263. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Udal ordenantza, etxebizitzen lehenengo erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2020ko uztailaren 30ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitzen lehenengo erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2020ko urriaren 9an.–Alkatea, Paula Ibero Baraibar.

ATEZKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatuarekin.

2. artikulua. Eraikinak. Ordenantza honi dagokionez, eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak.

b) Dauden eraikinen egiturak handitu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

c) Dauden eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak egitea edo, egungo eraikinetan, banaketan funtsezko aldaketa egitea.

3. artikulua. Helburua. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak honako helburu hau baino ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren arabera eta bere garaian emandako hirigintzako lizentziaren baldintzak betez egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

e) Eraikinak izan behar dituen hirigintza zerbitzuez hornitzeko eta urbanizatzeko lanak egin direla eta hirigintzako araudian ezarritako betebeharrak, lagapenak edo kargak konplitu direla egiaztatzea.

4. artikulua. Lizentzia eskatzea

1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek Atezko Udalari aurkeztuko diote eskaera; betiere, datu hauek emanen dituzte:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Oin berriko obra, egitura eraberritzeko obra edo handitzeko obra egiteko aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, halakorik bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioan sartzeko alta eskatu izanaren ziurtagiria.

d) Udal tasa ordaindu izanaren frogagiria.

e) Urbanizazioen kasuan, honako hauek ere aurkeztuko dira:

–Urbanizazioaren behin betiko planoak, bai zoladurarenak bai instalazioenak.

–Enpresa hornitzaileen idazkiak, obraren onespena eta beren araudi berariazkoekin bat egin dela adierazten duena.

–Kaleko argien sareari dagokionez, instalazio agiria aurkeztu beharko da.

–Bidezoruari, zoladurari eta lorezaintzari dagokienez, obran egindako entseguak aurkeztu beharko dira, alor hauen gainean: trinkotzea, proktorra, hormigoien erresistentzia, nahasketa bituminosoak eta abar. Horrez gain, elementu bakoitzetik hedatutako tonen ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

5. artikulua. Lizentzia emateko organo eskuduna.

Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

6. artikulua. Prozedura. Interesdunaren eskaeraz prozedura hasirik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak honela jokatuko du:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei edo Iruñerriko EEZBkoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta gelditu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriz jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen; eraikinak izan behar dituen hirigintza zerbitzuez hornitzeko eta urbanizatzeko lanak egin diren, eta hirigintzako araudian ezarritako betebeharrak, lagapenak edo kargak konplitu diren.

2. Txostenak gehienez ere hamabortz eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da, ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere. Horrek, dena den, ez du esan nahi ez direnik zuzenduko aurkitutako akatsak. Kasu horretan, higiezina okupatzea baimentzearren baino ez da emanen lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen dituela aintzat harturik.

7. artikulua. Eraikinaren titularren betebeharrak. Hauek dira lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

a) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa edo eskubideak ordaintzea.

8. artikulua. Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak.

1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

2. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obrak amaitzeko eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak amaiturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesdunei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4. Obretarako eman ur-hornidura ezin izanen da erabili bestelako jardueretan, bereziki, etxerako ur gisa.

5. Urez, gasez edo argindarrez hornitzen duten enpresek ezin izanen dituzte lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak etxerako urez hornitu.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak

–Eraikin berriak: 120,20 euro/etxebizitza.

–Zaharberritzeak, handitzeak, egituren berritzea: 90,15 euro etxebizitza bakoitzeko.

–Erabileraren aldaketak, etxebizitzen sorrera: 90,15 euro etxebizitza bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2012512