267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

432/2020 EBAZPENA, urriaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia 2020-2021 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 528978.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea; izan ere, printzipio hori betetzeko dauden tresnarik eraginkorrenetako bat dira bekak eta laguntzak.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da onestea 2020-2021 ikasturterako hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia 2020-2021 ikasturterako, I. eranskinaren oinarriekin bat.

2. 185.000 euroko gastua baimentzea. gehienez ere. Kopuru horretatik 170.000 euro dira Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, eta 15.000 euro derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako. Baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago, 2020ko gastu aurrekontuko 420002-42770-4809-322400 partidaren kargura izanen da (“Hezkuntza bereziko laguntzak” izenekoa), 2021. urteko ekitaldirako aurrekontuetan gaituko dena.

Deialdi honen xedea aukera berdintasunaren printzipioaren alde egitea denez, multzo batean gerakinik badago, beste multzo batean erabili ahal izanen da, baldin eta halakorik gertatzen bada eta horrekin ez bazaie kalterik sortzen eskatzaileei.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 19an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Jarraian adierazitako oinarriek hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen 2020-2021 ikasturteko deialdia erregulatuko dute, eta nahitaez bete beharko dira.

I.–HEZKUNTZA BEREZIKO BEKAK

Lehen oinarria.–Onuradunak.

Hezkuntza bereziko beken xedea da laguntza ematea behar duten eskatzaileei, ordain ditzaten ondoren aipatzen diren ikastetxeak, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (NHBBZ) ekipoek proposaturik, edozein maila edo gradutako ikasketak egitearen gastuak: hezkuntza bereziko ikastetxeetan, hezkuntza bereziaren gela alternatiboak (GA), egokitzapen unitateak edo autismoaren espektroko nahasmenduarenak (EU/AEN), curriculum bereziko unitateak (CBU), Lanbide Heziketa bereziko zikloak (LHBZ) eta mugitzeko nahiz entzuteko desgaitasuna duten ikasleak lehentasunez integratzeko hezkuntza zentroak.

Beka hauek kontzeptu hauengatik eska daitezke:

–Jantokia.

–Garraioa.

–Egoitza.

Ezin izanen da laguntzarik eskatu deialdi honetan beka eskatu baldin bada.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Hezkuntza Ministerioaren 2020-2021 ikasturterako beka eskatu behar da, aldez aurretik, baldin eta horretarako baldintzak betetzen badira. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo beka horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak beka aurkeztu ez izanaren arrazoia adieraziko du, arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du arrazoi hori.

Beka automatikoki ukatuko da, baldin eta Hezkuntza Ministerioaren beka honako arrazoi hauetako batengatik ukatu bazaio:

a) Deialdian agiriak aurkezteko ezarritako epeak ez betetzea.

b) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa ez aurkeztea, eskatu bazaio ere.

2. Beka horiek eskatzeko, hezkuntza premia bereziak aurkeztu beharko dira –lehen oinarrian kasu bakoitzerako aipatutakoak– eta, eskaera egiten den egunean, helbidea Nafarroan izan beharko da.

3. Adinari buruzko baldintzak: ikasleek 3 eta 21 urte bitarte izanen dituzte 2020ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza izanen da aurkeztu izana 2019-2020 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak, baldin eta bekarik edo laguntzarik jaso bada deialdi horretako, eta aurreko ikasturteetako beketatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Gastu diruz lagungarritzat joko dira, bakar-bakarrik, apartatu honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuetatik 2020ko irailetik 2021eko ekainera egindako horiek.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko baldintza ekonomikoak.

1. Beka jaso dezakete 2019. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2019. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera behartuta egon ez direnek. Per capita errenta kalkulatzeko, batuko dira familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga oinarri guztiak; horri kenduko zaizkio, hala badagokio, ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, eta horren emaitza zati familia unitatea osatzen duten kideen kopurua eginen da. Familia unitateko kide ez izan arren aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, pertsona horien errenta aitorpenaren zerga oinarriaren % 50 baino ez da gehituko.

2. Baldintza hori ez da eskatuko Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako eskola garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, 1. puntuko baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (NHBZ) proposatuta, hezkuntza bereziaren gela alternatiboetan (GA) eta egokitzapen unitateetan edo autismoaren espektroko nahasmendukoetan (EU/AEN) eskolatuta dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan.

4. Aitortu beharrari eta aurreko apartatuek aipatu diren gainerako kontzeptuei dagokienez, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

5. Gerta daiteke, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, asko murriztu izana, eskaera aurkezten den egunerako, 2019. urteko diru sarrera aitortuak. Hala baldin bada, eskatzaileak hori adieraziko du, espresuki, eskaerari erantsitako orri batean eta, harekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztuko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

6. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek egunean izan beharko dituzte zerga arloko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

7. Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak lortzeko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez.

Laugarren oinarria.–Bekak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, Hezkuntza Bereziko bekak eman daitezke, kontzeptu hauengatik eta gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

a) Jantokia (mantenu erdian): 300 euro bitarte. Muga hori ez da kontuan hartuko hezkuntza bereziaren gela alternatiboetan (GA) eta egokitzapen unitateetan edo autismoaren espektroko nahasmendukoetan (EU/AEN).

b) Garraioa: 2.500 euro gehienez ere.

Eskola autobusa edo garraio erregularreko linea erabiltzen direnean, zerbitzu hori erabiltzean sortutako benetako gastuaren arabera zehaztuko da zenbatekoa.

Gainerako kasuetan, honela kalkulatuko da: udalerrien arteko distantzia (km), bider distantzia hori egunero egin beharreko aldien kopurua (joan-etorria), bider ikastetxera joandako egunen kopurua (175 eskola egun, gehienez ere), bider 0,23 euro (km-aren kostua).

Garraiobidea ibilgailu partikularra baldin bada eta bi eskatzailek edo gehiagok partekatzen badute, gasturako beka banatuko da eskatzaile horien artean.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez ere, baldin 30 kilometro baino gehiago badaude familiaren etxetik ikastetxera. Laguntza hori eta jantokiko beka bateraezinak dira.

2. Bekak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Beketan, dirulaguntza kalkulatzean kontuan izanen da zer muga zehaztu diren aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako. Onartutako eskaera guztien zenbatekoak gainditzen badu deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean hainbanatuko da bekak emateko proposamenean.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. 2020-2021 ikasturterako bekak eskatzeko, www.nafarroa.eus web orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidez identifikatzeak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, GSIN...) informazioa eskatzeko, ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta bekak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

Hezkuntza Departamentuak familia unitateko kide konputagarrien datu ekonomikoak eta finantzarioak eskura ditzake Ekonomia eta Ogasun Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Hezkuntza Departamentuak onuradunei buruzko identifikazio datuak eta haien ikasketei, beken zenbatekoei eta bekak eman edo ukatzeko kontzeptuei buruzkoak eman diezazkieke Hezkuntza Ministerioari, udalei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta ikastetxeei.

Beka eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (pdf fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Beka aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskaera behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Beken eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie, ongi irakurtzeko moduan:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek aurkeztutako 2019ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Familia bizilekuaren ziurtagiria (erroldatze agiria).

e) Eskatzailearen familia unitateak ez baldin badu egin 2019. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

e.1) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.

e.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarrera gordinen aitorpena.

f) III. eranskina: Beka eskatzeko orria.

3. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eska dakizkieke eskatzaileei.

II.–LAGUNTZAK, HEZKUNTZA LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO

Lehen oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuta dauden eta honako hezkuntza laguntzako berariazko premia hauek dituzten ikasleentzako laguntzak:

–Desgaitasun psikiko, fisiko, zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasun nabarmenari lotutako hezkuntza premia bereziak.

–Jokabide nahasmendu larriak.

–Adimen gaitasun handia izateagatik ikastetxeko prestakuntza osatzeko jarduerak behar izatea.

–Mintzamenaren berariazko nahasmendua edo arlo horretako atzerapen larria izateagatik logopediako arreta behar izatea.

–Arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduagatik curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapena izatea.

–Ikasteko berariazko zailtasunengatik curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapena izatea.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleko edo etxeko laguntzako programetako ikasleentzako laguntzak.

–Logopedia laguntzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, salbu eta, NHBBZren batzorde teknikoaren oniritziarekin, curriculum bereziko unitateetan (CBU) edo Bigarren Hezkuntzako hezkuntza bereziaren gela alternatiboetan (Bigarren Hezkuntzako GA) eskolatutako ikasleak.

–Logopediako arreta, ahotsaren eta erritmoaren nahasmenduetarako (disfoniak, toteltasunak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Kasu guztietan, laguntzatik kanpo geratzen dira ikastetxean bertan jorra daitezkeen arazoak, dela curriculuma egokituz, dela aniztasunarekiko arretarako ohiko edo ohiz kanpoko baliabide pertsonalen bidez.

Orobat, ezin izanen da laguntza eskatu baldin eta deialdi honetan beka eskatu bada.

2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntza: Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna duten edo nahasmendu psikiatriko larriak dituzten ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eskolatuta badaude, laguntza pedagogiko berezia edo garraio egokitua behar dutenean.

Honako hauek osatzen dute derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketa, erdi mailako eta goi mailako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak eta erdi mailako eta goi mailako Kirol Ikasketak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren laguntza eskatua izatea 2020-2021 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo, salbuespenezko inguruabarrengatik, laguntza horien epean betetzen ez badira, eskatzaileak adieraziko du zergatik ez zuen laguntza aurkeztu, arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eta batzorde teknikoak baloratuko du arrazoi hori.

Laguntza automatikoki ukatuko da, baldin eta Hezkuntza Ministerioaren laguntza honako arrazoi hauetako batengatik ukatu bazaio:

a) Deialdi horretan agiriak aurkezteko ezarritako epeak ez betetzea.

b) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa ez aurkeztea, eskatu bazaio ere.

2. Laguntza horiek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenengo oinarrian kasu bakoitzerako jasotzen diren hezkuntza premia bereziak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

3. Adinari buruzko baldintzak:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenentzako laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn eskolatuta dauden ikasleek 3 eta 18 urte bitarte izanen dituzte 2020ko abenduaren 31n.

b) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16 eta 21 urte bitarte izanen dituzte 2020ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza izanen da 2019-2020 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, baldin deialdi horretako laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik edo laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Gastu diruz lagungarritzat joko dira, bakar-bakarrik, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuetatik 2020ko irailetik 2021eko ekainera egindako horiek.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko baldintza ekonomikoak.

1. Laguntza jaso dezakete 2019. urtean familiaren per capita errenta 10.000 euro baino handiagoa izan ez duten familia unitateetako kideek, edo 2019. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera behartuta egon ez direnek. Per capita errenta kalkulatzeko, familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga oinarri guztiak batuko dira; horri kenduko zaizkio, hala badagokio, ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, eta horren emaitza zati familia unitatea osatzen duten kideen kopurua eginen da. Familia unitateko kide ez izan arren aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, pertsona horien errenta aitorpenaren zerga oinarriaren % 50 baino ez da gehituko.

2. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko apartatuek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

3. Eskaera aurkezten den egunerako, 2019. urteko diru sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, harekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztuko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

4. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

5. Laguntzarako eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak lortzeko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez.

Laugarren oinarria.–Laguntzak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak eman daitezke, kontzeptu hauengatik eta gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

1.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleentzako laguntzak:

a) Hezkuntza premientzako laguntza: 1.300 euro gehienez ere.

b) Gaitasun handia dutenentzako laguntza: 700 euro gehienez ere.

c) Garraioa: 500 euro gehienez ere, bizilekutik 8 km baino gehiagora dagoenean laguntza zentroa.

1.2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntzak:

a) Laguntza: 1.500 euro arte.

b) Garraioa: 500 euro gehienez ere, laguntza zentroa bizilekutik 8 km baino gehiagora dagoenean.

2. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Laguntzen kasuan, aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugen barruan kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa. Onartutako eskaera guztien zenbatekoak gainditzen badu deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean hainbanatuko da laguntzak emateko proposamenean.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. 2020-2021 ikasturterako laguntzak eskatzeko, www.nafarroa.eus web orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidezko identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Laguntzarako eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, GSIN...) informazioa eskatzeko, ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

Hezkuntza Departamentuak familia unitateko kide konputagarrien datu ekonomikoak eta finantzarioak eskura ditzake Ekonomia eta Ogasun Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Hezkuntza Departamentuak onuradunei buruzko identifikazio datuak eta haien ikasketei, beken zenbatekoei eta laguntzak eman edo ukatzeko kontzeptuei buruzkoak eman diezazkieke Hezkuntza Ministerioari, udalei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta ikastetxeei.

Laguntza eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (pdf fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskaera behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzako eta desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntzen kasuan, honako agiri hauek erantsi beharko zaizkie laguntza eskaerei, ongi irakurtzeko moduan:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek aurkeztutako 2019ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Familia bizilekuaren ziurtagiria (erroldatze agiria).

e) Eskatzailearen familia unitateak legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2019. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

e.1) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.

e.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarrera gordinen aitorpena.

3. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleentzako laguntzen eskaerei honako agiri hauek ere erantsiko zaizkie:

a) IV. eranskina: Laguntza eskatzeko inprimakia:

a.1) Laguntza emanen duen entitatearen txostena, programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuta, eta laguntzaren kostuaren aurrekontua ziurtatzen duen agiria.

a.2) Garraioaren kostuaren aurrekontua, laugarren oinarrian –2. puntuan, c apartatuan– aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen denean.

4. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan aritzen diren ikasleentzako laguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Laguntza pedagogikoa ematearen aldeko txostena, ikastetxeko orientazio departamentuak egina.

b) Minusbaliotasunaren kalifikazioaren ziurtagiria, ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko desgaitasunaren gradua % 33koa edo handiagoa dela adierazten duena.

c) Osasun ziurtagiria, ikasleak nahasmendu psikiatriko larria duenean.

5. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eska dakizkieke eskatzaileei.

III.–OINARRI AMANKOMUNAK BAI HEZKUNTZA BEREZIKO BEKETARAKO BAI HEZKUNTZA LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO LAGUNTZETARAKO

Lehen oinarria.–Deialdiaren izaera.

Beka eta laguntzetarako deialdi hau Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdien osagarria da, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gobernuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari.

Bigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak, ebazpen bidez, ebaluazio batzordeak egindako txostenaren arabera Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena egin ondoren.

2. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Inklusio Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitatearentzako Zerbitzuetako langile bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

3. Hezkuntza Departamentuak, espedienteak berrikusi ondoren eta horietan agertzen diren datuak egiaztatzeko asmoz, dokumentazioa, txostenak edo argibide osagarriak eska ditzake, beharrezkoak badira.

Hirugarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako bekak eta laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beka eta laguntzekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Laugarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei eta eskatzaileei jakinaraziko zaie posta elektroniko bidez.

Gainera, emandako beken eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuan kontsultatu ahal izanen da.

2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eska diezaiokete Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari. 10 egun balioduneko epea izanen dute horretarako, ebazpena Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabil dezakete.

3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako. Beken eta laguntzen behin betiko zerrenda interesdunei eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei jakinaraziko zaie posta elektronikoz, eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuan kontsultatu ahal izanen da.

4. Emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Bosgarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Laguntzak eta bekak kobratzeko, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Justifikazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Jakinarazpena egiteko, emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren web orrian. Justifikatzeko dokumentuak aurkezteko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliko da. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Garraio, jantoki eta egoitzako beken kasuan, ikastetxeak egindako ziurtagiria non adierazten baita ikaslea ikastetxera joan dela ordainketa eskatu den egunera arte, eta egunean dela behar diren zenbatekoen ordainketan.

Garraioaren kasuan, honela eginen da:

–Eskola autobusa: ordainketaren ziurtagiria, ikastetxeak egina, pagatutako zenbatekoa zehaztuta.

–Garraio erregularreko linea eta norberaren ibilgailua: bertaratutako egunen ziurtagiria, ikastetxeak egina.

–Taxia: zerbitzu horregatik ordaindutako fakturak emanen dira.

b) Laguntzen kasuan, laguntza zer ikastetxe edo profesional behar bezala egiaztatuk eman dion, hark egindako ziurtagiria, non honako hau jasotzen den: zer laguntza eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan eman zaion eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Bekak eta laguntzak ordaintzeko baimena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Eskaera aurkezten denean ikaslea zer ikastetxetan eskolatua dagoen, hari ordainduko zaio zuzenean, eta hura arduratuko da onuradunaren aitari, amari edo legezko tutoreei ordaintzeaz.

3. Nolanahi ere, beken eta laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Seigarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean adierazi ziren eta laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuen egiazkotasuna frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente horri Hezkuntza Departamentuak emanen dio hasiera, eta hark ebatziko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, deusetan galarazi gabe eskatzaileak izan ditzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Zazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Eskaera aurkeztuta eskatzaileak adierazten du:

1. Onartzen dituela beka edo laguntza deialdi honen oinarriak.

2. Jakin badakiela deialdi hau Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdien osagarri dela, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Nafarroako Gobernuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari.

3. Baldintzak betetzea dela eta: ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ere, hau da:

–Ez dagoela gabetua, epai irmo bidez ezarritako kondenaren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz.

–Ez duela eskatu konkurtsoaren deklarazioa edota ez dutela prozeduraren batean kaudimengabea deklaratu edota konkurtso batean partaide gisa deklaratu edota ez dagoela esku-hartze judizialaren mende edota desgaitua Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, baldin eta konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu ez bada.

–Ez duela bide eman Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsitzeko, ebazpenaren kausaren errudun deklaratu izanagatik.

–Ez duela indarreko araudian ezarritako bateraezintasunik.

–Ez duela egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean.

–Ez dagoela gabeturik, ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukeraz.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta Nafarroako Foru Komunitateari edo haren erakunde autonomoei ordaindu beharreko zorrak itzultzeko betebeharra ordainduta dituela.

4. Datuak gaurkotzea dela eta, hitzematen du adierazpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi adieraziko diola idatziz, jakinarazten denetik 15 egun naturaleko epean, eta helburu bererako laguntza eskatu dien gainerako entitate publikoei ere adieraziko diela.

5. Eskaera honetan emandako datuen egiazkotasuna dela eta, aitortzen du eskaera honetan emandako datuak benetakoak direla, eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen dituela.

6. Informazioa eskuratzea dela eta:

–Eskatzaileak baimena ematen dio, espresuki, deialdia egin duen administrazio unitateari telematika bidez lor ditzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoaren 6. artikuluan ezarritakoarekin (2018ko 294. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 6koa) eta otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (2003ko 51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa). 209/2003 Errege Dekretuak erregistro eta jakinarazpen telematikoak eta, ziurtagiriak aurkeztu ordez, herritarrek egiten duten baliabide telematikoen erabilera arautzen ditu.

–Eskaera orrian adierazitako datuak fitxategi automatizatu batean erregistra daitezke, horien kudeaketa eta tratamendu estatistikoa hobeki egiteko asmoz.

Nahi izanez gero, erabil ditzakezu datuetan sartzeko eskubidea, baita horiek zuzentzekoa, ezabatzekoa, tratamendua mugatzekoa, eramatekoa eta aurka egitekoa ere, zeinak ezarri baitira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.

7. Ez dagoela sartuta Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste dirulaguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru itzulketa edo zehapen prozedura batean.

8. Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko frogagiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

9. Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan eskuratzeari, eskaeran horretarako adierazi duen posta elektronikoaren bidez.

Iragarkiaren kodea: F2012267