260. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Aldaketa, Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2020ko abuztuaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ablitasko herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren aldaketa, zehazki ordenantzaren 23. artikuluari eragiten diona. Onespen hori 2020ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Ablitasen, 2020ko irailaren 29an.–Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

ORDENANTZA, ABLITASKO HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Ablitasko herri-larreen aprobetxamendua arautzen da ordenantza honetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen laugarren tituluko 2. kapituluan xedatuaren arabera.

Herri-larre horiek dira ordenantza honetan jasotakoak.

Prado de la Muertako 1. lotea: 5. poligonoko 1886. lurzatiaren 79,06 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 994 euro.
  • Mugak: iparraldean, bidea eta 1885. lurzatia; hegoaldean, Prado de la Muertako 2. lotea; ekialdean, bidea eta 1887. lurzatia eta mendebaldean, 1883. lurzatia.

Prado de la Muertako 2. lotea: 5. poligonoko 1886. lurzatiaren 227,17 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 2.856 euro.
  • Mugak: iparraldean, Prado de la Muertako 1. lotearen lurzatia; hegoaldean, Ribaforadako errepidea; ekialdean, bidea eta 1887. lurzatia eta mendebaldean, 1883. lurzatia.

Prado de la Muertako 3. lotea: 5. poligonoko 1887. lurzatiaren 89,42 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 1.124,2 euro. 1050.
  • Mugak: iparraldean, bidea eta 1885. lurzatia; hegoaldean, Ribaforadako errepidea; ekialdean, 1885. lurzatia eta mendebaldean, bidea eta 1886. lurzatia.

123. lotea. 8.455,80 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 9.720,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: La Degollada, Ginestar, Corral del Fraile eta Almazara.
  • Mugak: iparraldean, Ribaforadako errepidea eta Fontellasko udal-mugartea; hegoaldean, La Hoyako bidea eta Degollada; ekialdean, Ribaforadako udal-mugartea, eta mendebaldean, Los Pozosko bidea eta Ribaforadako errepidea.

457. lotea. 10.532,99 erreguko azalera du, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 13.050,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Fita, Almazara, Malpisa, Cardelina, Magorda eta El Mojón.
  • Mugak: iparraldean, La Hoyako bidea eta Degollada; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Ribaforadako udal-mugartea, Malpisako erreka-zuloa eta Carraborjako bidea, eta mendebaldean, “Los Colejas” bazkalekua, Cañada Mila eta Prado Mollet. Lote honen adjudikaziodunak bere esku izanen du La Malpisan dagoen artegia.

68. lotea. 7.148,78 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 3.600,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: La Malpisa, Corral de Alto, Peña del Clavo, El Mochuelo eta Corral del Ala.
  • Mugak: iparraldean, La Malpisako erreka-zuloa eta El Tolloko erreka-zuloa; hegoaldean, Tarazona; ekialdean, El Tolloko erreka-zuloa, Delgado erreka-zuloa eta El Busteko xenda.

910. lotea. 11.256,81 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 5.670,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Monterrey, Carasol Coscojar, Las Barreras eta Corral del Alto.
  • Mugak: iparraldean, Ribaforadako eta Cortesko udal-mugarteak; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Cortesko udal-mugartea eta Zaragozako probintzia, eta mendebaldean, El Tollo eta Delgado erreka-zuloak eta El Busteko xenda.

11. lotea. 4.045,82 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 2.160,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Montecillo eta Peñadil.
  • Mugak: iparraldean, hirigunea, Ribaforadako errepidea eta “El Montecillo” industrialdea; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, MiIako bidea eta Peñadilgoa, eta mendebaldean, hiri eremua, Barranco del Cristoko bidea eta Weta.

12. lotea. 5.076,42 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 2.160,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Cañada de Mila.
  • Mugak: iparraldean, Mallengo bidea eta “Los Colejas” bazkalekua; hegoaldean, Milako bidea; ekialdean, Prado Mollet eta bidea, eta mendebaldean, Milako bidea eta industria eremua.
  • Lote honen adjudikaziodunak bere esku izanen du “Corral de Mila” izeneko lotean dagoen artegia.

13. lotea. 3.810,50 erregu ditu, gutxi gorabehera.

  • Balorazioa: 2.430,00 euro urtean.
  • Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Cañada Redonda.
  • Mugak: iparraldean, Milako bidea; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Prado Mollet, eta mendebaldean, Montecillo-Peñadil bidea.
  • Lote honen adjudikaziodunak bere esku izanen du “Corral de la Redonda” izeneko lotean dagoen artegia. Ablitasko Udalak Aragoiko jurisdikzioan dituen lurrak ere barnean dira.

1. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko moduak.

Herri-larreen adjudikazioa egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean edo enkante publikoaren bidez.

2. artikulua. Zuzeneko adjudikazioaren onuradunak.

Familia-unitateak izanen dira zuzeneko adjudikazioaren onuradunak, haien titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan izena emanda egotea, bizilagun gisa, gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Ablitasen, urtean 9 hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Ablitasko Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Ablitasko katastroan izena emanda edukitzea, urtebete lehenagotik, salbu eta, urtebeteko antzinatasuna izan gabe ere, abeltzainaren azienda familia-unitatetik heldu denean, eta hartan lan egin izan duenean.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. artikulua. Azienda karga.

Lote bakoitzak jasan dezakeen azienda kargaren kalkulua eginen du Udalak.

4. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikaziorako prozedura.

Alkatetzak aurretik ebazpena emanda, 7 eguneko epea izanen da ordenantza honen 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenek herri-larreak adjudikatzeko eska dezaten. Eskaera horrekin batera, familia-unitatearen diru-sarrera guztien zinpeko deklarazioa aurkeztuko da.

Eskaeran adieraziko da zer herri-larre nahiago den arestian aipatu loteetarik, Alkatetzaren aipatu ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzeaz aparte.

5. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa.

Alkateak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak proposaturik; familia-unitatearen diru-sarreren edo aberastasun potentzialaren alderantzizko ordenan eta, orobat, kontuan harturik familia unitate hori osatzen duten kideen kopurua.

Batzorde horrexek zenbatetsiko du eskatzailearen aberastasun potentziala, bere esku dituen datuen arabera, eta ordenantza honen 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatua ukatu gabe.

6. artikulua. Behin betiko adjudikazioa.

Behin-behineko adjudikazioa egin ondotik, 7 eguneko epea emanen da interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten; adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da, epe hori iragan eta halakorik aurkezten ez bada.

Udalak noiznahi eskatu ahalko die interesdunei familia-unitatearen diru-sarrerak jakiteko behar diren agiri guztiak aurkezteko.

7 eguneko epe berean, abeltzainek, herri-larreen lotea egokitu bazaie, elkarri trukatu ahalko dizkiote lote horiek; trukea Udalak onetsi beharko du.

7. artikulua. Larreen balorazioa.

Larreen balorazioa eginen da eskualdeko egungo prezioak kontuan harturik; ez dira izanen larreen balio errealaren %80 baino gutxiago, ezta %90 baino gehiago ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluarekin.

8. artikulua. Adjudikazio epea.

Herri-larreen loteen adjudikazio epea 8 urtekoa izanen da; 2012ko urtarrilaren 1ean hasiko da eta 2020ko abenduaren 31n bukatuko.

Adjudikazio epea bukaturik, berriz ere adjudikatuko dira, ordenantza honetan ezarritako moduan, edo momentu horretan indarra duen lege araudiaren arabera.

9. artikulua. Fidantzak.

Adjudikaziodun bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrei erantzuteko, horrek fidantza bat jarri beharko du, eskudirutan edo banku-abalaren bidez; horretarako 15 eguneko epea izanen du Udalak adjudikazioaren zenbateko osoaren %4 eskatzen dionetik; fidantza hori Nafarroako KPIaren arabera eguneratu ahalko da, Udalari komenigarri iruditzen zaion unean.

457. lotearen adjudikaziodunak 4.000,00 euroko fidantza jarri beharko du, lote horretako eskortan eragin ditzakeen kalteei erantzuteko.

10. artikulua. Prezioa eguneratzea.

Lote bakoitza zer preziotan baloratzen eta adjudikatzen den, hura urtero eguneratuko da, abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

11. artikulua. Zergak.

Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai eta, kasua bada, belarrak aprobetxatzeko epean ezartzen direnak ere.

12. artikulua. Ordainketaren datak.

Belar aprobetxamenduen ondoriozko zenbatekoak hiruhileko aurreratuetan kobratuko dira, Udalak erabakitzen dituen egunetan.

13. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.

Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak, eta bete beharko ditu, halaber, Foru Lege horretako nahiz haren erregelamenduko baldintza guztiak, baita indarra duten xedapenen arabera aplikatzekoak diren arau guztiak ere.

14. artikulua. Adjudikaziodunaren betebeharrak.

1. Herri-larreak zuzenean aprobetxatu behar dira.

Iritziko zaio herri-larreak ez dituztela zuzenean erabiltzen, besteak beste:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenek.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hori egitera beharturik daudelarik.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Eskatu arren, honako agiri hauek ezarritako epean aurkezten ez dituztenek: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

Herri-larreen zuzeneko aprobetxamendua ez konplitzeak berekin ekarriko du adjudikazioa bertan behera gelditzea eta galtzea; arau-hausleak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, eta erabilitako denbora ordaindu beharko du.

2. Adjudikaziodunak, halaber, betebehar hauek izanen ditu:

a) Azienda Ablitasko katastroan edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.

b) Adjudikatu zaizkion lurrak azpierrentan ez ematea beste inori, ezta eskualdatzea ere.

c) Erabiltzeko interesik ez badu, adjudikazioari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, horrek komenigarrien ikusten duen maneran adjudika ditzan.

d) Artegiak adjudikazioaren egunean zeuden bezala uztea; jarritako fidantzarekin erantzunen zaie egiten diren kalte-galerei eta fidantza baino gehiago badira, adjudikaziodunaren ondasunekin, zenbatekoa berdindu arte.

15. artikulua. Adjudikaziodunaren erantzukizunak eta arau-hausteak.

Errentariak ahalik eta gehien errespetatuko ditu, bere aziendekin, lote bakoitzaren barnean dauden lurzatietako laborantzak; berak izanen du haietan egiten diren kalte guztien erantzukizuna; horregatik, erantzukizun zibileko poliza bat izenpetu beharko du, eta kalteak ordaindu beharko ditu, Udalak izendatutako perituaren balorazioaren ondoriozko zenbatekoan.

Orobat, abeltzaina izanen da ureztalurretan eta ezpondetan, bideetan eta zubietan egiten diren kalteen erantzulea; lurzatietako sartu-irteerak behar diren bide eta zubietan barna eginen dira, eta kalteak ordaindu beharko ditu, Udalak izendatzen duen perituaren balorazioaren ondoriozko zenbatekoan.

Honakoak dira arau-hauste administratiboak:

1. Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa.

2. Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

3. Aziendak sartzea adjudikatu ez zaion herri-lurren lotean.

4. Azienda sartzea ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian, herri-lurzatien laborantza hondatuz.

5. Kalte egitea aziendarendako artegietan eta idoietan.

6. Ez errespetatzea belarren adjudikazio epeak.

7. Belarra aprobetxatzeko zenbatekoak edo ezartzen diren bestelako tasa edo kanonak ez ordaintzea epe barrenean.

8. Adjudikatu den herri-lurra azpierrentan ematea edo eskualdatzea.

16. artikulua. Zehapenak.

Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

1. 15. artikuluko lehenbizikoan, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

2. 15. artikuluko seigarrenean, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko desgaituko da.

3. 15. artikuluko zortzigarrenean, kontzesioa iraungiko da.

17. artikulua. Bestelako arau-hauste eta zehapenak.

Udalean aurkezten diren salaketek, peritu batek kalteak baloratu ondotik, ekarriko dute arau-hausleak kaltetuari kalteen zenbatekoa ordaintzea, gehi zenbateko horren %50 Udalari ordaintzea, zehapen gisa; hori guztia, deusetan ukatu gabe jurisdikzio penalean edo bidezko den beste edozeinetan tramita daitekeena.

Gutxieneko zehapena 30 euro izanen da betiere, eta hurrengo urteetan eguneratuko da bizitzaren kostuaren indizearen arabera.

Urte berean bigarren salaketa egiten bada, zehapena izanen da haren zenbatekoa halako bi; hirugarrena, halako hiru, eta gisa berean handik aurrera.

Nekazariendako zehapenak: Plegu honetan xedatzen denari kontra egiten dioten nekazariek kalteen ordain gisa ordainduko dute kasuan kasuko lurrean herri-larreen adjudikazioak urtebetean duen prezioa, zeina abeltzainari ordainduko baitzaio, gehi zenbateko horren %50, Udalari, zehapen gisa.

Nolanahi ere, gutxieneko zehapena 30 euro izanen da.

Zehapenei buruzko xedapen orokorrak: Zehapenak eta kalteak ez ordaintzea premiamenduz betearazteko bidetik tramitatuko da.

Gainerako arau-hausteen zehapena, berriz, gehienez ere 3.000 euroko isuna izanen da, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 141. artikuluan xedatuarekin.

Hori guztia, deusetan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarrenei eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileek bidezko den bezala ordainduko baitituzte.

18. artikulua. Eskorta edo artegien erabilera.

Adjudikaziodunek lote bakoitzari esleitzen zaion artegian altxatu beharko dute beren azienda; ezin izanen dute azienda gorde hirigune barneko eskortetan.

Belarren errentamendua bukatzen denean adjudikaziodunek libre utzi beharko dituzte eskorta horiek eta bertan dagoen guztia, hala nola ateak, leihoak, kristalak, sarrailak eta ematen zaien gainerako guztia ere, erabiltzeko egoera ezin hobeetan utziko ere, hala egiten ez badute behar diren erantzukizunak eskatuko baitzaizkie. Giltzak Landazaintzaren eskutan utziko dira.

Sortzen den simaurra adjudikaziodunendako geldituko da; horiek nahi duten bezala erabili ahalko dute, baina kontratuaren muga-egunerako dena atera izan beharko dute, non ez den hurrengo enkantean erremategile gertatzen; hala ez bada, Udalaren jabetza bilakatuko da.

Udalak aziendendako eskorta edo artegiz hornituko ditu lote guztiak, baldin eta horretarako aurrekontu-baliabideak baditu, finkatzen dituen lehentasunen arabera.

Eskorta edo artegien zuzkidura osatzen den bitartean, loteek une bakoitzean daudenak izanen dituzte, eta ezin izanen da ezer erreklamatu kontzeptu horrengatik, ezta lotearen prezioa apaltzeko ere, ulertzen baita abeltzainek onartzen dutela haien kopurua eta haien egoera.

19. artikulua. Uraskak eta idoiak.

Abeltzainek lote bakoitzeko putzu edo idoietan edanaraziko dituzte beren aziendak, ez aldamenekoetan, ezta lehorraldietan ere, salbu eta haien adjudikaziodunaren baimena badute eta hark ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

Udalak garbituko ditu idoiak, eta horren zenbatekoa abeltzainei kobratu ahalko die, Alkatetzak komenigarria ikusten badu.

Udalak eginahalak eginen ditu lote bakoitza aziendendako idoiz edo uraskaz hornitzeko, baldin eta aurrekontu-baliabiderik badago, finkatzen dituen lehentasunen arabera. Zuzkidura hori osatzen den bitartean, loteek une bakoitzean dauden putzuak edo idoiak izanen dituzte, eta ezin izanen da ezer erreklamatu kontzeptu horrengatik, ezta lotearen prezioa apaltzeko ere, ulertzen baita abeltzainek onartzen dutela haien kopurua eta haien egoera.

20. artikulua. Loteen azaleraren aldaketa.

Ordenantza honek aipatzen duen adjudikazio aldian loteen azalera murrizten duten inguruabarrak gertatzen badira, errentamenduaren prezioa murriztuko da aziendek aprobetxatu ezin duten azaleraren heinean.

21. artikulua. Barrutiak.

1. Nekazariek laborantza mota guztiak sartu ahalko dituzte barrutietan, garia eta garagarra kenduta.

2. Barrutian sartzeko data: eskaerak irailean baizik ez dira eginen, katastroaren ohiko zuzenketarekin batean eta haren epe beretan.

3. Barrutiek gutxienez iraunen dute eskaeraren hurrengo urteko iraila arte, eta luzatutzat joko dira hurrengo urteetarako, espresuki haren baja eskatzen ez bada.

4. Barrutien identifikazioa: urtero, barrutietan sartutako lurzatien zerrenda emanen zaie abeltzainei, errespeta ditzaten ordenantza honen baldintzei jarraikiz.

5. Barrutiaren prezioa: Nekazariak adjudikazioaren prezio proportzional bera ordainduko du barrutiagatik, kasua bada goititua dagozkion zergekin, eta %25 gehiago, kudeaketa gastuengatik eta larreen balio-galeragatik, hori Udalarendako izanen baita.

6. Adjudikaziodunari barrutia ordainduko zaio urte bakoitza bukatzean; egun hartaraino egindako atxikipena fidantzatzat hartuko da.

7. Laborantza berriak edo berrikitakoak ez dira salbuesten barrutiaren formalizazio horretatik, data orokor beretan eskatuko baitira.

8. Barrutian sartutako lurzatiek barrutian sarturik iraunen dute; haietan ezin izanen da bazkatu urteko inolako sasoitan, jabeak baimena eman ezean; hala egiten bada, Landazaintzari gaztigatu beharko zaio.

9. Barrutian sartu gabeko lurzatiak: almendrondoak, mahastia, zainzuriak eta fruta-arbolak dituzten barrutietan bazkatu ahalko da soilik azaroaren 15etik hasita goldatzen diren arte.

Barrutian sartu gabeko zainzuri-sailetan ezin izanen dira zainzuri-landareak erauzi edo lurrak landu urtarrilaren 15a baino lehen; hala egiten ez bada, belarren prezioa halako bi ordainduko dute beren zati proportzionalean.

Gainerako laborantzetan, ereindako lurzatiak errespetatuko dira beti.

22. artikulua. Uztondoak.

10. Uzta bildu arte ez da baimenik emanen aziendak uztondoetara sartzeko, jabeak baimena eman ezean.

11. Debeku da uztondoak erretzea, Nafarroako Gobernuak baimena eman eta haren baldintzak bete ezean.

12. Lehorreko uztondoak: lehorreko uztondoak ezin izanen dira goldatu martxoaren 1a arte, urte berean ereiteko edo landatzeko ez bada, Landazaintza Zerbitzuari aurretik gaztigatuta.

13. Ureztalurretako uztondoak: ezin izanen dira goldatu abuztuaren 25a arte, ereiteko edo landatzeko ez bada; hala eginez gero Landazaintzari gaztigatuko diote. Abeltzainek bost egun izanen dituzte aziendak bazkatzeko, finka lantzen hasi aurretik.

23. artikulua. Fruta-arbolak, almendrondoak eta makalak.

Fruta-arbol, almendrondo eta makalen sailetan aziendak ezin izanen dira bazkatu laugarren urtea iragan arte, landatu edo txertatu zirenetik.

Larreen loteak adjudikatu ondotik, landaketa berriak egiteko eta baimen hori erabili ahal izateko, aldez aurretik eskatu beharko zaio Udalari. Baimena ematen bada, bertan jasoko da barrutian sartutako lurraren zenbatekoaren ordainketa.

Laugarren urtetik aurrera bazkatu ahalko dira aziendak, uzta bildu ondoan, urtarrilaren 1a arte. Egun hori arte ezin izanen da goldatu.

Sail landatua halakotzat hartu ahal izateko, erregu bakoitzeko 16 arbola izan beharko ditu gutxienez, salbu kopuru txikiagoa behar duten espezieak badira.

Landaketak ezpondetan edo finken mugetan egiten badira, ez dute babesik izanen, salbu finka guztia landatua badago.

Artikulu honek aipatzen dituen landaketak bideetatik gutxienez ere hiru metrora egin behar dira.

24. artikulua. Zainzuriak.

Zainzurien sailetan aziendak bazkatu ahalko dira azaroaren 15etik urtarrilaren 1a arte, eta ezin izanen dira goldatu azken egun hori arte.

Aziendak ezin izanen dira bazkatu urtebeteko zainzurien sailetan.

25. artikulua. Luzernak.

Luzerna: aziendak azaroaren 15etik otsailaren 1a arte bazkatu ahalko dira bertan, udazkenean erein diren alorretan izan ezik; horiek lehen urtean errespetatu beharko dira, deskonturako eskubiderik gabe.

Lehen urtekoetan, bi ebakialdi eman bazaie, luzernarako data orokorretan bazkatu ahalko dira aziendak.

Goldatu behar diren luzernetan azaroaren 15etik abenduaren 8a arte bazkatu ahalko dira, biak barne.

Luzerna hazia: aziendak haren uzta bildu ondoan bazkatu ahalko dira bertan, baina errespetatu beharko da finkaren titularrak egin nahi badu hazia bildu ondoan sortzen den ebakialdia; hura azaroaren 15a baino lehen egin beharko da.

Laboreekin eta luzerna haziarekin ereindako finkek luzernarako arau orokorra beteko dute.

26. artikulua. Erremolatxak.

Uzta bildu ondoan, nekazariak 3 eguneko epea izanen du orria kentzeko. Horren ondotik, aziendak bazkatu ahalko dira bertan, goldatu aurreko 8 egunetan.

27. artikulua. Laboreak, artadiak eta barazkiak.

Ereinez gero, nekazariak abeltzainari gaztigatuko dio eta hamar eguneko epea izanen du aziendak bazkatzeko; ereiten ez bada, orobat hogei egun izanen ditu, nekazariak gaztigatzen dionetik.

–Berdean biltzeko artoa: jabeak belarrak ordaindu beharko dizkio abeltzainari.

–Arto lastoa: debeku da arto lastoa makinaz bildu edo paketatzea, horrekin belarren aprobetxamenduari kalte egiten bazaio, salbu eta abeltzainari gaztigatzen bazaio, 10 egun izanen baititu aziendak bazkatzeko.

–Brokolia eta azalorea: brokoliaren eta azalorearen lehen uztetan, abeltzainaren eta jabearen artean hostoaren prezioaz adostasunik ez bada, abeltzainak zazpi eguneko epea izanen du sartzeko.

–Orburuak: nekazariak orburuetan sartzen utziko dio aziendari, zurtoinak moztu ondoan, uztailaren 20a arte.

–Mahastiak: mahastietan, aziendak ezin izanen dira bazkatzera sartu landaketaren lehengo bi urteetan.

Gainerako mahastietan uzta bildu ondoan bazkatu ahalko dira.

–Olibondoak: olibondoetan, aziendak ezin izanen dira bazkatzera sartu landaketaren lehengo lau urteetan.

Gero bazkatu ahalko dira, uzta bildu ondoan, otsailaren 1a arte.

28. artikulua. Laborantzarako aziendak.

Larreak aprobetxatzeko eskubidea errentariarena baizik ez bada ere, honek ezin izanen du trabarik jarri bizilagunek, lanaren kariaz, beren lurzatietan laborantzarako aziendak sartzen badituzte.

29. artikulua. Euria eta ureztapenak.

Euria botaz gero, kanalak erori badira, aziendak ezin izanen dira finketan sartu hiru egun iragan arte. Euria zakar bota badu eta lurra beratz badago, aurretik Landazaintza Zerbitzuari galdeginen zaio.

Zainzuri eta mahastietako finketan eta lugorrietan, lau egunekoa izanen da epea.

Finka ureztatuetan ezin izanen dira aziendak bazkatu kalte egin daitekeen bitartean; azienda sartu aurretik, Landazaintza Zerbitzuari galdeginen zaio.

Arau horiek betetzen ez badira, abeltzainak adjudikazio proportzionala halako bi ordainduko du kalteagatik.

30. artikulua. Eremu babestuak.

Debeku da aziendak ur-biltegien eremuan bazkatzea, baita hirigunean, lursail industrialetan edo apaingarrietan, eta higadurari kontra egiteko landaketen eremuetan.

31. artikulua. Erretenak eta isurbideak.

Debeku da aziendak kordeladaz kordelada iragatea erreten eta isurbide edo hustubideetan barna.

32. artikulua. Familia-baratzeak.

Aziendak ezin izanen dira bazkatu erregu bat baino azalera gutxiago duten familia baratzeetan, nekazariak baimena eman ezean.

33. artikulua. Ahuntz azienda.

Debeku da ahuntz azienda bazkatzea, saldoa zuzentzen aritzen diren animaliak izan ezik, eta gehienez ere 10.

34. artikulua. Ingurumen arloko xedapenak.

1. Baso berritzeak edo ingurumenekoak: espresuki debeku da aziendak bazkatzea baso berrituetan, sail landatuetan edo higaduraren kontra egiteko edo ingurumenaren aldetik lehengoratzeko erein den aldeetan. Etorkizunean landaketak edo ereintzak egiten badira, haien azalera kenduko da loteen preziotik.

2. Idoi, putzu edo urasken ondoko eremuak: nekazariek ezin izanen dituzte landu idoi, putzu eta urasken ondoko eremuak, Landazaintzak finkatzen duen azaleran.

3. Kutsaduraren kontrako neurriak: erabiltzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte putzu, idoi eta urasken ura ez kutsatzeko produktu fitosanitarioekin edo beste edozein klasetakoekin, jendeari, aziendei eta orokorrean faunari kalte egin ahal badiete. Biltontzi edo ontziak ez dira ur horietan garbituko, ez eta bazterrera botako ere.

4. Animalia hilak: debeku da animalia hilak alorretan uztea edo ehorztea; betiere bete behar da arlo horretako legeria. Araudi hau ez betetzearen ondoriozko gastuak arau-hauslearen bizkar izanen dira, deusetan ukatu gabe behar diren zehapenak.

35. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira ezartzen den eperako, ordenantza honen xedapenei jarraituz.

36. artikulua. Parte hartzeko baldintzak eta fidantzak.

1. Enkantean parte hartzeko nahitaezko baldintza izanen da mahaiburutzan hirurehun euro uztea, eskudirutan, hura gabe ez baita eskaintzarik ez proposamenik onartuko. Orobat, egunean izan behar dira herri-lurrak aprobetxatzeagatik edo beste edozein kontzepturengatik Ablitasko Udalak igortzen dituen kontribuzio, tasa, prezio publiko eta kanon guztiak, eta sinaturik izan beharko da erantzukizun zibileko poliza bat, aziendek eragin ditzaketen kalteengatik.

2. Behin-behineko adjudikazioa eginda, utzi duten behin-behineko fidantza itzuliko zaie enkantean parte hartu dutenei, eta erremategileena baizik ez da atxikiko. Hiruhileko baten ordainketa berdintzeko aski ez bada, aldea eskatuko zaie erremategileei eta Udalaren eskutan geldituko da gerta litezkeen kalte-ordainei aurre egin ahal izateko. Hura errentamendua bukatuta itzuliko da; haren zenbatekoa enkantearen urteko prezioaren %10 izanen da, kontratu hau betetzen dela bermatzeko.

37. artikulua. Ordaintzeko modua.

1. Errentamendua zer zenbatekotan adjudikatu den, haren ordainketa hiruhileko aurreratuetan eginen da. Lehen epea, aurreko baldintzan adierazi den gisan, behin betiko adjudikazioaren unean.

2. Aurreko baldintzan zehaztu diren epeak edo datak iraganik errentariak ez baditu zenbatekoak ordaindu esan bezala, premiamendu-bidez kobratuko dira, Udalak kontratua deuseztatzea erabaki badezake ere erremategile berankorraren bizkar; horrek utzitako fidantza galtzea ere ekarriko luke.

38. artikulua. Prezioa eguneratzea.

Toki ogasunen gaineko araudiak ezartzen duenari jarraikiz, errentamenduaren prezioa bigarren urterako eta hurrengoetarako eguneratuko da, bizitzaren kostuaren igoerarekin batean, indize ofizialen arabera.

39. artikulua. Arriskua eta mentura.

Errentamendua dela-eta, errentariak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, deusengatik ere ezin izanen du eskatu prezioa aldatzeko, epea luzatzeko edo hura ezeztatzeko.

40. artikulua. Zezenketetarako aziendak.

Adjudikazioa edozein modutakoa izanik ere, adjudikaziodunetariko bat zezenketetarako abeltzaina baldin bada, izan beharko du aseguru poliza bat azienda horren ondorioz pertsona eta ondasunetan egiten diren kalteak bermatzeko; azienda horren zaintzaileak behar den gaitasuna eta ardura izan beharko ditu.

41. artikulua. Gorabeherak konpontzea eta legeria aplikagarria.

Udalak ebatziko ditu, lehen-lehenik, errentamendu honetatik ondorioztatzen diren gorabehera eta afera guztiak; haren ebazpenen kontra behar diren errekurtsoak jarri ahalko dira.

Aurreko baldintzetan aurreikusi gabeko orotan, erremategileak men egin beharko die enkante mota hauei dagokienez ondoko arau hauetan ezartzen denari:

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena.

Iragarkiaren kodea: L2011988