275. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

280E/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago eta Zinarreka SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 364E/2019 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko irailaren 8an, Zinarreka SLk aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen batean adierazi du martxan hasi dela instalazio horren proiektuaren zati bat: zabalkuntza baten ondorioz, 2 nabe egin dira, 129.600 tokiko edukiera dutenak. Beste bi nabe egin behar dira oraindik, proiektuan aurreikusitako guztirako edukiera lortzeko: 204.600 toki. Gainera, aitortzen du proiektatutako berokuntza sistema aldatu duela, gas naturalaren ordez biomasa erabiliko baita erregai gisa. Horretarako, nabe bakoitzean 15 m²-ko lokal bana eraiki da, bakoitzean 523 kW-ko potentzia termikoa duten galdarak gordetzeko.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz aldatzea Oltza Zendeako udal-mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti-instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako espedientean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Zinarreka SL da.

Bigarrena.–Mantentzea instalazioaren ingurumen baimen integratuan jasotako baimen eta inskripzioen indarraldia, lurzoru urbanizaezinari, ingurumen inpaktuaren adierazpenari eta hondakinak sortzeari dagokienez, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean. Ingurumen baimen integratu hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 364E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Zinarreka SLra, Oltza Zendeako Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2013501