263. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3728E/2020 EBAZPENA, urriaren 29koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, lantegi-eskoletarako eta prestakuntza eta enpleguko programa integratuetarako deialdiak aldatzen dituena, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

Inoiz ezagutu gabeko osasun krisia da COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoera.

Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zuen. Ondoren, alarma-egoera luzatzeko zenbait errege dekretu onetsi zituen, ondoz ondo, horietako azkena alarma-egoera luzatzeko ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretua. Horretan, azken luzapena dekretatu zen, 2020ko ekainaren 21era bitartekoa, eta konfinamendua arintzeko faseak zedarritu ziren.

Hori horrela izanik, jarduera ekonomikoa hiru hilabetez egon zen etenda, salbu eta funtsezko lan-jardunetan, eta alarma-egoerak eragina izan zuen ere, hein txikiagoan, konfinamendua arintzeko faseetan.

Hartutako neurriek izugarrizko eragina izan dute lantegi-eskolak eta prestakuntza eta enpleguko programa integratuak gauzatzeari begira; izan ere, alarma-egoerak, orokorrean, ez du aukerarik eman prestakuntza presentzialarekin jarraitzeko, eta, hala, egin daitezkeen jarduera bakarrak dira orientazio eta lagun egite ekintzak (modu birtualean betiere) eta prestakuntza ekintza batzuk. Gainera, konfinamendu aldian eta fase bakoitzak iraun bitartean jarduera ekonomikoa mugaturik egon denez, ikaragarri zaila izan da aurreikusitako laneratze helburuak betetzea.

Horregatik da beharrezkoa baldintzak malgutzea, entitate onuradunek laneratze helburuei dagokienez hartutako konpromisoak beteko badituzte, eta, horrenbestez, deialdian horretarako emandako denbora luzatzea. Hori eginez, programetan parte hartu dutenen laneratzeko aukerak ere gehiago izanen dira, kontratazioek behera nabarmen egin duten garaiotan.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 9. oinarria aldatzea lantegi-eskola eta prestakuntza eta enpleguko programa integratuetarako dirulaguntza deialdietan, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz. Deialdi horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 Ebazpenaren bidez eta urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. Honela geldituko da:

9. oinarria.–Laneratzea.

Programan parte hartzen duten pertsona ebaluagarri guztiak kontuan hartuta, gutxienez %25 laneratuko direla bermatu beharko dute programek. Pertsona bat ebaluagarritzat jotzeko, programan eman beharko du haren %50 gutxienez. Entitate onuradunek laneratzeko beste konpromiso bat hartu ahal izanen dute, eta lehia prozeduran kontuan hartu da.

Laneratzea hau dela ulertuko da:

–Parte-hartzaile guztiekin sinatutako lan kontratuak edukitzea proiektuak irauten duen bitartean eta amaitzen denetik bederatzi hilabete eta erdi igaro arte. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabete izanen da, laneratze epea amaitzen denetik aitzina. Guztira lan egindako denbora gutxienez lanaldi osoko hiru hilekoa izanen da, edo baliokidea, betiere lanaldi erditik beheitikoa ez bada.

–Laneratzetzat hartuko da parte hartzaile guztiendako, programa amaitu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen badira.

–Laneratze gisa hartuko dira, orobat, langile autonomoen araubide berezian egiten diren altak eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetetik gorakoak badira.

Baldin eta programak amaitzeko beharrezkoa izan bada NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 22an emandako 1887E/2020 Ebazpen bidez onetsitako deialdia, programa amaitutzat joko da osorik burutzen denean; izan ere, ebazpen horren bidez onetsi zen prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzen deialdia, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan zirenentzat. Hau da, deialdi horretan aipatzen den programa bukatutakoan joko da amaitutzat.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko urriaren 29an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2012758