258. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2020 EBAZPENA, urriaren 14koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, argitara ematen dituena Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak, eta zehazten dituena lanpostuak ezabatzeko eta lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedurak eta 2020-2021 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 9ko 191/2020 Ebazpenaren bidez dei egin zen Estatuko lekualdatze-lehiaketarako, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.

Ebazpen horren laugarren oinarriarekin bat, deialdian beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, lekualdatze-lehiaketa hauetako prozedura-arau aplikagarriak ezarri zituen urriaren 5eko EFP/942/2020 Aginduaren bosgarren atalean aurreikusitako egunetan zehaztuko dira eta Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es/eu) argitaratuko dira.

Azaldutakoarekin bat, bidezko da argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak.

Bestalde, beharrezkoa da zehaztea lanpostuak formalki ezabatzeko eskaeren prozedura kasuan kasuko plantillan lanpostua aurreikusia ez duten maisu-maistren kidegoko irakasleentzat, baita lanpostu ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedura ere.

Halaber, bidezko da zehaztea 2020-2021 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoen zonifikazioa.

Zonifikazio hori urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko irakasleek lehentasunezko eskubidea erabil dezaten aplikatuko da, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, eta zehaztea zein diren 2020-2021 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko lanpostu hutsak (maisu-maistren kidegoko irakasleei dagozkienak).

Lanpostu hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du lehiaketaren ondoriozko lanpostuak amortizatu eginen direla, eta, hortaz, bete beharreko lanpostu kopurua ez dela handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako lanpostu hutsei lekualdatze-lehiaketaren deialdia ebaztearen ondorioz sortzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren lanpostu hutsak ere sartuko dira. Lanpostu horiek guztiek eskola plangintzan aurreikusiak egon beharko dute.

3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi kurtsoetan eman gabe gelditzen diren lanpostu hutsak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie lanpostuak betetzeko hurrengo prozesuetan; betiere, haien funtzionamenduak eskola plangintzan aurreikusita egon beharko du.

4. Ebazpen honen bidez onesten diren plantilletan ez da lanposturik ezabatuko. Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren lanpostuak, “(+)” ikurra daukatenak, amortizatu eginen dira erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten ezabaketak direla-eta, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.

5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta beren lanpostua onetsitako plantilletan aurreikusia ez badago, beren lanpostua ezabatzeko eskatzen ahalko dute, prozedura honen arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren lanpostuei atxikiak dauden maisu-maistrek lanpostua kentzeko eskaera egiten ahalko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, eta, horretarako, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako lanpostuak baino gehiago badira murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako lanpostuei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrak izanen dira ukituak:

1.–Behin betiko langile gisa etengabeko antzinatasun handiena izatea ikastetxean edo eskualdean, lanpostu bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2.–Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzualdia handiena izatea.

Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriaren arabera kidegoan sartutako langileen kasuan, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaio, lehenengo zerbitzu-urtea kenduta.

3.–Kidegoan nor sartu zen lehenago (urtea).

4.–Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran, zerrendan zenbaki txikiagoa izatea, edo puntuazio handiagoa.

c) Lanpostua ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izanen ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute lanpostuak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 9ko 191/2020 Ebazpenean ezarritako baldintzekin bat. Ebazpen horren bidez Estatuko lekualdatze-lehiaketetarako deia egiten da, kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.

6. Maisu-maistren kidegoko irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko lanpostu arruntean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, lanpostu ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, lanpostua ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Lanpostu ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lanpostu berriko atxikipenak 2021eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, lanpostu hori ikastetxeko lanpostu arrunt gisa ageri bada plantillan, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko lanpostu arrunt berriari, eta horrek 2021eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/) argitara daitezen agintzea.

8. Ebazpen honen eta eranskinen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko urriaren 14an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

Iragarkiaren kodea: F2012035