247. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Ordenantza, asteroko azoka txikia arautzen duena

Andosillako Udalak, 2008ko urriaren 30ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Andosillako asteroko azoka txikia arautzen duen udal ordenantza.

Aurreko erabakia 2008ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 1ean, eta ondotik iraganda hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea, eta ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, bat etorriz uztailaren 2ko 9/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluarekin (foru lege horren bidez jorratu zen Nafarroako Toki Administrazioa), behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Andosillan, 2020ko urriaren 1ean.–Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Itarte.

ORDENANTZA, ANDOSILLAKO ASTEROKO
AZOKA TXIKIA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Kapitulu honen xedea da arautzea Andosillako udal-mugartean merkatariek saltoki iraunkor batetik kanpo egiten duten salmentaren baldintzak, betekizunak eta alderdi orokorrak, salmenta izanik orube eta espazio libreetan eta berdeguneetan, edo bide publikoan, aldizka edo noizbehinka, leku eta egun aldakorretan.

2. artikulua. Kokapena.

Andosillako Udalak erabakiko du salmentan aritzeko data, ordutegia eta tokia.

Halaber, lehendik xedatutakoa aldatzen ahalko du urbanizazio, zirkulazio, obra eta bestelako beharrengatik, behar diren txostenak egin ondoren, eta horrelakoetan ez zaio saltzaileari aitortuko esleitutako postuaren gaineko eskubiderik.

Baldintza horietatik kanpo debekatua dago kalez kaleko salmentan aritzea udal-mugarte osoan.

3. artikulua. Asteroko azoka.

Aste bakoitzeko ostiraletan eginen da azoka txikia, saltoki iraunkorretik kanpo dauden merkatariek osatzen dutena. Jaiegunarekin bat egiten badu, Udalak erabakiko du egin ala ez, eta ahoz jakinaraziko die titularrei jaiegunaren aurreko azoka egunean.

Jendearentzako ordutegia 10:00etatik 13:00era izanen da, eta, ordutegi horretan, postu guztiek erabilgarri eta prest egon beharko dute.

Udalak ordutegi aldaketa bat baimendu edo ezar dezake, baldin egoki iruditzen bazaio eguraldiarengatik edo bestelako arrazoiengatik.

4. artikulua. Saltokiak.

Azoka txikiko salmenta eginen da postu desmuntagarrietan, autokarabanetan, eta/edo horretarako egokitutako atoietan, eta produktuak erakutsiko dira gutxienez lurretik 50 zentimetrorako altueran, eta, elikagaiak baldin badira, metro bateko altueran.

Postua ezartzeko ezin izanen da erabili inolako iltzerik, tiranterik nahiz euskarririk; esleitutako partzelan zuzenean jarriko da postua, ez besterik.

Debeku da salmentarako posturako onartu diren neurriak gainditzea. Aurrekoaren salbuespen bakarra dira eguzki-oihalak eta antzekoak; lurretik 2 metrora egon behar dute gutxienez, eta soilik postuaren aurreko aldean.

Objekturik erakusgai baldin badago zintzilik, ez dio trabarik eraginen igarotzen den jendeari.

Agintari eskudunek noiznahi alda ditzakete saltzeko postuen neurriak. (Postuetarako eskaerek ez dute bermatzen salmentarako eskatutako metro kopurua esleituko denik; Udalak erabakiko ditu postuen neurriak, eta, egoki iruditzen bazaio, aldatu egin ditzake, justifikatuta betiere).

5. artikulua. Salgai dauden produktuak.

Esleipena zer gauza saltzeko eman zen, horiek bakarrik sal daitezke postu bakoitzean.

6. artikulua. Erantzukizuna.

Baldin salgaiak kaltetzen, ebasten edo hondatzen badira edo bestelako gertakaririk izaten bada azokako saltzaileen jarduerarekin edo jokabidearekin lotuta edo horien ondorioz, Udalak ez du erantzukizunik hartuko bere gain.

7. artikulua. Garbiketa.

Postuen titularrek, salmenta aldia bukatuta, garbi utziko dituzte beren lekuak, hondakinik eta zaborrik gabe.

8. artikulua. Saltzaileek bete beharreko baldintzak.

Salmenta mota honetan aritzeko, ordenantza honetan jasotako kasuan, interesdunak bete beharko ditu honako beharkizun hauek:

1.–Alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan, dagokion epigrafean, eta ordainketak egunean izatea.

2.–Ordaintzea salmenta mota honetarako aurreikusitako udal tributuak eta prezio publikoak, indarreko ordenantza fiskalaren arabera.

3.–Saldu nahi den produktuari buruzko araudian ezarritako betebehar eta baldintzak betetzea.

4.–Alta emanik egotea eta Gizarte Segurantzan eta kotizazioen ordainketak egunean izatea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta lan-bizitzaren agiria aurkeztea.

5.–Behar den udal-baimena izatea.

6.–Atzerritarrek, gainera, frogatu beharko dute badituztela bizileku-baimena eta norberaren kontura langile aritzeko baimena.

7.–Elikagaiak saltzen direnean, aurkeztu beharko da, orobat, elikagaien manipulatzaile txartel nahitaezkoa, eta produktuek beteko dute indarrean den araudia.

9. artikulua. Eskabideak.

Interesdunek, baimenak eskatzeko, horretarako inprimakia bete beharko dute, eta aurkeztu, Udalaren Dokumentuen Sarrerarako Erregistro Orokorrean. Honako hauek erantsi beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Modu fede-emailean frogatzea (behar den dokumentazioa aurkeztuz) betetzen dituela aurreko artikuluan eskatutako betebeharrak.

Baimena urtero berritzean, eskatuko da iraungi daitekeen dokumentazioa.

10. artikulua. Udal baimena.

Udal-administrazioak ematen duen baimena (kasua bada), pertsonala eta besterenezina izanen da, pertsona fisikoei bakarrik eman dakieke, eta diskrezionala izanen da. Ez du inolako zuzenbiderik sortuko. Baimenak errebokatu egin daitezke, baldin, ordenantza honi eta gainerako arau indardunei dagokienez, arau-hauste astunak egiten badira, tipifikaturik daudenak kontsumitzaileak babesteko osasun arloko xedapenetan, baita nekazaritzako elikagaien produkzioari buruzko xedapenetan ere, hain zuzen ere arau-hauste eta zehapenetan. Kasu horietan, ez da eskubiderik izanen ez kalte-ordainerako ez inolako konpentsaziotarako.

Baimenean, adieraziko da zer leku eta zenbat metro esleitu diren, baita zehaztu beharreko beste baldintzak batzuk ere.

11. artikulua. Postu hutsak.

Itxarote-zerrendaren arabera emanen dira postu hutsak, eskaera egin ondoren, 9. artikuluaren arabera. Badira bi itxarote-zerrenda: bat, postua hobetzekoa, eta hartan izena eman dezakete jada postu finko bat dutenek azoka txikian, nahi baldin badute aldatu kokapena edo metro kopurua; bestea, postu finkoa lortzeko izanen da, eta hartan izena eman dezakete postu finkorik izan ez eta lortu nahi dutenak. Postua hobetzeko itxarote-zerrendak lehentasuna izanen du, postu finko bat lortzekoaren aurretik.

Postu hutsetarako, kontuan hartuko da, orobat, ea saltzen diren azoka txikian ez dauden produktuak, eta horiei lehentasuna emanen zaie.

12. artikulua. Araubide fiskala.

Baimena duen pertsona alta emanik egonen da ekonomia-jardueren gaineko zergan, kuota finkoari dagokion epigrafean, eta, horretaz gain, jarduerari legez dagozkion tributuak ere ordaindu beharko ditu.

13. artikulua. Iraunaldia.

Baimena baliozkoa izanen da ematen den urtean, eta behin iraganik, automatikoki iraungitzat joko da, eta interesdunak baimena berritzeko eskatu beharko du behar den denborarekin.

Erabakigarria izanen da lizentzia emateko, eta, kasua bada, berritzeko, arlo honetako udal zehapenen zorrak ordainduta izatea ordenantza honek indarra hartzen duenean.

14. artikulua. Tasak.

Lizentzia duten postuak:

Postuak, 10 m²-rainokoak: 6 euro metro koadro eta egun bakoitzeko.

Postuak, 10 m²-tik gorakoak: 9 euro metro koadro eta egun bakoitzeko.

Udalaren bulegoetan ordainduko da , hiruhileko bakoitzeko azokako bi lehen egunetan.

15. artikulua. Ibilgailuak.

Guztiz debekaturik dago ibilgailuak aparkatzea azokaren esparruan, baita ibilgailuak sartzea ere behin azoka txikia ezarritakoan, salbu eskabidean bertan adierazten direnak, postuaren parte direlako, horretarako egokiturik daudenak.

Produktua zuzenean saltzeko egokiturik ez dauden ibilgailuak soilik egon daitezke azokaren esparruan postua muntatzeko eta desmuntatzeko zereginak egin bitartean. Muntatzeko azkeneko ordua: 10:00; desmuntatzera sartzeko ordua: 13:05.

16. artikulua. Titularra.

Titular berari salmentarako lizentzia bakarra eman dakioke.

Debeku da jarduera egiten den postuetan jendea egotea horretarako justifikaziorik ez badago. Horretaz gain, titularra ez badago, ulertuko da postua laga egin dela, edo azpierrentan eman dela, ordenantza honetan ezarritakoaren kontra.

Postuaren titulartasuna besterenezina da, eta soilik kasu zehatzetan onartuko dira eskualdaketak (ezkontideak, gurasoak eta seme-alabak, anai-arrebak, aiton-amonak eta bilobak), eta behin bakarrik. Horretarako, eskatu egin beharko da, ahaidetasun-maila frogatuta eta titular berriaren beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

17. artikulua. Espaziorako eskubidea eta errebokatzea.

Behin udal-baimena esleiturik, eta indarrean den bitartean, Udalak bermatuko du inork ez duela postua okupatuko salbu dagokion baimena lortu duenak.

Aurrekoa gorabehera, salbuespenez, eta arrazoi puntual eta justifikatuengatik, Udalak erabaki dezake azokako postu batzuk aldatzea.

Hilabetez postura bertaratzen ez bada, salbu oporretako hilabetean, eta ordenantza honetan jasotako beste arrazoi batzuk gertatzen badira, lizentzia errebokatu eginen da, eta postua adjudikatzeko geldituko da, bat etorriz postu hutsak betetzeko ordenantza honetan ezarritako araudiarekin.

18. artikulua. Araudi orokorrak.

Saltzaileek, beren jardueraren barnean, ordenantza honetako arauez gain bete beharko dute merkataritzaren eta merkatuko diziplinaren arloko araudi indarduna, eta beren produktuen salmenta egokitu beharko dute kontsumoaren arloko osasuneko arau teknikoetara, lege eta erregelamendu indardunekin bat.

19. artikulua. Produktuak aldatzea.

Lizentzia zertarako eman zen, jarduera horretan bakarrik aritu daitezke titularrak, eta horixe agertuko da ekonomia-jardueren gaineko zergan.

Hasiera batez baimendutakoez bestelako produktuak saldu nahi badituzte titularrek, idatziz eskatu beharko dute, eta frogatu beharko dute legez ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela. Udalaren ahala izanen da erabakitzea ea produktuen aldaketa onartzen den edo ez.

20. artikulua. Soinudun publizitatea.

Azoka txikiaren esparruan, ezin izanen da egin soinudun publizitaterik, traba eragiten ahal dienik gainerako saltzaileei edo jendeari oro har.

21. artikulua. Udalaren ikuskatzaileak.

Alkateari dagokio ordenantza honetan ezarritako betetzen dela begiratzea, eta ahalmen hori beteko du udaltzaingoko agenteen bidez eta Udaleko teknikarien bidez. Eginkizun honetan, Agintaritza Publikotzat hartuko dira.

22. artikulua. Ikuskatzeak.

Lizentzien titularrak beharturik daude ikuskatzaileen lana erraztera.

Ikuskapena ofizioz egin daiteke, eta alkatetzaren aurrean erantzunen dute ikuskatzaileek baldin titular batek kexarik badu.

Ikusten bada ez dela guztiz betetzen ordenantza honetan ezarritakoa, berehalakoan zuzenduko dira gabeziak, ikuskatzailearen irizpidearen arabera, eta ikuskatzaileak horren berri emanen dio alkate udalburuari.

23. artikulua. Postu partekatuak.

Titular bakoitzak bere postuko espazioa parteka dezake beste saltzaile batekin. Bigarren saltzaileak 9. artikulua bete beharko du, eta aurkeztu beharko du postuaren titularraren baimena bere eskabidearekin batera.

Saltzaile bakoitzak bereiz izanen du bere betebeharrak betetzeko ardura, salbu tasen ordainketan; kasu horretan, titularra arduratuko da ofizialki.

Titularrari esleitutako toki eta hedadura berberak izanen dira, eta ezin izanen dute partekatu azoka-egun berean; berek erabakiko dute, adosturik, nola banatu egunak.

Gerta daiteke postu partekatuak zenbait egoera berezi sortzea; Udalak aztertuko du kasu bakoitza, eta haren erabakia losteslea izanen da bi saltzaileentzat.

24. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arinak:

Falta arinak:

a) Azokako postuak behar bezain garbi ez izatea.

b) Titularrak edo laguntzaileak behar bezain garbi ez egotea.

c) Salgaiak saltzea saltokitik kanpo edo egoki den lokaletatik kanpo.

d) Hondakinak eta zaborrak botatzea igarobide amankomunetan eta azokan jendea biltzen den tokietan eta azokako lekuetan.

e) Ontziak eta salgaiak biltzea toki amankomunetan, horri buruz dauden arauak edo jarraibideak hautsiz.

f) Pisua edo balantza jartzea halako moduz non ikusleek ez duten ongi ikusten.

g) Ordutegia ez betetzea, salmentari, sarrerari eta irteerari dagokienez.

h) Eztabaidak eta liskarrak, baina zalapartarik sortzen ez dutenak.

i) Zabarkeria, saltokiaren eta langileen txukuntasunari eta garbitasunari dagokienez.

j) Udalak onartutakoak baino metro gehiago okupatzea.

k) Oro har, halakotzat tipifikaturik dagoen falta, kontsumitzailea babesteko araudietan, hain zuzen ere arau-hausteetan eta zehapenetan.

2.–Astunak:

Falta astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru falta arin egitea.

b) Udalak baimendutakoez bestelako gauzak saltzea.

c) Iruzurrak egitea saldutakoen kantitatean edo kalitatean.

d) Ikuskapen zerbitzuak edo osasuneko teknikariek emandako jarraibideak ez betetzea.

e) Postuaren titularraren identifikazioa eragoztea edo zailtzea, ikuskatzaileek eskatzen dutenean.

f) Ikuskatzaileenak diren eginkizunak usurpatzea.

g) Oro har, halakotzat tipifikaturik dagoen falta, kontsumitzailea babesteko araudietan, hain zuzen ere arau-hausteetan eta zehapenetan.

h) Salgaiaren albaranak erakusteari uko egitea, edo negozioarekin lotutako beste edozein agiri erakusteari uko egitea, baimendutako langileek eskatzen dutenean.

i) Iruzurrak egitea saldutakoen kantitatean edo kalitatean.

j) Hiru falta arin egitea.

k) Tratu egokia ez izatea azoka txikiaren ikuskapenaz eta kontrolaz arduratzen diren agenteekin.

3. Oso astunak:

Falta oso astunak:

a) Oro har, halakotzat tipifikaturik dagoen falta, kontsumitzailea babesteko araudietan, hain zuzen ere arau-hausteetan eta zehapenetan.

b) Zalaparta, iskanbila eta enfrentamenduak saltzaileen artean edo, oro har, jendearekin.

c) Portaera desegokiak, indarkeria fisikoa edo ahozkoa, derrigortzeak, eroskeria egintzak udal agintaritzarekin eta udal ikuskaritzarekin.

d) Salgaiaren albaranak erakusteari uko egitea, edo negozioarekin lotutako beste edozein agiri erakusteari uko egitea, agintari eskudunek eskatzen dutenean.

e) Tasak ez ordaintzea.

f) Postua baimenik gabe lagatzea edo errentan ematea.

g) Behin baino gehiagotan egitea iruzurra saldutako gaien kantitatean eta kalitatean, horrek eragin duenean zehapena merkatuko diziplinan arau-hauste astuna egiteagatik.

h) Elikagaien osasun-baldintzen arloan araudi indarduna ez betetzea.

i) Hiru falta astun egitea.

j) Udaltzainen edo azoka txikia kontrolatzeko ardura dutenen zuzeneko aginduak ez betetzea.

25. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

1. Arinak:

30 euroko isuna.

2. Astunak:

31 eta 120 euro bitarteko isuna, eta salmentarako lizentzia etetea salmentarako 4 egun baliodunetan.

3. Oso astunak:

121 eta 300 euro bitarteko isuna, eta azoketan saltzeko udal baimena galtzea urte horretan.

26. artikulua. Beste batzuk.

Ordenantza honetan jaso gabeko edozein egoera Udalak aztertuko du, eta haren erabakia errebokaezina izanen da.

Iragarkiaren kodea: L2011452