254. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23/2020 EBAZPENA, urriaren 22koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarriak aldatzen baitira, akatsa atzeman baita, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 11/2020 Ebazpen bidez onetsitako dirulaguntzen deialdi honetan: Dirulaguntzak toki entitateei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei lurralde garapen jasangarriko proiektuak gauza ditzaten, 2020. urtean, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak ekainaren 30ean emandako 11/2020 Ebazpenaren bidez, dirulaguntzen deialdi baten oinarriak onetsi ziren toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek lurralde garapen jasangarriko proiektuak gauza ditzaten, 2020. urtean, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan. Ebazpen hori 2020ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31koan.

Deialdia ebazteko, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak 20/2020 Ebazpena eman zuen urriaren 1ean, eta onuradun izendatu zituen zenbait toki entitate eta irabazi-asmorik gabeko entitate.

Deialdiaren oinarrietan bada akats nabarmen bat, diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko epea azaroaren 15era artekoa dela aipatzen delako (8. oinarria), baina, horiek justifikatzeko epea, aldiz, urriaren 31ra artekoa dela (12. oinarria) esaten da; eta hori kontraesan bat da.

Kontraesan hori modu logikoan ebatzi behar da, bidea emanez entitate onuradunei haien betebeharrak betetzeko, eta hortaz, justifikazio aldia azaroaren 15a baino beranduago ezarri behar da. Halabeharrez egin beharreko aldaketa horrek ez die eragiten ez deialdiaren funtsezko inguruabarrei ezta lehiari ere.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak hala proposaturik,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–12. oinarria aldatzea Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 11/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian, zeinak dirulaguntzak ematen baititu toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek lurralde garapen jasangarriko proiektuak gauza ditzaten, 2020. urtean, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan. Aldaketa hauxe izanen da:

–Honela dioen tokian: “Dirulaguntzaren xedeko proiektuak edo ekintzak bukatutakoan, eta betiere 2020ko urriaren 31ra arte, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalean (Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua):”;

Honako hau behar du: “Dirulaguntzaren xedeko proiektuak edo ekintzak bukatutakoan, eta betiere 2020ko azaroaren 30era arte, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalean (Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua):”.

–Eta honela dioen tokian: “Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2020ko urriaren 31 baino lehen”;

Honako hau behar du: “Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2020ko azaroaren 30a baino lehen”.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea entitate onuradunei, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapeneko Zerbitzuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F2012396