254. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

23E/2020 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten funtzionarioak izendatzen dituena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan; izan ere, administrazio erabat elektronikoa ezarri da.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezko baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren eta haien menpeko erakunde autonomoen ordezkariek sinadura elektronikoa izatea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere baliogabetu daitezkeela.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak azaroaren 5ean emandako 8E/2019 Foru Aginduaren bidez izendatu zen Juan Jesús Jaurrieta Galdiano jauna, idazkari tekniko nagusia, zilegi jo baitzen hura zela Unibertsitateko, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar zuen pertsona.

Jakinarazpenen jasotze guztiak eskuratze aldera, bidezkoa da izendatutako pertsonen zerrenda handitzea, agindu arauemailea efizientziaz bete ahal izateko.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Jarraian aipatzen diren pertsonak izendatzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki dezaten:

–Edurne Vitas Elizari andrea, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Administratiboaren Ataleko burua.

–Jesús Ignacio Ilundain Suquía jauna, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Inmaculada del Castillo Artazcoz andrea, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Laguntza Administratiboaren eta Digitalizazioaren Ataleko burua.

2. Aurreko puntuan egindako izendapen guztiak noiznahi ere erreboka daitezke.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, interesdunei eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari.

Iruñean, 2020ko urriaren 15ean.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2012075