247. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

239E/2020 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Lizarrako udal mugartean dago, eta Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas Agralco da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak uztailaren 16ko 1503/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 357E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan, kimikaren sektorean hondar-gasen eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren Europako Parlamenturen eta Kontseiluak industria isuriei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko apirilaren 15ean Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas Agralcori eskatu zitzaion 2019ko irailaren 30a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2019ko irailaren 27an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkezturiko dokumentazioa aurkeztu ondoan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiari.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin. Erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen 15 egunez. Aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren ebazpen proposamena prestatu zen, berriro ere titularrari entzuteko tramitean egon zena 15 egunez. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzuna.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea ardogintzako azpiproduktuak lortzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Lizarrako udal mugartean dago, eta Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas Agralco da titularra. Izan ere, egiaztatu da ezen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiari (erabaki horren bidez, kimikaren sektorean hondar-gasen eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri ziren), bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen I. eranskinean. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena ere ematea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas Agralcora eta Lizarrako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2011340