko eraikigarritasuna.”

Alegazioak dio aldaketa honek daukan funtsezko arazoa dela hirigintza-araudiaren aldaketak eraikigarritasuna eta Lurzoruaren Foru Bankuari egindako ekarpenak emendatzen joan direla. Erripagañaren kasuan, Eguesibarreko zuzkidurarako zatia gauzatua dagoenez, han dagoeneko egin ezin diren zuzkidurak eta eraikigarritasuna Erripagañan kontzentratu dira.

Uste du eraikigarritasuna UPS honetan kontzentratzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 2.3 eta 27. artikuluen aurkakoa dela, eta aipatzen du posiblea litzatekeela eraikagarritasunean hiriaren gainerako eremuekiko dagoen proportzio falta zuzentzeko, lurzatiari eraikitzea ez den beste erabilera bat ematea. Aipatzen dute proportzio falta eta Erripagañako gehiegizko eraikigarritasuna ez ezik, komunitate-zerbitzuen eta zuzkiduren eskasia nabarmenak direla. Horren arrazoiak jatorriz onetsi zen plangintzan (ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea, hirigintza eta etxebizitza arloko premiazko neurriei buruzkoaren bidez egina) ondoren sartu ziren gehikuntzetan bilatu behar dira.

Uste du Erripagañaren etxebizitza dentsitatea 100 etxebizitza/hektareako dela (BF1 lurzatiko etxebizitzak sartu gabe), eta dentsitate horrek bikoiztu egiten duela UPSaren memoriak, jasangarritasun irizpideetan oinarriturik, ezartzen duen 50 etxebizitza/hektareako (gutxi gorabehera) dentsitatea.

Beste alde batetik, uste du Erripagañak gizarte aniztasuna duela, eta BF1 lurzatian eraikitzeak ez duela laguntzen alde horretatik dauden mentsak zuzendu edo arintzeko; izan ere, etxebizitza guztiak sozialak direnez, horrek ez du laguntzen auzoko berrien integrazioa, bai ordea ghettoen sorrera.

Erantzuna:

Interesdunak aipatzen duen BF1 lurzatiko eraikigarritasunaren gehikuntzari dagokionez, bidezkoa da adieraztea lurzati horrek, jatorriz (2004ko UPSa), ez zuela eraikigarritasun-mugarik. Ondoren, hainbat xehetasun-azterketaren ondorioz (2008, 2009 eta 2018), eraikigarritasun hori mugatu egin da. Gaur egun, aldaketa honek proposatzen du gehieneko eraikigarritasuna finkatzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak zuzkidura mota horretarako gutxieneko gisa eskatzen duen zenbatekoan (batura ez da izango sektorearen eraikigarritasun osoaren %7 baino txikiagoa), horretarako sektoreko edo UPSaren lurzoruaren foru bankuaren beste lurzatiaren eraikigarritasuna aintzat hartuz. Hori guztia komenigarritzat jotzen delako legeriak gutxienekotzat jotzen dituen eraikigarritasun-beharretara egokitzea, zuzkidurarako lurzati mota horien beharrak betetzeko, eta, azken batez, etxebizitza politikari erantzuna emateko, zehatz esateko Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planari, zeinaren lehen helburu estrategikoa baita “bermatzea Nafarroan aski izanen den etxebizitza-parkea egonen dela, alokatzeko eta erosteko etxebizitza babestuaren sustapenaren bidez”.

Testuinguru horretan, bidezkoa da gogoraraztea plangintzan sartzen den eraikigarritasuna gehienekoa eta ez derrigorrezkoa dela, eta alokatzeko etxebizitza babestuaren aurreikuspenak edo eskaria kontuan hartuz, erabat garatuko dela, edo ez.

Horri dagokionez, ikus II.2.3. alegazioari emandako erantzuna.

Gauzak horrela, auzoaren gehiegizko dentsitateari buruz alegatzen denak gainditu egiten du aldaketa honen helburua.

Beste alde batetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 2. eta 27. artikuluei dagokienez, esan behar da aldaketa hau garapen arrazoizko, orekatu, jasangarri eta kohesionatuari men eginez egin dela, hain zuzen ere. Sartzen diren aldaketek indarra duen antolamendua hobetzen dute, parkerako erabiltzen den espazioa handiagoa izatea posible egiten dutelako, lurzoruaren aprobetxamendu optimoa, berriztagarria ez den baliabide naturala baita, eta lurraldearen erabilera arrazoizkoa eta orekatua eskainiz.

Azkenik, ez da egokia interesdunek etxebizitza horiek ghetto bat sortzeari buruz egiten duten iritzia aintzat hartzea. Baieztapen orokorregia da, inolako frogarik gabekoa.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.7 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 55.4 artikuluaren arau-haustea (horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), aparkalekuen ratioaren urraketa.

Alegazioak azaltzen du BF1 lurzatiaren fitxak ez duela inolako prebisiorik gainazalean aparkalekurik jartzeko, ezta desgaitasuna duten pertsonentzakoa ere, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 52.4 artikulua urratzen duela. Uste du gutxienez aipatu beharko litzatekeela non konputatzen diren, eta lehenagoko xehetasun-azterketetan agertzen zirela, eta orain desagertu direla.

Uste du UPSaren eta lehenagoko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen determinazioek ulertzen zutela UPSak ez zuela nahiko aparkaleku-plaza gainazalean; gogorarazten du, ordea, eraikigarritasunaren handitzearen ondoren ez zirela aparkaleku-plaza berriak sortu; alde horretatik, BF1 lurzatirako proposatzen den fitxak hausten du AR1eko hirigintza-araudi partikularra.

Erantzuna:

Aldaketa honek BF1 lurzatiari eragiten dio, eta lurzati hori udalez gaindiko zuzkidurarako lagapeneko lurzatia da, eta haren eraikigarritasunak ez du zuzkidura publikoen erreserbarik sortzen (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.6 artikulua).

Hala ere, alegatzaileek ematen dituzten datuei buruzko kontsiderazio batzuk egin behar dira.

Aparkalekuetarako erabiliko diren erreserben eremua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.4. artikuluan ezarritakoa, sektorea da, kasu honetan, Erripagañako UPSeko AR-1a hartzen duena oso-osorik, eta ez bakarrik BF1 lurzatia.

Erripagañako UPSan 2010ean egin zen aldaketarekin bat etorriz (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), bizitegi-erabilerarako eraikitako azalera, guztira, 594.833,98 m² da; hirugarren sektorerako eta merkataritzarako eraikitakoa 13.767,81 m² da; gainazalean dauden aparkaleku plazen kopurua 4.104 da eta zenbatesten den etxebizitza kopurua, 5.372 (memoriaren 7. oharra).

Aipatu aldaketa onetsi zen unean, hauxe zen artikuluaren idazketa (Hirigintza eta etxebizitza arloko premiazko neurriei buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 53.5 artikulua): “Lurzoru urbanizagarri sektorizatuan eta/edo bizitegietarako hiri lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspenean, gutxienez, bi plaza jarriko dira sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren 100 metro karratuko zati bakoitzeko, garajeetarako tokia kenduz, erabilera publikoko espazioetan gutxienez 0’7 plaza jarriko delarik etxebizitza bakoitzeko eta aparkaleku-plaza bat merkataritzako edo hirugarren sektoreko erabileretako ehun metro karratuko.”

Beraz, hona aldatu den artikuluaren testua aplikatuz gero, gutxienez 3.899 aparkaleku-plaza beharko lirateke (3.761 etxebizitzetarako, eta 138 hirugarren erabilerarako eta merkataritzarako). Ordea, espazio publikoan 4.104 plaza aurreikusten dira. Edonola delarik ere, gogorarazi behar da ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren arabera (Hirigintza eta etxebizitza alorreko premiazko neurriei buruzkoa, zeinaren babesean tramitatu baitzen 2010eko UPSaren aldaketa hori), “eraikigarritasunaren handitzea dakarten aldaketak onesten ahalko dira, baldin eta bizitegi-garapenari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak oztopo ez badira aldaketa horietarako, eta handitzea, gehienez ere 100eko 30ekoa bada, horien zehaztapenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe”; beraz, bizitegirako, eta hirugarren sektorerako/merkataritzarako eraikitako azalera osoak, zuzkidurarako eta zerbitzuetarako espazioen erreserbak betetzeko, 454.648,67 m² eta 13.639,74 m² dira, hurrenez hurren.

Beste alde batetik, aipatu behar da ez dela atzeman fitxak hausten duenik AR1-i buruzko hirigintza araudi partikularra. Alde horretatik, esan behar da Erripagañako UPSaren araudiaren 103. artikuluan bildutako determinazioak ez direla aplikatzekoak BF1 lurzatiari, A, B, C, D, E, F, G eta H lurzatiei baizik.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.8 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Harri-lubeta baten beharraren determinazioa falta da, eta sustatzaileak dagoeneko proiektua lizitatu du.”

Alegazioa aurkezten duen elkartearen arabera, BF1 lurzatiaren fitxak jaso beharko luke, betebehar bezala, mendi-hegalari eusteko obrak, zeren 2020ko martxoaren 6an bertan behera geratu zen lizitazioan aintzat hartzen baitzen mendi-hegalari eutsi beharra BF1 lurzatian eraiki ahal izateko. Uste du horrela nahi dena dela behar hori goiko lurzatira (2546) pasatzea (lurzati hori Iruñeko Udalarena da), eta horrela hirugarren baten eskubideak bidegabeki baldintzatzen direla.

Erantzuna:

Urbanizazio obrak zerrendatzea edo definitzea (eusteko behar diren obrak, kasurako), ez da lurraldearen antolamenduaren edo hirigintza antolamenduaren xedea. Espazio komunen edo lagapenekoen urbanizazio-obren definizioa urbanizazio-proiektuen xedea da. Bestalde, lurzati eraikigarrien barruko urbanizazio-obren zerrenda edo definizioa egitea dagozkien eraikuntza-proiektuen xedea da.

Eraikuntza-proiektuetan definitutako obrak, lurzatien barruko urbanizaziokoak, besteak beste, lurzoruaren jabeen kontura izanen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 96. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aurrekoa gorabehera, barne urbanizazioan bizikleta-erreiari eta erripako parkeari segida ematea sartzen denez, alegazioari kasu eginez eta okerrik egon ez dadin, egoki jotzen da urbanizazioaren fitxan gaineratzea lurzatiaren barne urbanizazioaren obrak lurzatiaren jabearen kontura izanen direla. Horrek, kasu honetan, esan nahi du erriparen parkea handitu behar dela eta oinezkoen eta bizikleten ibilbideari segida eman, baita, hala badagokio, beharrezkoak diren euste-obrak ere, lurzatian egin beharreko eraikuntza eta urbanizazioa behar den moduan gauzatzeko.

II.3 alegazioa ezestea proposatzen da.

Inés Dominguez Sasal andreak, Iruñeko Udalaren Kudeatzailetza ordezkatuz, aurkeztutako alegazio idazkia (2020/07/24an, 2020/612176).

II.3.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioan egiten den kontsiderazioa da proposatzen den UPSaren aldaketak eskatzen duela herritarren parte-hartze prozesu bat tramitatzea, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluaren babesean.

Kudeatzailetzaren ustez, jarduketak gizartean eztabaida handia eragin duenez eta auzokoentzat interesa duenez, tramitazioak ahalik eta bermerik handiena izan beharko luke informazioaren eta gizartearen parte-hartzearen aldetik. Gainera, jarduketa publiko bat denez, administrazio publikoaren jarduera zuzentzen duen gardentasunaren printzipioaren arabera, gomendagarria dirudi parte hartzeko prozesu bat egitea, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluaren helburua betetzeko.

Aldi berean, esaten du udalez gaindiko zuzkidurako Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzati bat antolatzeak berak eskatuko lukeela UPS bat onetsi behar izatea; izan ere tramitatzen ari den aldaketaren edukiak eta norainokoak gomendagarri egiten dute parte hartzeko prozesu bati ekitea, UPS bat tramitatzean egiten den bezala.

Beste alde batetik, uste du udal antolamenduaren elementu egituratzaile bat dela, Iruñeko Udal Planak parke izateko gordetzen zuena, herritarren parte-hartzerik izan ez duten tresnen bidez bilakatu dena.

Azkenik, uste du hiri-lurzoru finkatuan etxebizitzen eraikigarritasuna handitzea dakarten indarreko plangintzaren aldaketek herritarren parte hartzeko prozesu bat eskatzen dutela.

Erantzuna:

Herritarren parte hartzeko prozesu bat tramitatzearen beharrari buruz, ikusi II.2.2. alegazioari emandako erantzuna.

Beste alde batetik, argitu behar da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikuluaren arabera, Lurzoruaren Foru Bankua ez dela sistema orokor bat, udalez gaindiko zuzkidura bat baizik. Zuzkidura hori plangintzak aurreikusi behar duen erreserba bat da, nagusiki bizitegi-erabilera duten lurzoru urbanizagarriko sektoreetan, etxebizitzak eraikitzeko edo babes publikoko beste bizitegi-erabilera batzuetarako. Azaleraren arabera, udalaren ondarearen parte izatera pasatuko dira, edo Lurzoruaren Foru Bankukoak izatera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 234. artikuluaren arabera, eta beren destinoa 236. Artikuluan jasotakoa izanen da. Beraz, ez gaude ados Kudeatzailetzarekin, esaten duenean etxebizitza publikoa eraikitzeko UPS baten bidezko plangintza espezifiko bat behar dela, legeak deskribatu diren mekanismoak eskaintzen dituelako.

Iruñeko Udal Planaren prebisioari dagokionez, ikus II.1.4. alegazioari emandako erantzuna. Beste alde batetik, aipatu behar da aldaketak ez duela proposatzen eraikigarritasunaren gehikuntza; horri dagokionez, ikus II.2.3. alegazioari emandako erantzuna.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.3.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Interesdunak uste du antolamendu berriaren azterketa eremua ez dela nahikoa, eta sektoreko gainerako eremuetara zabaldu behar dela, oraindik gauzatu gabe dauden zuzkiduretara eta eremu libreetara.

Kudeatzailetzaren aburuz, UPSak definitu behar du Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatien antolamendu xehatua, eta ez da aski xehetasun-azterketa batek edo haren aldaketek definitzea, horiek ez direlako horretarako tresna egokiak, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 63.2 artikuluaren arabera. Gainera, uste du aldaketak bere baitan hartuko beharko lituzkeela, gutxienez, Lurzoruaren Foru Bankuaren bi lurzatiak, indarra daukan UPSak ez duelako aintzat hartzen bi lurzati horien antolamendua, ezta eraikigarritasunaren kuantifikazioa ere. Hori horrela, Lurzoruaren Foru Bankuaren bi lurzati horiei buruzko xehetasun-azterketen baliozkotasuna eta indarraldia ezbaian jartzen du.

Alegazioan esaten da aldaketa honekin BF1 lurzatiaren antolamenduari eman behar zaiola tokiarekin lotuago dagoen erabilera; tokiarekin ez ezik, Erripagaña-Iruñaren eta Erripagaña-Burlataren artean dagoen jarraitutasun faltarekin ere. Azken horri dagokionez, ohartarazten du AR-2ren merkataritza erabilera murrizteko nahiak aukera bat ematen duela konexio desiratu hori lortzeko eta espazio zentral bat sortzeko.

Horregatik, Kudeatzailetzak uste du aldaketaren eremua zabaldu behar dela, sektorearen gaurko egoera aztertuz (batez ere oraindik gauzatu gabeko ekipamenduetarako eta espazio libreetarako lurzoruak), baita AR-2ri buruz tramitatzen ari den proposamen berria ere, horrela jakiten ahalko delako zein den etxebizitza berrien kokapen onena.

Erantzuna:

Xehetasun-azterketen eta beren ondorengo aldaketen baliozkotasun eta indarraldiari buruz, eta AR-2ren proposamen berriari buruz, ikus II.2.1 eta II.1.8 alegazioei emandako erantzunak, hurrenez hurren.

Beste alde batetik, aipatu behar da UPSa onetsi zela plan partzialaren garapenarekin, eta determinazio egituratzaileak eta xehatuak dituela. Alde horretatik, baieztatzen ahal da BF1 eta BF2 lurzatien antolamendu xehatua, baita UPSaren gainerako lurzatiena ere, Erripagañako UPSan ezarrita dagoela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 49.3 artikuluaren arabera. Eremu batzuetan zenbait determinazio (lerrokadurak, gehieneko altuerak, eta abar) zehaztuta ez egoteak ez du esan nahi haien antolamendu xehatua ezarrita ez dagoenik, determinazio horiek libreak direla baizik. Hala gertatzen da, izan ere, Erripagañako zuzkidurarako lurzati guztietan. Lurzati guztietan ezaugarri hauek zehazten dira: kokapena, azalera eta kalifikazioa (sanitarioa, hezkuntzakoa, kiroldegi publiko balio aniztuna, publiko balio aniztuna eta etxebizitza babestuak edo titulartasun publikoko beste bizitegi-erabilera batzuk). Gainerako determinazioak, gehieneko altuera, lerrokadurak edo eraikigarritasuna, esaterako, libre ulertu behar dira, ez mugatzeko edo baldintzatzeko eta, horrela, eraikiko diren unean zuzkidurarako beharrei erantzuteko. Bestalde, nahiz eta egin zezakeen, UPSak ez du behartzen zuzkidurarako lurzati horietan ezarri gabeko determinazio xehatuak edo libreak eraiki aurretik finkatzera. Hain da horrela ze eraiki diren UPSko lurzatietan (bizitegi-erabilerarako gehienak eta kiroldegi publiko balio aniztunaren zuzkidurarako lurzati bat) ez baita beharrezkoa izan aldez aurretik garapen-tresnarik onestea.

Beraz, ezin gara bat etorri Kudeatzailetzarekin, esaten duenean indarra duen UPSak ez duela biltzen Lurzoruaren Foru Bankurako lurzatien antolamendu xehatua, eta beraz eraikigarritasuna librea dela.

Aurrekoa gorabehera, Kudeatzailetzak daukan kezkak, sektore guztiari buruz gogoeta egitea beharrezkoa delakoak, ezin gaitu eraman lurzatien zuzkidurarako eskaerak alboratzera. Une honetan, Erripagañan osasun etxe bat eraikitzea aurreikusten da. Eskaera horri atzeratu ezin den bezala UPSari buruzko gogoeta orokor bat egiteko amoreagatik, ezin da alokairurako etxebizitza babestuen eskaera erantzun gabe utzi, behar duen presarekin. Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatian eraikitzeak behar batzuei eta eskaera bati erantzuten die, halako etxebizitzen eskaera dagoela frogatzen baitute etxebizitza babestua eskatzen dutenen erroldaren datuek (Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuak). Datu horien arabera, 2020ko ekainean, Iruñean alokairuko etxebizitza babestuaren eskatzaileak 9.147 dira.

Lurzoruaren Foru Bankuaren kokapen aldaketaz, ikus II.1.9. alegazioari emandako erantzuna.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.3.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Proposatzen den antolamendu berriak inguruaren eskakizunei erantzun behar die.”

Iruñeko Udalaren Kudeatzailetzak adierazten du Erripagañako lehen UPSaren berrikuspenari egindako alegazio batean esaten zuela Iruñeko Udal Planaren irizpidea zela erripak eta mendi-hegalak ez okupatzea. Bere ustez, nahiz eta mendi-hegala BF1aren ondoko lurzatian okupatu den, posible da aldaketa honen eremua espazio libre gisa mantentzea, Lurzoruaren Foru Bankua lekualdatuz UPSaren ekipamenduko eta berdeguneko beste lursail batzuetara.

Beste alde batetik, uste du planteatzen den eraikuntzak kalearen eredu-sekzioa hausten duela, altuera gutxiagoko eraikin bat proposatzen duelako. Uste du horrek zentzua lukeela lurzatian ekipamendu publiko bat ezarriko balitz. Gainera, uste du Ángel Postigo Mejías kaletik datorren ikusizko irekiera ez dela desagertu behar eta ez litzatekeela planteatu behar Erripagañarenak ez diren morfologiarik Madril eta Diego Salva Lezaun kaleen izkinan.

Eraikuntza gehikuntzari dagokionez, Lurzoruaren Foru Bankuaren egungo estandarrak betetzeko justifikatzen dena, alegazioaren arabera ez litzateke nahitaezkoa izanen egokitzea hiri-lurzoruan lurzoru urbanizagarrirako ezarritako estandarrak, are gehiago hori aplikatzeak horrelako lurzati baten antolamendua arriskuan jartzea badakar.

Erantzuna:

Lurzoruaren Foru Bankua lekualdatuz UPSaren ekipamenduko eta berdeguneko beste lursail batzuetara, aldaketa honen eremua espazio libre moduan uzteko aukerari buruz, ikusi II.3.2. alegazioari emandako erantzuna.

Mendi-hegalaren okupazioari buruz eta inguruari moldatzeari buruz, ikus II.1.1, II.1.4 eta II.2.3. alegazioei emandako erantzunak.

Proposatutako gehieneko altuerei dagokienez, esan behar da asmoa dela , Erripagañako altuerei egokituz, altuerarik handiena lurzatiaren izkinan egin nahi den eraikinean kontzentratzea, eta gainerako eraikinena txikiagotzea; horrela eragozten da hesi bat sortzea, sortuko litzatekeena elkarren ondoko eraikinen altuera bereko eraikinak eginez gero, alegatzaileak esaten duen bezala, eta gainera lortzen da kalera eta Madril kaleko eraikinetara argi gehiago sartzea.

Azkenean proposatzen den antolamenduan, Ángel Postigo Mejías kalearen ikuspegia partzialki mantentzen da, alegazioaren arabera desagertu behar ez dena, eta beste bat sortzen da BF1.1 eta BF1.3 azpilurzatien artean.

Alegatzaileak eraikigarritasunaren gehikuntzatzat hartzen duenari buruz, ikus II.2.3. alegazioari emandako erantzuna.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.4

Francisco Jimenez Buendia jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia
(2020/7/26 egunean, 2020/615523).

II.4.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Koherentziarik eza Nafarroako Gobernuak argitaratutako eraikigarritasun-planteamenduekin”.

Alegatzaileak eskatzen du BF1.3 lurzatiaren eraikigarritasuna bertan behera uztea, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu baitzuen lurzatian eraiki beharreko etxebizitza-kopurua erdira jaisteko. Uste du aldaketak proposatu behar duela BF1.3 lurzatiaren erabileraren aldaketa, halako moldez non Belosoko erripako ingurumena eta balio ekologikoa zainduko baitira, Arga ibaiaren ibai parkea den igarobide berdearekin komunikatuz.

Erantzuna:

Lurzatiaren eraikigarritasunari dagokionez, etxebizitza gutxiago eraikitzeari dagokionez eta BF1.3 lurzatiaren erabilera aldatzeari dagokionez, ikus II.2.3, II.1.1 eta II.1.9 alegazioei emandako erantzunak, hurrenenez hurren.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.4.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Arrisku geoteknikoen (edafikoak eta egiturazkoak) eta horiek jasangarritasunean duten eraginaren azterketarik eza.”

Alegatzaileak uste du dokumentuak ez duela azterketa tekniko ganorazkorik, eragin geologikoa bermatu eta zainduko duena, eta esaten du gertaera egiaztagarriak direla ukitutako mendi-hegalean zunda batzuk jarri direla, Leoncio Urabayen kaleko gainazalean arrakalak agertu direla, eta zuhaitz espezieen hazkundearen norabidea desitxuratu dela.

Bere ustez, arrisku hauek ondorio larriak edukitzen ahal dituzte, eta Belosoko eta aldaketaren eremuko etxebizitzei eragin, batez ere BF1.3 lurzatian, bi malda ezberdin baititu.

Eskatzen du UPSaren aldaketan sartzea arrisku geologiko eta hidrodinamikoen azterketa bat, arrisku horiek eragindako eraikuntza bertan behera uzteko.

Beste alde batetik, esaten du informazio geologikoa eskatu zuela gobernu irekia atariaren bidez, eta informazio hori ez zaiola eman. Beraz, berriro eskatzen du, baita epea luzatzea ere, denbora izateko alegazio berriak egin ahal izateko.

Erantzuna:

DB-SE-C Cimientos Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin bat, azterketa geoteknikoa egin behar da eraikinak gauzatzeko proiektua hasten denean. Beraz, hirigintza plangintzarako tresnak idazterakoan ez dira azterketa horiek egiten. Beste alde batetik, kontuan hartu behar da gobernu irekiaren bidez eskatutako informazio geologikoa ez emateak ez duela zerikusirik prozedura honekin, eta beraz ez dio eragiten.

Arriskuei dagokienez, ikus II.1.3 alegazioari emandako erantzuna.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Azken dokumentu honetan jendaurrean jarritako dokumentazioaren xehetasuna eta zehaztapena.”

Interesdunak uste du dokumentuaren xehetasun maila askoz txikiagoa dela aurreko tresnetan ematen zena baino, batez ere BF1.3 lurzatiari dagokionez, non espazio eraikigarria maximizatu nahi baita, itxuraz eraikuntzari buruzko egiazko azterketa egin gabe. BF1.3 lurzatiari eutsiz gero, azaleraren eta bolumetriaren xehetasun eta justifikazio azterketa bat ere eskatzen da.

Erantzuna:

Ez da lurralde edo hirigintza plangintzako tresna baten berezko edukia eraikuntza obren definizioa, baizik eta ezartzea “obra onargarrien mota eta eraikinek bete behar dituzten baldintzak arautzea, bai eta horien morfologia eta tipologia ere” (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 49. artikulua). Alde horretatik aldaketak eraikuntza-bolumen bat finkatzen du, eraikinak herritarren beharrei eta inguruari hobekien egokitzeko moduan. Bestalde, aldaketaren determinazioek bermatzen dute eraikinak tokirik baxuenetan kokatuko direla, parkeari jarraitutasuna emateko.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Eremuko mugikortasunaren benetako inpaktuaren azterketa, biztanleriaren dentsitatea handitzearekin lotuta.”

Alegatzaileak esaten du aldaketak ez duela mugikortasun azterketarik, eta hori, indarra duen legeriaren arabera, beharrezkoa dela. Adierazi du gaur zirkulazio arazoak eta auto-ilarak daudela Madril kaletik Sarrigurengo errepiderako sarbidean, egunaren zenbait unetan, eta alde horretako dentsitate handiagoak arazoak handiagotuko dituela.

Erantzuna:

Sektorearen antolamendu xehea, AR1 oso-osorik hartzen duena, Nafarroako Gobernuaren 2004ko ekainaren 28ko erabakiaren bidez ezarri zen, erabaki horrek onetsi baitzuen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala berraztertzeko espedientea (2004ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa).

Alegatzaileak aipatzen duen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen artikulua, mugikortasun jasangarriari buruzkoa, sektoreen antolamendu xehea ezartzen duten plangintza-tresnek sortzen duten mugikortasunari buruzko azterketa nahitaezkoa dela esaten duena, lege honek gaineratu zuen: Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legea.

Aldaketa honen xedea ez da Erripagañako AR1 sektorearen antolamendu xehea ezartzea; beraz, ezin da exijitu sortzen den mugikortasunaren azterketa.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

III.

Hasierako onespena ematen duen 9E/2020 Ebazpenaren determinazioak

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 9E/2020 Ebazpenak, aldaketa hasiera batean onesten duenak, ezartzen du espedientea ebatzi baino lehen sustatzaileak osatu beharko duela, hainbat auzi kontuan hartuta.

2020ko abuztuaren 31n, espedientearen sustatzaileak beste dokumentu bat aurkeztu du, eta bertan, alegazioei emandako erantzunaren ondoriozko aldaketez gain, honako aldaketa hauek ere jaso ziren, auzi horiei erantzutearen ondorioz:

–Aldatu egiten da Araudiko “erdisotoaren” definizioaren bigarren paragrafoaren idazketa, eta zehazten da koten arteko aldea espaloien artekoa edo eraikinaren hormatea mugatzen duten lerrokaduren ondoko espazio publikoaren urbanizazkioaren artekoa izan dadin.

–Azpilurzatietan banatzearen kontsiderazio orientagarria ezabatzen da; antolamenduaren ondorioetarako, azpibanaketa hori erabakigarria da, antolamendu-parametro batzuk azpilurzati bakoitzerako finkatzen baita. Argitzen da banaketa horrek ez duela eraginik programazioan edo eraikuntza-faseetan.

–Halaber, fitxaren determinazio orokorren barruan sartzen da azpilurzati bakoitzaren azalera, eta azpilurzati bakoitzerako, sestra gaineko solairuetan eraikitako gehieneko azalera.

–Lurzatiaren arau-fitxatik kendu da lerrokaduretatik kanpo dauden larrialdietarako eskailerak eta atarietarako sarbideak ez direla zenbatzen.

–Lurzatiaren arau-fitxari determinazio hau gaineratuko zaio: “Azpilurzati bat bakarrik garatzen bada, ibilbide ziklistaren jarraitutasuna lurzatian bermatuko da”.

–Gaineratzen da, bai O02 planoaren plano eraldatuen zerrendan, bai Memoriaren 4. apartatuaren amaieran, aldatzen diren UPSko sekzioen planoen zerrenda (12-Antolamendua-5., 6., 7. eta 8. sekzioak, eta 13-Antolamendua-9., 10. 11. eta 12. sekzioak).

Bestalde, sustatzaileak honako aldaketa hauek sartu ditu dokumentuan, baina ez dituzte aldatzen jendaurrean jarritako BF1 lurzatiaren arau-fitxan jasotako hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak:

–Sestra gaineko lurzati eraikigarriaren azalera eta sotoak/erdisotoak okupatzen ahal duen lurzoruaren gehieneko azalera grafikoki eta idatzita biltzen ziren. Bikoiztasun hori ezabatu da, eta planoek zehazten dituztenak uzten dira, uste delako determinazio hauek bikoiztuta zeudela eta argiago gelditzen direla grafikoki adierazita.

–Fitxan argitzen da lurzatiaren erabilera publikorako espazioa erabiltzen ahalko dela garajeen aireztapenaren sarrerak eta irteerak egiteko, eta plangintzak ez duela sotloaren solairu kopurua mugatzen.

IV.

Txosten sektorialak

Espedientean txosten hauek jaso dira:

IV.1. Etxebizitza Zerbitzua.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Ataleko buruak txosten hau eman du 2020ko maiatzaren 28an: “Etxebizitza Zerbitzuak ez du eskumenik planteatzen diren aldaketa xeheei buruzko txostena egiteko; eta gainerako determinazioak eta erabilerak bere hartan mantentzen direnez, eta ez dietenez eragiten uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 54. artikuluak biltzen dituen etxebizitza babestuaren erreserbarako eskakizunei, bidezkoa da proposamenaren aldeko txostena egitea, zerbitzu honek eskumena duen alderdietan”.

IV.2. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak, 2020ko abuztuaren 31n, txosten hau eman du: “Aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta gero, ikusi da eraikinak maldaren beheko aldera mugitu direla, gaur egun onartuta dagoen antolamenduarekin alderatuz gero. Aukeratu den kokapen berriak, Babes Zibileko Zerbitzuan dauden arriskuei buruzko datuak kontuan hartuta, ez dauka uholde arriskurik, ezta beste arrisku espezifikorik ere. Salbuespenez, arrisku sismiko apala badauka, ordea (espero den intentsitatea, 7. mailakoa, 475 urteko errepikatze-denbora baterako). Zolatutako azalera eraikian jariatze-urak handitzea ekar dezakeen handitzerik ere ez da atzeman.

Hori guztia ikusita, babes zibilaren aldetik, arriskuei dagokienez, ez dago aldaketa aipagarririk orain onetsita dagoen UPSarekin alderaturik. Beraz, jakinarazten da ez dela eragozpenik ikusten proposatutako aldaketa egiteko.”

IV.3. Ingurumen Eraginaren Atala.

Ekainaren 30ean, Ingurumeneko zuzendari nagusiak txostena eman zuen, zeinean ateratzen duen ondorioa baita “Erripagañako UPSa aldatzearen helburua, BF1 Foru Bankuaren lurzatian (5. poligonoko katastroko 2544. lurzartia) lurzatiko lerrokadurak eta sestrak aldatzea da, eta baldintza morfologiko batzuk ezartzea eraikinetarako eta lurzatia antolatzeko eta inguruan integratzeko (oinezkoentzako eta bizikletentzako konexioak, eta berdegunea erriparen parkearekiko segidan kokatzea). Beraz, ez dira aldatzen eremuaren, erabileraren eta xedearen determinazioak, Erripagañako UPSan ezarri zirenak, Nafarroako Gobernuaren ekainaren 28ko erabakiaren bidez (2004ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa). Indarra duen UPSaren arabera, lurzati hau udalez gaindiko zuzkidurakoa da, lagapenez lortua, eta alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) eraikitzeko da. Kontsulta, UPSaren aldaketaren helburua eta jarduketa-eremua aztertu eta gero, ondorioa da lerrokaduren eta sestren aldaketek doitzen dituztela determinazio xehatuak, baina ez dutela funtsezko aldaketarik ekartzen indarra duen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamenduan eta proposamenetan; beraz, ez da sartzen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6.2 artikuluek ezartzen dituzten baldintzetan”.

IV.4. Iruñerriko Mankomunitatea.

–Iruñerriko Mankomunitatearen Azpiegituren zuzendariak, 2020ko ekainaren 9an, txosten hau eman du: “BF1 lurzatian definitu diren lerrokadurak eta sestrak aldatzea proposatzen da, eraikinak Madril kalera hurbiltzeko, erripako parkea askatzeko eta inguruko hiri-bilbeari jarraitutasuna emateko. Halaber, hainbat baldintza morfologiko ezarri nahi dira eraikinetarako eta lurzatiaren antolamendurako. Beste asmo bat da eraikinen integrazioa hobetzea eta lurraldearen indusketa minimizatzea, malda-baldintza jakin batzuk dituen lurzatietan; horretarako, aldaketaren xedea handitzen da, eta erdisotoen erregulazioa sartzen da UPSaren eremu guztia arautzen duen araudi orokorrean, 13. artikuluan, zehatz esateko. Hornidura eta saneamenduaren azpiegiturei dagokienez, txostena aldekoa dela uste dugula jakinarazten dugu.”

IV.5. Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Aireportu eta Aire Nabigazioko Zuzendariordetza Nagusiaren 2020ko urriaren 9ko txostenak adierazi du hirigintza plangintzak Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen planoa erantsi behar duela bere arau planoen artean, eta, halaber, araudian hurrengo paragrafoa jaso behar dela berariaz: “Udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren eremu osoa Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen eremuen barnean dago. Txosten honen I. eranskin gisa gehitu den planoan, Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak irudikatzen dira, eremu hori ukitzen dutenak. Lerro horiek honako hauek zehazten dituzte: eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-zuloak, kartelak, apaingarrien akaberak eta abar) gainditu ezin dituzten altuerak (itsasoaren mailarekiko), lurraren edo objektu finkoen aldaketak (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar), eta bideen edo trenbideen galiboek.”

Nabigazioko Zuzendariordetzaren txostena aldaketaren aldekoa da, zortasun aeronautikoei dagokienez, proposatzen dituzten eraikinek edo objektu finkoek (zutoinak, antenak, kartelak eta abar) ez badituzte zortasun aeronautikoak urratzen.

Aurrekoa gorabehera, txosten horretan gogorarazten da azterlaneko eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako inguru eta guneetan dagoenez, edozein eraikin, instalazio (zutoinak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko beharrezko baliabideak, eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) edo landaketa egiteko, aldez aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren (AESA) aldeko akordioa beharko dela, 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluen arabera (dekretua gaur egun idatzita dagoen moduan); inguruabar hori plangintzaren dokumentuetan jaso beharko da.”

Indarra duen UPSaren testu bateginak (2010ko Erripagañako UPSaren aldaketa, 2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), badauka aipatu testua Abiazio Zibilaren txostenean, zehatz esateko hemen: “7. titulua. Zortasun aeronatutikoak”. Artikulu hori aplikatzekoa denez UPSaren eremu guztian, BF1 lurzatia ere barne, ez da bidezkoa aldaketa honetan oso-osorik errepikatzea.

Halaber, aipatutako UPSaren testu bateginak zortasun aeronautikoari buruzko bi plano ditu:

–31 zenbakikoa planoa – Zortasun aeronautikoak – Aerodromoaren zortasunak eta instalazio erradioelektrikoak (1875/1973 Dekretua).

–32 zenbakiko planoa – Zortasun aeronautikoen proposamena – Aireontzien operazioko zortasuna (Plan zuzentzailea).

Abiazio Zibilak orain bidaltzen duen planoak apirilaren 5eko 248/2019 Errege Dekretuaren zortasunak biltzen ditu (dekretuak aldatu zituen Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak eta 2019ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 1ekoan). 248/2019 Errege Dekretuak honako hau dio zortzigarren puntuan: “Errege dekretu honek Noaingo (Nafarroa) aerodromoaren zortasun aeronautikoak ezartzen zituen uztailaren 5eko 1875/1973 Dekretua ordezkatzen du.”

Beraz, bidezkoa da UPSak biltzen dituen Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen erreferentzia grafikoak gaurkotzea (“31 zenbakikoa planoa – Zortasun aeronautikoak – Aerodromoaren zortasunak eta instalazio erradioelektrikoak 1875/1973 Dekretua”). Aldaketa honetan sartzea ez da ulertu behar dokumentuaren edo UPSaren hirigintza antolamenduaren determinazioen aldaketa bat bezala, indarra duen aplikazio zuzeneko araudi sektorialaren egokitzapen bat bezala baizik, lurralde eta hirigintza plangintzaren gainetik dagoena, arauen arteko hierarkia dela-eta.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren urriaren 30eko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa 13. artikuluari (“Definizioak”) eta BF1 lurzatiari dagokiena, behin betiko onestea. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda, SA da.

3. Indarra duen araudi sektorialaren arabera eguneratzea Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen erreferentzia grafikoa, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialean jasotakoa, Aireportuen eta Aire Nabigazioaren Zuzendariordetza Nagusiaren 2020ko urriaren 9ko txostena ikusita.

4. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ebazpen hau, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Iruñeko Aireportuaren zortasun aeronautikoen plano eguneratuarekin eta espedientearekin batera, orok jakin dezan, eta Etxebizitzako eta Babes Zibileko Zerbitzuetara eta Ingurumen Eraginaren Atalera igortzea.

6. Erabaki hau Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Iruñeko Udalari, enpresa sustatzaileari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

ERANSKINA

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013372