275. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1092E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Larraungo Udal Planeko aldaketa egituratzaileari buruz. Aldaketa horrek Etxarriko 19. poligonoko 175. lurzatiari eragiten dio.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.2 f) eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Larraungo Udalak 2020ko uztailaren 28an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 13koan.

Aldaketaren xedea da 19. poligonoko 175. lurzatiko 1.316,30 m²-ko azalera baten produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena aldatzea, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.

Aldaketaren eremua herrigunearen ipar-mendebalean dago eta haren mugakidea da. Bestalde, muga egiten du iparraldean bide publiko batekin, ekialdean eta hego-ekialdean 32. eta 33. hiri lurzatiekin, eta mendebaldean eta hego-mendebaldean 171. eta 176. landa lurzatiekin.

Belardi gisa erabiltzen den lurzati bat da, eta bertan ez da ingurumen balio nabarmeneko puntu edo elementurik identifikatu. Ondorioz, proposatu den erabilera aldaketak ez du ondorio nabarmenik izanen ingurumenean eta ez dio eraginen Larraungo lurralde ereduari.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean: Larraungo Udal Planaren aldaketa egituratzailea, Etxarriko 19. poligonoko 175. lurzatian. Goiatz Goñi Camarero-Nuñez eta Garikoitz Mendizabal dira aldaketaren sustatzaileak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Larraungo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2013450