254. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

930/2020 EBAZPENA, urriaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo batzuei eskuordetzen dizkiena eskumen batzuk erabiltzea, baita esparru-akordioak eta kontratu publikoak gauzatzeko izenpea ere, eta funts mugimendu jakin batzuk baimentzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11.1 artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei.

Halaber, aipatu foru lege horren 15. artikuluak baimena ematen die organismo publikoetako titularrei, ezarritako mugen barruan, beren ebazpenen eta administrazio-egintzen izenpea menpeko organoei eskuordetzeko, nagusi hierarkikoak baimena emanez gero.

Bestalde, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 39. artikuluak xedatzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak baimena ematen ahalko duela funts mugimenduak egiteko 54. programa multzoko aurrekontu-partiden eta gaitu beharreko partiden artean, baldin eta lehenbizikoek gehikuntza izan badezakete foru lege horren 5. artikuluko 6. apartatuko a), f), g), i) eta j) letretan adierazitakoaren arabera.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak kontratazio publikoaren, aurrekontuko kudeaketa ekonomikoaren eta ondare-erantzukizunaren arloetako eskumenei lotutako administrazio-egintzen jardueretan dituen bolumenak gomendagarri egiten du mota bateko zein besteko eskuordetzeak egitea, organismoaren funtzionamendua eraginkorragoa eta zaluagoa izan dadin.

Urriaren 15eko 298E/2020 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariak baimendu du Kudeaketa Zuzendaritzak eskatu zuen eskuordetzea.

Horrenbestez, aipatu arauekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Eskumen hauek eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari, zein bere esparru funtzionalean: obren kontratazioa, 40.000 euro arte, eta laguntzen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera eta zenbateko bera duten gainerako kontratuen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordearen esku eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzuko buruaren esku uzten da, hurrenkera horretan.

Halaber, organo eskudunak adjudikatutako kontratuen eta jabego publikoko emakiden fakturak, baita Iruñeko Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmenetik eratorritakoak ere, onetsi eta haien ordainketa agintzeko eskumena hauei eskuordetzen zaie: Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzu buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari, nork bere esparru funtzionalean. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera bera duten gainerako kontratuen fakturen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, onartu eta ordaintzeko eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordearen esku eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzuko buruaren esku uzten da, hurrenkera horretan.

2. Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren esku uztea, bere esparru funtzionalean, laguntzen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Halaber, organo berari ematen zaio organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Halako kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Osasun Laguntza Integraturako zuzendariordea, Kudeaketa Klinikorako eta Laguntzaren Ebaluaziorako Zerbitzuko burua, Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko burua eta Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasun Zerbitzuko burua.

Orobat, Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren esku uzten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 24. artikuluan aipatzen diren komiteak eta batzordeak eratzeko eskumena, betiere bere eskumeneko arloei lotuta badaude (estatutuak irailaren 3ko 175/2015 Foru Dekretuak onetsi zituen).

3. Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruari eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta eta Lizarrako Osasun Barrutiari eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legearen 14. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan (foru lege horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezarri zen).

4. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendariari eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa garatzen duen otsailaren 19ko 25/2014 Foru Dekretuaren 1. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan.

5. Osasunerako Sistema eta Teknologien zuzendariordeari eskuordetzea, bere esparru funtzionalean, laguntzak eta hornidurak kontratatzeko eskumena, 15.000 euro arte, bai eta sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuak adjudikatzekoa ere.

Halaber, organo berari ematen zaio organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Halako kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Osasuneko Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzuko burua eta Informazioaren Segurtasunerako eta Erabiltzaileari Zerbitzua Emateko Ataleko burua.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari dagozkion obren, laguntzen eta horniduren kontratuak izenpetzeko eskumena, baita esparru-akordioak eta haietatik eratorritako kontratuak ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uztea, Haurren Hortzak Zaintzeko Programatik (PADI) eratorritako akordioak eta kontratuak izan ezik. Hauek izenpetzeko eskumena Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailearen esku utziko da.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan, gaixorik edo legez jarduteko ezinduta dagoenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordeak, Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak ordeztuko dute, ordena honetan, hurrenez hurren.

7. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari eskuordetzea funtsak mugitzeko baimena emateko eskumena, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako mugimenduetarako.

8. Araubide Juridikoaren Zerbitzuko buruaren esku uztea ondare gaineko erantzukizunaren arloan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura bideratzen diren erreklamazioak tramitera onartzen diren ala ez erabakitzeko eskumena, bai eta prozeduraren instruktorea izendatzekoa ere.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, honako hauek ordeztuko dute, hurrenkera honetan: Herritarrekiko Harremanetako Laguntza Juridikoaren Ataleko burua eta Baliabideak Kudeatzeko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.

9. Ebazpen honetan adierazitako zenbatekoak aldatuko dira Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluak ezartzen duen zenbateko txikiko kontratuen araubide berezia aldatzen den heinean.

10. Eskumen eskuordetzearen bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanak balira bezala hartuko dira.

Era berean, eskuordeturiko izenpearen bidez sinatzen diren kontratu eta esparru-akordioetan inguruabar hori eta jatorrizko organoa zehaztuko dira.

11. Baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura aldatzearen ondorioz organoak sortu, aldatu edo kentzen badira, ulertuko da ebazpen honen bidez egiten diren eskuordetzeak aldaketaren ondorioz aldatu edo sortutako organoei egiten zaizkiela, zein bere eremu funtzionalean.

12. Ebazpen hau bertan aipatzen diren organoen titularrei eta Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

13. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2012201