255. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Aldaketa, Animaliak edukitzeari buruzko osasun eta babeserako udal ordenantzan. Hasierako onespena

Arangurengo Udalak, 2020ko ekainaren 30eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak edukitzeari buruzko osasun eta babeserako udal ordenantzaren aldaketa.

Iragarki hori 2020ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31n.

Jendaurreko epean egon bitartean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jo da delako ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ondotik ematen da behin betikoz onetsi testua.

Mutiloan, 2020ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ANIMALIAK EDUKITZEARI BURUZKO OSASUN ETA BABESERAKO UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da osasunaren eta segurtasunaren aldetik behar diren baldintzak ezartzea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, arauak ezartzen ditu Arangurengo udal-mugartearen barnean lagun egiteko animaliak arduraz edukitzeko, babesteko eta haien ongizaterako. Halaber, animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautzen ditu, Udalaren eskumen eta betebeharren esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Arangurengo udal-mugartera mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, haztegi, saltoki edo lagun egiteko animaliak aldi batean izateko establezimenduen jabe eta arduradunak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, bestela, Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, berekin harremana duten animalien datu eta aurrekari zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betebehar berberak izango dituzte hiri-lur nahiz landa-lurreko finketako atezain, etxezain edo zaindariek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan-harremanaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko dira eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko da.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua.

1. Lagun egiteko animaliak: gizakiak dauzkan animaliak, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien produkzioen aprobetxamendua ez bada edo, oro har, merkataritza-xedeekin edo irabazi asmoekin edukitzen ez badira, espeziea edozein dela ere.

Definizio horretan zakur, katu eta hudo guztiak sartzen dira, alde batera utzita zertarako erabiltzen diren edo non bizi diren, bai eta aisiarako edo kirol-xedeetarako erabiltzen diren ekidoak ere, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien produkzioen aprobetxamendua ez bada.

Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnez bestelako ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), uretako apaintze-animaliak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basa animaliak edo itxian hazitakoak ere, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.

Ez dira lagun egiteko animaliatzat hartuko babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.

2. Ekoizpenerako animaliak: ekoizpenerako, ugalketarako, gizentzeko edo hiltzeko animaliak, larrugintzarako edo ehiza-jardueretako direnak barne, zeinak mantendu, gizendu edo haziak baitira animalia-jatorria duten elikagai edo produktuak ekoizteko, edozein industria-erabileratarako edo bestelako merkataritza- edo irabazi asmoko xedeetarako.

3. Lanerako animaliak: jarduera edo xede jakin baterako erabiltzen diren lagun egiteko animaliak; esate baterako, zaintzarako zakurrak, artzain-zakurrak, laguntza-zakurrak, ehiza-zakurrak edo hudoak, zakur boilur-bilatzaileak, erreskate-zakurrak eta segurtasun indar eta kidegoek erabiltzen dituzten zakurrak.

4. Basa fauna: basa egoeran modu naturalean bizi eta ugaltzen diren espezieen, subespezieen, populazioen eta banakako animalien multzoa, negu-pasan edo pasaeran daudenak barne, alde batera utzita autoktonoak edo aloktonoak diren eta haien ehiza-aprobetxamendua egin daitekeen.

5. Animalia abandonatua: animalia identifikatugabea edo identifikatua, zeinaren galera edo desagerketa ez baitzaio inongo agintari eskuduni jakinarazi araudian ezarritako gehieneko epean; eta, oro har, edozein animalia, jabeak edo edukitzaileak nahita eta berariaz uko egin dionean jabetzari eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako zaintza- eta gobernantza-betebeharrak betetzeari. Animalia abandonatutzat hartuko da, halaber, lagun egiteko animalientzako zentro batean egon eta epe adostuan jabeak edo edukitzaileak jaso ez duena.

Foru lege honen ondorioetarako, animalia abandonatutzat hartzen da Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan titulartasunez alda daitekeena, dela harrerako zentroaren alde, dela hari harrera egiten dion edo hura jasotzen duen pertsonaren alde.

6. Animalia galdu edo desagertua: Identifikatuta nahiz identifikatu gabe egon eta kontrolik gabe alderrai dabilen animalia, baldin eta haren jabe edo edukitzaileak edozein agintari eskuduni komunikatu badio galera edo desagerketa.

7. Animalia identifikatuak: agintaritza eskudunak aitortutako identifikazio sistemaren bat daramaten animaliak, izena emanda daudenak Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan edo beste autonomia erkidego bateko erregistro baliokidean.

8. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak: etxeko animalia gisa edo lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren basa faunako animaliak, zeinak pertsonei nahiz beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzei kalte egiteko ahalmena duten espezie edo arrazetakoak baitira, duten agresibitatea zein ere den. Halaber, erregelamenduz zehaztutako etxeko animaliak edo lagun egiteko animaliak, bereziki zakur-espeziekoak, baldin badira halako arraza-tipologia batekoak non, beren izaera oldarkorragatik, tamainagatik edo masailezurreko potentziagatik, pertsonei edo beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eta gauzei kalteak eragin baitiezazkiekete. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean araututakoari erreparatuko zaio, bai eta hura garatzen duen indarreko araudiari ere.

9. Jabea edo titularra: animalia baten zaintzaren erantzukizuna duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak bere jabaripean baitauka animalia, eta Animalien Identifikaziorako Erregistroan haren jabe gisa izena emanda baitago. Erregistroko izen-ematerik ez dagoen kasuetan, jabetzat hartuko da zuzenbidean titulartasuna eta jabaria frogatzeko onarturiko edozein metodo erabiliz izaera hori froga dezakeen pertsona.

10. Edukitzailea: aurreko puntuan ezarritakoaren araberako jabea izan gabe, animalia bat daukan edo haren zaintza bere ardurapean duen pertsona fisikoa.

11. Animalien babeserako eta defentsarako elkarteak: legez eratuta dauden irabazi asmorik gabeko entitateak, xede nagusi gisa dutenak animaliak defendatu eta babestea Nafarroako Foru Komunitatearen jarduketa eremuan.

12. Entitate laguntzaileak: animalien babeserako eta defentsarako elkarteak, albaitaritza-zentroak eta bestelako entitateak, halakotzat aitortuta eta erregistratuta daudenak Foru Komunitatearen jarduketa-eremuan.

13. Edukitza arduratsua: jabe eta edukitzaileek beren gain hartu behar dituzten betebehar, baldintza eta konpromisoen multzoa, foru lege honen aplikazio eremuan sartuta daudenak, bermatzeko eta segurtatzeko animalien ongizatea eta haien beharrizan etologiko eta fisiologikoen araberako bizi-kalitatea.

14. Eutanasia: lagun egiteko animalia bati modu justifikatuan eragindako heriotza, animaliaren ongizate egokiarekin bateragarria den bizi kalitatea ahalbidetzen ez dion gaixotasun edo lesio bat edukitzearen ondoriozko alferreko sufrimendua hari saihesteko, betiere metodo ez-anker eta ez-mingarriak erabiliz, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz.

15. Heriotza ematea: lagun egiteko animalia bati animalien osasun-arrazoiengatik, osasun publikoagatik, ingurumen-arrazoiengatik edo larrialdi- nahiz arriskugarritasun-arrazoiengatik eta ahal den sufrimendurik txikiena dakarten metodoen bidez eragindako heriotza, foru lege honetan ezarritakoaren araberakoa.

16. Tratu txarra: sozialki onartezina den jokabidea, nahita animalia bati beharrik gabeko mina, sufrimendua, ondoeza edo heriotza eragiten diona.

17. Lagun egiteko animalien zentroak: gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.

Foru lege honen ondorioetarako, definizio horren barruan sartzen dira salmenta-establezimenduak, hazkuntza-zentroak, egoitzak, trebakuntza-eskola edo -zentroak, animalia abandonatuak hartzeko zentroak, kirolerako zakurtegiak, ehiza-zakur saldoak, animaliekiko terapiako zentroak, bilduma partikularrak, baserri-eskolak, santutegiak, erreskate-zentroak, lagun egiteko animaliei aterpea eman eta erregelamenduz zehaztua den beste edozein zentro, eta lagun egiteko animaliekin lotutako jarduera ekonomikoak dauzkaten gune zoologiko guztiak, haien kopurua edozein dela ere.

Zehazki, honako hauek hartzen dira halakotzat:

a) Salmenta-establezimendua: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun pribatukoa, zeinaren helburua baita salmentarako animaliak aldi baterako mantentzea.

b) Merkataritza-xedea duten hazkuntza-zentroak edo haztegiak: lagun egiteko animalien titulartasun pribatuko zentroa, animaliak ugalketarako mantentzen dituena eta kumeak salmentara edo geroko lagapenera bideratzen dituena.

c) Harrera-zentroa: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun publiko zein pribatukoa, animalien defentsarako elkarteenak barne, animalia abandonatu edo galduen harrera egiten duena.

d) Zakurren trebatzailea: behar den lanbide kualifikazioa daukan pertsona, zakur bat hezten eta trebatzen duena pertsona bati zerbitzu egokia emateko bete beharko dituen eginkizunak bete ditzan.

18. Harrera-etxea: bizileku partikular erregistratua eta harrera-zentro baten menpekoa, zeinean animalia abandonatu edo galduak mantentzen baitira haiek behin-behinekoz zaintzeko, animalia baldintza higieniko-sanitario egokietan zaindu, artatu eta mantenduko dela bermatuz.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugartean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, instalazioek eta haietan bertan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin osasunaren aldetik bete behar diren beharkizunak.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. 1. Animalia abandonatutzat jotzen da animalia identifikatugabea edo identifikatua, zeinaren galera edo desagerketa ez baitzaio inongo agintari eskuduni jakinarazi araudian ezarritako gehieneko epean; eta, oro har, edozein animalia, haren edukitzaileak nahita eta berariaz uko egin dionean jabetzari eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako zaintza- eta gobernantza-betebeharrak betetzeari. Animalia abandonatutzat hartuko da, halaber, lagun egiteko animalientzako zentro batean egon eta epe adostuan jabeak edo edukitzaileak jaso ez duena.

Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu edo norbaiti lagatzen dion arte.

2. Hamar eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik aurrera, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak eta albaitariaren zerbitzuak, halakorik izan bada. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da, eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko aukera emanen du.

4. Animalia biltzeagatik eta mantenua emateagatik, tasak hauek dira:

  • 15 euro/egun arrunta.
  • 50 euro/jaieguna.

10. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerri barruko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan. Abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea ireki daiteke.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigua egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debeku da jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan eta abarretan. Orobat debeku da hiri ingurunean aske bizi diren hegaztiei (ahateak, usoak, txolarreak etab.) jaten ematea, bereziki etxeetako terraza, balkoi eta leihoetatik egiten bada.

2. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

3. Arangurengo Udalak, dagozkion udal zerbitzuen bidez, egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

12. artikulua. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak konfiskatu ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo instalazio desegokietan badira.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animaliak isolatzeko edo konfiskatzeko agindu dezakete, pertsonentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai heriotza emateko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua edukitzearen zantzuak dituztenak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta osasun zerbitzuek aldeko txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin ahalko da, baldin eta animaliak agiri egokiak baditu eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badaude.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du dagokion administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. 1. Debeku da animalia hilik uztea leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal-mugartearen barnean ezarritako zerbitzuak erabiliko ditu horretarako.

3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo beste ordenantza edo erregelamendu batzuek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. 1. Pertsonen garraio publiko kolektiborako ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, salbu eta ibilgailuan horrelakorik garraiatzeko leku berezirik badago edo laguntza-zakurra badaramate, bat etorriz azaroaren 24ko 535/2016 Foru Aginduarekin, zeinaren bitartez garatzen baita Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-zakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legea.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionez Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bestera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animaliekiko zama-lanak behar bezala eginen dira.

15. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publikoen edo ostatuen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, taberna, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, utzi ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren arabera identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa emanik eta uhalez edo katez loturik egon daitezen ere. Laguntza-zakurrek beti izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetan, ospitaleetan, anbulatorioetan eta ikastetxeetan ere.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude laguntza-zakurrak.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, eta kasu horretan lokalaren sarreran argi eta garbi adierazi beharko da.

Nolanahi ere, debeku horrek ez die laguntza-zakurrei eraginen.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude animaliei galaraztera eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotz edo zikinkeriarik utz dezaten eta egindakoak garbitzera.

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

20. artikulua. Arangurengo mugartean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udal-mugartean bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egin ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

Nahitaezkoa da zakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip homologatu batez identifikatzea; mikrotxip horrek Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroak baliozkotutako kode bakarra eramanen du. Esleitutako eta ezarritako mikrotxip-kodea animaliaren pasaporte ofizialean ageriko da, erregelamenduz ezarritakoari jarraituz. Hala eta guztiz ere, udalek, udalez gaindiko entitateek edo eskualdeek eskatu ahalko dute zakurrak mikrotxipaz gain beste bide batzuez identifikatzea.

21. artikulua. Hildako animalia bat jasotzean, errepideetan edo bide publikoan, haren identifikazioa egiaztatuko da, eta jabeari abisua emanen zaio, kasua bada. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioari begira.

22. artikulua. Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan izena emateko betebeharretik salbuetsita geratuko dira beste lurralde batean identifikatuta eta erregistratuta egon eta Nafarroako Foru Komunitatean hiru hilabete baino aldi laburrago baterako dauden animaliak.

23. artikulua. Xede berarekin (zakurren zentsua eguneratzea), zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, bost eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela eta.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

24. artikulua. Udal-mugartean bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera hortik aitzina.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egin dezakete txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epean.

25. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Lesioren bat eragin duen zakurraren jabea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoaren hartzaileari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia bere ohiko aterpean atxiki beharko dute.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

26. artikulua. Zakurrak loturik ibiliko dira eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, solairuarte, eta abarretan), salbu aske ibiltzeko Udalak baimendutako eremuetan.

Zakurrak aske ibiltzeko eremuetan, hauek beti haien jabeen kontrolpean egon beharko dute. Bere zaintzaren ardura duen pertsonaren kontroletik kanpo dagoela irizten da, 50 metro baino urrunago dagoenean edo begi-bistan ez dagoenean. Espazio horien barruan, ezarritako arauak bete beharko dira.

Landa eremuetan zakurrak aske joan ahalko dira, betiere kontrolpean badaude. Zakurrak zaintzen dituen pertsonaren kontroletik kanpo daudela irizten da, hauek pertsona zaintzailearengandik 50 metro baino gehiago urruntzen direnean landaredirik gabeko eremu irekietan, begi-bistan egonagatik ere, edo 15 metro baino gehiago landarediak animalia bere zaintzailearen bistatik ezkuta lezakeen eremuetan.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Uhalarekin edo katearekin lotuta eramateko obligaziorik ez dute izanen artzain-zakurrek, beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke kate edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

27. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, jabeak berreskuratu nahi ez dituenak, ezarritako harrera zentroaren esku geldituko dira.

28. artikulua. Harrera zentroaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

29. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko paragrafoan zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden edukiontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Berariaz debeku da animaliek zuzenean edatea erabilera publikoko iturrietako ur txorrotatik.

Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

30. artikulua. Debeku da zakurrak egotea etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bestelako lekuetan.

Halaber, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

31. artikulua. Laguntza-zakurtzat hartuko da azaroaren 24ko 535/2016 Foru Aginduko arauen arabera aitortu eta egiaztatu dena, eta identifikaturik joanen da beti, horretarako egindako bereizgarri ofizial baten bidez, animaliaren lepokoan gehien ikusten den tokian kokatua, eta peto edo arnes baten bidez.

Halaber, laguntza-zakurra erabiltzen duenak lotura-unitatea identifikatzeko txartela eduki beharko du. Txartel hori, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen 15.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, frogagiri ofiziala da, araututako bereizgarriarekin batera, hori ere ofiziala baita, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak zehaztu beharrekoa, eta zakurrak eraman beharko duena ikusteko moduko tokian. Nolanahi ere erabiltzailearen eta zakurraren identifikazio datuak edukiko ditu.

32. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek etxeperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Zakurrak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; soilik denbora batez lotu ahalko dira, arduradunaren gainbegiradapean, halako moduz non loturak ez dien kalterik eginen eta aukera emanen dien mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta, beharrezkoa bada, estalperatzeko.

Eremu publikoan, eremu mugatu eta horretarako seinalatuetan baizik ez da baimentzen zakurren joan-etorria; animaliek identifikaturik eta txertaturik joan beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoan lotuak, salbu aske ibil daitezen Udalak baimendutako eremuetan. Lehenago eraso egin duten zakurrek edo arriskugarritasuna aurreikusteko modukoek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Agintaritzako agenteek salaketa eginen dute zakurrek, ibiltzean, ez badituzte baldintza hauek eta ordenantza honen gainerakoak betetzen; zakurrak bildu eta atxiki ahalko dituzte, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

33. artikulua. Katu-koloniak.

1. Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearekin bat, beren udal barrutian aske bizi diren katuen populazioa babestu eta kontrolatzeko neurri gisa, katu-koloniak ezarri beharko dituzte, katu horientzako balizko destino gisa, harrapaketaren, esterilizazioaren, identifikazioaren eta askatzearen bidez.

Partikularrekin eta entitateekin lankidetza sustatuko da, animalien zaintza errazteko. Kudeaketa, ahal dela, animalien babeserako entitate edo elkarteekin lankidetzan eginen da.

VI. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

34. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animalientzako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animalientzako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

35. artikulua. Udalak jarduera lizentzia emateko, eta deusetan ukatu gabe Jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokapena.

3. Zuzendaritza teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

5. Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena. Haien planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animaliak hazteko tokiak, haiek zaintzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udal-mugartean diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da beste albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

36. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

1. Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan jarri ahalko baitira.

2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

3. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzezkoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

4. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

5. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren tamainaren araberakoa izanen da; kopuru hori ezarriko dute irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek, beren irizpideen arabera.

8. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen dute nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek bereizirik izanen dituzte haietako bakoitzaren instalazioak, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

11. Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

37. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatu behar zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa bete beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, bertan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Behar adinako janaria, osasungarria, eta baita ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere izanen dituzte.

d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako instalazioak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bat ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

4. Inkubazio aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, ukatu gabe hark hirugarrenei erreklamazioa egin ahal izatea.

38. artikulua. Lagun egiteko animaliak zaintzeko tokitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Beren instalazioetan honako hauek izanen dituzte: eri dauden animaliak bakartzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

39. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira dihardutenak haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

40. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela eta kontsulta gela, sendaketa lan txikiak ere egitekoa.

–Klinikak: itxarongela, kontsulta gela, ebakuntza kirurgikoetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

VII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, erakustaldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

41. artikulua. Modu iraunkorrean paratu nahi diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, jarduera lizentzia izan beharko dute. Hura tramitatuko da jarduera sailkatuei buruz indarra duen araudiaren eta gainerako xedapenen arabera, eta beharrezkoa izanen da ordenantza honetako 32 eta 33. artikuluek dakartzaten baldintzak betetzea, bilduma zoologikoen kasuan izan ezik.

42. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, udal baimena izan beharko dute.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena.

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokapena.

4. Jarduera zenbat denborarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

43. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartilla, animaliaren identifikaziorako txartela etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsen emisio eta inmisioari buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren instalazio eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

44. artikulua. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bestelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekarri ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Debeku dira zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliek elkarri erasotzea helburu duten beste guztiak.

4. Uso-tiroketako lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

VIII. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

45. artikulua. Baimena emanen da ukuiluak, eskortak eta, oro har, aziendak ustiatzeko nolanahiko abeltegiak, haztegiak, aterpeak, eta abar paratzeko, soil-soilik bat etorriz gero ezartzen denarekin 148/2003 Foru Dekretuan eta Abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan.

Aipatu instalazioetarako lizentziak izapidetuko dira jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

46. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udal-mugartearen barrenean bai beste udalerri batzuetara, jarraitu beharko zaio Abereen osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari.

47. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliak egoteko baimenik ezin bada eman, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bestela, horixe bera erabakitzea, deusetan ukatu gabe erantzukizun zibil eta penalak, halakorik egonez gero.

IX. KAPITULUA

Animalien babesa

48. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den prebentziozko tratamendu oro eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonentzako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direnean, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, kontra eginez agintzen denari Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean.

c) Animaliak abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten instalazioetan edukitzea, edo desegokiak direnetan, bakoitzak bere arraza eta espeziearen ariora dituen premia ekologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

f) Animaliak ematea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa animaliak diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.

g) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

h) Lagun egiteko animaliak edo bestelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

i) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

j) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak eta Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkaten egiteetan eta ez-egiteetan erortzea.

k) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek ezarritakoaren arabera, edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bestela erabiltzea.

l) Animaliak karrusel, ferietako atrakzio edo zirkuetan erabiltzea.

p) Lagun egiteko animalia moduan edukitzea horretarako debekaturik dauden basa faunako animaliak edo fauna aloktonokoak, salbu eta agintari eskudunak baimendutako gune zoologiko edo parke zoologikoetan.

m) Animaliak haztea eta saltzea, Internet bidezko salmenta barne, behar diren baimenak eduki gabe edo salmenta-establezimendu edo haztegi gisa baimendurik eta erregistraturik egon gabe. Halaber, edozein zerbitzu ekonomiko edo salmenta argitaratzea, lagun egiteko animalien zentroaren edo gune zoologikoaren erregistro-zenbakirik gabe.

n) Denbora luzez haiek lotuta edo itxita edukitzea, sufrimenduak edo kalteak eragiteko moduko baldintzetan; edo haiek gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik etengabe bakartuta edukitzea, espezie taldekoien kasuan. Zakurrak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; soilik behin edo behin eta denbora batez lotu ahalko dira, arduradunaren gainbegiradapean, halako moduz non loturak ez dien kalterik eginen eta mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta, beharrezkoa bada, estalperatzeko aukera emanen dien.

o) Ebakuntza kirurgikoak egitea lagun egiteko animalia baten itxura aldatzeko edo sendaketakoak ez diren beste xede batzuk lortzeko; bereziki, buztana moztea, belarriak moztea, ahots-kordak ebakitzea eta azkazalak edo hortzak erauztea. Sendatzeko ez diren ebakuntza kirurgikoetan, salbuespena izanen da albaitari batek haiek beharrezkotzat jotzea, dela albaitaritza-medikuntzako arrazoiengatik, dela animalia jakin baten onurarako edo ugalketa eragozteko. Hori abalatu beharko da sendatzeko ez zen ebakuntza kirurgikoa egin zuen albaitariaren txosten edo ziurtagiri baten bitartez.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istantean eta oinazerik gabe hilko dira, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua. 1. Ordenantza honetan xedatzen dena bete ezean agintaritzako agenteek salaketa eginen dute; arau-haustetzat hartuko dira bertan halako tipifikazioa dutenak.

Zehapen prozedurari udal zerbitzu eskudunek emanen diote hasiera, edo arau-haustearen ondorioz ukitutako alderdiak bultzaturik has daiteke, edo Aranguren ibarreko edozein herritar edo entitatek bultzaturik. Hori horrela, eta Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatuari dagokionez, ustezko arau-hausteak salatzen dituzten partikularrak interesduntzat hartuko dira prozeduran.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira bere aplikazio esparruko jardueren eta instalazioen titularrak, bai eta udal-mugartean diren animalien jabeak ere.

Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Lagun egiteko animalia bat edukitzea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera zentsatu gabe.

b) Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez betetzea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe edukitzea.

c) Lagun egiteko animaliak 18 urtez beherakoei edo ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bestela, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

f) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

g) Zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea esparru publikoetan, salbu haiek aske ibiltzeko Udalak baimendu dituen eremuetan.

h) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

i) Hiri barruko bideetan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

j) Garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute, salbu laguntza-zakurrekin.

k) Ikastetxe, igerileku, ospitale eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea, salbu laguntza-zakurrekin.

l) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

m) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.

n) Zakurrak edukitzea etxebizitzen komunitateen patioetan, eta balkoiak, terrazak eta abar erabiltzea, etxebizitzetan beretan, beren iraizkinekin beheko etxebizitzak edo eremu publikoa kutsatzen edo zikintzen dituztenean.

o) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, astunak edo oso astunak direnak izan ezik.

p) Beste pertsonei edo animaliei eta/edo haien ondasunei kaltea eragitea zakurrak.

q) Behar diren neurriak ez hartzea norberaren zaintzapean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko.

3. Arau-hauste astunak hauek dira:

a) Animaliak behar den mantenurik gabe edukitzea edo behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

b) Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

c) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

d) Lagun egiteko animaliak aldi baterako edukitzeko instalazioei buruz Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak ez betetzea.

e) Animaliak haztea eta saltzea, Internet bidezko salmenta barne, behar diren baimenak eduki gabe edo salmenta-establezimendu edo haztegi gisa baimendurik eta erregistraturik egon gabe. Halaber, edozein zerbitzu ekonomiko edo salmenta argitaratzea, lagun egiteko animalien zentroaren edo gune zoologikoaren erregistro-zenbakirik gabe.

f) Uso-tiraketako saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

g) Zinema nahiz telebistarako eszenak filmatzea animaliekin, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

h) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

i) Zentro pribatuetan ez izatea Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak eskatzen dituen albaitaritza zerbitzuak.

j) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

k) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

l) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea, laguntza-zakurrekin izan ezik.

m) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

n) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

o) Animalia identifikatzeko betebeharra ez betetzea edo Erregistroan ez inskribatzea.

p) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

q) Behin eta berriz eragozpenak sortzea.

r) Beste pertsonei edo animaliei eta/edo haien ondasunei kaltea eragitea arriskutsuak izan daitezkeen zakur gisa sailkatutakoek.

s) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak garraiatzea bete gabe Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa.

t) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren lizentziarik ez eramatea, animalia toki publiko batean dagoenean.

u) Edozein espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara foru lege honen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

v) Foru lege honetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea.

w) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.

x) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.

y) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

z) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokituta ez dauden maletegietan garraiatzea, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

4. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatzea, horien publizitatea egitea eta, kasua bada, egitea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo galzorian deklaratu dituzten kanpoko animalia espezieen banakoak, kumeak, arrautzak, zatiak edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo bertakotzea.

g) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

h) Arriskutsua izan daitekeen animalia abandonatzea, betiere inork lagundurik ez badoa.

i) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

k) Animaliak heztea haien oldarkortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

l) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak heztea.

m) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

n) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean (10 egun), apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 15.3 artikuluan araututakoari jarraituz.

o) Foru lege honetan ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

50. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 200tik 1.000 eurora bitarteko zehapena izanen dute; astunek, 1.001etik 6.000 eurora bitartekoa, eta oso astunek, berriz, 6.001etik 100.000 eurora bitartekoa.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legeak eta ordenantza honen 57. artikuluak aurreikusitako arau-hausteak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei erreferentzia egiten dietenak ezin izanen dira kopuruan murriztu berehala ordaintzeagatik.

51. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko ahalmena Udalbatzako idazkariari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez izendatzen duen zinegotzi, udaltzain edo aholkulariari.

Ebazteko eskumena alkateari dagokio, eta ebazpen bidez eskuordetu ahalko da.

52. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio falta arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek jasotako edozein zehapen ezartzeagatik ez da erantzukizun zibila baztertzen, ezta zehatuak kalte-galerengatik ordaindu beharko lukeena ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak gabetuak izanen dira hemendik aitzina animaliak edukitzeko gaitasunaz. Desgaitzea aldi baterakoa izan daiteke (urtebetekoa) nahiz iraunkorra, arau-haustea nolakoa den, astuna edo oso astuna, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltea zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

53. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekar dezake, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak konfiskatzea.

2. Arau-hauste oso astunak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, arau-haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo establezimenduak ixtea.

54. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak konfiskatzea, baldin eta arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari dagokionez.

2. Konfiskatze hori badaezpada eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako da, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea, animalia autoktonoa baldin bada.

3. Konfiskatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute bere inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

XI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

55. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

–Basa faunakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arraza batekoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

–Arraza hauetako zakurrak: American Staffordshire Terrier, Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, Fila Brasileiro, Dogo Argentinarra, Rottweiler, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena.

–Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz trebatu edo heziak izan diren animaliak.

–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsona edo animaliaren bati eraso egin dietenak, edo izaera bereziki oldarkorrak dituztenak.

–Halakoetan, ustezko arriskugarritasun hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratu ahalko da animaliak pertsonaren bati edo beste animaliaren bati erasotzen dion unetik beretik.

56. artikulua.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berariazkoa izan beharko du.

2. Animaliak kategoria honetan sailkatzen direnean, espresuki baimendutako pertsonek baino ez dituzte eraman ahalko.

a) Baimen balioduntzat hartuko da, edozein kasutan, Arangurengo Udalak espresuki emandako lizentzia bidez eskuratutakoa eta, animalia eta zaintzailea udalerrian aldi baterako egonen direneko egoeretan, eskumen hori duten beste erakunde batzuek emanikoa, baimena indarrean badago. Inguruabar horretan, aldi baterako egonalditzat hartuko da 3 hilabetetik beherakoa, artikulu honetako 4. puntuan xedatzen den moduan.

b) Egonaldi luzeagoetarako, ezinbestekoa izanen da animalia eta arduraduna edo arduradunak Udalean erregistratzea, aipatutako puntuan esaten den bezala.

3. Adierazitako ezaugarri horiek dituen animalia bat duenak, dela haren jabea delako dela zaintzailea edo paseatzailea delako, bere izenean emandako txartel baten jabe izan beharko da, non une horretan zaintzen ari den zakurra ere aipatuko baita.

Zaintzaile profesionala bada, horrela sailkatutako zakur batekin dagoenean espazio publikoetan edo animaliaren bizikidetza taldekoak ez diren pertsonekin, jarduera profesionalaren lizentzia izanen da eskatuko zaion txartela.

4. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Aranguren ibarrean bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Aranguren ibarrean egiten bada. Orobat, animalia Aranguren ibarrean gutxienez ere hiru hilabetez egon behar duenean ere lizentzia eskatu beharko dute arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek.

Ondorio horietarako, kontuan izan beharko dira, halaber, honako inguruabar hauek:

a) Zakur arriskutsuak izateko beste administrazio batzuen indarreko lizentzia duten pertsonek, udalerri honetan erroldatzen badira edo, aldi baterako bada ere, udalerrian bizi badira hiru hilabetetik gorako epean, erakunde honen erregistroetan erregistratu beharko dute animaliaren eta haren ardura izanen duen pertsonaren edo pertsonen egonaldia. Horretarako bi aukeraren artean erabaki beharko dute: Arangurengo Udalak emaniko beste lizentzia/txartel bat eskatzea edo Udalari eskatzea beste erakunde batek emandako baimena baliozkotzeko.

Baliozkotzearen alde eginez gero, aurreko administrazioak eman eta geratzen den denborarako emanen da, ordenantza honen arabera.

b) Txartel baten indarraldian beste zakur baten jabe egiten direnek (dela lehena hil delako edo beste edozein arrazoirengatik haren zaintza galdu dutelako, dela bi zakur batera izan nahi dituztela erabaki dutelako) ezin izanen dute jadanik emaniko baimena argudiatu bigarren animalia eta gainerakoak erregistratu eta baimentzeko beharretik salbuesteko, eta ezinbestekoa izanen da kasuaren araberako beste baimen bat izapidetzea, artikulu honen 5 c) puntuan adierazten denaren arabera.

Kasu horretan, interesdunak argudiatu ahal izanen du lehendik aurkeztu duen dokumentazioa oraindik indarrean dagoela. Hala eginez gero, indarraldiaren barruan zakur berriarengatik eta ondorengoengatik emandako lizentziak balioko du bigarren animalia eta ondorengoak oinarritzeko alegatutako espedientearen datara arte.

c) Lanbidea dela eta horrelako animaliak maneiatu, zaindu eta artatu behar dituztenek Udalari horren berri eman beharko diote, arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan jaso dezan inguruabar hori, eta jardueraren arduradunak beharrezko txartela duela egiazta dezan.

Jarduera behar bezala erregistratuta egonen da eta dagokion asegurua izanen du, zeinak eskatutako diru kopuruarekin estaliko baititu zaintzapeko zakurrek egin ditzaketen kalteak. Txartela aseguru horren araberakoa izanen da.

d) Enpresen kasuan, arduradun bat edo batzuk izendatu beharko dituzte. Horien izenean eginen dira txartelak eta horiei eskatuko zaizkie txartela eskuratzeko beharrezko baldintza guztiak. Asegurua izanen da salbuespena, enpresari eskatuko baitzaio eta ez txartelaren titularrari, animaliaren jabeari edo arduradun nagusiari, artikulu honen 5. puntuko d) apartatuan adierazten den moduan.

e) Arangurenen erroldaturik egon gabe ere bertan aisialdirako finkak edo baratzeak dituzten pertsonek, baldin eta horietan egoten badira horrela sailkatutako zakur edo animaliekin, Udalari jakinarazi beharko diote animalia horiek udalerrian egon ohi direla, informazio hori erregistroan sar dezan.

Alabaina, horien eta gainerako finka pribatuen kasuan, kontuan hartu beharko da zakurrak aske egon ahalko direla barnean, betiere lurzatiek itxitura egokiak badituzte zakurrak kanpora ez ateratzeko. Bestela, animaliek horretarako gaitutako instalazioetan egon beharko dute, edo beharrezko neurriak hartuko dira, animalia errespetaturik, pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatu ahalko dio Arangurengo Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak egin ditzan.

5. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Lizentzia berrien edo Arangurengo Udalak lehenago emaniko lizentzien berritzeen kasuan.

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, talde armatu batekin edo droga-trafikoko taldeekin lotura duten delituak. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arautegiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

–Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat hartzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

–Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 180.303,63 euroko zenbatekoa duena. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da, baldintzen kopia bat erantsita.

–Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

b) Beste entitate batzuek emandako baimenak baliozkotzeko eskaeren kasuan.

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Lizentzia eman duen udalaren ziurtagiria, baliozkotzea eskatzeko unean lizentzia baliozkoa eta indarrekoa dela egiaztatzen duena. Bertan jaso beharko dira: eman zen eguna, titularraren datuak eta zakurraren identifikazioa.

–Baliozkotu beharreko txartela edo lizentzia aurkeztea.

–Interesdunak Arangurengo Udalari emandako baimena, haren izenean eskatu ahal izateko Lurraldeko Justizia Kudeatzailetzari interesdunak zigor-aurrekaririk ez duela egiaztatzen duen indarreko ziurtagiri bat, edo, bestela, ziurtagiri hori bera, interesdunak berak erakunde horri eskatutakoa.

–Erregistratu beharreko animaliaren dokumentazio eguneratua.

–Animaliak hirugarrenei eragin ahal dizkien kalteak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru baten baldintzen kopia, zeinak 180.303,63 euroko gutxieneko zenbatekoa izanen baitu animalia bakoitzeko, urtebeteko indarraldiarekin, gutxienez. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da.

–Interesdunaren zinpeko deklarazioa, adieraziz txartela edo lizentzia eman zenetik gaur arte ez dela izan inguruabar aipagarririk alda dezakeenik gaitasun psikofisikoaren ziurtagiriaren emaitza edo lizentziaren egokitasuna.

–Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

Berriz ere nabarmentzen da lizentziaren indarraldia lau urtekoa izanen dela, aurreko administrazioak txartela eman zuenetik zenbatzen hasita, ordenantza honen artikulu honetako 6. puntuan adierazten den bezala.

c) Animalia batengatik emaniko lizentzia baten indarraldian beste animalia bat eskuratzen bada, udal erregistroetan jasotako espediente hori kontuan hartuko da, bai eta oraindik indarrean dagoela ere. Edonola ere, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Kondenarik jaso ez izana, aurreko lizentzia eman zenetik eta berria eskatu arte, delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, talde armatu batekin edo droga-trafikoko taldeekin lotura duten delituak. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau haustea egiteagatik zehapenik jaso ez izana. Hori dela eta, aurreko txartela eman zenetik hiru hilabete iragan badira, Lurraldeko Justizia Kudeatzailetzari ziurtagiri berri bat eskatuko zaio. Udala arduratu daiteke izapide horretaz, interesdunak baimena ematen badu.

–Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 180.303,63 euroko zenbatekoa duena. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da, baldintzen kopia bat erantsita, eta han jasota ageri beharko da beste zakur bat gehitu dela aseguru berean.

–Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

Aukera hau baliatzeko ezinbesteko baldintzak hauek dira:

–Interesdunak aurreko espedientea balia dadila eskatzeko erabiltzen duen txartela edo fotokopia bat aurkeztea.

–Azaldutako irizpideen arabera emandako txartela baliogabetu dezakeen kausarik izan ez dela dioen zinpeko deklarazioa, batik bat aurreko txartela izapidetzean aurkeztutako gaitasun psikologikoko ziurtagiriari dagokionez, bigarren kasuan hori aurkezteko betebeharretik salbuesteko argudiatu bada.

Eskatzaileak beste administrazio batek baliozkotutako txartelari heldu nahi dionean honako hau ere aurkeztu beharko du, aurreko puntuan aipatutako zinpeko deklarazioaz eta baliozkotutako txartelaz gain: aurreko erakundean aurkeztu zen gaitasun psikofisikoko ziurtagiriaren kopia, zeinari esker eman baitzioten aurreko zakurra izateko txartela.

Zakur berriarentzat eta ondorengoentzat emandako lizentziaren indarraldia luzatuko da oinarri gisa erabilitako espedientearen amaiera datara arte bakarrik.

d) Zaintzaile profesionalaren txartel bereziaren eskaera:

1. Arduradun izendatutako pertsonari dagokionez:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, talde armatu batekin edo droga-trafikoko taldeekin lotura duten delituak. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

–Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat hartzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

2. Zaintzaren jarduera profesionala bere gain hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoari dagokionez:

–Jardueraren arduradun fiskalaren izenean aseguru bat egin izanaren ziurtagiria. Aseguru horrek ezaugarri horiek dituen animalia bakoitzak hirugarrenei eginiko kalteak estaliko ditu eta 180.303,63 euroko gutxieneko zenbatekoa izanen du, eta urtebeteko indarraldia, gutxienez. Ordaindutako azken ordainagiria eta aseguruaren baldintzen kopia bat aurkeztu beharko dira.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren indarreko alta, udalerri honetan edo beste batean, animaliak gorde, zaindu edo artatzearekin bateragarria den jarduera batean aritzearena, barne hartuta kategoria horretako animaliak.

–Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

6. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie. Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatu ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

57. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, hilabeteko epean, erosi denetik.

–Lizentzia eskuratzeko ordenantza honetako 56. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

–Arriskutsua izan daitekeen animaliarik izanez gero, horietako bakoitza erregistroan inskribatzea, hilabeteko epean, erosi denetik.

–Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

–Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

–Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

–Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Aranguren ibarrera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

–Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak konplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

58. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Arangurengo Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua.

–Erreseina edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Eraso kasuak.

–Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

59. artikulua. Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute; hartan jaso beharko dituzte 58. artikuluan aipatzen diren datuak, arriskutsua izan daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

60. artikulua. Abenduaren 23ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

–Uztea, egitez edo ez-egitez, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edo kalte egiten edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

–Arangurengo Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau-haustetzat.

61. artikulua. 50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko apartatuetan (60. artikulua) aipatzen diren arau-hausteak, ordenantza honen aurkako arau-hauste oso astuntzat hartuko dira eta erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

50/1999 Legean aurreikusitako arau-hausteak zehatuko dira bertan edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da, urte natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela iritziko zaio, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

62. artikulua. Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

–Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

–Fitxategia eginen da Arangurengo Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak udalei ezartzen dizkien obligazioak.

–Fitxategi hori Arangurengo Udalak baino ez du erabiliko, salbu eta administrazioen arteko lankidetza betebeharra dagoenean.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

–Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

–Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.

–Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

–Datu pertsonal horien tratamenduaren arduraduna Arangurengo Udaleko kudeatzailea da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko dira honako arau hauetan ezarritakoak: Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Jarduera Sailkatuen Erregelamendua eta dagozkien araudi osagarriak; martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretua, zeinaren bitartez ezartzen baitira Abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak, eta, azkenik, abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditzen dira maila bereko edo txikiagoko udal araudi guztiak, ordenantza honi kontra egiten badiote edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak badituzte, baita Arangurenen animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza ere, 2020ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 17an.

Hirugarrena.–Ordenantza honetako manuak ez betetzeak Segurtasun Indar eta Kidegoen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.–Zehatzeko ahalaren erabilera.

Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2011321