275. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1093E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Erroibarko Udal Planeko aldaketari buruz. Aldaketa horrek Aurizberriko 12. poligonoko 41. lurzatiari eragiten dio.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.2 f) eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Erroibarko Udalak 2020ko uztailaren 16an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 20koan.

Aldaketaren xedea da hiri lurzoruen sailean sartzea 41. lurzatiko 442,92 m²-ko azalera bat, egun produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua. Helburua da 41. lurzatiaren hiri lurzoruko turismo instalazioei zerbitzua emanen dien biomasa instalazio bat ezartzea.

Eraikin berria (13 m x 20 m) gaur egun baratze moduan erabiltzen den plataforma batean egonen da, tipologia tradizionaleko eraikuntza ezaugarriak izanen ditu eta, kokalekua dela eta, ez da kaletik ikusiko.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du egin dela Ingurumen Ebaluazio estrategikoa, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean: Erroibarko hirigintzako udal planaren aldaketa, Aurizberriko 12. poligonoko 41. lurzatian. Jose María Eciolaza Ochoa da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Erroibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2013449