250. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Hizkuntza ez-sexistaren erabilera arautzeko eta komunikazio inklusiboa sustatzeko ordenantza. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2020ko abuztuaren 6an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Hizkuntza ez-sexistaren erabilera arautzeko eta komunikazio inklusiboa sustatzeko Oodenantza. Iragarkia 2020ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Horren berri ematen da, eta ohartarazten da erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluaren arabera, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

–Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean

Oltza Zendean, 2020ko urriaren 9an.–Alkatea, Moises Garjón Villanueva.

HIZKUNTZA EZ-SEXISTA ERABILTZEKO ETA KOMUNIKAZIO INKLUSIBOA SUSTATZEKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Emakumeen eta gizonen berdintasuna oinarrizko eskubidea da, eta funtsezko balioa da gizarte demokratikoentzat. Gaur egun, emakumeen eta gizonen arteko eskubide –eta aukera– berdintasuna aitortzen duen arau-garapen garrantzitsua dugu. Hala ere, berdintasun formal hori berdintasun erreal eta eraginkor bilakatzeko oso urrun gaude oraindik.

Garrantzitsua da azpimarratzea emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunek ondorio negatiboak eragiten dituztela gizarte-, ekonomia- eta giza alorretan. Horrenbestez, komeni da azpimarratzea toki-administrazioak funtsezko eginkizuna duela arlo horretan, aldaketak sustatzeko eta arlo horretan aurrerapenak neurtzeko politika proaktiboak bultzatuz.

Desberdintasun horren adierazpen nabarmenetako bat emakumeak hizkuntzan eta komunikazioan ikusezin bihurtzea da, bai eta irudi sexisten eta diskriminatzaileen bidez irudikatzea ere. Hizkuntzaren erabilera sexista nazioarteko arazo gisa identifikatu zen 1975ean Mexikon egin zen Emakumeei buruzko lehen Mundu Konferentzian. Ordutik aurrera, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egiten dira. Hizkuntza aldaketarako eta ezagutza eta kultura transferitzeko tresna izan daiteke, baina desberdintasun-adierazpen garrantzitsuenetako bat ere izan daiteke.

Zalantzarik ez izateko, gogorarazi behar da hizkuntza-sistema ez dela neutroa. Hizkuntza ez da hitz egiten duten pertsonak baino lehenago jaio den zerbait. Gaur egun erabiltzen dugun zeinu-sistema gizon-emakumeek komunikaziorako eta pentsamendurako landu, sortu eta birsortu dugun tresna bat da.

Hori dela eta, ordenantza honen onarpenaren bidez, Udalak zenbait mezuren anbiguotasuna saihestu nahi du, eta hizkera administratiboaren diskurtsoan emakumeen presentzia agerian jarri nahi du, arau gramatikalak urratu gabe, eta Oltza Zendeako Udaleko administrazioko langileak espainierak eta euskarak dituzten estrategia ez-sexistekin ohitzeko eta aldaketekin sentsibilizatzeko gizartearen eskariari erantzun nahi dio.

Hori guztia dela eta, Oltza Zendeako Udalak, ordenantza honen bidez, modu aktiboan lagundu nahi du hizkuntzan eta irudietan sexismoa desagerrarazten, eta, horrela, beste urrats bat eman nahi du gizarte askoz bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz. Borondate politiko eta legegilearen ondorioz, eta Oltza Zendeako Udaleko politikari eta teknikarien prestakuntza-prozesu baten ondorioz, ordenantza hau aurkeztu da, oinarri argi batzuekin:

–Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea praktika demokratikoa da,

–Emakumeek pentsamenduan lekua izan dezaten, hizkuntzan lekua izan behar dute,

–Ez da uste, oro har, hizkuntzaren erabilera sexista nahita egiten denik, baina ondorioak berberak dira: emakumeen inbisibilizazioa,

–Izendatzen ez dena ez da existitzen.

Araugintza-ekimena, beraz, interes orokorreko arrazoi batek justifikatzen du, eta bere helburuari erantzuteko ezinbesteko erregulazioa jasotzen du, premia-, eraginkortasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera.

Arau-esparrua

Jarraian, komunikazio inklusiboaren eremuari dagozkion zenbait xedapen eta araudi adierazten dira:

–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero-indarkeriaren aurka babes osoa emateko neurriei buruzkoa, emakumeen irudi estereotipatua eta diskriminatzailea ez izateko eskubidea azpimarratzen du, eta 10. artikuluan ez-zilegitzat jotzen du “emakumearen irudia modu iraingarrian edo diskriminatzailean erabiltzen duen publizitatea”.

–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoa. Horren arabera, botere publiko guztien jardunerako irizpide orokor gisa, hizkera ez-sexista ezartzen da administrazio-eremuan, eta hizkuntza hori sustatzen da gizarte-, kultura- eta arte-harreman guztietan.

–33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzeari buruzkoa, Administraziotik ateratako dokumentuak berrikusteko beharra ezartzen duena, haietan erabilitako hizkera sexista ez dela bermatzeko.

–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jarduteari buruzkoa, III. tituluan hau dio: “Saihestu egingo da emakumeen aurkako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edo bultzatzen duten publizitate-eduki eta iragarkiak egitea eta zabaltzea, edo emakumeen duintasunaren aurkako mezuak izatea, berariaz edo taktikoki, Estatuko oinarrizko araudian aurreikusitakoaren arabera”.

–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa, 21. artikuluan ezartzen du administrazio publikoek erabiltzen duten hizkera, inklusiboa eta ez-sexista izango dela. Horrek esan nahi du Nafarroako Administrazio Publikoek “berdintasunezko irudi bat transmititzen dela zainduko dutela, genero-rolei lotu gabe eta emakumeen zein gizonen askotariko irudia eskainiz”.

Gainera ordenantza honek betetzen du Genero-berdintasuna Nafarroako toki-erakundeetan. Udal-berdintasuneko arloen lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea dokumentuan adierazitako helburuetako bat. Berdintasunerako Nafarroako Institutuak egin du, eta bere helburuen artean dago hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea.

Horregatik guztiagatik, eta aipatutako araudia kontuan hartuta, Ordenantza hau onestea erabaki da.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio-eremua

1. artikulua. Ordenantza hau Oltza Zendeako Udalean eta haren menpeko organismo eta erakunde guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Udal-eskumeneko zerbitzuetan, hirugarren erakundeek edozein kudeaketa-formula erabiliz ematen dituztenean, ordenantza hau aplikatuko da, dagokien neurrian.

II. KAPITULUA

Administrazio-harremanak

3. artikulua. Oltza Zendeako Udalak eta haren menpeko erakundeek sortzen dituzten administrazio-dokumentuak, ordenantzak, zirkularrak, formularioak, inprimakiak eta abar, oro har, hizkuntza eta irudiak modu ez-sexista eta ez-diskriminatzailean erabiliz idatziko dira.

4. artikulua. Oltza Zendeako Udalak beste administrazio publiko batzuei zuzentzen dizkien dokumentuak, jakinarazpenak eta komunikazioak, oro har, hizkera eta irudi ez-sexista erabiliz idatziko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Oltza Zendeako Udalari, gaztelaniaz zein euskaraz, komunikazio-sistema ez-sexista erabiltzeko eskatzeko.

6. artikulua. Administraziora ahoz jotzen duten herritarrei hizkera ez-diskriminatzailez erantzungo zaie. Horretarako, Udalak prestakuntza emango die langileei, hizkuntza ez-sexistaren eta komunikazio inklusiboaren erabilera bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

7. artikulua. Oltza Zendeako Udalak eta haren menpeko erakunde autonomoek estereotipo sexistarik gabeko hizkuntza eta irudia erabiliko dute, herritarrei oro har zuzentzen zaizkienean, gaztelaniaz zein euskaraz.

Komunikazio inklusiboa erabiliko da dokumentu hauetan:

a) Udalak herritarren eskura jartzen dituen dokumentuak eta ereduak, administrazio-prozedurei buruzko informazioa emateko.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, menbreteak eta antzeko elementuak.

c) Jaietako egitarauak.

d) Iragarkiak, dibulgazio-idazkiak eta buletinak.

e) Prestakuntza-ekintzak zabaltzea (ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak).

f) Bulegoen eta udal-bulegoen errotulazioa, langileen arropak eta uniformeak.

g) Bando ofizialak, ediktuak, kartelak eta informazio-plakak.

h) Eraikin, kale eta espazio publikoen errotulazioa.

i) Markesinak eta autobus- eta taxi-geltokiak.

j) Interes turistikoko lekuen seinaleztapen horizontala zein bertikala, zerbitzuen kontrola eta trafiko-adierazleak.

k) Udalaren webgunea.

8. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

Sare sozialetan, prentsan eta ikus-entzunezko baliabideetako publizitatean txertatutako udal-iragarkietan mezuak modu ez-sexista eta ez-diskriminatzailean erabiltzea eskatuko du Oltza Zendea Udalak.

V. KAPITULUA

Kontratu, dirulaguntza eta hitzarmen publikoak

9. artikulua. Kontratazio publikoa.

Oltza Zendeako Udalak zerbitzu publikoak kontratatzeko egiten dituen espedienteetan, emakumeentzako irudi edo mezu iraingarriak eta/edo diskriminatzaileak ez erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen klausula bat sartuko da, eta proiektu teknikoa idaztean hizkuntzaren erabilera ez-sexista baloratuko da.

10. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

Dirulaguntza publikoak emateko, proiektuaren hizkuntza eta irudiak sexistak ez izatea baloratuko da.

Oltza Zendeako Udalaren dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen dituzten elkarte eta kolektiboek hizkuntza ez-sexista erabiliko dute komunikatu publikoetan.

11. artikulua. Administrazio publikoen arteko hitzarmenak.

Administrazio publikoen arteko hitzarmenak hizkuntza eta irudi ez-sexistarekin idatziko dira.

VI. KAPITULUA

Aholkularitza eta kontrola

12. artikulua. Aholkularitza.

Hizkuntzaren erabilera ez-sexistatzat hartu behar dena zehazteari edo udalerrian komunikazio inklusiboa sustatzeari dagokionez, Berdintasun, Gizarte Zerbitzu eta Osasun zinegotzia laguntza teknikoaz arduratuko da, horri buruzko aholkuak emanez.

13. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Oltza Zendeako Udaleko Berdintasun, Gizarte Zerbitzu eta Osasun zinegotzia arduratuko da, laguntza teknikoaren bidez, Ordenantza honen betetze-mailaren jarraipena egiteaz eta berau burutzen laguntzen duen edozein gairi buruzko proposamenak egiteaz.

VII. KAPITULUA

Hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta komunikazio inklusiboa sustatzea

14. artikulua. Oltza Zendeako Udalak prestakuntza-planak antolatuko ditu, ordenantza honetan jasotako helburuak lortzeko tresnak prestatu edo eskuragarri jartzeko.

15. artikulua. Oltza Zendeako Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta, koordinatuta, beste udal-erakunde batzuekin batera, hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusiboak sustatzeko.

16. artikulua. Udalak Ordenantza honen berri emango du bere webgunearen bidez. Webgune hori desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko modukoa izan beharko da, informaziorako eta komunikaziorako irisgarritasunaren printzipioa betetzeko.

17. artikulua. Oltza Zendeako Udalak hedapen-estrategia bat ezarriko du, Ordenantza bere langileei eta/edo, oro har, udalerriari ezagutarazteko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 30 egun natural igaro ondoren jarriko da indarrean.

Bigarrena.–Oltza Zendeako Udaleko Berdintasun zinegotzitzak ahalmena du ordenantza hau behar bezala interpretatu, gauzatu eta aplikatzeko behar diren aginduak eta jarraibideak emateko.

Iragarkiaren kodea: L2012027