267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

967/2020 EBAZPENA, urriaren 23koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdia onesten baita dirulaguntzak emateko zentro soziosanitario pribatuei, farmazia zerbitzua eta/edo Nafarroako Foru Komunitateko ospitale edo zentro soziosanitario bateko farmazia zerbitzuari lotutako medikamentuen biltegia dutenei, 2021. urtetik 2024.era arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 514037.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 35. artikuluak eta Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen dute 100etik gora ohe dituzten zentro soziosanitarioetan beharrezkoa dela farmazia zerbitzuak eta/edo medikamentuen biltegiak edukitzea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 23an hartutako 3291 Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari 6.900.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa (2021-2024) hartzeko, zentro soziosanitario pribatuetako farmazia zerbitzuen arreta farmazeutikorako dirulaguntzen deialdira bideratuko dena, dirulaguntza horiek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatze aldera.

Dirulaguntza honek 514037 zenbakia du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen deialdia onestea, laguntzak emateko zentro soziosanitario pribatuei, farmazia zerbitzua eta/edo Nafarroako Foru Komunitateko ospitale edo zentro soziosanitario baten farmazia zerbitzuari lotuta medikamentuen biltegia dutenei, 2021. urtetik 2024.era bitarteko arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuetarako.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskin gisa gehitzen direnak.

3. 6.900.000 euroko gastua baimentzea 2021., 2022., 2023. eta 2024. urteetarako; jarraian adierazten den moduan esleitu eta banatuko da aurrekontuetan:

URTEA

ZENBATEKOA

PARTIDA

2021

1.725.000 euro

540005-52831-4809-313100

“Farmazia Prestazioak”, edo antzeko helburuetarako 2021eko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena

2022

1.725.000 euro

540005-52831-4809-313100

“Farmazia Prestazioak”, edo antzeko helburuetarako 2022ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena

2023

1.725.000 euro

540005-52831-4809-313100

“Farmazia Prestazioak”, edo antzeko helburuetarako 2023ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena

2024

1.725.000 euro

540005-52831-4809-313100

“Farmazia Prestazioak”, edo antzeko helburuetarako 2024ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena

Dirulaguntzak emanen dira baldin eta kasuan kasuko urtean kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Kontabilitate eta Aurrekontu Atalari, Farmazia Zuzendariordetzari eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari.

6. Foru agindu honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko urriaren 23an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arauak ezartzea dirulaguntzak eman dakizkien, banakako ebaluazio araubidean, egoitza/zentro soziosanitario pribatuei, farmazia zerbitzua eta/edo ospitale edo zentro soziosanitario bateko farmazia zerbitzuari loturik Osasun Departamentuak baimendutako medikamentuen biltegia dutenei, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2.–Helburua.

Dirulaguntzen helburua da zentro soziosanitarioetan ematen den arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzea; izan ere, zentro horietako egoiliarrei arreta farmazeutikoa ematea interes publikoko kontu bat da, ezbairik gabe.

3.–Entitate onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten zentro soziosanitarioek:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin berariazko lankidetza hitzarmen bat sinatua izatea egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

b) 80 ohe edo gehiago edukitzea.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiengatik epai edo zehapen bat betetzeko zain. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen dituen debekuetatik kanpo egotea. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako 6.900.000 euro bideratuko dira 2021., 2022., 2023. eta 2024. urteetan, 540005-52831-4809-313100 “Farmazia Prestazioak” partidaren kargura, edo helburu bererako kasuan kasuko Gastu Aurrekontuan gaitzen den antzeko partidaren kargura. Zenbatekoa 1.725.000 eurokoa izanen da urte bakoitzeko, eta honela banatuko da:

• 1.635.000 euro, langileen gastuetarako.

• 45.000 euro, lokalen gastu orokorretarako.

• 45.000 euro, garraio gastuetarako.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira 2021., 2022., 2023. eta 2024. urteetan arreta farmazeutikoaren ondorioz sortzen diren funtzionamendu gastu hauek:

a) Farmazia zerbitzuaren langile gastuak: langileen ordainsaria eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota.

Farmazia zerbitzuko plantillarako dirulaguntzak kalkulatzeko erabiliko diren parametroak honako hauek izanen dira biltegi edo farmazia zerbitzu bakoitzeko, mankomunatua izan ala ez:

–80 eta 250 ohe bitarte daudenean, lanaldi osoan ari diren farmazialari espezialista bati eta laguntzaile bati dagokien langileria gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.

–251 eta 350 ohe bitarte daudenean, lanaldi osoan ari diren farmazialari espezialista bati eta bi laguntzaileri dagokien langileria gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.

–351 ohetik gora daudenean, lanaldi osoan ari diren bi farmazialari espezialistari eta bost laguntzaileri dagokien langileria gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.

–Zenbait zentro soziosanitariok farmazia edo biltegi zerbitzu bera dutenean, dagokien langileria gastuaren dirulaguntzari farmazialari erdiaren gastua gehituko zaio.

–Langileria gastuen dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du inolaz ere gainditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ospitaleko farmaziako farmazialari espezialisten (esklusibotasunik gabe) eta osasun laguntzaileen lanpostuetarako ezarritako oinarrizko ordainsariei dagokien zenbatekoa.

b) Zentro soziosanitarioan farmazia zerbitzua emateko lokalen gastu orokorrak.

Diruz lagunduko den gastua zehazteko, lokalaren metro karratuen araberako hileko zenbateko bat kalkulatuko da, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak udalen osasun kontsultategien funtzionamendu gastuak finantzatzeko esleitzen duen diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Horren ondorioetarako, laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, dirulaguntza hauek emateko ebazpena onetsi aurretik finkatzen den azkenekoa.

c) Garraio gastuak.

Diruz lagunduko dira loturik edo mankomunitate batean elkarturik jarduten duten zentroen artean egiten diren medikamentu edo osasun produktuen garraio gastuak, baita medikamentuak eta/edo osasun produktuak entregatzeagatik banaketa zentroek kobratzen dituzten kargu logistikoen ondoriozkoak ere.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Dirulaguntzaren eskaerak eta behar diren agiriak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, eskaera sinatzen dutenek ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko dute.

Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 egun balioduneko epea emanen zaie, idatzia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioa edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Dirulaguntza hauek indarrean dauden bitartean, laguntza eskaera gehiago onartzen ahalko dira, baldin eta kasuan kasuko urtean kreditu nahikoa badago eskuragarri eta deialdi honen ostean sortutako farmazia zerbitzu eta/edo medikamentuen biltegi berriak finantzatzeko badira.

7.–Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Laguntzarako eskabidea, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, II. eranskineko ereduaren arabera.

b) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, III. eranskinaren arabera.

c) Zentroaren edo enpresaren izenean eskaera egin behar duen pertsonaren aldeko notario-ahalordearen kopia bat, Merkataritza Erregistroan inskribatua, behar izanez gero, edo, bestela, ordezkaritza hori egiaztatzeko beste agiri bat, ahaldunaren NANaren kopiarekin batera (edo NANa erregelamenduz ordezten duen beste agiri batena).

d) Dirulaguntzaren xedeko zerbitzu edo biltegiaren identifikazioa, eta zerbitzu edo biltegi horren menpe dauden zentro soziosanitarioen zenbakia eta kokapena, bakoitzak duen ohe kopurua xehaturik.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena eskaera aurkezten den egunean okupatuta dauden oheen ehunekoa, eta ohe horietan dauden egoiliarretatik zenbatek duten eskubidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik farmazia prestazioa jasotzeko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, farmazia zerbitzua eta/edo medikamentuen biltegia hartzen duen lokalak zenbat metro karratu dituen adierazten duena.

g) 2021-2024 urte bitartean aurreikusten diren garraio gastuen zerrenda zehaztua eta arrazoitua.

8.–Dirulaguntza ematea.

Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetzak, eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntza hilabetez hilabete ordainduko da, hilabete bakoitza bukatutakoan, gastuak honako agiri hauek aurkeztuz frogatu ondoren:

a) Langileen gastuak.

Horiek frogatzeko, honako agiriak aurkeztu beharko dira hilero:

–Zerrenda bat, diruz lagungarriak diren kontzeptuak eta horien zenbatekoak agertzen dituena.

–Farmazia zerbitzuko langileen gizarte segurantzako TC orrien eta nominen kopiak.

Arreta farmazeutikoa zentro soziosanitarioak kontratatutako enpresa batek ematen badu, zerbitzu hori ematearen ondoriozko gastuak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Enpresa horrekin sinatutako kontratuaren kopia, egoitza horretan arreta farmazeutikoa ematen duten langileen datuak jasoko dituena, titulazioa barne. Agiri hau dirulaguntza eman ondoren aurkeztu beharko da, laguntzaren lehenbiziko ordainketa eskatzeko eskaerarekin batera.

–Kontratatutako enpresak egindako faktura, non diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertuko diren, eta zentro kontratugileak egindako ordainketaren frogagiria.

b) Garraio gastuak.

Gastua justifikatzeko, hilero, diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertzen dituen faktura aurkeztu beharko da.

Dirulaguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, entitate onuradunaren kontuan. Gastu onargarriak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira xede bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, dirulaguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

b) Osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratzea: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.

c) Arreta farmazeutikoaren gainean indarra duen araudia betetzea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horren gainean ezartzen dituen prozedura eta jarraibideei men egitea.

d) Publizitate egokia ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen finantzaketaren gainean; horretarako, laguntza ematen den bitartean, web-orrian ikusteko moduan jarri beharko da honako esaldi hau: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du arreta farmazeutikoaren gastuak finantzatzeko”.

e) Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzea komunikazioen eta diruz lagundutako jardunarekin zerikusia duten gainerako idatzien testuak. (17/2019 FLaren 18. art.).

f) Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Betebehar hori betetzeko, III. eranskina bete beharko dute.

Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek dokumentazioa aurkeztu behar badute, aurkeztutako adierazpenarekin bat (III. eranskina), agiriak modu telematikoan aurkeztuko dituzte, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

12.–Emandako dirulaguntzen publizitate araubidea.

Laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta haiek aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen betebeharren gaineko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2012539