275. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 11koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, 2020ko “Biziberri Navarra Rehabilita” saria ematen diena Estíbaliz García Ferreiros andreari eta Iñaki Ciriza Beloqui jaunari.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek, nork bere eskumenen esparruan, etxebizitzak birgaitzea sustatuko dute, eraikinetako elementuak berritu, finkatu, ordeztu edo handitzeko lanen bitartez, eraikinen okupatzaileen beharretara moldatzeko, baina bakoitzaren balio arkitektonikoa, historikoa edo kulturala galarazi gabe, irisgarritasun unibertsalaren eta ororentzako diseinuaren irizpideak kontuan izanda.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eginahal handia egiten du etxebizitzen birgaitzea sustatzeko eta bultzatzeko, eta horretarako lehentasuneko ardatz bat da Etxebizitzen 2018-2028ko Plana. Hala, Nafarroako Gobernuak baditu laguntza lerro garrantzitsuak etxebizitzak birgaitzen laguntzeko: obra txikiak egiteko (2.000 euroko aurrekontua, gutxienez) edo eraikinean egin beharreko erreforma handiak egiteko (inguratzaile termikoak, berokuntzako sistema zentralizatuak, igogailuak). Dirulaguntzak bi motatakoak izan daitezke: norbanakoari edo jabeen erkidegoari emandakoak (aurrekontu babesgarriaren %50erainokoak eta etxebizitza bakoitzeko 25.000 euro bitartekoak). Eta dirulaguntza horiek izapidetzen laguntzeko, bada birgaikuntza bulegoen sare bat, non profesionalek, adituek eta langile kualifikatuek baitihardute. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko bederatzi Bulego daude Nafarroako osoan.

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren eginkizuna ez da bakarrik laguntza lerro garrantzitsuak ezartzea, baizik horiei zabalkundea ematea ere bai, sustatzeko eta hedatzeko ekintzen bidez. Eginkizun horretan aurrera egiten jarraitzeko, “Biziberri Navarra Rehabilita” saria sortu zen Eskubide Sozialetako kontseilariak urriaren 18an emandako 383/2018 Foru Aginduaren bidez, jardunbide egokiak aitortzeko tresna gisa, eta hura arautzeko oinarriak onetsi ziren.

Sariaren helburua da birgaitze babestu nabarmenenak aitortzea, hain zuzen ere honako hauengatik nabarmendu direnak: eraikina mantentzen egindako ekarpenarengatik; gauzatzearen kalitatearengatik; arkitektura arduratsua ezartzeagatik, ingurumenarekin konprometiturik; edo dauden eraikuntzak kontserbatzeagatik horiek berrinterpretatuz eta egungo beharretara egokituz.

Honako hauek osatu dute epaimahaia, sariaren oinarri arautzaileekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Birgaitze Bulego bakoitzaren ordezkari bat, Etxebizitza Zerbitzuko Hiriak Birgaitu, Berritu eta Berroneratzeko Bulegoko burua, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Ataleko burua eta Etxebizitza Zerbitzuko zuzendaria. Epaimahai horrek, bat etorriz oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideekin, erabaki zuen Estíbaliz García Ferreiros andreari eta Iñaki Ciriza Beloqui jaunari ematea saria, Bidaurretako etxebizitza batean egindako zaharberritze lanagatik. Esku hartu dute antzinako eraikin bat eraberritzeko eta ohiko etxebizitzarako birgaitzeko. Eraikina, artegi izateko eraiki zena eta orain erabili gabe zegoena, Bidaurretako herrigunean dago, zeina Iruñerriko herri txikia baita. Eraldaketarekin, eutsi ahal izan zaio harrizko murruko eta teilazko estalkiko tipologia tradizionalari, energiaren aldetik oso efizientea den etxebizitza zabal, argitsu eta irisgarri batean. Eta ekarri du familia unitate bat landa-ingurunean bizitzen gelditzea, eta horrela, populazioa finkatu eta udalerri txiki bat biziberritu da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko “Biziberri Navarra Rehabilita” saria Estíbaliz García Ferreiros andreari eta Iñaki Ciriza Beloqui jaunari ematea.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau igortzea Etxebizitza Zerbitzuari eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 11n.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2013438