267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

393/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen zainketen arloan eta esku-hartze sozialaren sektorean arreta emateko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, 2020ko azaroaren 17rako egindako greba deialdia dela eta.

ELA sindikatuaren Gizalan Zerbitzu Publikoen Federazioak grebarako deia egin du azaroaren 17ko lanaldi osorako Nafarroako gizarte zerbitzuen zaintzaren arloan. LAB sindikatuak, orobat, 24 orduko grebarako deia egin du egun horretarako, Nafarroako Foru Komunitatean esku-hartze sozialaren sektorean aritzen diren langileei zuzendua.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen zainketen arloan eta esku-hartze sozialeko zerbitzuetan (bi kategoria horiek gizarte zerbitzuen sailean sartuak daude), zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-larrialdietan, izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioek, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendea hartzen dute, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horrek eskatzen du, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko ezinbestekoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Adierazi beharra dago gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan beren oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko beharrak beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena ELA sindikatuari eta LAB sindikatuari igorri zaie, Greba Batzordeen ordezkariak diren aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2020ko azaroaren 17rako egindako greba deialdia dela-eta, grebaren xedeko eremuetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:

a) Gizarte zerbitzuen arlo guztietako egoitza zentroetan, etxebizitzetan, eguneko arretarako zentroetan eta etxeko laguntza zerbitzuetan erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzen duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babesekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Etxebizitza gainbegiratuak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Jaiegunetan egoitzako arretarik ez duten zentroetan eta etxebizitza gainbegiratuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren zuzeneko arretarako langileak beharko dira.

–Etxebizitza funtzionalak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen etxebizitza funtzionalean.

–Eguneko arretarako zentroak: zaintzaile bat gutxienez, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

–Etxeko laguntza zerbitzua: Elikadura eta banaketa bermatuko dira, baita ezinbesteko arreta pertsonala ere.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau ELA sindikatuari eta LAB sindikatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Greba Batzordeen ordezkariak diren aldetik.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko azaroaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2013496