254. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren aldaketa.

Nafarroako Parlamentuak, 2020ko urriaren 15ean egindako Osoko Bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren aldaketa onetsi zuen.

Legebiltzarreko Erregelamenduko 146. artikuluan ezarritakoa betez, argitara dadin agintzen da.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO ERREGELAMENDUAREN TESTU BATEGINAREN ALDAKETA

Zioen azalpena

Parlamentu demokratikoen erabakiak kasuan kasuko herriaren borondatearen agerpen dira, zeinak, bere ordezkarien bitartez, berarengan eragina duten gai politikoetan parte hartzen baitu, eta errealitatearekin konektatuta egon behar baitute une oro.

Nafarroako Parlamentuak dauzkan tresnetako bat dira, jarduera parlamentarioaren parterik handiena hartzen duten legegintzako ekimenez eta eztabaida politikoez gain, adierazpen politikoak, zeinak Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan jasotzen baitira eta ahal den neurrian jasotzen baitute, agerpen baten bidez, Parlamentuak zer iritzi duen gaurkotasuneko egoerei, gertakariei edo gertakizunei buruz, herritarrei helaraztearren Parlamentuko taldeek zer uste duten, Nafarroako gizartea eraikitzen den balioetan oinarrituta, horrek ondorio juridikorik izanen ez badu ere.

Gizarteari Parlamentua osatzen dugun guztion jarrera helarazi behar diotenez, adierazpen horiek, alde batetik, ahobatezkoak izan behar dute edukiari dagokionez, eta, bestetik, horien edukiak salbuespenezkoa izan behar du: izan ere, munta handia du Nafarroako Parlamentuak ordezkatzen duen gizartean esku hartzeak. Alabaina, ikusita azken urteotan adierazpen politikoak inprobisazioz aurkezten direla eta ikusita nola onesten diren, adierazpenak babesten dituzten taldeen posizionamendu politiko bihurtu dira de facto.

Hortaz, adierazpenak aho batez onetsi behar dira, Nafarroako Parlamentuak transzendentzia politikoko auziei buruz helaraz ditzan pitzadurarik gabeko iritzia eta posizionamendua, nafar herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkarien bidez adierazitako iritzi orokorra islatuko dutenak. Hartara, egiaz izanen dira adierazpen instituzional.

Halaber, interpelazioak kasuko Osoko Bilkuraren gai-zerrendaren barruan sartzeari buruzko egungo erregulazioaren arabera, lehentasuna ematen zaio interpelazioak aurkezteko hurrenkerari.

Legegintzaldi bakoitzean diren talde parlamentarioen edo foru parlamentarien elkarteen jarduera parlamentarioaren ekitatea lortzearren, jardun parlamentarioa irekitzeko egoki da lehentasun-hurrenkera hori kentzea.

Lehen artikulua.–44.6 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“6. Adierazpen instituzionalak aho batez onestea”.

Bigarren artikulua.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 185. artikuluaren 2. apartatua kentzen da.

AZKEN XEDAPENA

Aldaketa honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F2012362