27. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4149E/2019 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdia, ETE enpresek 2020an beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza-ekintzak gauzatzeko, eta haren oinarri arautzaileak ezartzen baititu. DDBN identifikazioa: 489954.

Nafarroako Gobernuak adierazi du enplegurako lanbide heziketa bultzatu nahi duela, horren bidez enpresen lehiakortasun eta produktibitate beharrei erantzuteko eta lanean ari diren pertsonen lanbide sustapena gauzatzeko eta garapen pertsonala lortzeko xedeak asetzeko.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena) eta hori garatu eta betearazteko gerora emandako araudiak sistemaren erreforma integrala ekarri dute, eta hori kontuan hartu da deialdi honetan.

Bai irailaren 9ko 30/2015 Legeak, bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak ere, enplegurako lanbide heziketaren ekimenen artean, enpresek beren langileak prestatzeko programatzen dituzten ekimenak biltzen dituzte.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduak, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri zituen. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko beste edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, erakunde onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimenduko du.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hainbat urtez kudeatu ditu dirulaguntza horiek, norgehiagokako araubidean, eta, ondorioz, erakunde autonomo horrek formula berriak bilatu behar ditu, eskaera gehiago aurkez daitezen, modu horretan erantzuna emateko enpresen prestakuntza-beharrei, horrelakorik behar duten unean.

Alde horretatik, banakako ebaluazioaren araubideak laguntzen ahal du ETE enpresen prestakuntza beharrei arinago, azkarrago, eraginkorrago eta dinamikoago erantzuten, bai eta prestakuntza ekimen hori enplegua sustatzeko tresna eraginkorrago eta efizienteago bihurtzen ere.

Gobernuak 2019ko abenduaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, ETE enpresek beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza-ekintzak gauzatzeko.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horien kudeaketa, berriz, osoa zein partziala, administrazio publiko batzuei. Halaber, Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ETE enpresek beren langileentzako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko 2020rako.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. 75.000 euroko guztizko gastua baimentzea, 2020ko gastu aurrekontuko 950002 96200 4709 242102 partidaren kontura: “Langileen enplegurako prestakuntza-ekintzetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala”, edo horretarako gaitzen den antzeko partidaren kontura, betiere aurrekontu-kontsignazioa izatearen baldintzarekin.

4. Adieraztea ezen gehienez ere 200.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko dela. Hori eraginkorra izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea. Hori guztia Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatuz, zehazki, 3.a) 2. kasua, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua handitzeagatik kreditua sortu, handitu edo gehitu delako.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xede da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, ETE enpresek Nafarroako Foru Komunitatean beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko.

2.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

2.1. Modulu ekonomiko bat ezarriko da modalitate presentzialean emandako prestakuntza-ekintza bakoitzagatik, 8 euro parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

2.2. Teleprestakuntzaren modalitatean, moduluaren zenbatekoa ez da 6 euro baino gehiago izanen parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko. Teleprestakuntzako modalitatetzat joko da baldin eta prestakuntza-ekintzaren zati presentziala iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

2.3. Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

2.4. Moduluaren %60, gehienez, lagunduko zaie diruz enpresa ertainei, eta moduluaren %70, gehienez, enpresa txikiei.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroan kokatuta dauden eta, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera, ETE diren enpresa pribatuak oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.

Ondorio horietarako, ETEaren definizioa izanen da Europar Batasunak une oro ezarritakoa.

3.2. Orobat, aurreko atalean aipatutako enpresen elkarteek ere parte hartzen ahal dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarteko enpresa guztiek entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea bukatu arte.

3.3. Aldi baterako laneko enpresak eta beren langileentzako prestakuntza entitate edo zentroak ezin dira onuradunak izan.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean dauden entitateak ezin dira inoiz onuradunak izan.

3.2 oinarrian sartutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta elkarteko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

4.–Prestakuntza-ekintzak.

4.1. Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke prestakuntza-ekintzak, eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

Prestakuntza-ekintzak egiten ez badira, hurrengo deialdietako esleipenetan zigorrak izanen dira, eskema honen arabera:

–%10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago penalizaziorik.

–%10etik gorako ez-gauzatzea, %50eraino: baremoko puntu guztien %20ra arteko penalizazioa.

–%50etik gora eta %100era arteko ez-betetzea: %40ra arteko penalizazioa, baremoaren puntu guztiak kontuan hartuta.

4.2. Prestakuntza-ekintzak garatzeko eta emateko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

ETE enpresek beren langileentzat programatutako prestakuntza-ekimenean, ez da nahitaezkoa izanen prestakuntza-ekintzak aipatutako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan aipatuta egotea. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzen iraupena, edukiak eta horiek emateko baldintzak enpresek beraiek zehaztuko dituzte.

Hala ere, ez dira prestakuntza-ekintzatzat hartuko informazio edo zabalkundeko jarduerak, beren helburua prestakuntza prozesu bat garatzea ez bada, eta edonola delarik ere, bi ordu baino iraupen laburragokoak direnak. Irakaskuntza arautuak, doktorego ikastaroek, graduatu ondoko ikastaroek eta masterrek ere ez dute dirulaguntzarik izanen, ez eta enpresetako harrera prestakuntzak ere.

4.3. Prestakuntza-ekintzak ezin izanen dira atzerrian egin, eta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten direnak diruz lagundu ahal izateko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (aurrerakoan NL-NEZ) aldez aurreko baimena beharko da arrazoi bereziengatik, betiere entitate eskatzaileak eskaera arrazoitua egiten badu laguntza eskatzeko unean.

4.4. Prestakuntza-ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen.

Prestakuntza-ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

4.5. Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza-ekintzak gehienez 30 parte-hartzaileko taldeetan egiteko programatuko dira, edo 25 ikasleko taldeetan, baldin profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideraturik badaude.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gutxienez. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

4.6. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ahalmen nahikoarekin ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta elkarreragin-mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 x 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die NL-NEZeko langile teknikoei, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza-ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da, hots: Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza-espezialitateetarako. Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.7. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikulua eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua.

Deialdi honen ondorioetarako, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak modalitate presentzialean emanen dira.

Gutxieneko prestakuntza diruz lagungarriak bat etorri beharko du prestakuntza modulu osoekin, salbu eta lehenbiziko mailako profesionaltasun ziurtagirien kasuan, profesionaltasun ziurtagiri osoekin bat etorriko baita.

Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. atalean biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiri horren errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

5.–Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak.

5.1. Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan enpresa onuradunetako langileek parte hartu ahal izanen dute, eta Langileen Estatutuan aurreikusitako lan-kontratazioko edozein modalitatetan lan egin beharko dute, edo kooperatibetako eta lan-sozietateetako bazkide langileak izan. Horretarako, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoera hartuko da aintzat.

Prestakuntza hartzen dutenek Nafarroan kokatuta dauden lantokietan eman beharko dituzte zerbitzuak.

5.2. Behin baino ezin izanen da parte hartu prestakuntza-ekintza bakoitzean. Ikasleen inskripzio eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza-ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du, baita parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileek egiten ahalko dute profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza, errege dekretuen araudiaren arabera.

5.5. Prestakuntza-ekintzak prestakuntza modulu bat baino gehiagoko profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta badaude, eta horiek egiteko onartutakoen artean programatutako moduluren bat dagoeneko egiaztatuta duten pertsonak badaude, pertsona horiek ez dute zertan joan egiaztatuta dituzten moduluetara, eta erakunde onuradunek egoera horren berri eman beharko diote NL-NEZi. Ondorio guztietarako, ikastaro osoan bertaratu izan balira bezala joko da, prestakuntza-ekintzaren likidazioari izan ezik; izan ere, entitate onuradunak egiaztatu ez diren moduluak kobratuko ditu bakarrik.

5.6. Prestakuntza-ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute parte hartu NL-NEZek antolatutako beste prestakuntza-ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Ikaslea kanporatua izan bada, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea.

b) Prestakuntza-ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

c) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

d) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

5.8. NL-NEZek prestakuntza-ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

6.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Entitate eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

6.3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.

c) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren fitxa, behar bezala betea. Teleprestakuntzaren kasuan, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztu beharko dira. Prestakuntza-ekintza ez badago Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan, eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzaren programa eta dokumentazio espezifikoa.

d) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza-ekintza bakoitza adierazita.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, ETE izateari buruz.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” inprimakia aurkeztu beharko da.

g) Aurrekoaz gain, NL-NEZek espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta beste edozein administraziotan aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

6.4. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

7.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

7.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

8.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

8.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organo eskuduna.

8.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

8.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

8.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori dagokion ebazpena eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

9.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza-ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren egiaztapen partziala lortzea dakarren ala ez.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

e) Prestakuntza ez badago profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza-ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Bi dokumentuetan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: prestakuntza entitatea, prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, iraupena eta ikastaroa emateko epea.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza-ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

f) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozedura instruitzeko fasean, prestakuntza-ekintzak gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

g) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bidez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bidez eskatu bazaio, betiere ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

h) NL-NEZi jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik hartu den, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek NL-NEZi igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, NL-NEZek, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.

9.2. Gardentasun betebeharrak:

9.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuta daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, urtebetez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

9.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

9.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus) adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, erabakitzen ahalko da arau horretan xedatutako isunak eta zehapenak ezartzea, entitate interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

10.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

10.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza-ekintzak, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera jakinaraziko da, IRIS aplikazio informatikoa erabiliz, prestakuntza-ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntza denean, epe hori 5 egun naturalekoa izanen da.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Aurretik aipatutako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza taldea, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

10.3. Prestakuntza-ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrenda IRIS aplikazio informatikoaren bidez bidaliko da, prestakuntza-ekintzaren orduen %25 eman baino lehen. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak direnean, prestakuntza-ekintza hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan igorri beharko da, baldin eta ehuneko 25eko portzentajea gainditu ez bada.

10.4. Entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. ETE 2020” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

11.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du Dirulaguntza jaso dezaketen gastuei buruzko martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

12.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

12.1. Dirulaguntzaren justifikazioa, moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

12.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

12.3 Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 arteko ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakarra ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60raino, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

Prestakuntza jardueraren hasieratzat hartuko da onetsitako prestakuntza-ekintzen lehen prestakuntza taldea hastea.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta kontura egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

12.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa eta kalitate memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

12.5. Dirulaguntza justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza-ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, edo azken prestakuntza-ekintza egin zenetik hasita, bat baino gehiago egin bada.

Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez bada justifikazioa egiteko, NL-NEZek antzemandako gabezien berri emanen dio entitate onuradunari, horiek zuzen ditzan 10 eguneko epe luzaezinean.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 15. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

12.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

12.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

12.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza-ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza-ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen ehuneko 75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Era berean, justifikazioaren ondorioetarako, parte-hartzaileek prestakuntza-ekintza bukatu dutela ulertuko da gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza-ekintzaren %25 egin badute.

Dirulaguntza justifikatzeko atal honetan ikastaroa amaitutako pertsonatzat hartutakoari buruz ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

13.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

13.1. Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek NL-NEZi igorri beharko diote –12.4 oinarrian aipatutako jarduketa eta kalitate memoriarekin batera– parte-hartzaileen galdera-sorta guztien tabulazioa biltzen duten fitxategien kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza-ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

13.2. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza-ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza-ekintzak nola egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartuko dira etorkizuneko deialdietako balorazioetan, II. eranskinean ezarritakoaren arabera (Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea).

Era berean, NL-NEZek prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide prestakuntzako sistema lanaren eremuan hobetzeko asmoz.

14.–Azpikontratazioa.

14.1. Enpresek beren kabuz antolatu ahal izanen dute langileen prestakuntza, bai eta prestakuntza eman ere, horretarako baliabide propioak erabiliz edo kontratatuz, betiere horretarako egokiak badira.

Enpresa elkarteen kasuan, bakoitzak bere aldetik antolatu ahal izanen du prestakuntza, edo horietako batzuk edo guztiak elkartuta. Elkarteak badira, elkarteko edozein enpresak antolatu ahal izanen du elkarteko langileen prestakuntza bere kabuz, bai eta prestakuntza eman ere, horretarako baliabide propioak erabiliz edo kontratatuz.

14.2. Enpresek prestakuntza osoa edo haren zati bat kanpoko erakunde baten esku uztea erabakitzen badute, erakunde horrek dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatuta eta/edo inskribatuta egon beharko du, dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko.

14.3. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein kontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Prestakuntza-ekintza erabat ez dela bete joko da emandako prestakuntza ehuneko 25era ez iristea (honela neurtuta: orduen kopurua bider pertsona kopurua), eta horrek dirulaguntza deuseztatzea eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du. Prestakuntza partez (%25 baino gehiago) gauzatzen bada, gauzatu ez den zatiaren proportzioan gutxituko da dirulaguntza.

15.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz itzulketa-prozedura, ezarritako prozedurarekin bat, eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

15.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

16.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, baita gainerako garapen-araudiak ere.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

18.–Dirulaguntzen publizitatea.

18.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

18.2. Informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, bai eta zerbitzuak eta programak egiten diren tokietan ere, entitate onuradunek aipamen berezia egin beharko diote Nafarroako Gobernuaren eta Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketari, edo, hala badagokio, haren ordezko ministerioari.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren II. eranskinean deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

19.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Aurkaraturiko ekintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1916857