267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

278/2020 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiaren idazkari pertsonalaren lanpostua izendapen askearen bidez betetzeko deialdia egiten duena.

Justiziako Ministerioaren martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoko kidego orokorretako lanpostuen zerrenda onetsi zen. Agindu hori 2018ko 62. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12koan.

Justizia Administrazioan sartzeko, bertako lanpostuak betetzeko eta haren zerbitzuko langile funtzionarioek lanbidean gora egiteko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Aurrera eramatea Nafarroako Foru Komunitateko fiskaltza nagusiaren idazkari pertsonalaren lanpostu bereizia izendapen askearen bidez betetzeko deialdia, lanpostua hutsik baitago, ebazpen honen I. eranskinean adierazi bezala. Lanpostuaren eginkizunak Fiskaltzaren Bulego Berriarentzat onetsitako lanpostuaren fitxa espezifikoan jaso dira, II. eranskin gisa erantsi dena. Lanpostua oinarri hauetan ezarritako sistemari jarraikiz beteko da:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Parte hartzeko araubidea.

Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoko edo Laguntza Judizialeko kidegoko karrerako funtzionarioek eskatzen ahalko dute deialdi honen xedeko lanpostua, jarduneko egoeran badaude edo lanpostua erreserbatua badute, eta Nafarroako Fiskaltzaren Bulegorako onetsitako lanpostuen zerrendan hartarako eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte (JUS/242/2018 Agindua, martxoaren 1ekoa, 2019ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua).

Bigarrena.–Eskaerak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan aurkeztuko dira (Iratxeko Monasterioaren kalea 22, behea, 31011 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bideetatik edozein erabiliz (2015eko urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoaren arabera.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Egun berean argitaratzen ez bada, epea kontatzen hasiko da deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Ebazpen hau, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.justicia.navarra.es.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta ebazpen honen III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

Hirugarrena.–Merezimenduak.

Eskabidearekin batera, izangaiek behar diren ziurtagiriak, tituluak, egiaztagiriak edo beste edozein dokumentu aurkeztu beharko dituzte, betebeharrak eta merezimenduak frogatzeko.

Avantius izeneko kudeaketa prozesaleko sistemaren barruan dagoen Nafarroako Fiskaltzari buruzko modulu espezifikoaren gaineko ezaupideei dagokienez, azkeneko bost urteotan Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzan –funtzionario titular gisa edo bitarteko gisa– sei hilabete edo gehiago lanean aritu direnei modulu hori egintzat hartuko zaie. Hori Justizia Zuzendaritza Nagusiak egiaztatuko du ofizioz.

Laugarrena.–Prozedura.

Lanposturako izendapena 1451/2005 Errege Dekretuaren 60. artikuluari jarraikiz eginen da, bi hilabeteko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita, izangaien egokitasuna eta merezimenduak aztertu ondoren, eta, betiere, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiak proposamen loteslea eginda. Salbuespen gisa, epe hori hilabete bat luzatzen ahalko da.

Izendapena Justiziako zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eginen da, non zehaztuko baita lanpostu berriaren jabetza hartzeko modua eta epea. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Egun berean argitaratzen ez bada, lanpostuaren jabetza hartzeko epea kontatzen hasiko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Ebazpen hori, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.justicia.navarra.es.

Bosgarrena.–Lanpostutik kentzea.

1451/2005 Errege Dekretuaren 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, izendapen askeko lanpostu baterako izendatzen diren pertsonak izendapena egin zuen agintaritza berberak kentzen ahalko ditu lanpostutik, libreki. Zilegi izanen da, orobat, lanpostuari uko egitea, eskaera arrazoitu baten bidez, non langileak azalduko baititu uko egiteko arrazoi profesional edo pertsonalak, baldin eta gutxienez urtebete aritu baldin bada lanpostuan. Kasu horretan, kargutik kentzen den edo lanpostuari uko egiten dion funtzionarioa bere kidegoari dagokion lanpostu bati atxikiko zaio behin-behinekoz, udalerri berean, harik eta behin betiko beste lanpostu bat eskuratzen duen arte. Atxikipen horren ondorioak kargutik kentzeko edo lanpostuari uko egiteko ebazpena eman eta biharamunean hasiko dira. Funtzionario horrek lanpostua aukeratzeko lehentasunezko eskubidea izanen du kargutik kendu zutenean aritzen zen herri berean lanpostu generikoak betetzeko iragartzen den lehenengo lehiaketan, baina deialdian eskaintzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badu edo eskatutako lanpostuetako bat ere lortzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

Seigarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko urriaren 21ean.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

I. ERANSKINA

Herria: Iruña.

Destinoko zentroa: Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoa.

LANPOSTUAREN IZENA

ZENBAT LANPOSTU

LANPOSTUAREN OSAG.

OROKORRA

URTEAN

LANPOSTUAREN OSAG.

BERARIAZKOA

URTEAN*

LANPOSTU

MOTA

KIDEGOA

MAILA

SARBIDEA

BETEBEHARRAK

TITULAZIOA

BALORATU BEHARREKO

MEREZIMENDUAK

Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiaren idazkari pertsonala

1

3.238,32

2.433,24

7.562,16

6.385,56

Bereizia

Izapidatze Proz. eta Adm.

Laguntza Judiziala

C

D

Izendapen askea

Batxilergoa edo baliokidea/DBH edo baliokidea

21/22/24/43/46/49/50/57/59/60/70/71/72 (JUS/242/2018 Aginduaren II. eranskinaren arabera, 2018ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

(*) Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiaren idazkari pertsonalaren lanpostuaren berariazko osagarriaren barruan kasuan kasuko kidegoaren oinarrizko soldataren %10eko igoera jaso da, azaroaren 5eko 104/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Lanpostuaren eginkizun espezifikoak

–Fiskaltzako Burutzaren lan agenda kudeatzea: bidaiak, posta, harrera telefonikoa, aurrez aurreko bisitak eta abar.

–Eskatzen zaion guztietan laguntza administratiboa ematea Burutzari: segimendua, aktak eta abar, Fiskalen Batzordeen deialdietan eta Fiskaltzaren barruan egin daitekeen edozein bileratan.

–Fiskal nagusiarekin kolaboratzea fiskalen gai administratiboak kudeatzen, gastu eta fakturen kudeaketan, espedienteetan eta afera gubernatiboetan.

–Burutzari dagozkion ofizioak, komunikazioak eta txostenak erredaktatzea, fiskal nagusiaren irizpideei jarraikiz.

–Lan administratiboak egitea Fiskaltzak kanpoko beste organo edo erakunde batzuekin dituen harremanak bideratu eta koordinatzearekin loturiko gai guztiei dagokienez.

–Bere kidegoari dagozkion eginkizunak betetzea, fiskal nagusiaren iritziz beharrezkoa denean.

–Aurrekoen antzekoa izanik, lanpostuarekin parekatzen ahal den beste edozein eginkizun.

Baloratu beharreko merezimenduak

–Lanpostuaren gaineko ezaupide espezifikoak: informatika, lanpostuaren berezko aplikazioak, Avantius Kudeaketa Prozesaleko Sistemaren barruan dagoen Nafarroako Fiskaltzari buruzko modulua, estatistika, agendak eramatea eta abar.

–Lanpostu honetarako gako diren trebetasunak, abileziak eta gaitasunak: plangintzarako eta koordinaziorako gaitasuna, harremanak garatzekoa, eginkizunak antolatzeko eta lehenesteko gaitasuna, beste pertsonekin komunikatzeko gaitasuna, eta abar.

–Antzeko lanpostuetan duen esperientzia.

–Fiskaltzan duen esperientzia.

–Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa.

–Elkarrizketa pertsonala.

III. ERANSKINA

Eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiaren idazkari pertsonalaren lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2012529