276. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

410/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 23koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez betekizunak, baldintzak eta gomendioak ezartzen baitira desgaitasuna dutenen egoitzetako eta adinekoen egoitzetako egoiliarrak bisitatzeko eta haien irteeretarako.

Nafarroako egoera epidemiologikoak hobera egin du azken asteotan, intzidentzia tasak murriztu baitira; alta, balio horiek halabeharrez eskatzen dute oraindik ere zuhurtziaz jokatzea kontrol estrategiei dagokienez.

Zifra berriak ikusita, zenbait neurri hartuko dira zentro soziosanitarioetako egoiliarrek senitartekoen bisitak izan ditzaten baimentzeko, betiere prebentziozko jarduketak zorroztuz, kutsatzeak ahalik eta neurririk handienean ekiditeko.

Horregatik guztiagatik, eta bat etorriz Osasuneko kontseilariaren 2020ko azaroaren 25eko Foru Aginduan ezarritako gaikuntzarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Bisitak eta irteerak baimentzea desgaitasuna dutenen egoitza-zentroetan, I. eranskinean ezartzen diren betekizun eta baldintzekin bat.

2. Bisitak eta irteerak baimentzea adinekoen egoitza-zentroetan, II. eranskinean ezartzen diren betekizun eta baldintzekin bat.

3. Foru agindu hau jakinaraztea bi mota horietako zentroei.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 23an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Baldintzak eta gomendioak desgaitasuna dutenen egoitza-zentroetako egoiliarren irteeretarako eta haien senitartekoen bisitetarako

Bisitak egoiliarrei.

Heldu den azaroaren 26tik aitzina, baimenduta egonen da erabiltzaileei bisita programatuak egitea. Zentro horietan pertsonen joan-etorri handiagoa izateak berekin dakarren kutsatze arriskua murrizteko xedez, zentroek beharrezko diren neurriak hartu beharko dituzte aipatu bisitak egin daitezen erabiltzaileek erabili ohi dituzten guneen ondoan, non prebentziorako beharrezkoak diren baliabideak paratuko baitira. Era berean, bisitariek zorrotz bete beharko dituzte ezarritako neurriak, egoiliarren osasuna zaintze aldera.

Baldin eta zentro batean COVID-19aren agerraldi aktibo bat badago eta ez badute guztiz independentea den eremu bat kutsatutako pertsonak artatzeko, erabiltzaileek ezin izanen dute bisitarik izan agerraldi horrek iraun bitartean, salbu hil-hurren daudenak. Kasu horretan, arrisku mailari egokitutako prebentzio neurriekin eginen dira bisitak.

Hona egoitza-zentroek hartu beharreko neurriak:

1.–Espazioak.

Berariazko leku bat izanen da bisitak egiteko. Honako hauetan kokatuko da leku hori:

–Kanpoaldean, beharrezko egokitzapen guztiak eginda (karpak, berogailuak...) eguralditik babesteko hala erabiltzaileak nola bisitariak.

–Barrenaldean, bakarrik horretarako erabiliko den toki batean. Ongi aireberrituta egonen da. Leku horrek bere sarbidea izanen du, zentroaren gainerakotik bereiz. Ezin bada, zirkuituak ezarriko dira bisitak hartzeko, erabiltzaileen ohiko joan-etorrietatik aparte.

Leku horien tamainak baldintzatuko du batera egiten ahalko diren bisiten kopurua, bermatu beharko baita bisitarien arteko tartea, eta saihestu erabiltzaileek hartu-emana izatea beren senitartekoak ez direnekin.

Leku horiek kartelak izanen dituzte prebentzio neurri orokorrak oroitarazteko (maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea), baita eskuen higienerako hidrogela eta paperontzia ere.

Bisita bakoitzaren ondoren, erabilitako lekua (mahaiak etab.) garbituko da baimendutako birizidekin, eta une oro ziurtatuko da aireberritzea egokia dela. Barrenaldeko leku horiek aireberritze naturala dutenean, aireberritzea gurutzatua izanen da, airea berritzen dela bermatzeko.

Familiakoek baimena izanen dute, halaber, erabiltzailearekin kanpora ateratzeko, zentrotik hurbil, bisitak irauten duen bitartean, baina une oro tarte fisikoa gorde beharko dute hirugarrenekin.

2.–Antolaketa.

Zentro guztiek prozedura bat izanen dute bisitetarako.

Zentroek zehaztuko dute zer bisita kopururekin bermatzen ahal den higiene eta lekuen aireberritze egokia, kontuan hartuta zer leku duten bisitak egiteko eta egoitzak zer gaitasun duen. Ahal dela, bermatuko da egoiliar bakoitzak astean bisita bat jasotzea, hala nahi izanez gero.

Zentroak arduradun bat aukeratuko du, ikuskari gisa arituko dena, bisitetan prebentzio neurriak kontrolatzeko.

Hitzordua hartuko da aldez aurretik bisita egiteko. Horretarako, goizeko eta arratsaldeko ordutegia egonen da.

Bi pertsonak baino ezin dute egoiliar bat batera bisitatu. Gertatuz gero, ohatuek ere bisitak jaso ditzakete, nork bere gelan. Horretarako, sarbide zirkuitu bat ezarriko da kasu bakoitzean, arrisku mailari dagozkion prebentzio neurriekin.

Bisitek 60 minutu iraunen dute, gehienez ere.

Bisitak erregistratzeko sistema bat ezarriko da, hauek jasotzeko:

I. Bisitaren eguna eta ordua.

II. Bisitarien identifikazio datuak eta lokalizatzekoak, kontaktuei buruzko ikerketa errazteko, beharrezkoa balitz.

3.–Familiakoen eta bisitarien betebeharrak.

Iritsitakoan, senitartekoak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu behar du, egiaztatzeko ez duela COVID-19arekin bateragarri den sintomarik eta ez duela kontaktu esturik izan kasu positibo batekin, eta hitzemateko prebentzio neurriak beteko dituela bisitan.

Senitartekoak FFP 2 motako maskara eraman beharko du, eta eskuen higienea egin zentroan sartzean.

Gomendatzen da bisitaria egoitzara etxetik joatea zuzenean (ulertzen baita beste toki batetik joaten bada, kutsapena gertatzeko arriskua areagotzen dela).

Ez da baimenduko ezer ematea zuzenean egoiliarrari. Egoitzako langileei emanen zaie edozein gauza, desinfekta ditzaten erabiltzaileei helarazi baino lehen. Ez da janaririk edo antzekorik emanen.

Gogoraraziko da ezen, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero bisitaren ondoko 14 egunetan, konpromisoa duela horren berri jakinarazteko egoitzako zuzendaritzari.

4.–Egoiliarrek bisitan hartu beharreko neurriak.

Bisitaren aurretik, eskuen higienea eginen du.

Egoiliarrak COVID-19a izan badu, maskara kirurgiko bat eramanen du bisitan. Izan ezean, FFP2 motako bat emanen zaio, jarrita edukitzeko bisitak iraun bitartean (posible baldin bada). Egoiliarraren ezaugarriengatik, ezin badu FFP2 motako maskara jantzi, IIR motako maskara kirurgiko bat emanen zaio.

Kontaktu fisikoa ahalik eta gehien murriztuko da, erabiltzaileen ezaugarriak kontuan hartuta.

Bisita bukatutakoan eta ohiko jardunera itzuli aurretik, higiene neurri orokorrak hartuko dira, beharrezkoak direnak kutsatze arriskua murrizteko: maskara kentzea, eskuen higienea, arropa aldatzea beharrezkoa bada, etab.

Egoiliarrak zentrotik ateratzea.

Ez da inola ere baimenduko zentrotik atera daitezen COVID-19a dutenak edo kontaktu estua izateagatik berrogeialdian daudenak.

Baldintza hauetan baimentzen da ateratzea:

–Ateratzea medikuaren kontsultara joateko (edo antzekoetara, podologiara, kasu), tramite administratiboak egiteko, lana edo antzekoak egiteko. Premia dagoenean ere posible izanen da ateratzea, hala nola lagun egiteko senitartekoei edo adiskideei haien bizitzaren amaieran.

–Paseo terapeutikoak ere baimenduko dira. Arrisku gutxiko irteeratzat hartuko dira. Zentroko langileekin egiten ahalko dira, edo senitartekoekin, bisitak egiteko aldietan (bizikidetza-unitate bereko bi senitartekorekin gehienez). Paseo horietan, ez dago baimenduta ibilgailu pribatua erabiltzea, ostalaritzako terrazetara joatea edo leku itxietara joatea, publikoak edo pribatuak izan.

Irteera guztietan, jende guztiarentzat eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira:

–Nahitaezkoa da maskara eramatea (non ez dagoen inor betebehar horretatik salbuetsita osasun baldintzengatik). COVID-19a izan dutenak maskara kirurgiko batekin atera daitezke. Hura izan ez dutenei FFP2 motako bat emanen zaie, edo IIR motako maskara kirurgiko bat, gaizki jasaten badute aurrekoa.

–Eskuen higienea eginen da egoiliarra zentrotik atera edo sartu baino lehen.

–Irteera horietan, hartu-emana izanen da, soilik, baimenduriko jarduera egiteko ezinbestekoak diren bizikidetza-unitatez kanpoko pertsonekin. Ez da inola ere aipatutakoez bestelako jardunik eginen.

–Kanpora taldeka ateratzea ere baimenduko da, zentroko jarduerak diren aldetik, baldin eta ohiko bizikidetza taldearekin egiten badira irteerak, aparteko garraio batean, eta irteeran ez bada kontakturik izaten beste inorekin.

II. ERANSKINA

Baldintzak eta gomendioak adinekoen egoitza-zentroetako egoiliarren irteeretarako eta haien senitartekoen bisitetarako

Bisitak egoiliarrei.

Kasu hauetan baimenduta egonen da une oro adinekoak bisitatzea, egoera epidemiologikoa edozein dela ere:

–Bizitzaren amaieran.

–Egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzea.

–Egoiliarraren egoera psikoafektiboa oso kaltetua dagoenean.

Zentroko teknikarien irizpideen arabera zehaztuko dira kasu horiek. Halakoetan, eskatzen diren prebentzio neurriak beteta eginen dira bisitak, arrisku mailarako egokiak diren babes ekipamenduak erabiliz bai senitartekoek bai egoiliarrek.

Egoera epidemiologikoa edozein dela ere, halaber, baimenduta egonen da ikusizko eta ahozko kontaktua izatea senitartekoekin egoitzako perimetrotik. Halakoetan, nahitaezkoa izanen da herritar guztientzat ezarritako prebentzio neurriak errespetatzea.

Heldu den azaroaren 26tik aitzina, baimenduta egonen da erabiltzaileei bisita programatuak egitea. Zentro horietan pertsonen joan-etorri handiagoa izateak berekin dakarren kutsatze arriskua murrizteko xedez, zentroek beharrezko diren neurriak hartu beharko dituzte aipatu bisitak egin daitezen erabiltzaileek erabili ohi dituzten guneen ondoan, non prebentziorako beharrezkoak diren baliabideak paratuko baitira. Era berean, bisitariek zorrotz bete beharko dituzte ezarritako neurriak, egoiliarren osasuna zaintze aldera.

Baldin eta zentro batean COVID-19aren agerraldi aktibo bat badago eta ez badute guztiz independentea den eremu bat kutsatutako pertsonak artatzeko, erabiltzaileek ezin izanen dute bisitarik izan agerraldi horrek iraun bitartean, salbu aipatutako hiru kasuetan.

Hona egoitza-zentroek hartu beharreko neurriak:

1.–Espazioak.

Berariazko leku bat izanen da bisitak egiteko. Honako hauetan kokatuko da leku hori:

–Kanpoaldean, beharrezko egokitzapen guztiak eginda (karpak, berogailuak...) eguralditik babesteko hala erabiltzaileak nola bisitariak.

–Barrenaldean, bakarrik horretarako erabiliko den toki batean. Ongi aireberrituta egonen da. Leku horrek bere sarbidea izanen du, zentroaren gainerakotik bereiz. Ezin bada, zirkuituak ezarriko dira bisitak hartzeko, erabiltzaileen ohiko joan-etorrietatik aparte.

Leku horien tamainak baldintzatuko du batera egiten ahalko diren bisiten kopurua, bermatu beharko baita bisitarien arteko tartea, eta saihestu erabiltzaileek hartu-emana izatea beren senitartekoak ez direnekin.

Leku horiek kartelak izanen dituzte prebentzio neurri orokorrak oroitarazteko (maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea), baita eskuen higienerako hidrogela eta paperontzia ere.

Bisita bakoitzaren ondoren, erabilitako lekua (mahaiak etab.) garbituko da baimendutako birizidekin, eta une oro ziurtatuko da aireberritzea egokia dela. Barrenaldeko leku horiek aireberritze naturala dutenean, aireberritzea gurutzatua izanen da, airea berritzen dela bermatzeko.

2.–Antolaketa.

Zentro guztiek prozedura bat izanen dute bisitetarako.

Zentroek zehaztuko dute zer bisita kopururekin bermatzen ahal den higiene eta lekuen aireberritze egokia, kontuan hartuta zer leku duten bisitak egiteko eta egoitzak zer gaitasun duen. Ahal dela, bermatuko da egoiliar bakoitzak astean bisita bat jasotzea, hala nahi izanez gero.

Zentroak arduradun bat aukeratuko du, ikuskari gisa arituko dena, bisitetan prebentzio neurriak kontrolatzeko.

Hitzordua hartuko da aldez aurretik bisita egiteko. Horretarako, goizeko eta arratsaldeko ordutegia egonen da.

Familiako edo adiskide bat baino ez da baimenduko bisita bakoitzean. Salbuespenez, hil aurreko azken egunetan esaterako, baimenduko da familiako bi pertsonak batera egitea bisita. Halakoetan, erabiltzailearen gelan berean egin daitezke bisitak. Ohatuek ere bisitari bat jaso dezakete, nork bere gelan. Horretarako, sarbide zirkuitu bat ezarriko da kasu bakoitzean, arrisku mailari dagozkion prebentzio neurriekin.

Bisitak 30 minutu ingurukoak izanen dira.

Bisitak erregistratzeko sistema bat ezarriko da, hauek jasotzeko:

I. Bisitaren eguna eta ordua.

II. Bisitarien identifikazio datuak eta lokalizatzekoak, kontaktuei buruzko ikerketa errazteko, beharrezkoa balitz.

3.–Erabiltzaileen eta bisitarien betebeharrak.

Iritsitakoan, senitartekoak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu behar du, egiaztatzeko ez duela COVID-19arekin bateragarri den sintomarik eta ez duela kontaktu esturik izan kasu positibo batekin, eta hitzemateko prebentzio neurriak beteko dituela bisitan.

Senitartekoak FFP 2 motako maskara eraman beharko du, eta eskuen higienea egin zentroan sartzean.

Gomendatzen da bisitaria egoitzara etxetik joatea zuzenean (ulertzen baita beste toki batetik joaten bada, kutsapena gertatzeko arriskua areagotzen dela).

Ez da baimenduko ezer ematea zuzenean egoiliarrari. Egoitzako langileei emanen zaie edozein gauza, desinfekta ditzaten erabiltzaileei helarazi baino lehen. Ez da janaririk edo antzekorik emanen.

–Gogoraraziko zaio bisitariari ezen, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero bisitaren ondoko 14 egunetan, konpromisoa duela horren berri jakinarazteko egoitzako zuzendaritzari.

4.–Egoiliarrek bisitan hartu beharreko neurriak.

Bisitaren aurretik, eskuen higienea eginen du.

Egoiliarrak COVID-19a izan badu, maskara kirurgiko bat eramanen du bisitan. Izan ezean, FFP2 motako bat emanen zaio, jarrita edukitzeko bisitak iraun bitartean (posible baldin bada). Egoiliarraren ezaugarriengatik, ezin badu FFP2 motako maskara jantzi, IIR motako maskara kirurgiko bat emanen zaio.

Baimenduko da eskuekin izatea kontaktu fisikoa (egoiliarrak eta senitartekoak elkarri eskua ematea), baldin eta aldez aurretik garbitu badira hidrogelarekin.

Bisita bukatutakoan eta ohiko jardunera itzuli baino lehen, maskara kendu eta eskuen higienea eginen da hidrogelarekin.

Egoiliarrak zentrotik ateratzea.

Ez da inola ere baimenduko zentrotik atera daitezen COVID-19a dutenak edo kontaktu estua izateagatik berrogeialdian daudenak.

Une hauetan, soilik baimenduta dago zentrotik ateratzea medikuaren kontsultara joateko (edo antzekoetara, podologiara, kasu), tramite administratiboak egiteko, lana edo antzekoak egiteko. Premia dagoenean ere posible izanen da ateratzea, hala nola lagun egiteko senitartekoei edo adiskideei haien bizitzaren amaieran.

Egoitzek “leku seguruak” baldin badituzte, egoiliarrak atera daitezke hara paseatzera, bakarrik edo zentroko langileek lagunduta, leku horiek horretarako gaituta dauden orduetan.

Irteera guztietan, jende guztiarentzat eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira:

–Nahitaezkoa da maskara eramatea (non ez dagoen inor betebehar horretatik salbuetsita osasun baldintzengatik). Gomendatzen da IIR motako maskara kirurgikoak erabiltzea egoiliarren irteeretan.

–Eskuen higienea eginen da egoiliarra zentrotik atera edo sartu baino lehen.

–Irteera horietan, hartu-emana izanen da, soilik, baimenduriko jarduera egiteko ezinbestekoak diren bizikidetza-unitatez kanpoko pertsonekin. Ez da inola ere aipatutakoez bestelako jardunik eginen.

Iragarkiaren kodea: F2014172