247. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Gipuzkoako etorbideko 50eko etxebizitzen eraikinean igogailua paratzeko Plan Bereziak ukitutako titularren eta eskubideen zerrenda, bai eta presako deklarazioa eta haien balioa ere, nahitaezko desjabetzearen prozedura gauzatzeko.
Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2020ko irailaren 9an egin osoko bilkuran, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen:

Alkatetzak 2020ko martxoaren 4an emandako 20200176 zenbakidun ebazpenaren bitartez, hasiera batez onetsi zen Gipuzkoako etorbideko 50eko eraikinean igogailua paratzeko Plan Bereziaren behin betiko onespenak ukitutako titularren eta eskubideen banakako zerrenda zehatza. Plan berezi horren bitartez 1. solairuko eskuineko pisutik 2,30 m² desjabetzen dira.

Ukitutako ondasunen zerrenda eta presako okupazioaren deklarazioa, ebazpen horretan zehaztuak, jendaurrean egon ziren 15 egunean, 2020ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, maiatzaren 6an.

Espainian larrialdi-egoera arautu zuen legediaren arabera, 15 eguneko epe hori 2020ko ekainaren 1ean hasi zen kontatzen; beraz, 2020ko ekainaren 22an bukatu zen alegazioak aurkezteko epea, zeina iragan baitzen desjabetuak edo interesdunek halakorik batere aurkeztu gabe.

Bada, kontuan hartuz ez dela alegaziorik aurkeztu Gipuzkoako etorbideko 50eko eraikinean igogailua paratu ahal izateko 1. solairuko eskuineko pisuko 2,30 m²-ren desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen banakako zerrenda zehatzaren aurka; eta ikusirik, halaber, espedientean jasotako 134/2020 erreferentziako txosten teknikoa eta txosten juridikoa.

Udalbatzak ondokoa erabakitzen du, aho batez:

Lehenbizikoa.–Behin betiko onestea nahitaezko desjabetzeari buruzko proiektua, udal arkitektoak 2018ko abenduan prestatua, espedientean jasota baitago.

Bigarrena.–Onestea Gipuzkoako etorbideko 50eko eraikineko 1. solairuko eskuineko pisuko azaleraren desjabetzeak ukitutako eta nahitaezko desjabetzeari buruzko 2018ko abenduko proiektuan definitutako titularren, ondasunen eta eskubideen behin betiko zerrenda, haiek okupatzea eta eskuratzea guztiz beharrezkotzat jotzen baita. Hona hemen zerrenda:

Finka: 18. poligonoa, 228-1-4 lurzatia. Tokia: Gipuzkoako etorbidea, 50. Desjabetu beharreko azalera: 2,30 m². Jabea: Artur Pérez Melnikov.

L2011458_0.pdf

Hirugarrena.–Ondasunen eta eskubideen aurreko zerrendan dauden lurrak okupatzeko beharra deklaratzea.

Laugarrena.–Desjabetze hori egitea Gipuzkoako etorbideko 50eko eraikineko jabekideen erkidegoaren alde, 1. solairuko eskuineko pisuan desjabetu beharreko espazioa eraikinaren eremu komunetan sartzeko, igogailua paratu ahal izateko.

Bosgarrena.–Ahalmena ematea Alkatetzari eta udal arkitektoari sina ditzaten okupatu aurreko aktak, bi alderdiek adostuak, ordainketakoak eta okupaziokoak eta desjabetzea egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bestelako agiriak.

Seigarrena.–Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean adierazitako ondorioetarako, erabaki hau jakinaraztea desjabetutako pertsonari, banan-banan jakinaraztea espedienteko interesdunei eta erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jakinarazpen balioa izan dezan bestelako interesdun ezezagunentzat eta legeak dioen bezala saiatuta ere jakinarazi ezin izan zaienentzat, bai eta Foru Komunitatean editatzen diren bi egunkaritan eta Udalaren iragarki-taulan ere.

Zazpigarrena.–Planeamenduko tresnaren tramitazioari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko argitalpenari dagozkion tasak igortzea.

Ohartaraztea erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat jar daitekeela:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran, agindua eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Ez da zilegi administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, errekurtso hau espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, aukeran, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita, espresua bada, edo behar den eskabidea isilbide administratiboaren ondorioz ezetsitzat hartzen den egunetik.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren jakinarazpen egunetik hasita, espresua bada. Horrela ez bada, epea sei hilabetekoa izanen da, ustezko ezespena gertatu eta biharamunetik hasita, errekurtsoaren ebazpena jakinarazi gabe hilabetetik gora iragateagatik.

Berriozarren, 2020ko urriaren 1ean.–Alkatea, Raúl Maiza González.

Iragarkiaren kodea: L2011458