249. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Deialdia, laguntzak emateko Zarrakazteluko dendei, ostatuei, autonomoei eta enpresa txikiei, jarduera ekonomikoari eusten laguntzeko, kontuan izanik nolako larrialdi soziala eta ekonomikoa eragin duten COVID-19aren osasun-krisiak eta alarma-egoerak

Zarrakazteluko Udalak, 2020ko irailaren 25ean egindako osoko bilkura arruntean, aho batez onetsi zuen deialdi bat, laguntzak emateko Zarrakazteluko dendei, ostatuei, autonomoei eta enpresa txikiei, jarduera ekonomikoari eusten laguntzeko, kontuan izanik nolako larrialdi soziala eta ekonomikoa eragin duten COVID-19aren osasun-krisiak eta alarma-egoerak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak salbuespenekoak dira, eta bat etorriko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorrarekin (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 21eko 886/2006 Errege Dekretuaren bidez) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, zeinak hizpide baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

Zarrakaztelun, 2020ko irailaren 29an.–Alkatea, Javier Igal Iguaz.

TOKIKO EKONOMIARAKO LAGUNTZEN PLANA

Deialdi honen xedea da arautzea Udalak ematen dituen zuzeneko laguntzak udalerriko enpresa txiki eta ertainentzat, autonomoentzat eta dendentzat, arintzeko osasun-krisi honek ekarritako kalte ekonomikoak eta aurre egiteko denden itxierak eta/edo jardueraren etenak ekarritako gastuei eta kalteei.

Dirulaguntza hauek finantzatzeko, 70.000 euro izanen dira guztira.

Hala, txikizkako merkataritzan ari diren herritarrek, baldin betetzen badituzte irizpideetan adierazitako betebeharrak, sostengua jasoko dute aurre egiteko alarma-egoera bitartean egin dituzten gastuei eta orain ere egiten ari diren gastuei, beren jardueraren ohiko kudeaketarekin loturik.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da murriztea COVID-19ak sortutako alarma-egoeraren kalte ekonomikoak, txikizkako merkataritzan ari diren pertsona fisiko eta juridikoei, baldin betetzen badituzte irizpideetan adierazitako betebeharrak, eta, dirulaguntzaren bidez, lagunduko da arintzen gertatu den zuzeneko galera ekonomikoa, negozioa aldi baterako itxi behar izateagatik eta “normaltasun berriak” askori ekarri dizkien traba legalengatik, eta, orobat, ahal bezala lagunduko da arintzen slabuespeneko egoera honek herriari ekarritako kalteak, eta sostengua emanen da jarduera ekonomikoari eusteko.

2.–Onuradunak.

Onuradun izan daitezke betebehar hauek betetzen dituztenek:

a) Enpresa txikiak eta pertsona fisikoak, alta emanik daudenak ekonomia-jardueren gaineko zergan, jarduera enpresarial edo profesional gisa, izaera juridikoa edozein izanik ere, eta modu baliozkoan eraturik daudenak eskabideak aurkeztean, eta, betiere, Zarrakaztelun ari direnak jarduera ekonomikoan.

b) Enpresak, baldin udalerri honetan jarduera presentziala badute, edo hemen badaude jendearentzat irekita, eta baldin fakturazioa murriztu bazaie, eta/edo beren langileei aplikatu badiete aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat; hori dena, indarrean sartzeagatik martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eta haren gero aldaketak eta luzapenak.

c) Helburu dira dendak, ostatuak, autonomoak eta enpresa txikiak, fakturazioa murriztu bazaie alderaturik aurreko urteko aldi berarekin.

Oro har, kanpoan gelditzen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko debeku kasuetan dauden pertsona fisikoak edo juridikoak.

Kanpoan uzten dira administrazio publikoak, enpresa publikoak eta bestelako erakunde publikoak, eta elkarteak, fundazioak eta, oro har, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, baita egoera hauetan dauden autonomoak ere:

a) 2020ko martxoaren 14an langabezia jasotzen bazuten, edo egoki den babesa jasotzen bazuten, jarduera uzteagatik, hain zuzen ere arautua dagoena urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan eta hurrengoetan (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina).

b) 2020ko martxoaren 14an besteren konturako langile baldin baziren.

3.–Onuradunen betebeharrak eta beharkizunak.

a) Lantokia Zarrakazteluko udal-mugartean izan beharko dute pertsona fisikoek edo juridikoek.

b) Bai dirulaguntza eskatzeko unean, bai dirulaguntzaren gainerako likidazioa egiteko unean, egunean izatea Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Zarrakazteluko Udalarekiko betebeharrak. Egoera zuzentzeko 5 eguneko epea izanen da. Betebehar hori betetzen ez bada, dirulaguntza erabat ukatuko da.

c) Organo emaileari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

4.–Eskaerak aurkezteko epea.

30 egun naturalekoa izanen da eskaerak eta frogagiriak aurkezteko epea, deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa. Gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetako laguntzei, guztira, gehienez, 70.000 euro egozten ahal zaizkie, 2020ko aurrekontuan horretarako gaituko den aurrekontu-aplikazioaren kargura.

Laguntza bakarra onartuko da, apartatu bakoitzean ezarritako mugekin, pertsona fisiko edo juridiko bakoitzeko. Enpresak izena emanik badaude epigrafe batean baino gehiagotan, ekonomia-jardueren gaineko zergan, eskabide bakarra egin beharko dute guztietarako.

Onuradun bakoitzak gehienez ere zenbateko hauek jaso ditzake ondoko kontzeptuengatik:

5.1.–Zuzeneko laguntza:

a) Fakturazioa %50 baino gehiago murriztu bada: 800 euro

b) Fakturazioa %30 eta %50 artean murriztu bada: 500 euro

5.2.–Hobaria, ekonomia-jardueren gaineko zergarengatik:

Kontzeptu honengatik, aurreko apartatuari heltzen dioten eskatzaileei honenbeste handituko zaie zuzeneko laguntza:

a) Fakturazioa %50 baino gehiago murriztu bada, ekonomia-jardueren gaineko zergaren urteko kuotaren %100 adina.

b) Fakturazioa %30 eta %50 artean murriztu bada, ekonomia-jardueren gaineko zergaren urteko kuotaren %50 adina.

5.3.–COVID-19ak eragindako aparteko gastuak:

Jarduera presentziala eta jendearentzat irekitzen duten establezimenduen kasuan, baldin baliabide ekonomikoak erabili badituzte establezimenduan ezartzeko babes higieniko-sanitariorako neurriak: Gehienez ere 150 euro, espediente bakoitzeko.

5.4.–Enplegua babestea:

Zuzeneko laguntzaren (5.1 apartatua) onuradun diren enpresek, baldin langileak kontrataturik badituzte Gizarte Segurantzako araubide orokorrean eta baimendu bazaie haiei aplikatzea aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat, honako hau eska dezakete: 100 euro ukitutako langile eta hilabete bakoitzeko (lanaldi osorako; lanaldi partzialen kasuan, dagokion ehunekoa aplikatuko da).

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan araututako dirulaguntza emanen da bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, hain zuzen ere 22.1 eta 23.-27. artikuluekin.

Dirulaguntzak zuzenean emanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluarekin, zeinak hauxe baitio: “Salbuespenekoak baitira eman gogo diren dirulaguntzak, interes publikoaren, sozialaren, ekonomikoaren edo humanitarioaren arrazoiak direla eta, eta arrazoi horiek zailtzen baitute deialdi publikoa”. Kontuan harturik pandemia honek ekarritako salbuespeneko egoera, eskabide guztiak onartuko dira baldin betetzen badituzte deialdian eskatzen diren baldintza eta agiri-betebehar guztiak.

Erabakiaren proposamena prestatu aurretik, eta jakinaraztearen ondorioetarako, zerrenda hauek argitaratuko dira Udalaren webgunean eta Udaletxearen ediktu elektronikoen taulan:

c) Eskaera aurkezteagatik proposatutako onuradunak, betetzen dituztenak 2. eta 3. puntuetako baldintza guztiak, eta aurkeztu dituztenak 10. puntuko agiri guztiak.

d) Deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, eta, hortaz, eskaera ezetsita dutenak.

e) Deialdiko 10. puntuan eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ez duten eskatzaileak, adierazita zer dokumentazio eskatzen zaien.

Aurreko b) eta c) puntuetan aipatutako eskatzaileei 5 egun balioduneko epea emanen zaie alega dezaten bidezkotzat jotzen dutena, edo, kasua bada, eskaera zuzendu eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkez dezaten.

Alegazioak egiteko eta eskaerak zuzentzeko epea iraganda, eta behar den batzordeak txostena eginda, erabaki proposamena igorriko da, organo eskudunak onets dezan eta ondoren argitara dadin.

Erabakia argitara emanen da Udalaren webgunean eta Udaletxeko ediktuen taulan, eta argitaratze horrek jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

Dirulaguntzak emateko erabakiak zehaztuko ditu: alde batetik, zer dirulaguntza onartu diren, zenbatekoa berariaz finkatuta; kasua bada, dirulaguntzen onuradunak bete beharreko baldintza, betebehar eta determinazio osagarriak; eta, beste aldetik, gainerako eskarien berariazko ezespena, kasua bada.

7.–Espedientearen instrukzioa.

Udaleko Arlo Ekonomikoko udalkideak izanen dira instruktoreak Tokiko Ekonomiarako Laguntzen Planaren deialdi honetan, dokumentazioa tratatzeko eta laguntzak emateko proposamena egiteko.

8.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Alkatetzaren ebazpen bidez ebatziko dira eskaerak, eta ebazpena jakinaraziko da hilabeteko epean, organo eskudunak –osoko bilkurak– onesten duenetik. Ebazpenik ez bada, ulertuko da ezespena izan dela.

Galarazi gabe banakako komunikazioak egitea, enpresa onuradunen zerrenda jakinaraziko da zerrenda argitaratuta Udal web-orrian eta Udaletxeko ediktuen taulan.

9.–Eskaerak nola aurkeztu.

Eskabidea eta behar den dokumentazio osagarria aurkeztu behar dira Zarrakazteluko Udaleko erregistro elektronikoan. Baldin proposamenak aurkezten badira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz info@carcastillo.es helbide elektronikora.

Eskabidea ezin bada telematikoki aurkeztu, eskabidea honako helbide elektroniko honetara igor daiteke: info@carcastillo.es.

Sarbide elektronikorik ez izanez gero, erregistroa aurrez aurre egin daiteke udal bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eginda telefonoz.

10.–Aurkeztu beharreko agiriak.

10.1.–Deialdiko 5.1 eta 5.2 apartatuetako laguntzak jaso ahal izateko, frogatu beharko da 2019ko eta 2020ko 2. eta 3. hiruhilekoetako fakturazioa.

–Eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Bankuko titulartasuna frogatzen duen agiria, edo kontuaren kopia, IBANa agertzen duena.

–Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, agertzen dutenak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

–Zinpeko deklarazioa, fakturazio aldietan fakturatutako zenbatekoen gainean.

–BEZagatik tributatzen bada: BEZaren liburua.

–BEZa moduluka tributatzen bada: ezarritako aldietako salmenten zerrenda.

10.2.–Deialdiko 5.3 apartatuetako laguntzak jaso ahal izateko:

–Eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

–COVIDaren kontra hartutako neurriek ekarritako gastuen fakturak.

10.3.–Deialdiko 5.4 apartatuetako laguntzak jaso ahal izateko:

–Eskabidea, III. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Lan arloko agintaritzaren ebazpena. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko baimena.

–Kontratuaren etenak ukitutako langileen zerrenda, etenaren aldiak zehaztuta.

10.4.–Frogagirien prozesua arintzeko, Udalak honako hauek erantsiko dizkio eskabide bakoitzari:

–Ziurtagiria, agertzen duena alta emanik dagoela Zarrakazteluko ekonomia-jardueren gaineko zergan (epigrafeka zehaztuta).

–Ziurtagiria, agertzen duena egunean dituela tributu-betebeharrak Zarrakazteluko Udalarekin (hala ez bada, eskatzaileari jakinaraziko zaio).

11.–Ordainketa.

Behin eskabideak azterturik, ebatzirik eta jakinarazirik, Zarrakazteluko Udalak dirulaguntza ordainduko du, 2020ko abenduaren 31 baino lehen.

12.–Publizitatea.

Bete daitezen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.b eta 20.a artikuluak, Udalak informazioa igorriko du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, honako hauei buruzkoa:

–Deialdiaren oinarri arautzaileak.

–Deialdia.

Behin argitaraturik Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da deialdiaren laburpena. Hortik aurrera hasiko da eskabideak aurkezteko epea.

Orobat, eta behin deialdia ebatzirik, Udalak informazioa igorriko du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, honako hauei buruzkoa:

–Onuradunen zerrenda

–Onartutako eta benetan jasotako dirulaguntzen zenbatekoa.

Aplikatuz martxoaren martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria (errege dekretu horren bidez deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera), epeen etena ez zaio aplikatuko laguntza hauek emateko prozedurari, prozedura hau oso loturik dagoelako alarma-egoera justifikatzen duten gertaerei.

13.–Datuen babesa.

Zarrakazteluko Udala da eskatzaileek emaniko datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Dirulaguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko tratatuko ditu datuak, oinarri hauen arabera.

Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria da 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua (interes publikoaren aldeko misio bat betetzea), bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (NafarroakoToki Administrazioari buruzkoa) eta Dirulaguntzei buruzko 17/2005 Foru Legearekin.

Oinarri hauetan adierazitako datu-komunikazioak eginen dira, eta, betiere, ezarrita daudenak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legean eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, zeinak hizpide baititu Gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona.

Datuak mantenduko dira beharrezkoak diren bitartean tratamenduaren helburuak betetzeko, eta gordeko dira bat etorriz Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin eta ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute, legez ezarririk dauden kasuetan, datuetara irispidea izateko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamenduari aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko, eta datuen eramangarritasun-eskubidea ere izanen dute. Horretarako, Udalera jo beharko dute, eta han emanen zaizkie ereduak eskubide horiek gauzatzeko, datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez: secretaria@carcastillo.es.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (www.aepd.es), edo, bestela, harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, zeina webgunean agertzen baita.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera, zuzeneko laguntzak jasotzeko, Zarrakazteluko Tokiko Ekonomiarako Laguntzen Planari.

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera, gastu bereziengatik, Zarrakazteluko Tokiko Ekonomiarako Laguntzen Planari.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera, enplegua babesteko gastuengatik, Zarrakazteluko Tokiko Ekonomiarako Laguntzen Planari.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L2011806