270. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 18a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

59/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta zati batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduak aldatu zuena.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta litezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitu, osatu edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horrek aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi zituen. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesia” ezartzen zuen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eteten zuen, mugatzen zuen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena, mugak ezartzen zituen garraio publikoaren jardueran, pertsona kopuru mugatua mantentzen zuen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako, mugatzen zuen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo –parkeak erabiltzeko ordutegia, eteten zuen joko– eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere.

Geroago onetsi zen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz, ezartzen zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasunari jarritako mugak ezartzen ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Agindua onetsi zen, urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua luzatu eta zati batean aldatzen zuena. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezartzen zen, egun hori barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahal zen. Foru agindu hori berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko azaroaren 4ko autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, 45. astean, baieztatutako diagnostiko berrien tasa 360 kasukoa izan da 100.000 biztanleko; hau da, nabarmenki jaitsi da birusaren zirkulazioa, intentsitate ertaina izatera pasatu baita, nahiz eta larritasunaren adierazleak oso handia izaten jarraitzen duen, batez ere ZIUko okupazio mailagatik eta heriotza kopuruagatik. 46. aste honetan, txosten epidemiologikoaren zain gaudela, aurrera jarraitu du diagnostiko berrien beheranzko joerak. Kutsatze kopuruak behera egin du, batez ere etxeen esparruan, “bestelakoak” kategorian, non hartu-eman sozialak ikusten baitira, eta “ezezagunak” kategorian.

Hartutako neurriek batera jarduten dute modu sinergikoan, eta eraginkorrak izan dira kutsatzeak murrizteko, baina denbora gehiago behar da ospitaleratzeak, batez ere ZIUkoak, eta heriotzak murrizteko; izan ere, atzerapena izaten da horrelakoetan, kutsatze kopuruaren joerarekin alderatuta.

Lurraldearteko Kontseiluak COVID-19aren hedapena kontrolatu dadin erantzun koordinatua emateko hitzartu zuen urriaren 22ko jarduketa agirian zehazturiko adierazleen eretzera, eta kontuan harturik nolako intzidentzia mailak eta ospitaleen okupazio mailak ditugun, arrisku balorazioak oso handia izaten jarraitzen du, eta alertak 4. mailan egoten.

Hedapenaren prebentzioak oinarri du herritarren lankidetza eta inplikazioa prebentzio neurriei eusteko orduan, isolamendua eta berrogeialdia barne, baita kasuen eta kontaktu hurbilen identifikazio eta segimendu sistema eta araudi arloko neurriak ere. Epidemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jotzen da, une honetan, neurri murriztaileei eustea.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenaren arabera, nabarmenki jaitsi da azken hamabost egunean SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa egunez egun diagnostikatu zaienen kopurua.

Jaitsiera hori egonkortu da azaroaren 8tik aurrera. Egonkortze horrek esan nahi du beharbada behea jo dela hartutako neurriekin, baina metatutako infekzio tasak oraindik askoz handiagoak dira nazioarteko gomendioetan infekzioa kontrolpean edukitzeko zehazten direnak baino.

Horrek dakarren agertoki epidemiologikoa nabarmenki hobea da duela hamabost egunekoa baino, baina berragertzeen arriskua handia da, gure komunitatean infekzio aktiboa dutenen tasak direla eta. Arrisku hori handituko da hurrengo hilabeteetan, arnasbideetako birusek hedapen handiena duten garaia baita.

Gero eta gutxiago dira larrialdietako arreta, ospitaleratze arrunta eta etxekoa behar dutenak, infekzio aktiboak jaitsi ahala. Jaitsiera hori ere egonkortu da azaroaren 8tik aurrera. Nolanahi ere den, ZIUetan aste bat edo bi behar dira alta emateko egun ospitaleratuta dauden pazienteei eta infekzioen oraingo tasaren berezko maila berreskuratzeko.

Argi gelditu denez, azaroaren 12an ZIUan zeuden pazienteek okupaturik dituzte Nafarroan COVID aurreko garaian zeuden ZIUko ohe guztiak. Zainketa intentsiboetako 40 ohe baino gehiago prestatu behar izan dira ZIUko ohiko oheen gainetik, eta kritikoen lekuen eta bitarteko zainketen erabilera hobetu.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurriei eustea, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte COVID-19aren beharrei eta COVID-19az kanpoko beharrei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera, eta osasungintzako profesionalei bide eman arte beharrezko atsedenaldia hartzeko, pandemia honen olatu gehiago ailegatuko baitira ziur aski.

Horrenbestez, aipatutako txosten teknikoak edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da neurriak 2020ko abenduaren 2ra arte luzatzea, egun hori barne; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Neurrien indarraldia luzatzeaz batera, aldaketa batzuk sartzen dira. Lehenik, xeheago arautzen da zer baldintza bete behar dituzten salbuespenez etengabe joan-etorrian ibiltzen diren langileentzat (garraiolariak esaterako, salgaienak nahiz bidaiarienak) baimentzen ahal diren jatetxeek. Foru aginduan arautzen diren irizpideak garraioaren sektorearekin hitzartu dira, jakiteko zer eskatzen duten, baita alorrean eskumenak dituzten departamentuekin ere. Bestalde, zenbait puntu zehazten dira kirol instalazioen eta jardueren arloetan, hobeki uztartzeko kirola eta osasun neurriak, kutsatzeak saihestera begira.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, hark xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baldintza beretan 2020ko abenduaren 2ra arte luzatzea, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan zehaztutako neurriak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduak aldatu zuen gero.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren puntu hauek aldatzea, honela idatzita geldituko baitira:

“4. puntua.–Ostatuak eta jatetxeak.

4.6. Irekitzeko baimena ematen ahal zaie, salbuespenez, irizpide hauek betetzen dituzten establezimenduei:

a) Establezimenduen ohiko bezeroak bidaiarien nahiz salgaien garraio arloko langileak izatea, hori frogatzen badute C edo D gidabaimenarekin edo kasuan kasuko gaitasun profesionalaren agiriarekin.

b) Establezimenduak gasolina-zerbitzuguneetan kokatuta egotea, hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan, aparkalekua badute bost trailer kamioirentzat baino gehiagorentzat eta bazkarien eta afarien zerbitzua ematen badute.

Orobat, jatetxe zerbitzua baimenduko da, baldintza hauek betez gero:

a) Foru agindu honen 4.6.a) puntuan zehaztutako langileek baino ezin dute zerbitzua eman.

b) Baimendutako establezimenduak itxita egonen dira jende arruntarentzat.

c) Kasu guztietan, osasun-agintaritzak oro har ezarritako higiene eta segurtasun neurriak bete behar dira, eta zehazki, jatetxeetarako ezarritakoak.

d) Establezimenduen jabeek begiratu eta bermatu behar dute une oro betetzen direla osasun segurtasunaren arloko neurriak.”

“12. puntua.–Kirol jarduerak eta instalazioak.

12.1. Debekatuta dago aldagelak, dutxak, iturriak, saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea. Aldagelak eta dutxak erabiltzen ahal dira, soilik, txapelketa ofizial profesionaletan eta nazioko edo nazioarteko txapelketa ez-profesionaletan.

12.2. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Desplazamendua eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Desplazamendurik gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Kasu guztietan, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

12.3. Kirol ekitaldiak eta txapelketak ikuslerik gabe eginen dira. Adingabeen txapelketetan talderik ez badago, eta hortaz, adingabeen erantzule den entrenatzailerik ere ez, adin nagusiko batek laguntzen ahal du adingabe bakoitza, gehienez.

12.4. Kirol profesionala izan ezik, 21:00ak arte egonen dira irekita eta/edo jardunean. Hori hala izanik ere, lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeek eta lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren estatu mailako lehiaketa ofizial ez-profesionaletako taldeek kirol-instalazioak erabil ditzakete 21:00etatik aurrera, baldin eta instalazioaren titularraren baimena badute eta soilik lehiaketak egiteko erabiltzen badira eta ez, orobat, entrenamenduak egiteko.

Entrenamenduak egin daitezke 21:00etatik aurrera uretako talde-kiroletan, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu.”

“14. puntua.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan.

14.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 6 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 8 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 20 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, bai eta 4 metroko garaiera eta aireberritze naturala ere.

14.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuan xedatutakoaren arabera.

14.3. Kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuko aurreikuspenetik, baldin eta egiten badira Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean.

14.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.”

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira azaroaren 19tik 25era bitarte, biak barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, behar diren tramiteak egin daitezen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurretiazko baimen judiziala emateko; halaber, igortzea Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2020ko azaroaren 19an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2013737