250. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Ordenantza, herri-bazkaleku eta -larreen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Sartagudako Udalak, 2020ko uztailaren 23an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Sartagudako herri-bazkaleku eta -larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Erabaki horren iragarkia 2020ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 6an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Sartagudan, 2020ko urriaren 1ean.–Alkatea, José Ignacio Eguizábal Martínez.

SARTAGUDAKO HERRI-BAZKALEKU ETA -LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honek xede du Sartagudako herri-bazkalekuen eta -larreen aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan eta harekin bat heldu den araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua. Orokorrean, herriko bazkalekuetako larreak erabili ahal izateko, familia-unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Sartagudako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik gutxienez.

c) Sartagudan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Sartagudako Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. artikulua. Hauek dira Sartagudako herri-bazkalekuak eta -larreak eta haien gutxi gorabeherako azalerak:

–Medio eskorta: 1.243.083,70 metro koadro dauzka (124,31 hektarea). Zehazki, 2. poligonoko katastroko lurzati hauek hartzen ditu: 566, 803, 804, 824, 836, 1027, 1028/1, 1028/3, 1054/4, 1054/8, 1054/9, 1054/10, 1055, 1059, 1061, 1063, 1065, 1070, 1072, 1082, 1086, 1088, 1090, 1093, 1096, 1097, 2002, 2009, 2010, 2021, 2034, 2035, 2039, 2046, 2074, 2086, 2089/1, 2089/2, 2093, 2094, 2096, 2100 eta 2157.

–Gobella bazkalekua (eskortarik gabe): 484.868,30 metro koadro dauzka (48,49 hektarea). Zehazki, 2. poligonoko katastroko lurzati hauek hartzen ditu: 2049, 2050, 2053, 2055, 2058, 2061, 2064, 2065, 2071, 2073, 2108, 2109, 2111, 2112, 2113, 2114, 2115, 2116, 2120, 2122, 2123, 2131, 2138, 2142, 2145 eta 2158.

–La Presa bazkalekua (eskortarik gabe): 115.080,13 metro koadro dauzka (11,5 hektarea). Zehazki, 1. poligonoko katastroko lurzati hauek hartzen ditu: 768, 778, 831, 840, 842 eta 961.

4. artikulua. Sartagudako Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

5. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Sartagudako Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du onuraduna ez dela ari larreak zuzenean aprobetxatzen:

a) Sartagudako Udalean beren aziendei edo abeltzain jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenean edo zuzenean ustiatzen ez dituztenean.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak), ezarritako epean aurkezten ez direnean.

Herri-bazkalekuen adjudikazioa hartu duen familia-unitateko titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili, adjudikazio epea burutu arte.

7. artikulua. Bazkalekuak adjudikatzeko epea hamar (10) urtekoa da, adjudikaziodunaren esku jartzen direnetik zenbatzen hasita.

8. artikulua. Aprobetxamenduaren prezioa izango da larreen benetako balioaren %85.

Adjudikazioaren prezioa urtero berrikusiko da, kontsumoko prezioen goiti-beheitien arabera.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioko urteko zenbatekoa ordainduko dute adjudikaziodunek, Udalak aldez aurretik eskatuta.

Eskaera egin eta 15 egun pasatuta ordaintzen ez bada, premiamendu bidez kobratuko da.

10. artikulua. Onuradunak, adjudikazioa gertatu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, adjudikazio prezioaren %4 utzi beharko du, behin betiko fidantza gisa.

Fidantzaren partez, arauek agindu bezala egindako banku abala ere aurkez daiteke.

Fidantzak, modu batera edo bertzera emanda, larreen aprobetxamendurako baldintzak bete daitezen balio izanen du eta adjudikazio aldia burututakoan kitatu eginen da, Udalak bazkalekuaren eta haren instalazioen egoera aztertu ondotik.

11. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek aplikatzekoak diren administrazio-baimen eta -kontrolak eduki behar dituzte, eta unean uneko indarreko arauetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte abereen osasunaren arloan.

Sartagudako Udalak aprobetxamenduaren edozein unetan eskatzen ahalko du agiri horiek aurkez daitezela.

12. artikulua. Udalak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena, belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen baldin badu ere, azpiegitura lanak, landaketak, oihan berritzeak eta bertzelakoak egiteko, betiere bazkalekuko adjudikaziodunari hilabete bat aurretik, bederen, haren berri eman ondotik.

Kasu horretan, urritutako azalerari proportzioz dagokion kopurua kenduko da aprobetxamenduaren preziotik.

13. artikulua. Aprobetxatzen ari diren herri-larreetan kalterik izanez gero, udal zerbitzuek ebaluatuko dituzte, eta kaltea eragin duen adjudikaziodunak horien ordaina emanen dio Udalari.

Hori betetzen ez bada, bidezkoa den kalte-ordainaz gainera, Udalak kasuan kasuko legezko zehapenak ezarriko ditu.

14. artikulua. Adjudikaziodunaren kontura izanen dira eskorten eta instalazioen mantentze-lanak eta konponketak aprobetxamenduak iraun bitartean, hondamena denean edo behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aprobetxamendua bukatu ondoan edo titularrak jarduera utziz gero, udal zerbitzuek eskorta eta instalazioak aztertuko dituzte, eta irregulartasunak eta kalteak aurkitzen badituzte, Udalak konponduko ditu, fidantzatik dirua hartuz.

15. artikulua. Udalak ez du inolaz ere konpromisoa hartzen, aprobetxamendua dela eta, aziendentzako ur hornitzea bermatzeko, ezta idoiak eraikitzeko ere.

16. artikulua. Udala inhibitu egiten da adjudikaziodunen eta adjudikatzen diren bazkalekuetan dauden lurzati partikularretako jabeen artean sortzen ahal diren gorabeheretan.

17. artikulua. Sartagudako Udaleko osoko bilkurak horretarako erabakia hartu eta gero, 15 egun naturaleko epea irekiko da, dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, ordenantza honetako 2. artikuluko baldintzak betetzen dituzten herritarrek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten. Iragarki hori Sartagudako Udalaren iragarki-taulan ere argitaratuko da.

Eskabideetan adieraziko dute, lehentasuneko hurrenkeran jarrita, zein bazkaleku erabili nahi duten, eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Zinpeko deklarazioa:

a) Sartagudako herritarra izatea, bi urte lehenagotik bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.

b) Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitateko kideak zehaztea, eta baten batek ezintasun fisikoa edo adimenekoa baldin badu, horren berri ematea.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua, zer espezietakoak diren azalduz.

e) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, jarduera ekonomikoa edozein izanda, egindako guztiak zehaztuta, baita Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak ere.

Sartagudako Udalak egiaztatzen ahalko du zinpeko deklarazio horren edukia.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Sartagudako Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzeko.

18. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Bazkalekuen adjudikazioa larratzek jaso dezaketen azienda-kargaren arabera eginen da. Bazkaleku osoak esleipenean hartzeko lehentasuna izanen dute haiei atxikitako azienda-zamaren antzeko abelburu kopurua duten abeltzainek.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain berari bi bazkaleku adjudikatu ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko abeltzainen eskaera guztiak bete badira.

19. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginda, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eta 10 egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

20. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira hamar urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

21. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapenak aplikatzea, alde batera utzi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Udalak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

22. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Adjudikaziodunak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen adjudikazio prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Aprobetxamendua bere xede ez bertze baterako erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren adjudikazioan zehazturiko epeak ez errespetatzea.

f) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea abereen osasunaren arloan indarra duen araudia.

g) Kasuan kasuko bazkalekuaren mugak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

23. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a, b, c, d eta f letretan adierazten direnek adjudikazioaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bertzelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

e letrakoak herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikazioduna izateko gaitasuna galtzea ekarriko du.

Gainerako arau-hausteak badira, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

24. artikulua. Ondasun publikoei edo hirugarrenen ondasunei kalte egin bazaie, eragileek ordainduko dituzte, bidezko den gisara eta deusetan ukatu gabe sor litezkeen erantzukizunak.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo harekin bat ez datozen ordenantza eta xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren, ordenantza honek indarra hartuko du haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Iragarkiaren kodea: L2011454