251. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 27a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 24/2020 FORU DEKRETUA, urriaren 27koa, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Osasunaren Mundu Erakundeak, joan den 2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemia deklaratu zuen COVID-19ak osasun publikoan eragin duen larrialdi egoera.

Nafarroako Gobernuak, pandemiaren hasieratik, hainbat neurri hartu ditu arrisku egoerei aurrea hartzeko.

Hartutako azken neurriak, gaur egun indarrean daudenak, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zituen urriaren 22ko 170/2020 autoaren bidez.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu da SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Errege dekretuaren 5. artikuluan jasotzen dira pertsonek zirkulatzeko duten askatasunari gauez jarritako mugak, eta eskuordetutako agintari eskudunari baimena ematen zaio bere lurraldean zehaztu dezan zer ordutan hasi eta bukatuko diren muga horiek, betiere arauan aurreikusitako ordutegien barnean.

Nafarroako Foru Komunitatean, indarrean dauden neurriak direla-eta, zehazten da muga 23:00etan hasi eta 06:00etan bukatuko dela. Ordu horiek, oro har, 926/2020 Errege Dekretuan daude ezarrita.

6. artikuluan ezartzen da autonomia egoeran dauden hirietan eta autonomia-erkidegoetan sartzeko eta horietatik irteteko muga. Muga hori aurretik ezarrita zegoen Nafarroako Foru Komunitatean, 57/2020 Foru Aginduaren 2. puntuan. Hala ere, ez datoz bat mugimendu justifikatuak ahalbidetzen dituzten kasuak; beraz, segurtasun juridikoa dela-eta, eta aplikatuz 926/2020 Errege Dekretua, bidezkoa da muga hori arautzea, eta errege dekretuan aurreikusitako kasu guztiak jasotzea, horiek modu justifikatuan baimentzen baitute autonomia-erkidegoetako lurraldean sartzea eta bertatik irtetea.

7. artikuluak muga ezartzen du espazio publiko eta pribatuetan egon daitezkeen taldeei dagokienez. Muga hori aurretik ezarrita zegoen Nafarroako Foru Komunitatean, 57/2020 Foru Aginduaren 16. puntuan. Nolanahi ere, errege dekretuan biltzen diren zenbait jarduerari ez zaie aplikatzen pertsona taldeen muga hori (sei, gehienez ere), hala nola laneko eta erakundeetako jarduerei. Bada, komenigarritzat jotzen da muga hori arautzea, bi salbuespen horiek barne, eta, gehitzea, segurtasun juridikoa dela-eta, garraioa, zeinak erregulazio propioa baitu, eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen jarduera, unibertsitateko irakaskuntza barne.

Gainera, 926/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 2. apartatuak ahalmena ematen dio eskuordetutako agintari eskudunari, Osasun Ministerioari jakinarazi ondoren, seitik beherako gehieneko kopuru bat ezartzeko pertsonen bileretarako. Alde horretatik, aintzat hartuta Nafarroako egoera epidemiologikoa eta kutsatzeei buruzko datuak (horien % 85 esparru familiarrean, sozialean eta mistoan gertatzen dira), gomendagarria da gehieneko muga hori murriztea eremu pribatuan eta toki itxietan. Horrenbestez, bizikidetza-unitatea ezartzen da muga gisa eremu horietarako; hau da, etxe berean bizi diren pertsonetara mugatzen da, barne direla zaintzaileak eta laguntzaileak. Muga horretatik salbuetsirik daude bakarrik bizi direnak, etxe desberdinetan bizi diren gurasoak dauzkaten adingabeak eta familia osatzen badute ere (ezkonduta daudelako edo izatezko bikote direlako) etxebizitza desberdinetan bizi direnak.

Ebidentzia zientifikoek erakutsi dutenez, mugikortasuna mugatzea da COVID-19aren transmisioan eragin handiena duen neurrietako bat. Erresuma Batuko Scientific Advisory Group for Emergencies-ek (SAGE) argitaratu berri duen azterlan batean, arretaz berrikusi dira birusaren transmisioa eta hedapena geldiarazteko esku-hartzeak, bai horien eraginkortasunari dagokionez, bai eragin ditzaketen kontrako ondorioei dagokienez.

Estrategiarik eraginkorren da “etxean geratzea” (stay at home order). Zera esan nahi du horrek: etxean konfinatzea, ia jarduera guztiak ixtea eta harremanik ez izatea elkarrekin bizi ez diren pertsonekin. Azterlan horretan gomendatzen da estrategiak sustatzea harremanak mugatzeko etxe bereko bizikideak ez direnekin, baita esparru sozialean ere.

Araudi berriak, hots, Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugei buruzkoak eta bileretako gehieneko pertsona-kopuruari buruzkoak, ondoriorik gabe uzten ditu Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren 2. eta 16. puntuetan aurreikusitakoak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Aurretik adierazi bezala, Nafarroako Foru Komunitateak badu eskumena, osasun arloko araudiaren arabera, muga horiek ezartzeko, hala onartu baitu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 170/2020 autoan. Hala ere, foru dekretu honen bidez, 926/2020 Errege Dekretuak ezarritako bidea erabiltzen da.

8. artikuluan aukera ematen da gehieneko edukierak ezartzeko bileretarako, ospakizunetarako eta topaketa erlijiosoetarako. Muga hori aurretik ezarrita zegoen Nafarroako Foru Komunitatean, 57/2020 Foru Aginduaren 6. puntuan.

9. artikuluan ezarritakoaren arabera, 6., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako neurriak eraginkorrak izanen dira eskuordetutako agintari eskudunak hala erabakitzen duenean. Aurretik ere adierazi den bezala, neurri horiek badute eragina Nafarroako Foru Komunitatean joan den urriaren 22tik (osteguna).

10. eta 11. artikuluek ahalmena ematen diete eskuordetutako agintari eskudunei muga horiek malgutu eta bertan behera uzteko, bai eta nahitaezko prestazio pertsonalak ezartzeko ere beren osasun sistemetan eta sistema soziosanitarioetan, osasun larrialdiko egoerari erantzuteko.

Neurri horien iraupenak, gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzeari dagokionez, alarma-egoeraren iraupenarekin bat egiten du; nolanahi ere, ordu tarte hori modulatu ahal izanen da alarma-egoerak dirauen bitartean. Bestalde, Nafarroan sartzeko eta bertatik irteteko mugari dagokionez eta bileretako gehieneko pertsona-kopuruari dagokionez, 57/2020 Foru Aginduan ezarritako epe bera finkatzen da.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

23:00etatik 6:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibili ahal izanen da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Txapelketa profesionaletan parte hartzen duten taldeetako kirolariak, teknikariak eta arbitroak, baita lehen eta bigarren kirol mailetako estatuko eta izaera ez-profesionaleko txapelketa ofizialetan parte hartzen dutenak ere.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez erabilera publikoko espazioetan, bizikideak ez badira behintzat, eta galarazi gabe jendearentzat irekitako bulego, instalazio eta establezimenduei buruz ezartzen diren salbuespenak.

Elkartzen direnak bizikideak nahiz elkarrekin bizi ez direnak badira, aurreko paragrafoan aipatzen den gehieneko kopurua sei pertsonakoa izanen da.

2. Erabilera pribatuko espazioetan, berriz, bilerak bizikidetza-unitatera mugatuko dira; hau da, etxe berean bizi diren pertsonak bakarrik bilduko dira, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Muga horretatik salbuetsirik daude honako hauek:

a) Bakarrik bizi direnak eta mendekotasuna dutenak. Pertsona bakar baten bisita izaten ahalko dute, eta, ahal dela, senidea izanen da edo hurbileneko esparru sozialekoa.

b) Adingabeak, baldin eta beren gurasoak etxe desberdinetan bizi badira.

c) Ezkontza-lotura dutenak edo izatezko bikote direnak, etxe desberdinetan bizi badira.

d) Aurrekoen antzeko kasuetan daudenak.

3. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

4. Ez dira sartuko artikulu honetan aurreikusitako mugan laneko edo erakundeetako jarduerak, garraioarenak edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeenak, unibertsitateko irakaskuntza barne; era berean, ez dira sartuko aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen diren horiek.

4. artikulua. Neurrien eraginkortasuna eta iraupena.

1. 1. artikuluan aurreikusitako neurriek 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoeraren indarraldi bera izanen dute.

2. 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako neurriak azaroaren 4ra bitarte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2012522