247. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Elikagaien bankuaren jarduketa protokoloa.
Behin betiko onespena

Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko ekainaren 11n egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Elikagaien bankuaren jarduketa protokoloa (2020ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 23koa).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da aipatutako protokoloa, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Uharten, 2020ko urriaren 1ean.–Mankomunitateko burua, Iñaki Crespo San José.

ELIKAGAIEN BANKURAKO BARNE PROTOKOLOA

Protokolo honen helburua da arautzea zer balorazio prozedurari jarraituko zaion Uharteko eta Esteribarko elikagaien bankua erabili ahal izateko.

Elikagaien bankua ez da herritar guztientzat, baizik eta zailtasun sozioekonomikoak dituzten familientzat.

1.–Baldintzak eta betebeharrak.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta ikasturte guztian eutsi behar zaie.

1.1. Nahitaezko baldintzak izanen dira hauek:

a) Uharten edo Esteribarren erroldaturik egotea, eskabidea aurkezten den unean eta dirulaguntza jasotzen den bitartean ere.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen eta onuradunen erroldatze eta bizikidetza egoera.

b) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiei dagokienez, apalagoak izatea oinarri hauetako erreferentzia-taula ekonomikoetan ezarritakoak baino, bizikidetzako familia-unitatearen arabera eta sarrerak kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.

“Elikagaien bankua” baliabidea eskatzeko eskubidea izanen du eskatzaileak baldin eta familia-unitatearen ahalmen ekonomikoak baldintza hauek betetzen baditu: (errenta bermatuko betekizunak 2. puntutik aitzina).

1. Familia-unitate osoaren diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoak izan behar du Familia-unitateko kide kopuruaren arabera ezarritako errenta bermatua halako bat eta erdi txikiagoa.

KIDE KOPURUA

DIRU-SARRERAK - ERRENTA BERMATUA / HILABETEA*

GEHIENEKO
DIRU-SARRERAK 1,5 ALDIZ ERRENTA BERMATUA / HILABETEA

1

636,73

955,1

2

859,58

1.289,37

3

1.018,75

1.528,12

4

1.114,27

1.671,40

5

1.209,77

1.814,65

6 edo gehiago

1.273,44

1.910,16

2. Ondasun higigarri konputagarrien balioak izan behar du kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adina edo txikiagoa.

3. Familia-unitatearen ondasun higiezin konputagarrien balioak izan behar du kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa halako hamar adina edo txikiagoa.

c) Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea.

d) “Elikagaien bankua” baliabidea erabiltzea baimendu ahal izango zaie muturreko egoeretan daudenei, nahiz eta ez bete ezarritako baldintza bat edo batzuk.

1.2. Betebeharrak.

a) Zerbitzua baliatzeko eskubidean aldaketaren bat eragin dezakeen aldaketa oro jakinarazi beharko da. Horretarako, 15 egun balioduneko epea egongo da.

b) Mankomunitateak jakiten badu iruzurra egon dela, eskatzaileari eskatzen ahalko dio baldintzaren bat zergatik bete ez den azaltzen duen agiria edo bestelako euskarriren bat aurkeztea 15 egun balioduneko epean.

2.–Eskabidea, epeak eta dokumentazioa.

Familia guztiek urtero, martxoan, berritzeko eskaera aurkeztu beharko dute:

–Errenta bermatuko onuradunek urteko berritze eskaera egin beharko dute, baina ez daude behartuta dokumentazioa aurkeztera.

Eskaerak inprimaki eredu ofiziala erabilita egingo dira. Eredu hori interesunen eskura egongo da Uharteko eta Esteribarko Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetan.

Familia bakoitzeko eskaera bakarra egingo da, eta titularrak sinatu beharko du. Harekin batera, araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

Epez kanpo egiten diren eskaerak erreferentziazko gizarte-langileak hartuko ditu, harekin aurretiazko hitzordua eskatuta.

2.1. Epeak.

a) Berritzeko:

–Mankomunitateak berak SMS bat bidaliko die otsaileko azken astean elikagaien bankua erabiltzen duten lagun guztiei.

–Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 15ean amaitzen da.

–Eskaerak aztertu eta haien gaineko ebazpena eman eta gero, martxoko azken astean jakinaraziko da erabakia.

b) Gainerako eskaeren kasuan, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da erreferentziazko gizarte-langilearekin.

–Eskaerak aztertu eta haien gaineko ebazpena eman eta gero, 10 egunean, gehienez, jakinaraziko da erabakia, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita.

2.2. Dokumentazioa.

Baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten eskatzaileek elikagaien bankuari dagokion eskabide eredua bete beharko dute. Horretarako, ondotik aipatzen diren agirien jatorrizkoak eta fotokopiak aurkeztu beharko dituzte Mankomunitatean, zeinak deialdian zehaztuko baitira.

a) Eskabidea, behar bezala beteta eta ereduaren araberakoa.

b) Norberaren datuak:

–NANa.

–AIZ.

–Aurreko bi agirietatik bakar bat ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.

c) Familiako egoera:

1.–Familia-liburuaren fotokopia, haren kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, eta halakorik izan ezean, familia-unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen ematea ofizioz egiaztatuko da.

2.–Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko dira:

2.1. Egitatezko banantzean, aurkeztuko da notario agiria, edo banantzeko demanda aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo egoera hori erakusten duten beste agiri ofizial batzuk.

2.2. Banantze kasu guztietan, eskatuko da banantze edo dibortzioaren gaineko epai judiziala eta/edo hitzarmen erregulatzailea. Halakorik ez bada, justifikatu beharko da halakoak ezartzeko ekintzak abiarazi direla.

3.–Ezkontzaz kanpoko adingabe bat izanez gero, eta aitak aitortua badu, aurkeztu beharko da zaintza eta jagoletzari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri ofizial batzuk.

4.–Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak:

4.1. Azken 6 nominak eta/edo diru-sarreren frogagiriak, izanik horiek pentsioengatik, langabezia prestazioengatik, aldi baterako lanerako ezintasunagatik, elikagaietarako pentsioengatik edo bestelako prestazioengatik. Erakunde eskudunek eman beharko dituzte frogagiri horiek (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, SEPE, mutualitateak, Nafarroako Gobernua eta abar).

4.2. Autonomoak izanez gero, aurreko urte osoko hiruhilekoetako BEZaren aitorpena eta azken sei hilabeteetako diru-sarreren zinpeko aitorpena, hilabeteka xehatua.

4.3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aurreko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetza-unitateko kideei dagokiena (aita/ama, eta haien ezkontide berriak edo izatezko bikotekideak edo antzeko harreman afektiboa dutenak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak egina.

Aurreko apartatuetan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek aurkez ditzakete bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak, frogatzeko ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitakoarekin.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aurretik ebazpena emanen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoarekin.

3.–Aurkezpena.

a) Eskaerak eta eskatutako agiriak Mankomunitatearen erregistroan bilduko dira, ezarritako epean, eta egiaztatuko da eskabideko atalak behar bezala beterik daudela eta erantsitako agiriak behar direnak direla.

b) Eskabideak beterik aurkeztean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, sarreraren zigilua eta data dituela, aurkeztu izanaren frogagarri.

c) Orobat, aurkeztutako dokumentazioaren kopia zigilatuko da, behin fotokopia jatorrizkoarekin alderatu ondoan, aurkeztutako agiriaren egiazkotasunaren frogagarri.

4.–Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Programa bakoitzeko erreferentziazko teknikariek izanen dute baloratzeko eskumena, baita nahitaezko txostenak egitekoa ere, baldin erreklamazioak eta errekurtsoak jartzen badira.

5.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

5.1. Organo eskuduna. Araudiaren araberako eskumen banaketari jarraikiz, ebazteko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, bertze baten esku uzten ahal badu ere.

5.2. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabete da, eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Familia-unitate bakoitzari zenbaki bat emango zaio, eta haren bidez identifikatu beharko dute elikagaiak jasotzera joaten direnean.

5.3. Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emango dio administrazio bideari, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan agindutakoarekin bat.

6.–Diru-sarrerak.

6.1. Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

a) Familia-unitatea: eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, elkartu zaiona ezkontza bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi direnak baldin harekin badute bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuna, barnean direla familia harreraren bidez legezko zaintza arautua duten edo izan duten pertsonak, edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna dutenak. Familia-unitateek izan dezakete familia-nukleo bat edo gehiago.

b) Familia-nukleoa: kide ditu eskatzailea eta, kasua bada, haren ezkontidea edo berarekin pareko harreman afektiboa duen pertsona, eta haiekin bizi diren seme-alabak. Seme-alabatzat hartzen dira familia harreran bizi diren adingabeak nahiz ikasketak egiten ari diren ikastetxetik hurbil egotearren familiaren bizilekutik kanpo aldi baterako bizi diren seme-alabak.

Baldin helbide berean bizi badira bi familia-unitate edo gehiago, haietako bakoitzak izanen du eskubidea elikagaien bankurako eskaera egiteko, kontuan hartu gabe beste familia-unitatearen diru-sarrerak.

Inor ezin da izan, aldi berean, bi familia-unitatetako kide.

6.2. Diru-sarreren kalkulua:

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira hileko diru-sarrera guztien batura.

a) Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekintzat hartuko dira diru-sarrera guztiak, heldu direnak elkarrekin bizi den familiako kideen lanetik (aita-ama, bikotekidea, tutoreak, anai-arreba) norberaren nahiz besteren konturako lana izan, gehi sari eta pentsio aitortuak, sarturik daudenak funts publiko nahiz pribatuen kontura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan.

Kontatuko dira:

1.–Diru-sarreren kontua egiteko, kalkulatuko dira batez besteko diru-sarrerak, oinarri harturik azken sei nominak, pentsioaren ziurtagiria edo beste edozein diru sari edo diru iturri.

2.–Kontuan hartuko da aurreko urteko errenta-aitorpena (507 + 4). Egoki denean, kontuan hartuko dira, orobat, familia-unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak, azken errenta-aitorpenean sartu ez direnak.

b) Diru baliabideen kontaketatik salbuetsiko dira diru-sarrera hauek:

1.–Ardurapeko seme-alabak izateagatik (18 urtetik beherakoak) Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioak.

2.–Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia-unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.

3.–Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, konpentsatzeko familian adingabeak hartzeak ekarritako gastuak.

4.–Gizarte Segurantzaren prestazioak, eta/edo aurreikuspen sozialeko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak, ardurapeko 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko.

5.–Gizarteratzeko zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo haborokinak.

6.–Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia-nukleokoak ez diren familia-unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak. Gehieneko zenbatekoa: kide bakarreko unitate jasotzaile batentzako errenta bermatuaren %45 adina.

7.–Ohiz kanpoko egoerak.

Oinarri hauetan ezartzen denetik kanpora, familiako bertze kasu batzuk ere aztertzen ahalko dira, elikagaien bankua erabili behar badute faktore soziosanitario larriengatik edo aparteko inguruabarrengatik (kasuan kasuko udal teknikariek baloratuak). Egoera horiek behar bezala frogatu eta baloratuta egon beharko dute.

8.–Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Araudi honek indarra hartuko du 2020ko urtarrilaren 1ean, eta indarrean izanen da harik eta organo eskudunak aldatu edo indargabetzen duen arte, legez ezarritako prozeduraren arabera, betiere. Urtero, Mankomunitateak ofizioz eta buruak emandako ebazpen bidez eguneratuko du errenta bermatuaren zenbatekoen taula dagokion urterako, behar diren datu ekonomikoak lortzeko.

–Errenta bermatuaren zenbatekoak urtero eguneratuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2011456