252. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340/2020 FORU AGINDUA, urriaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zehazten dituena, 2020ko urriaren 29rako greba deialdia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte esku-hartzearekin loturiko gizarte zerbitzuen arloan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak.

LAB sindikatuak greba-lanuzte baterako deialdia egin du 2020ko urriaren 29rako: 3 ordu 10:00etatik 13:00etara, eta 3 ordu 17:00etatik 20:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen gizarte esku-hartzearen arloan, adingabeen babeserako zerbitzu jakin batzuek, esaterako egoitza-zentroek, bermatu behar dute bertan bizi diren adingabeak egoki artatuak izanen direla.

Zerbitzu hauen bidez zaintza bat egiten da; zaintza horrek dakar hainbat erantzukizun hartzea, adingabeek zaintza moral eta material egokia edukiko dutela ziurtatzeko. Horrek esan nahi du adingabeen behar oinarrizkoak bete behar direla (otorduak, adibidez), baina baita zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak ere.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko beharrak beren kasa eta zuzenean aurrera eraman ezin dituzten adingabeei arreta egokia emateko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezko gisa baloratzen eta sailkatzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea, langileen grebarako eskubidea errespetatuta herritar horien osasuna eta bizia babestea bermatzen dutenak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko urriaren 29rako greba deialdia dela-eta (3 ordu 10:00etatik eta 13:00etara, eta 3 ordu 17:00etatik 20:00etara), gizarte zerbitzuen arloan, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz egiten ahalko da greba:

Adingabeen babesarekin loturiko gizarte esku-hartzearen alorreko egoitza zentroetan, adingabe horiek oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzen duten zerbitzu guztiak eman beharko dira, norberaren zainketakoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babesekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Adingabeen babesarekin loturiko zentroak, adingabe horien egoitzak direnak: asteburuko eta jaiegunetako txandaren baliokidea, horrek ez badakar ostegun horretarako behar ziren langileak baino gehiago egon behar izatea; eta asteburuetan langilerik ez dagoen zerbitzuetan, zerbitzua bermatuko duen gutxieneko bat (langile bat departamentuko, gutxienez).

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau grebarako deia egin duen sindikatuari jakinaraztea.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2012266