267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

133E/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Elizagorriako Telekomunikazio Zentroaren zuntz optikoaren bidezko interkonexioa” proiektuari. Sustatzailea NASERTIC da.

2020ko maiatzaren 27an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen 0001-0015-2020-000053 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da PIL 2017-2019 sarearen proiektuan instalatutako D kutxatila, errepideko berman dagoena (0+693 KP, Elizagorriko herrigunearen sarreran, Elizagorriko Telekomunikazio Zentroarekin, Elizagorriko 1. poligonoko 1027. lurzatian dagoenarekin interkonektatzea. Horretarako, 64 zuntz optikoko kable bat jarriko da mikrozangako hoditeria batean, 40 mm-ko diametroa duen PEAD hodi hirukoitzarekin, NA-1120 errepidetik 5+140 KP-ra arte, eta, ondoren, bide batetik, Elizagorriko Telekomunikazio Zentrora iritsi arte. Proiektuan aurreikusita dago pasabideko eta trazatua bukaerako kutxatilak eraikitzea.

Espedientean jasota daude Baso Plangintzarako Atalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Elizagorriako Telekomunikazio Zentroaren zuntz optikoaren bidezko interkonexioa” proiektuari. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Kanalizazioa eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Trazatuak P-17 abelbideari eragiten dionez, jaramon egin beharko zaio Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2020ko ekainaren 23ko txostenari, zeinak esaten baitu:

  • Abelbidearen gaineko gainezarpenak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak dagokion okupazio kanona kobratzea.

–Tasazio balioak:

1.–Jabari osoaren balioa: antzeko finken alderaketa metodoaren bitartez lortutako balioa, apirilaren 13ko ECO/805/2003 Aginduaren 22. artikuluarekin bat: 2 euro/m2

2.–Ukipenak:

  • Bide zortasuna: 245 ml x 3,0 m x 0,90 x 2 euro/m² = 1.323,00 euro.
  • Aldi baterako okupazioa: 245 ml x 13 m x 0,07 euro/m² = 222,95 euro.

3.–Kalte-ordaina, guztira: Hau da kalte-ordainaren guztizkoa:

  • Zortasunagatik eta okupazioagatik: 1.323 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 44,10 euro/urtekoa izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 220,50 eurokoa.
  • Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 222,95 euro.
  • Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 220,50 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 222,95 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 443,45 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.
  • Abelbideak okupatzen duen eremuak (zorua, zorupea eta lurgaina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

–Obren faseak iraun bitartean, ingurumen inpaktuaren azterketan abelbideei eta horien zortasun-eremuari buruz (3 m albo bakoitzera) jasotako neurriez gain, honako hau ere aintzat hartu beharko da:

  • Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du bakar-bakarrik.

–Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion Komunikazio Zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Ustez azpiegitura horiek legezko egoeran daude. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Linares ibaiaren zaintza eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da.

–Trazatuak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Trazatuak herri-lurrei eragiten dienez, jaramon egin beharko zaio Herri-lurren Atalaren 2020ko uztailaren 2ko txostenari, zeinak esaten baitu:

  • Kontuan hartuta NASERTIC sozietate publikoak gauzatuko duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituela, Elizagorriko Udalak, jarduera lizentzia eman baino lehen, aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren aldetik. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

–Shape formatuan (ETRS89/UTM erreferentzia sistema, 30N eremua [25830]) aurkeztu beharko dira kableen azken emaitza, diametroak (Ø) eta abar, erraz identifikatu ahal izateko sortutako ukipenen kokapena eta irismena.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Elizagorriko Udalera, Herri-lurren Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusira eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012590