267. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

2/2020 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Kultura eta Kirol Departamentuko idazkari tekniko nagusiak emana, zeinaren bidez eskuordetzen baitzaio Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren dokumentu-funtsei buruzko ziurtagiriak emateko eskumena Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren titularrari.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. f) artikuluak idazkaritzen esku uzten du departamentuan dauden agiri eta datuen gainean fede emateko eta horien gaineko ziurtagiriak egiteko eskumena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Elkarlotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari esleitzen dio Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren kudeaketa, zeinaren dokumentu-funtsak Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 27. artikuluak definitzen baititu.

Aipatu artxiboaren funts bakan horien ziurtagiriak egiteko behar den berezitasun teknikoa handia denez, gomendagarria da Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzua bera izatea (Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eskuordetuta) fede publikoa eta gaiari buruzko ziurtagiriak emateko eskumena edukiko duena.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren baimena jaso ondoren,

EBAZTEN DUT:

1. Eskuordetzea Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren dokumentu-funtsei buruzko ziurtagiriak emateko eskumena Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren titularrari.

2. Ebazpen hau Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko irailaren 30ean.–Idazkari tekniko nagusia, José Miguel Gamboa Baztán.

Iragarkiaren kodea: F2011326